(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

1/2013 FORU LEGE DEKRETUA, abenduaren 30ekoa. Horren bidez, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen arloko presako neurri jakin batzuen indarraldia 2014. urtera luzatzen da eta beren montepioetako klase pasiboen pentsioak eguneratzen dira.

BON N.º 250 - 31/12/2013



Texto

Ekainaren 21eko 13/2012 Foru Legearen bidez, Nafarroako Parlamentuak presako zenbait neurri onetsi zituen Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen arloan. Aipatu neurriak, funtsean, ekonomiaren eta aurrekontuen egungo egoeran oinarriturik hartu ziren, eta horietako gehienen indarraldiari dagokionez, erabaki zen 2012. urtera mugatu zela, eta gerora erabakiko zela hurrengo urteetan luzatuko zen ala ez.

Abenduaren 26ko 25/2012 Foru Legearen bidez, Nafarroako Parlamentuak 2013. urtera luzatu zituen ekainaren 21eko 13/2012 Foru Legean aurreikusitako zenbait neurri. Neurri horien indarraldia 2013ra luzatzea eragin zuten inguruabarrak aldatu ez direnez, beharrezkoa da 2014. urtera ere luzatzea, eta horretarako, beharrezkoa da lege-mailako arau bat garatzea.

Alde horretatik, foru lege dekretu honen bidez luzatu eginen da 2013an indarrean izandako neurri berdinen indarraldia, hots, Parlamentuaren gehiengoaren borondateari jarraikiz onetsitako abenduaren 26ko 25/2012 Foru Legean ezarritakoa. Hona, neurri horiek:

–Langileek zerbitzu aktiboan segitzeko luzapena etetea.

–Zerbitzuagatiko dietak kentzea.

–Osasun Laguntzaren Zerbitzuko “Erabilera berezia” delako modalitateko tarifak erabiltzeko mugak.

–Nafarroako Gobernuko kideei eta gainerako goi karguei dagozkien neurriak.

Halaber, Nafarroako administrazio publikoen montepioetako funtzionarioen eskubide pasiboen araubide iragankorrari buruzko martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen 25.2 artikuluak ezartzen du pentsioen zenbatekoa urtero eguneratuko dela, Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Lege bakoitzean kasuan kasuko ekitaldi ekonomikorako ezartzen duen ehunekoaren arabera. Alde horretatik, aintzat hartu beharra dago ez dagoela Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Legerik 2014rako, izan ere, Nafarroako Parlamentuak, 2013ko abenduaren 10ean egindako bilkuran hartutako erabakiaren bidez, atzera bota du eguneraketa hori jasotzen zuen Nafarroako Gobernuaren proiektua.

Hori horrela izanik, bidezkoa da lege-mailako arau bat onestea, Nafarroako administrazio publikoen montepioetako klase pasiboen pentsioen 2014rako eguneraketa jasotzeko. Aurreko urteetan bezala, erreferentziatzat hartuko da pentsio publikoek urte horretan jasaten duten igoera, Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko Legeak horretarako xedatzen duenarekin bat.

Foru lege dekretu honetan jasotako eguneraketaren arabera, zenbait inguruabarrek tratamendu berezia behar dute, esate baterako, alargun- eta umezurtz-pentsio minimoek, izan ere indarreko araudiak lanbide arteko gutxieneko soldatarekin arautzen ditu. Era berean, eta pentsio publikoen arloko araudi indarduna aplikatzeko, zehaztu da pentsioak ez direla eguneratuko baldin eta pentsio horiek berek bakarrik edo onuradun berak jasotzen dituen beste pentsio publiko batzuekin batera pentsio publikoetarako oro har urtean ezarritako gehieneko zenbatekoa gainditzen badute.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 21.bis artikuluak hauxe ezartzen du 1. zenbakian:

“1. Kasu berezi eta oso presakoetan, Nafarroako Gobernuak behin-behineko legezko xedapenak eman ahal izanen ditu, foru lege-dekretu forma hartuko dutenak. Ezin izanen dira foru lege-dekretuaren xede izan honakoak: Foru Komunitateko erakundeen eta nafarren eskubideen, betebeharren eta askatasunen garapen zuzena, lege organiko honetan arautuak daudenena; lege organiko honen erreforma, eta lege hau garatzeko emandako foru legeena, legean bertan espresuki aipatzen direnena, hain zuzen; hauteskunde-araubidea; eta Nafarroako Aurrekontu Orokorrak.”

Gorago deskribatutako aparteko eta premiazko inguruabarrak direla-eta –bereziki 2014ko Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Legerik ez izatea–, beharrezkoa da foru lege dekretu bat onestea, izan ere aipatu lege organikoak ezartzen duen bezala, langileen arloko presako neurriek, esaterako pentsioak eguneratzeak, kasuan kasuko urtearen urtarrilaren 1a baino lehen hartu behar dute indarra.

Horregatik guztiagatik, abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 21.bis artikuluan jasotako baimena erabiliz, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2013ko abenduaren 30ean egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen arloko presako neurriak.

2014. urtera luzatzen dira Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen arloko presako neurriak, hots, ekainaren 21eko 13/2012 Foru Legearen 1., 5., 6. eta 8. artikuluetan aurreikusitakoak.

2. artikulua. Nafarroako administrazio publikoen montepioetako funtzionarioen klase pasiboen pentsioak eguneratzea.

1. 2014ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, Nafarroako administrazio publikoen montepioetako funtzionarioen klase pasiboen pentsioek, indarreko araudiaren arabera eguneratzeko eskubidea dutenek, pentsio publikoek urte horretan duten igoera bera izanen dute.

2. Aurreko atalean xedatutakoa gorabehera, gutxieneko alargun- eta umezurtz-pentsioak lanbide arteko gutxieneko soldatari buruzko araudi indardunean ezarritako erreferentziaren mende egonen dira.

3. Pentsio publikoen arloko indarreko araudia aplikatzeko, eguneraketa ez da aplikatuko baldin eta aitortua badago edo etorkizunean aitortzen bada pentsioek, berek bakarrik nahiz onuradun berak jasotzen dituen beste pentsio publiko batzuekin batera pentsio publikoetarako urtean ezarritako gehieneko zenbatekoa gainditzen badute.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena .–Nafarroako Parlamentura igortzea.

Foru lege-dekretu hau Nafarroako Parlamentura igorriko da baliozkotu dezan, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 21.bis artikuluaren 2. idatz-zatian ezarritakoaren arabera.

Azken xedapenetan bigarrena .–Indarra hartzea.

Foru lege dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2013ko abenduaren 30ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.–Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilaria, F. Javier Morrás Iturmendi.

Iragarkiaren kodea: F1318003

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web