(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

11/2009 FORU LEGEA, urriaren 30ekoa, Nafarroako Foru Komunitatean gertaturiko uholdeen, haizete indartsuen eta beste fenomeno natural batzuen ondoriozko hondamendiek kalteturiko pertsonei laguntza eta babesa emateari buruzkoa.

BON N.º 138 - 09/11/2009



ZIOEN AZALPENA

Azken urteotan ikusi ahal izan dugu nola, sarritan, gure foru erkidegoan, eguraldi txarra dela-eta, uholdeen, haizete indartsuen eta beste fenomeno natural batzuen ondoriozko hondamendiak gertatu izan diren. Halako hondamendiek askotariko kalteak eragin izan dituzte jabetza partikular nahiz publikoetan, eta horren ondorioz, beharrezkoa izan da Administrazioak esku hartzea eta zenbait laguntza ezartzea, bat-batean sortutako egoera horien eraginak arintze aldera.

Beraz, ohikoa da administrazio publikoek, dituzten eskumenen arabera, erantzunak eta laguntzak ematea, eragindako kalteak konpontzeko, neurri batean behintzat. Kontuan hartuta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean ezarritakoa legezko erreserbari eta toki entitateei konpentsatzeko formulari buruz, egokitzat jotzen da zehaztea, foru lege baten bidez, formula homogeneo bat, zehaztuko duena nola lagundu behar zaien udalerriei kalteak eragiten dituen hondamendi bat gertatuz gero, bai salbuespen fiskalen bidez, bai horretarako eta gertatzen diren kasu guztietarako baliagarritzat jotzen diren bestelako formulen bidez.

Horrenbestez, foru lege honek denboran irauteko eta indarraldi mugagabea izateko borondatea du, baina, halaber, atzeraeraginez, kontuan hartu nahi ditu 2009ko otsailean izandako uholdeek eta ekainaren 30eko txingor ekaitzak -nagusiki Valdegako dermioetan eta Metautengo bailaran, eta Allingo eta Ameskoako eskualdeetan- kaltetutako udalerriak.

Horren ondorioz, foru lege honek zehaztu nahi du halako gertaerak izaten direnean eman beharreko laguntzen esparru orokorra, ondoren, gerta daitekeen kasu bakoitzerako xedatzen den foru aginduaren bidez garatua izan dadin, hala, laguntzak ahalik eta arinen izapidetze aldera.

1. artikulua. Xedea.

Foru lege honen xedea da laguntza- eta onura-neurriak ezartzea 2009ko otsaileko uholdeek eta ekainaren 30eko txingor ekaitzak -nagusiki Valdegako dermioetan eta Metautengo bailaran, eta Allingo eta Ameskoako eskualdeetan-, bai eta hurrengo urteetan Nafarroako Foru Komunitatean antzeko uholdeen, haizete indartsuen eta beste fenomeno natural batzuen ondoriozko hondamendiek kaltetuta izan litezkeen pertsona fisiko nahiz juridikoentzat.

2. artikulua. Laguntzen onuradunak.

Une bakoitzeko Nafarroako gobernuaren departamentu eskudunak emandako kasuan kasuko foru aginduaren bidez, kaltetutako udalerrien eta biztanleen zerrenda eginen da, bai eta horiek jaso ahalko dituzten laguntzena ere. Foru agindua egiten den lehendabiziko Gobernu Kontseiluan berretsiko da.

3. artikulua. Epeak.

Aurreko artikuluan aipatu den foru agindua emanen da hondamendia gertatu eta hilabeteko epean, eta bertan jasoko dira, halaber, foru lege honetan aurreikusitako laguntzen eta/edo kalte-ordainen eskaerak aurkezteko epeak, betekizunak eta baldintzak. Foru lege honetatik at geratuko da 2009ko otsailean izandako uholdeei eta ekainaren 30eko txingor ekaitzari -nagusiki Valdegako dermioetan eta Metautengo bailaran, eta Allingo eta Ameskoako eskualdeetan- aurre egiteko arautzen diren laguntzei, baldintzei eta betekizunei dagokien foru agindua, zeina eman beharko baita foru lege hau onetsi eta hilabeteko epean.

4. artikulua. Laguntzen izaera.

Hondamendiak kaltetutako higiezinen titularrak, bigarren artikuluan aipatu udalerritakoak izanez gero, salbuetsirik egonen dira hondamendia gertatu den urteko lurraldearen gaineko kontribuziotik. Salbuespen gisa, kontuan hartuko dira 2009ko otsaileko uholdeen ondorioz eta ekainaren 30eko txingor ekaitzaren ondorioz -ekaitz horren eragin nagusia Valdegako dermioetan eta Metautengo bailaran izan zen, bai eta Allingo eta Ameskoako eskualdeetan ere- kalteak jasan zituzten udalerriak.

Subjektu pasiboek pagatutako zenbatekoak itzultzea eskatzen ahalko dute, baldin eta aurreko idatz-zatiko salbuespenerako eskubidea badute eta hondamendia gertatutako ekitaldiko ordainagiriren bat ordainduta badute.

5. artikulua. Beste laguntza osagarri batzuk.

Hondamendien ondorioz kaltetutako jarduerak, halaber, jarduera ekonomikoen gaineko zerga ordaintzetik salbuetsiko dira eta, era berean, eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga ordaintzetik salbuetsi ahalko dira, bigarren artikuluan aipatu foru aginduan ezarritako baldintzen arabera; baldintza horietan sartu ahalko da kaltetutakoa birjartzea edo berreraikitzea.

6. artikulua. Udalen konpentsazioa.

Foru lege honetan xedatutakoa aplikatzearen ondorioz udaletan gertatzen den dirusarreren murriztea konpentsatzen ahalko da azaroaren 9ko 325/1998 eta uztailaren 15eko 220/2003 foru dekretuetan araututako prozedurei jarraikiz, eta Nafarroako aurrekontu orokorretan horretarako dagoen kontusailaren kargura ordainduko da.

7. artikulua. Ekipamendu eta azpiegitura publikoetan eginiko kalteen konpentsazioa.

Ekipamendu eta azpiegitura publikoetan kalteak izanez gero, kaltetutako toki entitateek lehentasuna izanen dute dagozkien laguntzak jasotzerakoan, kaltetutako elementuak berreraiki edo konpontzeko, lehen zituzten ezaugarrien arabera, eta beharrezkoak diren hobekuntzak egiteko arrazoi berak direla-eta berriz kaltetuak ez izateko. Lehentasun hori departamentu eskudunak emandako foru agindu bidez ezarriko da.

8. artikulua. Aurrekontubeharrizanak.

Ekitaldi honetako aurrekontu-beharrizanak estaltzeko, bai eta hurrengo ekitaldietarako, beharrezkoa balitz, Nafarroako Gobernuak behar diren kreditu bereziak eta/edo osagarriak izapidetuko ditu, foru legeetan ezarritakoari jarraikiz.

9. artikulua. Kreditu eragiketak.

Hondamendi egoerek eragindako kalteak direla-eta azpiegiturak eta ekipamenduak konpondu edo berriro jartzeko obren finantzaziorako kreditu eragiketetarako, foru lege honek ukitutakoek ez dute beharko Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 130. artikuluan aipatzen den baimena.

10. artikulua. Presako egoera oso larriak.

Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 73.1.c) artikuluan agindutako ondorioetarako, presako egoera oso larritzat hartuko da eta aldez aurretiko publizitaterik gabeko prozedura negoziatua erabiltzen ahalko da, kaltetutako toki entitateen eta ureztatzaileen erkidegoen azpiegitura eta ekipamenduak konpondu edo berriro jartzeko obren, horniduren eta laguntzen kontratazioa egiteko.

Lehenengo xedapen gehigarria . Laguntzen izaera osagarria eta subsidiarioa.

Foru lege honetan ezarritako laguntzak ondokoen osagarriak eta subsidiarioak izanen dira beti, eta hurrenkera honetan: sinatutako aseguru polizen konpentsazioak, bai eta Estatuan edo Europar Batasunean halako egoeretarako izan daitezkeen laguntzak ere.

Horretarako, foru lege hau garatuko duten foru aginduak kontuan hartuko dute osagarritasun eta subsidiariotasun hori, eta, horrenbestez, onuradunek, pertsona fisikoak nahiz juridikoak izan, polizen titularrak diren aseguru-etxeetan izapidetu beharko dituzte konpentsazioak, eta, modurik badago, kasuan kasuko laguntzak eskatu ahalko dituzte Estatuko edo Europar Batasuneko administrazioetan.

Edonola ere, laguntzak emateko formulak ezarri ahalko dira, betiere aurrerakin izaera izanen dutenak, beste administrazio publiko batzuetan eginiko eskariak ebatzi bitartean.

Bigarren xedapen gehigarria . Nafarroako Gobernuari baimena ematea.

Nafarroako Gobernuari baimena ematen zaio foru lege hau garatu eta betearazteko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Azken xedapena. Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2009ko urriaren 30ean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

Iragarkiaren kodea: F0925565

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web