(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

23/2014 FORU DEKRETUA, OTSAILAREN 19KOA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ADMINISTRAZIOKO ENTITATE INSTRUMENTALENTZAKO MANDATUAK ARAUTZEN DITUENA Nota de Vigencia.

BON N.º 46 - 07/03/2014



  I. ERANSKINA. HONA HEMEN......................................................... ENTITATEAREN GALERA ETA IRABAZIEN KONTUAN SARTUTAKO USTIAPEN DIRUSARREREN XEHAKAPENA,.......... EKITALDIKOA:


Zioen azalpena

Kontratu publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legeak entitate instrumentalentzako mandatuak arautzen ditu, eta ezartzen du foru legea ez dela aplikatuko foru legearen mendeko entitateek beren entitate instrumentalei mandatuak egiten dizkietenean obra, hornidura edo laguntza kontratuei dagozkien prestazioetan, baldin eta mandatua 8. artikuluan adierazitako eran egiten bada.

Ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legea aldatzen duen otsailaren 25eko 3/2013 Foru Legeak, entitate instrumentalentzako mandatuei dagokienez, Europako Batasuneko arlo horretako jurisprudentziaren doktrina gehitzen du. Lege hori onetsi ondoren, entitate instrumentaltzat jotzen da mandatua egiten duen entitatearengandik aparteko nortasun juridikoa izan eta ondoko baldintzak betetzen dituen entitatea:

a) Bere kabuz erabakitzeko ahalmenik ez izatea, mandatua egiten duen entitateak kontrolatzen duelako, bere zerbitzu edo unitateak kontrolatzen dituen antzera. Entitate instrumentala sozietate bat da eta mandatua entitate publiko batek egiten badu, entitate instrumentalaren kapital sozial osoak titulartasun publikokoa izan beharko du.

b) Jardueraren funtsezko zatia mandatua egiten duen entitatearentzat egitea.

Entitate instrumentalak nahitaez bete beharreko mandatuak izanen dira mandatuak, eta betiere mandatua egiten duen entitateari dagokio eskatutakoa behar bezala egiten den begiratzea. Mandatua bete ahal izateko entitate instrumentalak hirugarrenei prestazioak eskatu behar dizkien kasuetan, prestazioen esleipenean Kontratu Publikoei buruzko Foru Legearen arauak beteko dira.

Azkenik, entitate instrumentalek ezin izanen dute parte hartu beren entitate nagusiak antolatzen dituen esleipen prozeduretan.

Testuinguru honetan, foru dekretu honek Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko entitate instrumentalen araubide juridiko, ekonomiko eta administratiboa arautzen du jarduera administratiboaren esparruan, Administrazioaren tresna propioak eta zerbitzu teknikoak diren aldetik.

Arau honekin bat, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko entitate instrumentalei, Nafarroako Gobernuaren erabakiren bidez, aurretik aitortuko zaie tresna propioak direla, eta zein zuzendaritza nagusi, erakunde autonomo edo departamenturen mende dagoen, hark agintzen dizkien obren, horniduren eta laguntzen exekuzioak nahitaez bete beharreko mandatuen araubide berezia izanen du. Egiten diren mandatuek mandatu forma izanen dute. Prestazioaren kostua zuzenean ordainduko da, organo eskudunak onetsi ondoren.

Entitate instrumentalentzako mandatuen erregulazioan aldaketa nabarmenak izan dira; besteak beste, mandatuaren xedeko lanak esleitzeko interesa egiaztatzen duten enpresek eta profesionalek kontratazio publikoaren arloko erreklamazioa aurkezten ahal dute, ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legean ezarritakoarekin bat; eta entitate instrumentalak bere baliabideekin egin behar du mandatua, salbu eta haiek behar bezala justifikatutako kasu bereziak badira, zeinak Nafarroako Kontratazio Atarian argitaratu beharko baitira.

Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen lehenbiziko xedapen gehigarrian adierazten denez, Nafarroako Gobernuak foru lege hau garatu eta betetzeko behar diren erregelamenduzko xedapenak emanen ditu. Horren babesean prestatu da foru dekretu hau.

Kontratazio Publikorako Batzordeak, 2013ko ekainaren 10ean egindako bilkuran, aldeko txostena egin du foru dekretu honi buruz.

Hori horrela, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluarekin ados, eta Nafarroako Gobernuak 2014ko otsailaren 19ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek beren entitate instrumentalei egiten dizkieten mandatuak arautzea, Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 8. artikuluan adierazitakoari jarraikiz.

2. artikulua. Entitate instrumentalaren izaera aitortzea.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek egiten dituzten mandatuen jasotzailea izateko, entitateak entitate instrumental dela berariaz aitortzen duen Nafarroako Gobernuaren Erabakia lortu beharko du aldez aurretik. Bertan, ondorio hauetarako zein departamentura atxikitzen den eta iraupen epea (lau urtekoa, gehienez ere) zehaztuko dira. Aitorpen hori aldez aurretik errebokatzen ahalko da bere inguruabarrak aldatzen badira edo Nafarroako Gobernuak, arrazoiak emanda, hala erabakitzen badu.

2. Departamentu interesdunak hasiera emanen dio prozedurari, eta espedientean dagozkion txosten tekniko, administratibo, ekonomiko eta juridikoak sartuko dira.

Edozein kasutan, espedientean agiri hauek ere agertuko dira:

a) Estatutuak, sortze arauak eta, oro har, entitatearen jarduera eta borondate propiorik eza (Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioaren mende egoteagatik) agertarazten duten antolaketa arloko agiriak. Entitatea sozietatea bada, berariaz egiaztatu beharko da kapital sozial osoa titulartasun publikokoa dela.

b) Aitorpena, non egiaztatzen den entitatearen ustiapen diru-sarrerak funtsean Nafarroako Foru Komunitateko Administraziotik eta haren erakunde autonomoetatik datozela, edo hirugarrenetatik, betiere hirugarrenek emandako diru-sarrerak Administrazioak bere eskumenak erabiliz hartzen dituen erabakietatik zuzenean badatoz. Aitorpen horren edukia I. eranskinean ageri da, eta bere euskarria den informazioak entitatearen urteko kontuen memorian agertu behar du.

Subsidiarioki, baldintza betetzen dela egiaztatzeko, entitateak onetsitako jarduketa, inbertsio eta finantzaketa programak aurkeztuko dira, Foru Komunitateko Administrazioak edozein modutan aitortuak, edo entitatearen kudeaketa organo gorenaren erabakia, non erakusten den entitatearen jarduera Foru Komunitatearen Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen erabakien mende dagoela eta erabaki horiek aurreko lerroaldean adierazitako baldintza betetzen duten ustiapen diru-sarrerak sortuko dituztela ezinbestean.

3. Kontratazio Publikorako Batzordeari jakinaraziko zaio entitate instrumentalaren izaera aitortzen duen Nafarroako Gobernuaren Erabakia, Nafarroako Kontratazio Atarian argitara dadin.

Nafarroako Kontratazio Atarian, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko entitate instrumentalaren izaeraz gain, mandatuen jarduera eremua ere zehaztuko da.

3. artikulua. Mandatuaren araubide juridikoa.

1. Entitate instrumentalak behartuta daude Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioek eta haren erakunde autonomoek egiten dizkieten mandatuak betetzera. Mandatua egiten duen entitateari dagokio eskatutakoa behar bezala egiten den begiratzea.

Entitate instrumentalekiko harremanak barnekoak eta mendekoak dira.

2. Egiten diren mandatuek ez dute ekarriko Administrazio Publikoek berezkoak dituen agintaritza edo bestelako ahalmen publikoak erabiltzea.

3. Bost egun naturaleko epean, mandatua jasotzen denetik hasita, entitate instrumentalak justifikatu beharko du hura betetzeko behar diren baliabideak dituela. Mandatua bete ahal izateko entitate instrumentalak hirugarrenei prestazioak eskatu behar dizkien kasuetan, haien lizitazioa eta exekuzioa Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen xedapenen mende egonen dira. Kontratazio horiek ez dira izanen mandatuaren prezioaren %50 baino handiagoak.

Salbuespenez mandatuaren prezioaren %50 gainditzen duten lanak hirugarrenekin kontratatzen badira, mandatuaren exekuzioan ekonomia, eraginkortasun edo efizientzia arloko bidezko arrazoi bat dagoela justifikatu beharko da sakonki. Adibidez, merkatuaren ezagutza berezia; prestazio edo jarduera osoa gauzatzeko enpresa-antolamendu hobea; edo mandatuak amaierako prestazioari balioa erantsiko diola justifikatzen duen beste arrazoi bat. Kasu horretan, mandatuak Nafarroako Kontratazio Atarian argitaratu beharko dira, haien zenbatekoa edozein delarik ere.

Ondorio horietarako, ez dira hirugarrentzat hartuko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko beste entitate instrumentalak, edo entitate instrumental baten mende dauden entitate instrumentalak.

4. artikulua. Mandatuaren araubide ekonomikoa.

1. Mandatua egiten duen entitateak aldez aurretik onetsitako aurrekontuko prezioekin bat zehaztuko da egin beharreko prestazioen zenbatekoa.

2. Prestazioak jasotzen dituztenek zuzenean ordainduko diote entitate instrumentalari mandatuaren xedeko prestazioen zenbatekoa, salbu eta baimena ematen badute mandatua egiten duen entitateak egiteko (mandatua egiten duena eta prestazioen jasotzailea entitate bera ez direnean).

5. artikulua. Mandatuaren araubide administratiboa.

1. Departamentu edo erakunde batek mandatu bat egin behar duenean, espediente bat instruituko du, kontratu administratiboetarako ezarrita dauden antzeko tramite tekniko eta juridikoak eta aurrekontuko, kontroleko eta gastu onespenerako tramiteak sartuta.

Entitate instrumentala zein departamentura dagoen atxikia, haren baimena erantsiko zaio espedienteari, salbu eta departamentu horrek mandatuak egiteko baimen orokorra emana badie Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko gainerako departamentuei eta haien erakunde autonomoei. Baimen orokor hori Nafarroako Kontratazio Atarian argitaratuko da.

Halaber, Foru Komunitateko Administrazioko organoen artean eskumenen antolamendu, banaketa eta zentralizazio arloan kontratazio administratiborako ezarritako arau berak izanen dituzte mandatuek.

2. Mandatua egiten duen departamentu edo erakundeari dagokio hura onestea.

3. Mandatuaren jakinarazpena prestazioa hasteko agindua izanen da, hurrengo artikuluan ezarritako kasuan izan ezik.

6. artikulua. Mandatuen publikotasuna.

Honako hauetan argitaratuko dira Nafarroako Kontratazio Atarian:

Mandatuak Europar Batasuneko atalasea baino balio zenbatetsi handiagoa duenean, mandatua egin eta 7 egun naturaleko epean.

Mandatuaren prezioaren %50 gainditzen duten lanak hirugarrenek egiten dituztenean, inguruabar hori justifikatu eta 7 egun naturaleko epean.

Argitalpen horretan mandatuak justifikatzen dituzten egitatezko inguruabarrak eta zuzenbideko oinarriak labur adieraziko dira, Kontratazio Publikorako Batzordeak erabakitzen dituen formatuekin bat, eta mandatuak ezin dira hasi iragarkia argitaratu eta hamar egun natural igaro arte.

7. artikulua. Mandatuen aurkako erreklamazioak.

Mandatuaren xedeko lanak esleitzeko interesa egiaztatzen duten enpresek eta profesionalek kontratazio publikoaren arloko erreklamazioa aurkezten ahalko dute 30 egun naturaleko epean, iragarkia argitaratu eta biharamunean hasita.

Mandatua egitean Nafarroako Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen arau bat haustea izan beharko da erreklamazioaren oinarria.

Xedapen gehigarri bakarra. Entitate instrumentalaren izaera sozietate publikoei aitortzea Nota de Vigencia.

Foru dekretu honetan ezarritakoa da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko sozietate publikoei izaera instrumentala aitortzeko prozedura. Lehendik entitate instrumentalaren izaera duten entitateentzat, gaur egun indarra duten deklarazioak iraungi baino lehen berritu beharko da aitortza hori.

Xedapen iragankor bakarra. Aldez aurreko mandatuak eta enkarguak.

Foru dekretu honek indarra hartu aurretik onetsita dauden mandatuek eta enkarguek onetsi zirenean indarra zuen araudia beteko dute.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko entitate instrumentalentzako mandatuak arautzen dituen martxoaren 26ko 27/2007 Foru Dekretua indargabetzen da.

Azken xedapen bakarra. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2014ko otsailaren 19an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.-Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilaria, Lourdes Goicoechea Zubelzu.

I. ERANSKINA. HONA HEMEN......................................................... ENTITATEAREN GALERA ETA IRABAZIEN KONTUAN SARTUTAKO USTIAPEN DIRU-SARREREN XEHAKAPENA,.......... EKITALDIKOA:

I. ERANSKINA

-Nafarroako Foru Komunitateko Administraziotik edo haren erakunde autonomoetatik datozen diru-sarrerak: euro.

-Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde autonomoek hartutako erabakiei lotutako diru-sarrerak: euro.

-Ustiapenaren beste diru-sarrera batzuk: euro.

Diru-sarrerak, guztira: euro.

Aurrekoa aitortzen da 23/2014 Foru Dekretuaren 2. artikuluan adierazitakoaren ondorioetarako.

Idazkaria edo administratzaile bakarra.

Iragarkiaren kodea: F1402753

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web