(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

137/1999 FORU DEKRETUA, MAIATZAREN 3KOA, GIZARTETIK BAZTERTURIK DAUDEN PERTSONENTZAKO LAN PRESTAKUNTZAKO ZENTROAK ARAUPETU ETA SAILKATZEN DITUENA

BON N.º 73 - 11/06/1999



  XEDAPEN IRAGANKORRA


  AZKEN XEDAPENA

  ERANSKINA


Atariko

Apirilaren 6ko 9/1999 Legeak, Gizarte Eskubideen Gutunari buruzkoak, betebehar zehatzak ezarri dizkie doako edo laguntza gisako prestazio ekonomikoak, dirusarrerarik izatea bermatzen dutenak, hartu beharra duten pertsonei, beste neurri batzuk beste direla. Horrenbestez, lege mailara jaso dira Nafarroako Bazterketa Sozialaren aurkako Planean jadanik aurreikusitako neurrietako batzuk. Nafarroako Parlamentuak pasa den ekainaren 22an onetsi zuen plan hori.

Planaren helburu nagusietako bat egun bazterturik dauden pertsonak gizarteratzea eta laneratzea da. Bazterturik dauden pertsonetako batzuek ia-ia ez dute batere aukerarik lana aurkitzeko; hori hainbat arrazoigatik gertatzen da, baina denak ere ez dira atzeraezinak: gizarte trebeziarik eza; lana lortzea eta lortutakoan mantentzea ahalbideratzen duen azturarik eza; gatazkak konpontzeko gaitasun urria; laneko trebezia eta prestakuntza urriak; eta are gorputz eta adimen osasuneko arazoak ere, parametro ofizialen arabera minusbaliotasuna ez izan arren, lanean hasteko eragozpen larriak direnak.

Pertsona horiek guztiek, lan-merkatuan sartu baino lehen, nahitaezkoa dute prestakuntzako eta aztura-eskuraketako epealdia. Haietako batzuen kasuan, gainera, adina eta eragozpenak kontuan izanik, baliteke langabetasuna atzeraezina izatea.

Hala ere, herritarrak dira besteok bezala, eta gizarteak, beraien pertsona duintasuna eta erkidegoaren onura aintzat harturik, erantzun egin behar dio beraien arazoari; erantzunak ondoko osagaiak izan behar ditu: lan egitea, laguntza eta gizarte talde bati atxikitzea. Erantzun hori ez da hartu behar lan bitartekotzat, baina, hala ere, ondasunen bat ekoizteko modua ezarri behar du, pertsonek gizartearen bizitzan parte hartzeak dakarren asebetetasuna goza dezaten eta beren buruaz uste ona eduki dezaten.

Arazoari erantzuna emateko eremua arautu beharra dago. Foru Dekretu honen xedea lehen aipatu Planean formulatu da, bai eta Gizarte Zerbitzuei buruzko azaroaren 13ko 9/1990 Foru Legean ere, eta hartan baino orokorrago. Foru lege hori Nafarroak gizarte laguntza eta zerbitzuen arloan duen erabateko eskumena dela bide eman zen; bertan ezarrita dago jarduketa-arloetako bat gizarteratzea dela eta bazterturik dauden pertsonak gizarteratzeko jarduketak lehenetsiko direla.

209/1991 Foru Dekretuak gizarte zerbitzuen arloko baimen, lege-hauste eta zehapenei buruzko Foru Legea garatu zuen; bada, dekretu hark zentroak eta zerbitzuak jarduketa-arloka sailkatu eta multzokatu zituen, baina gizartean bazterturik dauden pertsonentzako lanerako zentroak sailkatu gabe utzi zituen.

Horrenbestez, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariak proposaturik, Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hemeretziko maitzaren hiruan hartutako erabakarekin bat etorriz, ondokoa

DEKRETATU DUT:

1. artikulua

Gizarte zerbitzuen arloko lege-hauste eta zehapenei buruzko azaroaren 13ko 9/1990 Foru Legea garatu duen maiatzaren 23ko 209/1991 Foru Dekretuaren eranskina aldarazi da eta gizarte zerbitzuko zentro mota berria sartu da; zentro mota berri hori Gizarteratze Arloan sailkatu da, foru dekretu honen eranskinera bildu diren ezaugarrien arabera.

2. artikulua

Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuak, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuaren bidez, beharrezkotzat jotzen dituen plazak erreserbatu eta atzematea hitzartu ahal izango du.

XEDAPEN IRAGANKORRA

XEDAPEN IRAGANKORRA

Arau hau argitaratu aurretik jardunean egon diren gizarteratzeko lan prestakuntzako zentroek sei hileko epea izango dute hartara moldatzeko eta jarduteko manuzko baimena eskatzeko.

AZKEN XEDAPENA

AZKEN XEDAPENA

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemeretziko maiatzaren hiruan.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilaria, Calixto Ayesa Dianda.

ERANSKINA

ERANSKINA

"4.5. Gizarteratzeko lan prestakuntzako zentroak

-Definizioa.

Bazterturik egonik gizarte-laneko bitartekoen bidez ezin integratu diren pertsonei laneko prestakuntza-terapiako zerbitzuak, lanean hasi aurreko prestakuntzako jarduerak eta pertsonalki eta gizarteari egokitzeko jarduerak eskaintzen eta ematen dituzten establezimenduak dira; jarraikoak dira beraien helburu nagusiak:

1. Pertsona horiek ahalik eta autonomia pertsonal eta sozial handiena edukitzea, bakoitzak bere ahalbideen arabera, eta haiei gizarteratzen laguntzea, besteak beste haien urritasun, premia eta gaitasunei egokitutako etengabeko prestakuntzaren bidez.

2. Zentroetara jotzen duten pertsonei gizarteratzeko eta laneratzeko ikasketak eta garapena eskuratzeko bideak ematea, helburu bereko beste bitarteko normalizatuei heldu ahal izateko, behar denean.

Establezimendu hauek ez dira inoiz joko ez lan zentrotzat, ez hezkuntza bereziko zentrotzat, ez laneratzeko zentro berezitzat.

Gizarteratzeko lan prestakuntzako zentroetara jotzen dutenek ez dute inolako lan harremanik izango zentrook kudeatzen dituzten erakundeekin.

-Erabiltzaileak.

Gutxienez duela bi urte Nafarroan egoiliartuta dauden pertsonak, 18 urte baino gehiago eta 65 baino gutxiago dituztenak, beharrean daudenak eta osasunean, hezkuntzan, lanean edo lan heziketan edota gizarte harremanetan arazo larriak dituztenak, eta gizarteratze-laneratzeko prozesu edo egitarauren batean sartuta daudenak.

Erabiltzaileak kasuan kasuko zentrora nola sartu bertako barne erregimeneko araudiaren bidez arautuko da.

-Emango diren zerbitzuak.

a) Lanaren bidezko terapia.

b) Personalki eta gizarteratzeko egokitzea. Horrek berekin dakar banako egitaraua prestatzea, haren jarraipena egitea eta azkenik ebaluatzea; egitarauan jarduteko eredua eta epe laburrean, ertainean eta luzean eremu pertsonalean, hezkuntzan, osasunean, gizarte arloan, lan prestakuntzan eta harremanetan lortu beharreko helburuak agertaraziko dira.

c) Lanean hasi aurreko gaikuntza, gizartean bazterturik dauden pertsonek errazago izan dezaten gizarteratu eta laneratzeko bitarteko normalizatuetan integratzea.

d) Inoiz, badago jatetxe eta garraio zerbitzuak ematea ere.

-Langileak.

a) Arduraduna; unibersitateko maila ertainekoa titulua izanen du edo hiru urteko esperientzia gizarteratze-egitarauetan.

b) Begiraleak, lanean hasi aurreko jarduerei berezko zaizkien ezagutza teknikoetan eta laneratzeari buruzko ezagutzetan espezializatuak.

Gutxieneko proportzioa ondokoa izanen da: begirale bat 10 pertsonako.

c) Zuzendaritza, gainikuspena eta jarraipena zentroa atxikita dagoen erakundeko arduradunen kargura egonen dira; erakundeak bere lanbide zerbitzuak izanen ditu, hitzartuak edo publikoak, psikologia, gizarte lanean, hezkuntzan edo gizarte moldaketan espezializatuak.

-Baldintza zehatzak.

a) Gizarteratzeko lan prestakuntzako zentroek gehienez ere 50 erabiltzaile hartuko dituzte; zentrootan tailer-areto bat egon beharko da, egin behar diren jardueretarako ongi hornitua, eta horrez gainera zentroaren berariazko zerbitzuak egiteko behar diren instalazio eta bitartekoak ere egon beharko dira.

b) Gizarteratzeko lan prestakuntzako zentroen erabiltzaileek diru kopuruak jaso ahal izango dituzte zentroak emanik, zentroan egiten duten denbora ahalik ongien aprobetxatzeko xedearekin. Kopuru hori oinarrizko errentaren osagarri izan liteke eta ez da egonen hartatik deus kendu beharrik, baldin eta guztirako zenbatekoa ez bada hileko lanbidearteko gutxieneko soldata baino handiagoa.

c) Zentroak erabiltzen dituzten pertsonek lanean hasi aurreko prestakuntzaren aprobetxamenduari buruzko ziurtagiria jaso ahal izango dute.

d) Kasuan-kasuan, zentroak erabiltzen dituzten pertsonek agintzen zaizkien jarduera edo zereginak egin beharko dituzte zentroetan, ezarritako egitarauei lotzen zaizkiela.

Barne erregimeneko araudian zehazten diren betebeharrak bete ezean zentroa utzi beharra ezar liteke; hala gertatuz gero, ondorioz erabiltzaileak ez du jasoko gehiago oinarrizko errenta ".

Iragarkiaren kodea: A9904711

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web