(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

18/2013 FORU LEGEA, maiatzaren 29koa, konpromiso sozialeko proiektuei aplikatzekoak zaizkien pizgarri fiskalak arautzen dituena.

BON N.º 109 - 10/06/2013



ZIOEN AZALPENA

Foru lege honen helburua da laguntza fiskala ematea gizarte zerbitzuen, garapenerako lankidetzaren eta berdintasunaren arloan jarduerak gauzatzen dituzten proiektuei, betiere betetzen badituzte ezarriko diren zenbait eskakizun, eraginkortasun, efizientzia eta gardentasunekoak, alegia. Horrez gain, proiektu horiek “konpromiso sozialeko proiektuaren” zigilua lortu beharko dute.

Proiektu horiek sustatzeko pizgarri fiskalerako Fundazioen eta Babes Jardueren Tributu Araubidea erregulatzen duen uztailaren 2ko indarreko 10/1996 Foru Legean ezarritako esparrua erabili da. Foru lege horren barruan, xedapen gehigarri berri bat txertatu da, egokiro bereizteko, batetik, “konpromiso sozialeko proiektuaren” zigilua lortzen duten proiektuetarako pizgarriak, eta, bestetik, legearen gainerako artikuluetan ematen diren gainerako pizgarri fiskalak. Araua argitzeaz gain, foru legearen xedea da pizgarri fiskala nabarmen hobetzea “konpromiso sozialeko proiektuaren” zigilua lortu duten proiektu horietarako.

Xedapen gehigarri horren 1. atalean ahalmena ematen zaio Nafarroako Gobernuko Gizarte Politiketako kontseilariari foru agindu bidez ezar ditzan proiektu horiek bete beharko dituzten eraginkortasun, efizientzia eta gardentasunbaldintzak, bai eta “konpromiso sozialeko proiektuaren” zigilua lortzeko prozedura ere.

Horrela, laguntza guztia gizarte-entitateei bideratu nahi zaie, eragin handiagoa izateko pertsona behartsuenen eta talde ahulenen garapenean, autonomian eta gizarteratzean. Lortu nahi dena da herritarrak mobilizatzea, konprometitu daitezen pertsona-talde horiekin eta gizarte-entitateekin, zenbait arlotan jarduten duten proiektuei lagunduz; zenbait arlo, nola baitira ezgaitasuna, mendekotasuna, garapenerako lankidetza edo berdintasuna.

Gizarte Politiketako kontseilariaren foru aginduaren bidez egindako deialdian oinarrituta, departamentuko organo eskudunak “konpromiso sozialeko proiektuaren” zigilua luzatuko die ezarritako baldintzak betetzen dituzten proiektuei, horretarako ebazpena onetsirik. Ebazpenean zehaztuko da, halaber, kasuan kasuko proiektua irabazi-asmorik gabeko zein entitatek gauzatuko duten, bakarka nahiz beste batekin edo batzuekin elkarlanean.

Xedapen gehigarriaren 2. atalean ezartzen dira pertsona fisikoei emanen zaizkien onura fiskalak. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren kasuan, eskubidea izanen dute dohaintzan emandako zenbatekoen ehuneko 40 kuotatik kentzeko, baita konpromiso sozialeko proiektuak gauzatzen dituzten entitateekin izenpetutako lankidetza hitzarmenen ondorioz ordaindutako zenbatekoen portzentaje hori bera ere, proiektu horiek finantzatzeko erabiltzen badira.

3. atalean “konpromiso sozialeko proiektuaren” zigilua lortzen duten proiektu hauek diruz babesten duten pertsona juridikoentzako onura fiskalak jaso dira.

Sozietateen gaineko zergaren subjektu pasiboek bi onura fiskal izanen dituzte. Alde batetik, dohaintzan emandako zenbatekoak kengarritzat hartuko dira, baita konpromiso sozialeko proiektuak gauzatzen dituzten entitateekin izenpetutako lankidetza hitzarmenen ondorioz ordaindutako zenbatekoak ere, proiektu horiek finantzatzeko erabili badira. Horrekin batera, kuota likidoari zenbateko horien ehuneko 20ko kenkaria egiteko eskubidea izanen dute.

3. atal horretan araututako onura fiskalak ez zaizkie inola ere aplikatzekoak izanen pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren subjektu pasiboei. Horiei, jarduera ekonomikoak egin nahiz ez, 2. atala aplikatuko zaie.

4. atalean ezartzen da bateraezinak direla xedapen gehigarriko onura fiskalak eta 1/1996 Foru Legearen artikuluetan jaso diren gainerakoak. Onura fiskal hauek baldintza batzuk bete beharko dituzte. Halatan, xedapen gehigarri horren 5. atalean xedatzen da ekarpenen eta dohaintzen entitate onuradunek baldintza hauek bete beharko dituztela aurreko 2. eta 3. ataletan aurreikusitako onura fiskalak aplikatzeko:

a) Behar diren egiaztagiriekin frogatu beharko dute ekarpenak eta dohaintzak egiazkoak direla, eta benetan erabili direla “konpromiso sozialeko proiektu” bat gauzatzeko.

b) Emandako egiaztagirien edukia jakinarazi beharko diote Zerga Administrazioari, tributuen gaineko arauetan ezarritako eredu eta epeekin.

Xedapen gehigarri berriak 2013ko urtarrilaren 1ean hasiko diren zergaldietan izanen ditu ondorioak.

Artikulu bakarra. Fundazioen eta Babes Jardueren Tributu-araubidea erregulatzen duen uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legeari hamargarren xedapen gehigarri bat gehitzea.

Fundazioen eta Babes Jardueren Tributu-araubidea erregulatzen duen uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legeari xedapen gehigarri bat gehitzen zaio, testu hau izanen duena:

<<Hamargarren xedapen gehigarria. “Konpromiso sozialeko proiektuaren” zigilua lortzen duen proiektuei aplikatzekoak zaizkien pizgarri fiskalak.

1. Nafarroako Gobernuko Gizarte Politiketako Departamentuak “konpromiso sozialeko proiektuaren” zigilua eman ahal izanen die Nafarroako Foru Komunitatean antolatzen diren proiektuei, hain zuzen ere gizarte zerbitzuen, garapenerako lankidetzaren eta berdintasunaren arloko jarduerak gauzatzen dituzten proiektuei, baldin eta betetzen badituzte ezarriko diren eraginkortasun-, efizientzia- eta gardentasun-baldintzak.

“Konpromiso sozialeko proiektuaren” zigilua ematen duen ebazpenean zehaztuko da irabazi-asmorik gabeko zein entitatek gauzatuko duen kasuan kasuko proiektua, bakarka nahiz beste batekin edo batzuekin elkarlanean. Entitate horiek egiaztatu beharko dute “konpromiso sozialeko proiektuaren” zigilua lortzen saiatzen den proiektutik independentea eta desberdina den jarduna dutela.

Urtero foru agindu bat onetsiko da non lehentasunezko jarduketa-ildoak ezarriko baitira, gizarte-entitateen parte-hartzearekin zehaztuak; ildo horiek “konpromiso sozialeko proiektuaren” zigilua lor dezaketen gizarte-elkartasuneko programa eta proiektuetan gauzatuko dira.

Nafarroako Gobernuko Gizarte Politiketako kontseilariak foru agindu bidez zehaztuko ditu aipatutako baldintzak, eraginkortasun, efizientzia eta gardentasunekoak, bai eta “konpromiso sozialeko proiektuaren” zigilua lortzeko prozedura ere.

“Konpromiso sozialeko proiektuaren” zigilua lortzen duten proiektuak Nafarroako Parlamentuko Gizarte Politiketako Batzordeari igorri eta aurkeztuko zaizkio, onetsi eta hiru hilabeteko epean gehienez ere, azaltzeko zer ezaugarri jo diren erabakigarritzat kalifikazio hori emateko.

2. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren subjektu pasiboek eskubidea izanen dute dohaintzan emandako zenbatekoen ehuneko 40 kentzeko zergaren kuotari, kopuruak ezeztaezinak, garbiak eta soilak baldin badira, baita aurreko atalean aipatutako entitateekin izenpetutako lankidetza hitzarmenen ondorioz ordaindutako zenbatekoen portzentajea bera ere, proiektu horiek finantzatzeko erabili badira.

Kenkarien oinarria Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 22/1998 Foru Legearen 64. artikuluko 1. idatz-zatian aipatzen den mugaren ondorioetarako kontatuko da.

3. Sozietateen gaineko zergaren subjektu pasiboek diru-dohaintzak egiten badituzte, ezeztaezinak, garbiak eta soilak, edo, aurreko 1. idatz-zatian aipatzen diren lankidetza hitzarmenen ondorioz, diru-kopuruak eskudirutan ordaintzen badituzte aipatutako proiektuen finantzaketarako, honako onura fiskal hauek izanen dituzte:

a) Zerga-oinarria zehazteko, ordaindutako zenbatekoak kengarritzat hartuko dira.

b) Horrez gain, kuota likidoari zenbatekoaren ehuneko 20ko kenkaria egiteko eskubidea izanen dute.

Zerga-oinarriari kendu ahal zaion zenbatekoak ez ditu muga hauetako altuena gaindituko:

–Murrizketa hori eta, kasua bada, foru lege honen 37., 42. eta 47. artikuluek aipatzen dituztenak egin aurreko zerga-oinarriaren ehuneko 30.

–Negozio zifraren zenbateko garbiaren milako 3.

Bestetik, kuotaren kenkaria sozietateen gaineko zergari buruzko foru legearen 72. artikuluaren 3., 6. eta 7. idatz-zatietan ezarritako araubidearen eta mugen arabera aplikatuko da.

Atal honetan araututako onura fiskalak ez zaizkie inola ere aplikatuko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren subjektu pasiboei.

4. Bateraezina izanen da xedapen gehigarri honetan araututako onura fiskalak eta foru lege honetan ezarritako gainerakoak zenbateko berberetarako jasotzea.

5. Aurreko 2. eta 3. ataletan aurreikusitako onura fiskalak aplikatzeko, ekarpenen eta dohaintzen entitate onuradunek beharkizun hauek bete beharko dituzte:

a) Behar diren egiaztagiriekin frogatu beharko dute ekarpenak eta dohaintzak egiazkoak direla, eta benetan erabili direla “konpromiso sozialeko proiektu” bat gauzatzeko.

Nafarroako Gobernuko Gizarte Politiketako kontseilariak foru agindu bidez arautuko ditu entitate onuradunek luzatu beharreko egiaztagiri horien edukia eta ezaugarriak.

b) Emandako egiaztagirien edukia jakinarazi beharko diote Zerga Administrazioari, tributuen gaineko arauetan ezarritako eredu eta epeekin.

6. “Konpromiso sozialeko proiektuaren” zigilua lortzeko deialdirako urteko foru aginduan jasota egonen da zer prozedura aplikatuko den baldin eta ekarpenen onuradun izan diren entitateek gutxienekotzat jotako funtsak ez jasotzeagatik ezin badituzte proiektuak ekitaldi horretan abian jarri. Prozedura horrek ezarria izanen du zer mekanismo erabiliko den proiektua birformulatu eta hasiera-data, epea edo helburua aldatzeko, edota proiektua beste entitate batekin nahiz batzuekin batera gauzatzea ezartzeko, horrela proiektua abian jartzeko aukera emateko; proiektua, edozein modutan, abian den ekitaldiko deialdian ezarritako lehentasunezko jarduketa-ildoei egokitu beharko zaie, eta kasuan kasuko organo kudeatzailearen onespena beharko du.

7. Gizarte Politiketako kontseilariak, urtero, ekainaren 30a baino lehenago, aurreko urteko emaitzei buruzko oroitidazki bat igorriko dio Nafarroako Parlamentuari, non jasoko baita, gutxienez, finantzaketa lortu duten proiektuen zerrenda, horien zenbatekoa eta onura fiskalen zenbatekoa, figura tributarioka eta kontzeptuka xehakatua.>>

Azken xedapena.–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, baina 2013ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietan izanen ditu ondorioak.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2013ko maiatzaren 29an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.

Iragarkiaren kodea: F1308361

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web