(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

7/2014 FORU LEGEA, apirilaren 14koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 223. artikulua aldatzen duena.

BON N.º 81 - 28/04/2014



ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 223. artikuluaren arabera, ezin izanen zaie laguntza ekonomikorik eman, ez zuzenenean ezta zeharka ere, kasuan kasuko toki ogasunaren zergapeko partikular edo entitateei, baldin eta legean jaso gabeko zerga-salbuespenak egitea badakar horrek, edo toki ogasun horrekin eginiko zorrak konpentsatzea edo txikiagotzea. Toki entitatearekin dituzten zorrak premiamendu bidez kobratzeko prozedura irekita duten partikular edo entitateei ere ezin izanen zaie laguntza ekonomikorik eman.

Gaur egun, krisi ekonomikoa dela medio, familia ugari langabezian gelditu dira -epe luzerako, askotan-. Horrek areagotu egin du familia horien zaurgarritasuna, eta hori bereziki kezkagarria da familietan adingabeak daudenean. Gauzak horrela, administrazio publikoek ziurtatu beharra daukate herritarrei ez zaizkiela beharrezkoak dituzten gizarte-prestazioak ukatuko zorrak dituztelako Administrazioarekin, denbora luzean lanik gabe edo egoera zailean egotearen ondorioz. Antzeko helburuarekin onetsi zuen Nafarroako Parlamentuak 6/2013 Foru Legea, otsailaren 25ekoa, bermatutako prestazio sozialak eta ikasketetarako bekak enbargaezinak deklaratzen dituena.

223. artikuluak, bere horretan, udal laguntzarik gabe utz ditzake baliabide horien premia larrian dauden familiak.

Artikulu bakarra.–Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 223. artikulua aldatzen da; hain zuzen ere, paragrafo hau eransten zaio:

“Aurrekoa gorabehera, toki entitateak laguntza ekonomikoak ematen ahal dizkie berarekin dituzten zorrak premiamendu bidez kobratzeko prozedura irekita duten partikularrei, baldin eta hori espresuki jasotzen bada aipatu laguntzen gaineko arauean, eta arau horretan adierazitako baldintza eta moduan”.

Azken xedapen bakarra .–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2014ko apirilaren 14an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.

Iragarkiaren kodea: F1405885

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web