(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

63/2009 FORU DEKRETUA, ABUZTUAREN 10EKOA, NAFARROAKO IMMIGRAZIO KONTSEILUA SORTZEN DUENA.

BON N.º 106 - 28/08/2009



  I. KAPITULUA. IZAERA ETA EGINKIZUNAK


  II. KAPITULUA. NAFARROAKO IMMIGRAZIO KONTSEILUAREN OSAERA


  III. KAPITULUA. NAFARROAKO IMMIGRAZIO KONTSEILUAREN ANTOLAMENDUA ETA FUNTZIONAMENDUA


Atariko

Abenduaren 18ko 91/2006 Foru Dekretuaren bidez, Immigraziorako Bulegoa sortu zen, Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuari atxikia, immigrazioaren inguruko gaiak modu integratuan jorratzeko baliabidea izateko asmoz. Hauek dira bulegoaren helburuak: etorkinak gizarte-babeserako eta herritarren bizikidetzarako sistema normalizatuak baliatzeko bidea errazteko politika publikoak sustatu eta koordinatzea, etokinekin lan egiten duten entitateei eta profesionalei laguntzea eta etorkinei banakako laguntza integrala ematea, haiei laguntzeko dauden gainerako baliabideekin koordinaturik, horrela giza-talde horren beharrei erantzuteko, hobeki integra daitezen gizartean, lanean, arlo juridikoan, hezkuntzan, osasun sisteman, kulturan, lurraldeko bizikidetzan eta herritarrek parte hartzeko esparruetan.

Bestaldetik, 91/2006 Foru Dekretuak Immigraziorako Departamentuarteko Batzordea sortu zuen, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentuek garaturiko politika publiko, plan eta programen artean behar den koordinazioa bultzatzeko. Batzorde horren barruan, Immigraziorako Bulegoak eskaturik, erabaki zen komeni zela immigrazio arloan partaidetza eta kontsulta organo bat osatzea, non Nafarroako Foru Komunitateko gizarte eragileek, elkarteek, unibertsitateek eta bestelako gizarte entitate edo sektoreek parte hartzen ahalko baitzuten.

Kontuan hartuz immigraziorako politikek herritar, instituzio eta gizarte erakunde guztiak ukitzen dituztela, immigrazioa orotariko eta zeharkako modu batean aztertu behar da, ikuspegi partzial batek arriskuan jar bailezake gizartearen kohesioa. Ikuspegi guztiak beharrezkoak dira immigraziorako politika eragingarria izan dadin eta etorkinen eta gizarte hartzailea osatzen duten pertsonen interesei erantzun diezaien.

Horregatik denagatik komeni da Nafarroako Immigrazio Kontseilua sortu eta abian jartzea. Partaidetza eta kontsulta organo bat izanen da, Nafarroako Foru Komunitatearen egituran sartua, erakundeen eta gizarte erakundeen ordezkaritza garrantzitsu bat izanen du eta etorkinek, beren elkarteen bidez, eragin handia izanen dute bertan.

Horiek horrela, Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eledunak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2009ko abuztuaren 10eko bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

I. KAPITULUA. IZAERA ETA EGINKIZUNAK

1. artikulua . Xedea.

Foru agindu honen xedea Nafarroako Immigrazio Kontseilua sortu eta arautzea da.

2. artikulua . Izaera eta atxikipena.

1. Nafarroako Immigrazio Kontseilua sortu da, Nafarroako Foru Komunitatean immigrazio arloan partaidetza eta aholkularitza organoa izan dadin.

2. Nafarroako Immigrazio Kontseilua Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuari datxekio.

3. artikulua . Eginkizunak.

Nafarroako Immigrazio Kontseiluak eginkizun hauek ditu:

a) Immigrazioari buruzko proiektu eta aurreproiektu arau-emaileei buruz aginduzko txosten ez-lotzaileak ematea, haien onespena Nafarroako Gobernuari edo haren kontseilariei dagokienean.

b) Nafarroan immigrazioa bete-betean ukitzen duten orotariko planen berri izatea eta haien aplikazioaren eta haien burutze mailaren jarraipena egitea.

c) Migrazioei buruz neurriak, ekitaldiak, azterlanak edo ikerketak sustatzea, etorkin guztien eta gizarte hartzailearen prestakuntza eta orientazioa bultzatzen dutenak.

d) Etorkinen bizi kalitatea eta haien gizarteratzea hobetzeko, Immigraziorako Bulegoari proposamenak, gomendioak eta iradokizunak aurkeztea.

e) Legeriak edo Nafarroako Gobernuak arlo horretan esleitzen dizkion bestelako eginkizunak.

II. KAPITULUA. NAFARROAKO IMMIGRAZIO KONTSEILUAREN OSAERA

4. artikulua . Osaera.

1. Nafarroako Immigrazio Kontseiluko kideak:

a) Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eleduna, kontseiluko lehendakari lanetan arituko dena.

b) Immigraziorako Bulegoko koordinatzailea, lehendakariorde lanetan arituko dena.

c) Gehienez ere 22 kide.

2. Nafarroako Immigrazio Kontseiluko kideak:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko hezkuntza, gizarte zerbitzu, lan, osasun, barne eta ekonomia esparruen ordezkari bana, arlo horietan eskumena duten departamentuek proposaturik.

b) Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzaren ordezkari bat, haren titularrak proposaturik.

c) Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren ordezkari bat, federazio horrek proposaturik.

d) Nafarroako unibertsitateen ordezkari bana, horiek proposaturik.

e) Iruñeko Abokatuen Elkartearen ordezkari bat, horrek proposaturik.

f) Nafarroako Foru Komunitatean ordezkaritza handiena duten sindikatuen bi ordezkari, gehienez, Askatasun Sindikalari buruzko abuztuaren 2ko 11/1985 Lege Organikoan xedaturikoarekin bat, sindikatu horiek proposaturik.

g) Nafarroan ordezkaritza handiena duten enpresaburu erakundeen ordezkari bat, Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onesten duen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintza Errege Dekretuaren 6. xedapen gehigarriaren bigarren lerroaldearekin bat, enpresaburu erakunde horiek proposaturik.

h) Nafarroako Foru Komunitateko nekazaritza sektorean afilatu gehien dituen langile batasunaren ordezkari bat, horrek proposaturik.

i) Immigrazioaren esparruan diharduten eta legez osaturik eta erregistraturik dauden gizarte ekimeneko entitateen hiru ordezkari, hurrengo artikuluan xedaturikoarekin bat dagokionak proposaturik.

j) Legez osaturik eta kasuan kasuko erregistroan eta Nafarroako Etorkinen Elkarteen Erroldan inskribaturik dauden Nafarroako etorkinen elkarteen lau ordezkari, gehienez, elkarte horiek proposaturik, hurrengo artikuluan ezarririko prozedurari jarraituz.

3. Kideak izendatzeko proposamenak ordezkoena eduki beharko dute. Horiek titularrak ordezkatuko dituzte kanpoan edo gaixo daudenean edo justifikaturiko ezinbesteko kasuetan.

5. artikulua . Gizarte ekimeneko entitateen eta Nafarroako etorkin elkarteen ordezkariak izendatzeko proposamena.

1. Gizarte ekimeneko entitateen ordezkarien izendapen proposamenerako, Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuak hiru entitate izendatuko ditu, nagusiki etorkinen harreran edo gizarteratzean dihardutenak edo arlo horretako lanean Nafarroako Foru Komunitatean modu nabarmenean ari direnak. Entitateek ordezkari bana proposatuko dute.

2. Etorkin elkarteen ordezkarien izendapen proposamenerako, eremu hauek hartuko dira kontuan:

a) Ekialdeko Europako herrialdeetako elkarteak: ordezkari bat.

b) Latinoamerikako herrialdeetako elkarteak: ordezkari bat.

c) Afrikako herrialdeetako elkarteak: ordezkari bat.

d) Eremu batekoak ez diren elkarteak edo aurrekoak ez beste eremuetakoak: ordezkari bat.

Izendapen proposamena prozedura honi jarraituz burutuko da: Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuak elkarteetara joko du, eremuka hautagai zerrendak aurkezteko epe bat ezarriz. Epe hori bukaturik, eremuren batean edo guztietan hautagai zerrenda bakarra bada, horiexek izendatuko dira zuzenean. Hautagai zerrenda bat baino gehiago badaude, departamentuak eremu bakoitzeko elkarteen artetik hautatzeko eguna eta ordua adieraziko ditu. Aukera hori agorturik edo epe barruan eremuren batean edo guztietan hautagai zerrendarik aurkezten ez bada, Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuak askatasunez izendatuko ditu ordezkariak, hauek onartu eta gero.

6. artikulua . Izendapena.

Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuko kontseilariak izendatuko ditu kontseiluko kideak eta ordezkoak.

7. artikulua . Kide izateari uztea.

1. Honako kasuotan utzi beharko dute kargua Nafarroako Immigrazio Kontseiluko kideek:

a) Heriotza.

b) Epai irmoaren bidezko kondena, desgaitze absolutua, enplegu edo kargu publikorako, lanbide edo ogibiderako desgaitze berezia ezarri edo enplegu edo kargu publikoan gabetzen duena.

c) Karguari berariaz uko egitea.

d) Kontseiluko kide izatea dakarren kargua uztea.

e) Izendapena proposatu zuenak eskaturik.

f) Gizarte ekimeneko entitateen eta etorkin elkarteen ordezkarien kasuan, izendatu zirenez geroztik hiru urte pasatzeagatik.

2. Betiere, Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eledunak gauzatu beharko du kontseiluko kide izatetik gelditzea.

3. Postu hutsak betetzeko, foru dekretu honetan izendapenak egiteko adierazitako prozedura berbera erabiliko da.

4. Artikulu honen 1. ataleko a), b), d) eta f) ataletan aipatzen diren kasuetan izan ezik, kontseiluko kidea izatetik gelditzeak berarekin ekarriko du karguan segitzean, ordezkoa izendatu arte.

5. Kargualdia bukatzeagatik ez beste edozein arrazoirengatik uzten bada kargua, sartzen den kide berria ordezten duen kidearen kargualdia bukatu arte arituko da.

III. KAPITULUA. NAFARROAKO IMMIGRAZIO KONTSEILUAREN ANTOLAMENDUA ETA FUNTZIONAMENDUA

8. artikulua . Lehendakaria.

1. Batzordeko lehendakariaren eginkizunak hauek dira:

a) Nafarroako Immigrazio Kontseiluaren ordezkari izatea.

b) Bilera arrunt eta berezietarako deialdiak onestea eta gai zerrendak ezartzea, kideen proposamenak kontuan hartuz.

c) Bilkuretan buru izatea, eztabaidak moderatzea eta, aski justifikatuta dagoenean, haiek bertan behera uztea.

d) Bere botoarekin berdinketak desegitea, erabakiak hartu ahal izateko.

e) Nafarroako Immigrazio Kontseiluaren erabakien aktak eta ziurtagiriak ikus-onestea.

f) Nafarroako Immigrazio Kontseiluak bere dituen gaiak bideratzeko behar diren barne araubideko jarraibideak ezartzea.

g) Nafarroako Immigrazio Kontseiluak ezagutu behar dituen prozedurak hobeki instruitzeko behar diren txostenak eta agiriak biltzea.

h) Karguari berez dagozkion eginkizun guztiak burutzea edo, berez Nafarroako Immigrazio Kontseiluari badagozkio ere, beste organo baten esku ez daudenak.

2. Kargua hutsik dagoenean, edo lehendakaria kanpoan edo eri dagoenean, lehendakaria ordeztuko du haren eginkizunetan.

9. artikulua . Idazkaria.

1. Lehendakariak Immigraziorako Bulegoko bulegoen artetik hautatzen duena arituko da Nafarroako Immigrazio Kontseiluko idazkari lanetan eta ordezko lanetan. Hizpidea izanen du, baina botorik ez.

2. Nafarroako Immigrazio Kontseiluko idazkariak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Kide anitzetako organoaren bileretan parte hartzea, hizpidearekin eta botorik gabe.

b) Nafarroako Immigrazio Kontseiluaren bilkuretarako deia egitea, lehendakaritzak hala aginduta, eta kideentzako deialdiak egitea.

c) Nafarroako Immigrazio Kontseiluko kideen komunikazio egintzak jasotzea, hau da, jakinarazpenak, datu eskaerak, zuzenketak edo hark ezagutu behar dituen bestelako idazki guztiak.

d) Gaiak ebazteko bidea prestatzea, bilkuretako aktak idatzi eta baimentzea.

e) Onetsi diren aholkularitza, irizpen eta erabakien ziurtagiriak ematea.

f) Idazkari karguari dagozkion gainerako eginkizunak.

10. artikulua . Osoko Bilkura.

1. Haren osaerak balio izan dezan, bilkurak eta eztabaidak izateko eta erabakiak hartzeko, beharrezkoa izanen da lehendakaria eta idazkaria edo haien ordezkoak eta kideen erdiak bederen bertan izan daitezela.

2. Osoko bilkurak kontseiluaren barne funtzionamendurako behar diren arauak onetsi beharko ditu.

11. artikulua . Bilkuren araubidea.

1. Nafarroako Immigrazio Kontseiluak bi osoko bilkura arrunt eginen ditu urtean eta lehendakaritzak deiturik, bilera bereziak, lehendakariak berak edo kideen gehiengo osoak eskaturik, lehendakariari igorriko zaion izkribu baten bidez, non espresuki aztertu beharreko gaien zerrenda adieraziko baita. Azken kasu horretan, lehendakariak gehienez ere hamar eguneko epean egin beharko du deialdia.

2. Hala ere, ulertuko da Nafarroako Immigrazioa Kontseiluaren osoko bilkurak balio duela, bilera berezian, deialdirik gabe, idazkaria eta kide guztiak bertan badaude eta azken hauek aho batez eztabaidatu eta erabakiak hartzen badituzte.

3. Osoko bilkurak batzordeak edo lan taldeak osatzen ahalko ditu osoko bilkuraren mende utzi behar diren gaiak prestatzeko, haien nahasmen, zailtasun tekniko edo berariazko inguruabarrengatik, zehatz-mehatz miatu behar direnean. Osoko bilkurak zehaztuko du batzordeen edo lan taldeen funtzionamendua eta osaera.

4. Bilkuretarako deia gutxienez ere hamar egun lehenago eginen da eta gai zerrenda eta bidezko agiriak Kontseiluko kide guztiei igorriko zaizkie.

5. Gai zerrendagatik komeni denean, lehendakariak aztertu beharreko gaiei buruz aholkularitza hoberako egoki deritzen entitate, aditu edo teknikariak gonbidatzen ahalko ditu Nafarroako Immigrazio Kontseiluaren bileretara. Hizpidea izanen dute, baina botorik ez.

12. artikulua . Osoko bilkuraren erabakiak.

1. Erabakiak bertan dauden kide guztien gehiengo osoaz hartuko dira. Lehendakaritzak deseginen ditu berdinketak, bere kalitatezko botoarekin.

2. Kontseiluaren osoko bilkuraren saio bakoitzean, idazkariak akta eginen du, non nahitaez zehaztuko baitira agertu direnen izenak, bilerako gai zerrenda, tokia eta egun-orduak, eztabaidaturiko gai nagusiak eta harturiko erabakien edukia.

3. Aktak bilkura berean edo hurrengo bilkuran onetsiko dira, baina zilegi izanen da idazkariak ziurtagiria ematea hartutako erabakien gainean, akta ondoren onestea ezertan galarazi gabe. Horrelako ziurtagirietan egoera horren berri jaso beharko da.

Azken Xedapenetan Lehena. Arauak emateko gaitasuna.

Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren kontseilariari esku ematen zaio foru dekretu hau garatzeko behar diren arau guztiak emateko.

Azken Xedapenetan Bigarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web