(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

34/2014 FORU AGINDUA, APIRILAREN 22KOA, HEZKUNTZAKO KONTSEILARIAK EMANA, MUSIKAKO GOI MAILAKO ARTE IKASKETEN PLANA EZARTZEN DUENA NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN, EUROPAKO GOI MAILAKO HEZKUNTZAREN ESPARRUARI EGOKITZEKO

BON N.º 89 - 09/05/2014



  I. ERANSKINA. GAITASUNAK ETA LANBIDE PROFILAK


  II. ERANSKINA. IKASKETA PLANA ESPEZIALITATEAREN ARABERA


  III. ERANSKINA. IKASKETA PLANA: IRAKASGAIEN DESKRIPTOREAK ETA ESKUMENAK


Zioen azalpena

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak 58. artikuluan ezartzen du Gobernuari dagokiola goi mailako arte ikasketa guztien egitura eta oinarrizko edukia finkatzea. Eskumen hori erabiliz, argitara eman da maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarritako musikako goi mailako graduko arte ikasketen oinarrizko edukia arautzen duen maiatzaren 14ko 631/2010 Errege Dekretua.

Hezkuntzako kontseilariak uztailaren 1ean emandako 110/2010 Foru Aginduaren bidez, musikako goi mailako ikasketen plana ezarri zen Nafarroako Foru Komunitatean, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruari egokitzeko.

Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak apirilaren 14an eman 163/2011 Ebazpenak Nafarroako Foru Komunitateko Musika Graduko ikasketa planei dagozkien lanbide profila eta gaitasun zeharkako, orokor eta berariazkoak onetsi zituen.

Ekainaren 14ko 427/2013 Errege Dekretuak ezarri zituen Musika eta Dantzako goi mailako ikasketara lotutako musika eta arte eszenikoko katedradunen kidegoaren irakaskuntza espezialitateak.

Abuztuaren 12ko 77/2013 Foru Aginduaren bidez, Hezkuntzako kontseilariaren uztailaren 1eko 110/2010 Foru Agindua aldatu zen, zeinek Nafarroako Foru Komunitatean musikako goi mailako ikasketen plana ezarri baitzuen, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruaren barnean, hura egokitzeko ekainaren 14ko 427/2013 Errege Dekretuan argitaratu ondoko errealitate berrira. Ikasketa planean egindako aldaketa partziala izan da, soilik eragina baitu zenbait irakasgai arlo bati edo besteari atxikita egotearen gainean eta irakasgai batzuek duten ECTS kredituen kargaren gainean. Abuztuaren 12ko 77/2013 Foru Aginduan bertan biltzen da etorkizunean berrikuspena egiteko aukera, bai eta, hala balegokio, aldaketa sakonago bat egitekoa ere.

Berrikuspen eta aldaketa horiek Arte Ikasketetarako eta Musikaren Hiria Kudeatzeko Atalak egin ditu, horretarako ezarritako lan batzorde batean, non ordezkaturik egon baitira Goi Mailako Kontserbatorioko zuzendaritza taldea, irakasleak eta ikasleak. Batzorde horrek beste proposamen bat aurkeztu du ikasketa planerako. Bertan, lanbide profilak eta zeharkako eskumen orokor eta espezifikoak daude sartuta, Nafarroako Foru Komunitatean musikako goi mailako arte irakaskuntzen ikasketa planei dagozkienak.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 47. artikuluak eskumen osoa ematen dio Nafarroari irakaskuntza bere hedadura, maila, gradu, modalitate eta espezialitate guztietan arautu eta administratzeko, baina deusetan galarazi gabe Konstituzioak arlo horretan ezarritako manuak, horiek garatzen dituzten lege organikoak eta Estatuaren eskumenak, titulu akademiko eta profesionalak lortu, eman eta homologatzeko baldintzak arautzeari dagokionez, eta Estatuaren goi ikuskapena, ezarri dena betetzeari eta bermatzeari dagokionez.

Premisa horren pean, eta 631/2010 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera, arau hau egin da, Konposizioa, Interpretazioa, Musikologia eta Pedagogia espezialitateen ikasketa plana ezartzeko Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan.

Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzuko zuzendariak foru agindu hau onestearen aldeko txostena aurkeztu du. Foru aginduaren xedea da musikako goi mailako arte irakaskuntzen ikasketa plana ezartzea Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan.

Horrenbestez, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g artikuluak ematen didan erregelamendu-ahalmena erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua . Xedea eta aplikazio eremua.

1. Foru agindu honen xedea da musikako goi mailako irakaskuntzen ikasketa plana ezartzea Nafarroako Foru Komunitatean.

2. Foru agindu hau aplikagarria izanen da irakaskuntza horiek ematen dituzten eta Nafarroako Foru Komunitatean aritzen diren ikastetxe publiko eta pribatuetan, behar bezalako baimena badute.

2. artikulua . Musikako goi mailako ikasketen antolamendua.

1. Nafarroako Foru Komunitatean ezarrita dauden musikako goi mailako ikasketek ondoko espezialitateak dituzte:

- Konposizioa.

- Interpretazioa, ibilbide hauekin: akordeoia, harpa, jazzeko baxu elektrikoa, jazzeko bateria, kantua, jazzeko kantua, klarinetea, klabea, kontrabaxua, jazzeko kontrabaxua, fagota, moko-flauta, zeharkako flauta, gitarra, jazzeko gitarra elektrikoa, oboea, organoa, perkusioa, pianoa, jazzeko pianoa, saxofoia, jazzeko saxofoia, tronboia, jazzeko tronboia, tronpa, tronpeta, jazzeko tronpeta, tuba, txistua, biola, biolina eta biolontxeloa.

- Musikologia.

- Pedagogia, ibilbide hauekin: instrumentu/ahots klasikoa eta jazzeko instrumentua/ahotsa.

2. Musikako goi mailako ikasketek 240 ECTS kreditu dituzte, eta lau kurtsotan egituratzen dira. Horietako bakoitzak 60 ECTS kreditu ditu.

3. Musikako goi mailako ikasketen araubidea eskolaldi osokoa edo eskolaldi partzialekoa izaten ahalko da.

4. Kurtso bakoitzaren iraupena, gutxienez, 36 astekoa izanen da, eskolaldiak eta presentziako bestelako jarduerak barne. Ikastetxe publikoetako koordinazio didaktikoko departamentuek edo ikastetxe pribatuetan eginkizun hori betetzen duen organoak definituko dituzte jarduera horiek.

5. Ikasketak antolatzeko denbora-unitatea kurtsoa izanen da, eta haien barnean presentziako irakastaldiak eta ebaluazio probaldiak sartuko dira.

3. artikulua . Ikasketa plana.

1. Ikasketa planean zeharkako gaitasunak, gaitasun orokorrak eta berariazkoak sartzen dira, baita espezialitate bakoitzerako definitzen diren lanbide profilak ere (foru agindu honen I. eranskinean bilduak).

2. Halaber, II. eranskinean ikasketa plana jasotzen da, espezialitatearen arabera, edo, hala balegokio, espezialitatearen eta ibilbidearen arabera, materiak irakasgaitan antolatuta eta haien tipologia, esleitutako ECTS kredituak, ratioa eta asteko irakastorduak zehaztuta.

3. Azkenik, III. eranskinak ezartzen du zein diren deskriptoreak eta trebetasunak Nafarroako Foru Komunitatean ezarritako lau espezialitateetako ikasketa planak osatzen dituzten irakasgaietan.

4. Ikasketa planak 240 ECTS kredituak honela banatzen ditu:

a) Oinarrizko prestakuntzako materiak eta irakasgaiak.

b) Espezialitateko nahitaezko prestakuntzako irakasgaiak.

c) Aukerako irakasgaiak/praktikak.

d) Ikasketen bukaerako lana.

5. Foru agindu honen aplikazio eremuaren barnean dauden ikastetxeek beren proposamena prestatuko dute aukerako irakasgaiak eskaintzeko, betiere foru agindu honetan ezarritakoari lotuta.

Proposamen hori Hezkuntza Departamentuari igorriko zaio. Horrek proposameneko irakasgaiak irakastea baimentzen ahalko du, kasuan kasuko ikasketa planaren aukerako irakasgai gisa, edo, bestela, ikastetxeari eskatuko dio proposamena aldatzeko, baimena ondotik emateko.

Ikastetxearen proposameneko irakasgaiez gain, ikasleek egiten duten espezialitateaz eta/edo ibilbideaz besteko irakasgaiak aukeratzen ahalko dituzte, aukerakoen gisa.

Bi kasu horietan Hezkuntza Departamentuak horretaz erabakitzen duenari jarraituko zaio.

6. Ikastetxeek kanpoko praktiketarako programa bat prestatu eta garatu dezakete, aukerako irakasgaien ordezkoa, betiere foru agindu honetan ezarritakoarekin bat.

Programa hori Hezkuntza Departamentuari igorriko zaio. Horrek baimentzen ahalko du, edo, bestela, ikastetxeari eskatuko dio hori aldatzeko, baimena ondotik emateko.

7. Musikako goi mailako titulua lortzeko, ikasleak ikasketen bukaerako lan bat egin beharko du. Hezkuntza Departamentuak arautzen ahalko du lan horren prozedura.

4. artikulua . Kredituak onartu eta transferitzea.

1. Musikako Goi Mailako Titulua lortzearen ondorioetarako, eta ikasleen mugigarritasuna gauzatzeko, kredituak onartzen eta transferitzen ahalko dira, honako arau hauei jarraikiz: goi mailako arte ikasketak (Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan arautuak) antolatzen dituen urriaren 26ko 1614/2009 Errege Dekretuaren 6. artikulua eta Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan arautzen diren musikako goi mailako graduko ikasketa artistikoen oinarrizko edukia arautzen duen maiatzaren 14ko 631/2010 Errege Dekretuaren 10. artikulua eta ikasketa horiek aitortzeko azaroaren 14ko 1618/2011 Errege Dekretua.

2. Hezkuntza Departamentuak arautuko du kredituak onartu eta transferitzeko eskaera egiteko prozedura.

3. Ikasleak goi mailako ikasketa artistiko ofizialetan, edozein autonomia erkidegotan, gainditutako kreditu guztiak, hau da, kasuan kasuko titulua lortzeko transferitu, onartu eta gainditutako kreditu guztiak, Tituluaren Europako Gehigarrian agertuko dira.

Lehen xedapen gehigarria. Desgaitasunen bat duten ikasleak.

Hezkuntza Departamentuak behar diren neurriak hartuko ditu ikasketa plana desgaitasunen bat duten ikasleen beharrei egokitzeko, betiere musikako goi mailako ikasketen bidez eskuratu behar diren gaitasunak errespetatuz.

Bigarren xedapen gehigarria. Ikasketa planaren ikuskapena.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari dagokio ikasketa planaren garapena gainbegiratzea eta ikastetxeek hobekuntza neurri egokiak har ditzatela bultzatzea.

Hirugarren xedapen gehigarria. Ikerketa.

Musikako goi mailako ikasketa artistikoak ematen dituzten ikastetxeek jakintza arlo horren berariazko ikerketa zientifiko eta teknikoen programak bultzatuko dituzte, esparru horretan ezagutza sor eta heda dadin eta berrikuntzak ager daitezen. Hezkuntza Departamentuak behar diren mekanismoak ezarriko ditu ikastetxe horiek ikerketa zientifiko eta teknikoa egin dezaten edo ikerketa horri sostengua eman diezaioten.

Laugarren xedapen gehigarria. Hezkuntza eskaintza.

Musikako goi mailako ikasketa artistikoak, behar bezalako baimena izanik, ematen dituzten ikastetxe publiko eta pribatuek Musikako Goi mailako Titulua eta masterra lortzeko ikasketak eskaintzen ahalko dituzte, betiere Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan araututako ikasketa artistikoak ematen dituzten ikastetxeen gutxieneko baldintzak ezartzen dituen martxoaren 15eko 303/2010 Errege Dekretuan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

Bosgarren xedapen gehigarria. Ikasketen onarpena.

Hezkuntza Departamentuak behar diren mekanismoak ezarriko ditu aurreko antolamenduari jarraikiz ikasketak hasi zituzten ikasleak irakaskuntza hauetan sar daitezen.

Seigarren xedapen gehigarria. Kalitatea eta ebaluazioa.

Hezkuntza Departamentuak irakaskuntza hauen kalitatea aldizka ebaluatzeko sistema eta prozedurak bultzatuko ditu. Erreferentziako oinarrizko irizpideak Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruan definitu eta araututakoak izanen dira. Ikasketa horien kalitatea ebaluatzearen helburua izanen da irakasteko, ikertzeko eta ikastetxeak kudeatzeko jarduna hobetzea eta ikasleen zein irakasleen mugigarritasuna eta bikaintasuna bultzatzea.

Zazpigarren xedapen gehigarria. Eskumenen arloko baimena.

Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiari baimena ematen zaio behar diren arauak eman ditzan foru agindu honetan ezarritako ikasketa plana garatzeko, aplikatzeko eta abian jartzeko.

Xedapen iragankor bakarra. Beste arau batzuen indarraldia.

Arau honetan arautzen diren irakaskuntzak guztiz ezarri arte, uztailaren 1eko 110/2010 Foru Agindua izanen da aplikagarri, Nafarroako Foru Komunitatean, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruaren barnean, musikako goi mailako irakaskuntzen ikasketa plana ezartzen duena, bai eta abuztuaren 27ko 77/2013 Foru Agindua, hura aldatzen duena.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauen indargabetzea.

Indarrik gabe gelditzen dira uztailaren 1eko 110/2010 Foru Agindua, Nafarroako Foru Komunitatean, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruaren barnean, musikako goi mailako irakaskuntzen ikasketa plana ezartzen duena, eta abuztuaren 27ko 77/2013 Foru Agindua, hura aldatzen duena, eta, orobat, foru agindu honetan ezarritakoaren aurka jotzen duten maila bereko eta apalagoko xedapen guztiak.

Azken xedapenetan lehena. Ezarpenaren egutegia.

Foru agindu honetako ikasketa plana honela ezarriko da: musikako goi mailako ikasketen lehenengo kurtsorako, 2014-2015 ikasturtean; bigarren kurtsorako, 2015-2016 ikasturtean, hirugarren kurtsorako, 2016-2017 ikasturtean; eta laugarren kurtsorako, 2017-2018 ikasturtean.

Azken xedapenetako bigarrena. Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2014ko apirilaren 22an.-Hezkuntzako kontseilaria, José Iribas Sánchez de Boado.

I. ERANSKINA. GAITASUNAK ETA LANBIDE PROFILAK

I. ERANSKINA

1. Musikako goi mailako tituluaren zeharkako gaitasunak.

Ikasketak bukatzean, musikako goi mailako ikasketetako tituludunek zeharkako gaitasun hauek izan beharko dituzte:

CT1 - Lana modu eraginkor eta motibatzailean antolatu eta planifikatzea.

CT2 - Informazio adierazgarria behar bezala bildu, aztertu, sintetizatu eta kudeatzea.

CT3 - Lanaren helburuei erantzuten dieten arazoak konpondu eta erabakiak hartzea.

CT4 - Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak modu eraginkorrean erabiltzea.

CT5 - Gutxienez ere, atzerriko hizkuntza bat ulertu eta erabiltzea garapen profesionalaren eremuan.

CT6 - Autokritika egitea norberaren jardun profesionalari eta pertsona artekoari buruz.

CT7 - Komunikazio trebetasunak eta kritika eraikitzailea erabiltzea talde lanean.

CT8 - Ideia eta argudioak arrazoien gainean eta kritika eginez erabiltzea.

CT9 - Diziplina anitzeko taldeetan eta kultur ingurune desberdinetan behar bezala integratzea.

CT10 - Lan taldeak gidatu eta kudeatzea.

CT11 - Lanean, estetika, ingurumena eta dibertsitatea kontuan hartzen dituen etika profesionala garatzea.

CT12 - Lehiakortasun baldintzetan, aldaketa kultural, sozial eta artistikoetara eta arlo profesionalean gertatzen diren aurrerapenetara egokitzea, eta etengabeko prestakuntzarako bide egokiak hautatzea.

CT13 - Bikaintasuna eta kalitatea bilatzea bere jarduera profesionalean.

CT14 - Ikerketaren metodologia menderatzea proiektu, ideia eta irtenbide bideragarriak sortzean.

CT15 - Modu autonomoan lan egitea, eta ekimenaren eta espiritu ekintzailearen garrantzia baloratzea lanbidean.

CT16 - Eskura dituen bitarteko eta baliabideak erabiltzea, kultur eta ingurumen ondarearekin erantzukizunez jokatuta.

CT17 - Bere lanbide jarduerarekin gizartea sentsibilizatzen laguntzea kultur ondarearen garrantziaz, hainbat arlotan duen eraginaz eta balio adierazgarriak sortzeko gaitasunaz.

2. Musikako goi mailako tituluaren gaitasun orokorrak.

Ikasketak bukatzean, musikako goi mailako ikasketetako tituludunek gaitasun orokor hauek izan beharko dituzte:

CG1 - Musikaren printzipio teorikoak ezagutu eta gaitasunak behar bezala garatzea musikako materiala bereizi, ulertu eta buruz ikasteko.

CG2 - Musika irakurri, inprobisatu, sortu eta birsortzeko jarrera egokiak erakustea.

CG3 - Musika testuetako notazio grafikoa behar bezala sortu eta interpretatzea.

CG4 - Musikako materialak ezagutu entzumenari esker eta ahalmen hori lanbidean aplikatzen jakitea.

CG5 - Bere jarduera arloko baliabide teknologikoak eta musikan duten aplikazioa ezagutzea, eta sortzen diren berrikuntzak bereganatzeko prest izatea.

CG6 - Musika-tresna bat edo gehiago ongi jotzen jakitea, bere jardueraren arlo nagusiari egokitutako mailan.

CG7 - Musika proiektu desberdinetan musikalki esku-hartzeko gaitasuna erakustea.

CG8 - Lan metodo egokienak aplikatzea ikasketa pertsonalean eta musikaren taldeko praktikan agertuko zaizkion erronkak gainditzeko.

CG9 - Bere tresna nagusiaren ezaugarriak ezagutzea, haren eraikuntzari, akustikari, bilakaera historikoari eta beste diziplina batzuekiko eraginei buruz.

CG10 - Bere ikuspuntuak hitzez argudiatu eta adieraztea hainbat musika kontzepturi buruz.

CG11 - Errepertorio zabal eta eguneratua ezagutzea, bere espezialitatean zentratua baina beste tradizioei zabalik. Errepertorio horren estiloko ezaugarriak ezagutu eta modu argian eta osorik deskribatzeko gauza izatea.

CG12 - Musika eta balio estetiko, artistiko eta kulturalen bilakaerarekin duen zerikusia behar adina ezagutzen duela frogatzea.

CG13 - Musika hizkuntzaren oinarriak eta egitura ezagutu eta interpretazioan, sorkuntzan, ikerketan edo pedagogian aplikatzen jakitea.

CG14 - Musikaren garapen historikoa ezagutzea bere tradizio desberdinetan, ikuspegi kritiko batetik, arte musikalaren garapena testuinguru sozial eta kulturalean kokatzeko.

CG15 - Musikaren literatura historiko eta analitikoaren obra adierazgarrienak sakon ezagutzea.

CG16 - Musika praktikaren testuinguru sozial, kultural eta ekonomikoa ezagutzea, arreta berezia jarriz ingurune hurbilenean, haren dimentsio orokorrari begira.

CG17 - Musika estilo eta praktika desberdinak ezagutzea; horrela, bide izanen du kultur ingurune zabalago batean bere jardueraren arloa ulertu eta aberasteko.

CG18 - Idatzita eta hitzez adieraztea bere lanbide jardueraren edukia eta helburuak pertsona espezializatuei, hitz teknikoak eta orokorrak behar bezala erabilita.

CG19 - Musikaren ondorio pedagogikoak eta hezkuntzakoak ezagutzea hainbat mailatan.

CG20 - Musika tresnen sailkapena eta ezaugarri akustiko, historiko eta antropologikoak ezagutzea.

CG21 - Norberaren kontzeptu artistikoak sortu eta haiei forma ematea eta haien bitartez adierazteko gaitasuna garatzea bereganatutako teknika eta baliabideak erabiliz.

CG22 - Musika baliabide zabal eta askotarikoak izatea musika piezak sortu edo egokitzeko, eta testuinguru desberdinetan inprobisatzea hainbat estilo, formatu, teknika, joera eta hizkuntza ezagututa.

CG23 - Musika sorkuntza baloratzea, pentsamendu estruktural aberats eta korapilatsu bat soinutan emateko ekintza bezala.

CG24 - Autoprestakuntzarako gaitasunak garatzea lanbide bizitzan zehar.

CG25 - Ikasketa eta ikerketako metodologiak ezagutu eta haiek erabiltzen jakitea, gaitasuna izan dezan bere karreran musika jarrera etengabe garatu eta berritzeko.

CG26 - Norberaren musika jarduera pentsamendu zientifiko eta humanistikoaren beste diziplina batzuei, arteei oro har eta, bereziki, gainontzeko musika diziplinei lotzeko gauza izatea, bere lanbidearen jarduna diziplina anitzekin aberasteko.

CG27 - Bere lanbide eremuari buruzko legeria ezagutu eta aplikatzea.

3. Musikako goi mailako tituluaren berariazko gaitasunak, konposizioaren espezialitatean.

Ikasketak bukatzean, musikako goi mailako ikasketetako konposizioaren espezialitateko tituludunek berariazko gaitasun hauek izan beharko dituzte:

CEC1 - Mendebaldeko eta beste musika batzuetako tradizioko errepertorio nagusiak ezagutu eta obren alderdi espresibo, sintaktiko eta soinuzkoak erabat baloratzeko gaitasuna eskuratzea.

CEC2 - Beharrezko prestakuntza lortzea egitura musikal eta soinuzko desberdinak entzumenaz eta adimenaz bereizi eta baloratzeko.

CEC3 - Musika obren eraikuntza analitikoki interpretatzea haien egituren alderdi eta maila guztietan.

CEC4 - Teknologia berriak musika sorkuntzara aplikatzea hainbat testuinguru eta formatutan, beste arlo artistikoekiko lankidetza barne dela.

CEC5 - Konposizio estilo nagusien (historikoak eta berriak) teknika eta baliabideak menderatzea.

CEC6 - Musika akustikaren funtsak, instrumentuen ezaugarri akustikoak, aukera tekniko, soinuzko eta espresiboak ezagutzea, baita haien konbinazioak ere.

CEC7 - Musika ikerketa eta esperimentaziorako behar diren interesa, gaitasunak eta metodologiak garatzea.

CEC8 - Musika sorkuntzaren alor desberdineko joera eta proposamen berrienak ezagutzea.

CEC9 - Interpretazioaren arloko joera nagusiak modu kritikoan baloratu eta ezagutzea, garai eta estilo desberdineko errepertorio zabal batean.

CEC10 - Hitzez ematea ongi egituratutako iritzi teoriko, analitiko, estetiko eta kritikoa, zein den ere konposizio arlo hutsean izan dezakeen aplikazioa.

CEC11 - Nortasun artistiko berezi eta malgua eskuratzea, gauza izateko sorkuntzaren ingurune eta erronka anitzi egokitzeko.

4. Musikako goi mailako tituluaren berariazko gaitasunak, interpretazioaren espezialitatean.

Ikasketak bukatzean, musikako goi mailako ikasketetako interpretazioaren espezialitateko tituludunek berariazko gaitasun hauek izan beharko dituzte:

CEI1 - Bere espezialitateko errepertorio esanguratsua interpretatzea, estilo dibertsitatean identifikatzen duten alderdiak modu egokian tratatuz.

CEI2 - Interpretazio ideia koherente eta berekia eraikitzea.

CEI3 - Edozein musika proiektutan, bikotetik talde handietaraino, musikalki esku hartzeko gaitasuna erakustea.

CEI4 - Instrumentu edo ahotsaren bidez musikalki adieraztea, instrumentuaren eta gorputzaren teknika ezagutuz eta menderatuz, baita ezaugarri akustikoak, organologikoak eta estilo desberdinak ere.

CEI5 - Interprete gisa, musikaren egiturak, ideiak eta materialak zehaztasunez komunikatzea.

CEI6 - Bere ikuspegia hitzez argudiatu eta adieraztea, eta musika obra ulertzeko erronkari erantzutea.

CEI7 - Musikako materiala irakurri eta inprobisatzeko jarrerak garatzea.

CEI8 - Taldeko musika proiektu batean izan daitezkeen agintezko, parte hartzeko eta mendeko eginkizunak behar bezala bereganatzea.

CEI9 - Orkestra laneko eta beste talde batzuetako prozesu eta baliabideak ezagutzea, irakurketa lehen bistan behar bezala menderatuta, malgutasuna erakutsiz zuzendarien oharrei, baita taldean integratzeko gaitasuna ere.

CEI10 - Bere lanbide jarduerak dituen ondorio eszenikoak ezagutzea eta gauza izatea aplikazio praktikoak garatzeko.

5. Musikako goi mailako tituluaren berariazko gaitasunak, musikologiaren espezialitatean.

Ikasketak bukatzean, musikako goi mailako ikasketetako musikologiaren espezialitateko tituludunek berariazko gaitasun hauek izan beharko dituzte:

CEM1 - Mendebaldeko tradizioko eta beste batzuetako errepertorioetako obren musika egitura ezagutzea, eta gai izatea haien sintaxi eta soinu alderdiak erabat baloratzeko.

CEM2 - Musikaren sorkuntzak eta interpretazioak izan dituzten baldintza artistiko, historiko eta sozialak ezagutzea.

CEM3 - Musikako materialak, konposizioaren eta instrumentuen teknika historiko eta modernoak, eta instrumentuen eraikuntza eta akustika ezagutzea, baita beste ezaugarri organologiko batzuk ere.

CEM4 - Ongi jotzen jakitea bere jardueraren arlo nagusiarentzat egokiak diren instrumentu egoki bat edo gehiago.

CEM5 - Musika iturriak eta haietara iristeko tresnak ezagutzea, baita haiek hedatzeko behar diren teknikak ere.

CEM6 - Bere arloko ikerketa zientifikoaren metodoak eta haien aplikazioak ezagutzea.

CEM7 - Garai desberdineko musika jardueraren produktuak baloratzeko gaitasun kritikoa izatea, alderdi artistikoak, historikoak eta sozialak integratzen dituen ikuspegitik.

CEM8 - Interpretazioari buruzko ikuspegia idatzita eta hitzez argudiatu eta adieraztea, eta musika obra ulertzen laguntzeko erronkari erantzutea.

6. Musikako goi mailako tituluaren berariazko gaitasunak, pedagogiaren espezialitatean.

Ikasketak bukatzean, musikako goi mailako ikasketetako pedagogiaren espezialitateko tituludunek berariazko gaitasun hauek izan beharko dituzte:

CEP1 - Musika pedagogia garaikideko funtsak ulertu eta azaltzea, bai ezagutza sistematikoen arloan bai aplikazioan, eta haietan oinarrituta gogoeta kritikoa egitea musika irakasteko norberaren zein besteen jarduketari buruz.

CEP 2 - Musika irakaskuntza/ikaskuntzako jarduera, material eta baliabideak prestatu, hautatu, aplikatu eta ebaluatzea hezkuntza ingurune bakoitzeko eskaeren arabera, iaioa izanik instrumentuak eta beste musika baliabide batzuen erabiltzeko eta teknologia berriak funtzionalki aplikatzeko.

CEP3 - Musika osatzen duten elementuak ezagutzea eta ongi menderatzea entzumen pertzepzioa, irakurketa, analisia, idazketa, inprobisazioa eta sorkuntza musikala, eta horiek elkarrekin erlazionatzeko gauza izatea jardueraren beraren garapenean aplikatu eta erabiltzeko.

CEP4 - Teknika ongi ikasi eta adierazgarritasuna lortzea ahots eta instrumentu taldeen interpretazioan eta zuzendaritzan, instrumentuaz, ahotsaz eta gorputzaz inprobisatu, sortu eta esperimentatzeko oinarri gisa, musikaren irakaskuntza/ikaskuntzaren egoera jakinetan.

CEP5 - Hezkuntza eta musika arloko praktika garatzeko gauza izatea, artista eta prestatzaile musikal gisa, komunitateari begira.

CEP6 - Musikaren pedagogia gaur egun eta kultur esparru desberdinetan kokatzea, eta gogoeta kritikoa egitea musika hezkuntzaren praktikak jendearen eta gizartearen hobekuntzan izan ditzakeen eginkizunari eta emaitzei buruz.

CEP7 - Lanpostu bakoitzak prestakuntzarako eta espezializatzeko eskaintzen dituen aukerak aprobetxatzea, norberaren lanbide profila garatzeko txertatuz.

CEP8 - Hezkuntza eta musika arloko proiektuetan biziki parte hartzea elkarlanaren bidez eta musika hezkuntzaren lanbidea talde lan gisa garatzeko erantzukizuna hartzea.

CEP9 - Ikasle, irakasle, programa eta erakundeen hezkuntza ebaluaziorako prozesu sistematikoak diseinatu eta aurrera eramatea, eta haien emaitzen gainean planifikatzea hezkuntzaren hobekuntza.

CEP10 - Musika hezkuntzako ikerketa diseinatu, gauzatu eta ebaluatzea, bai bakarka bai ikerketa taldeetan parte hartuz.

CEP11 - Musika akustikaren eta organologiaren oinarriak ezagutzea, baita musika praktikan dituzten aplikazioak ere.

7. Konposizioaren espezialitaterako lanbide profila.

Konposizioaren goi mailako tituludunak musika sorkuntzarako profesional kualifikatua izan behar du, musikaren egiturak alderdi guztietan, teorikoetan zein praktikoetan, erabat menderatzen dituela; musika testuinguru eta formazio desberdinetarako idatzi eta egokitzeko gaitua egon beharko du, ongi zehaztutako nortasun artistikoaren jabe baina bilakaerarako prest. Teknologiak eskaintzen dituen aukeren ezagutza zabala izan beharko du, eta hainbat baliabideren eskakizun edo beharkizunei egokitzeko gauza izan, proiektu eszenikoei eta ikus-entzunezkoei ere bai.

Orobat, prestakuntza izan behar du sorkuntzaren gaineko analisi musikalerako eta pentsamendu kritikorako, eta gaitasuna erakutsi beharko du hura ahoz zein idatzita transmititzeko, eta prestakuntza metodologiko eta humanistiko sendoa izan, lagungarri izan dakion musika ikerketan eta esperimentazioan.

8. Interpretazioaren espezialitaterako lanbide profila.

Interpretazioaren goi mailako tituludunak profesional kualifikatua izan beharko du, instrumentua jotzeko teknika guztien eta haren errepertorioaren jabe, baita instrumentu osagarriena ere.

Prestakuntza izan beharko du goi mailako interpretazio lana egiteko bere modalitate eta espezialitateko ezaugarrien arabera, bai bakarlari gisa bai talde baten kide dela; orobat, musikako eta dantzako interprete laguntzaile gisa. Bere instrumentuaren ezaugarri teknikoak eta akustikoak ezagutu beharko ditu, eta haren garapen historikoan sakondu.

Prestakuntza izan beharko du analisi eta pentsamendu musikalerako, eta prestakuntza metodologiko eta humanistiko sendoa izan, lagungarri izan dakion bere lanbideari lotutako ikerketan.

9. Musikologiaren espezialitaterako lanbide profila.

Musikologiaren goi mailako tituludunak profesional kualifikatua izan behar du, ikuspegi orokor eta ulerkor batetik, musika bere alderdi guztietan (teorikoa, teknikoa, praktikoa eta materiala) kultur garai eta tradizio guztietan ulertzeko.

Literatura kritikoaren iturrien ezagutza zabala izan beharko du musikologiaren arlo eta diziplina guztietan.

Askotariko notazio sistemak, historikoak zein modernoak, ezagutu beharko ditu, baita soinu dokumentuen transkripzio eta tratamendukoak ere. Musika iturriak argitaratzeko praktika eta prozesu horietako tresna teknologikoak ezagutu beharko ditu. Bere diziplinako ikerketa zientifikoaren metodoak ezagutu eta aplikatu beharko ditu, eta azalpen eta hitzaldietako teknikak menderatu, gauza izan dadin bere proiektuen edukia eta bere ikerketen emaitza jende espezializatuei zein espezializatu gabeei helarazteko.

10. Pedagogiaren espezialitaterako lanbide profila.

Pedagogiaren goi mailako tituludunak profesional kualifikatua izan beharko du musika praktikaren eremu garrantzitsu batean edo gehiagotan (interpretaziokoak eta/edo teorikoak), eta ezagutza sakona, teorikoa eta praktikoa, izan irakaskuntza-ikaskuntzari buruz haren alderdi metodologiko, psikologiko eta artistikoetan, esperientzia praktiko adierazgarria izateaz gain. Araubide orokorreko eta bereziko edozein hezkuntza mailatako zentroetan garatuko du bere lanbide jarduera, irakaskuntza arautuan zein arautu gabean.

II. ERANSKINA. IKASKETA PLANA ESPEZIALITATEAREN ARABERA

II. ERANSKINA

Vínculo a objeto

III. ERANSKINA. IKASKETA PLANA: IRAKASGAIEN DESKRIPTOREAK ETA ESKUMENAK

III. ERANSKINA

Vínculo a objeto

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web