(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

54/2009 FORU DEKRETUA, EKAINAREN 8KOA; HONEN BIDEZ GARATZEN DA MAIATZAREN 30EKO 8/2008 FORU LEGEA, OSASUNBIDEA-NAFARROAKO OSASUN ZERBITZUKO OSASUN ARLOKO LANGILE DIPLOMADUNEN LANBIDE KARRERAREN SISTEMA EZARRI ETA FINANTZABIDERAKO KREDITU GEHIKUNTZA ONESTEN DUENA.

BON N.º 81 - 03/07/2009



  I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK


  II. KAPITULUA. MAILAZ IGOTZEKO BETEKIZUNAK.


  III. KAPITULUA. EBALUATZEKO SISTEMA


  IV. KAPITULUA. EBALUAZIO BATZORDEAK.


  V. KAPITULUA. EGOERA BEREZIAK


  ERANSKINA. HOBEKUNTZA ETA GAURKOTZE PROFESIONALAREN ATALA BALORATZEKO BAREMOA


Atariko

Urriaren 20ko 11/1992 Foru Legeak, zeinak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko araubidea arautzen baitu, 34. artikuluan ezartzen du zein diren Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak erabiliko dituen formulak bere langileen barne-igoerarako, eta d) letran honela dio: "d) Lanbide-karreran edo bestelako elementuetan oinarrituriko lansari izaerako eragingarriak ezartzeko, Nafarroako Gobernuak, halakorik bada, Foru Lege proiektu bat igorriko dio Parlamentuari."

Maiatzaren 30eko 8/2008 Foru Legearen bidez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun arloko langile diplomadunen lanbide karreraren sistema ezarri, eta hori finantzatzeko kreditu gehikuntza onetsi zen. Foru lege horretan erregelamenduzko garapenaren aipamen batzuk egiten dira, hura erabat aplikatu ahal izateko. Azken xedapenetako bigarrenean, bestalde, Nafarroako Gobernuari ahalmena ematen zaio foru legea garatu eta betearazteko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Horrenbestez, Osasuneko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluarekin ados, eta Nafarroako Gobernuak 2009ko ekainaren 8an hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua . Foru dekretuaren helburua eta aplikazio eremua.

1. Foru dekretu honen xedea maiatzaren 30eko 8/2008 Foru Legea garatzeko arauak ematea da; foru lege horren bidez Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun arloko langile diplomadunen lanbide karreraren sistema ezarri da eta finantzabiderako kreditu gehikuntza onetsi zen.

2. Maiatzaren 30eko 8/2008 Foru Legearen seigarren xedapen gehigarriaren arabera, foru lege horretan Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun arloko langile diplomadunentzat ezarritako lanbide karreraren sistema aplikatzekoa izanen zaie, halaber, Osasun Departamentuko eta hari atxikitako erakunde autonomoetako osasun arloko langile diplomadunei. Beraz, foru dekretu honetako arauak ere aplikatzekoak zaizkie. Hori dela eta, kontuan hartuko dira berezitasun hauek:

a) Lanpostu baten jabe izanik atxikia egotearen betekizuna Osasun Zuzendaritza Nagusia eta Nafarroako Lan Osasunaren Institutua osatzen dituzten zerbitzuei dagokie.

b) Ebaluazio Batzordearen proposamena, halakorik bada, Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko kontseilariari igorriko zaio.

2. artikulua . Definizioak.

1. Helburuak noraino bete diren baloratzeari begira ondokoak hartuko dira lantaldetzat:

a) Arau orokor gisa, oinarrizko osasun laguntzako taldeak, adimen osasuneko taldeak eta administrazioko eta osasun laguntzako unitateak, zerbitzu maila dutenak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren esparruan eta zerbitzuko zuzendaritza maila dutenak Osasun Departamentuko Zuzendaritza Nagusiaren eta Nafarroako Lan Osasunaren Institutuaren esparruan.

b) Zerbitzu azpiko maila duten administrazioko eta osasun laguntzako unitateak, zerbitzu bati atxikita ez badaude. Alabaina, aipatutako unitateetako bik edo gehiagok egiten dituzten jarduerak elkarren mendekoak edo osagarriak izan eta baterako helburuak ezartzen ahal direnean, zentroko zuzendaritzak unitate horiek lantalde bakarrean sartu ahalko ditu, kasu bakoitzean zehaztu beharreko arduradunaren zuzendaritzapean.

c) Zerbitzu bati atxikitako administrazioko eta osasun laguntzako unitateak, bereizten baldin badira bolumen edo espezializazio arrazoiengatik lantalde autonomo bat osatzeko, zerbitzuko buruak edo zuzendariak proposaturik eta zentroko zuzendaritzak onarturik.

2. Foru dekretu honen aplikaziorako, aurreko idatz-zatian aipatutako administrazioko eta osasun laguntzako unitateetako burua izanen da lantaldearen arduraduna. Berariaz zehazten den arduraduna ere halakotzat hartuko da, 1. idatz-zatiko b) letran aurreikusitakoarekin bat.

3. Foru dekretu hau aplikatzeko, zentroko zuzendaritzatzat hartuko da:

a) Oinarrizko Osasun Laguntzako kasuan kasuko zuzendariordetza, lehen laguntzako taldeei eta ospitalez kanpoko larrialdi zerbitzuei dagokienez.

b) Adimen Osasuneko Zuzendariordetza, horren mendeko zentro, zerbitzu eta unitateei dagokienez.

c) Anbulatorioak Koordinatzeko Zuzendariordetza, laguntza espezializatuko anbulatorioei atxikitako zerbitzu eta unitateei dagokienez.

d) Uztailaren 3ko 45/2006 Foru Dekretuaren 33. artikuluaren arabera Laguntza Espezializatuko Zuzendaritzari atxikita dauden zentroen zuzendaritza. Nafarroako Odol Transfusiorako Zentroa eta Ikerketa Biomedikoaren Zentroa alde batera uzten dira, horiei dagokienez Laguntza Espezializatuko Zuzendaritza hartuko baita zentroko zuzendaritzatzat.

e) Kasuan kasuko zuzendariordetza edo, horrelakorik ezean, zuzendaritza, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren mendekoak izan baina a), b), c) eta d) letretan azaldutako zentro, zerbitzu eta unitateei atxikita ez dauden profesionalei dagokienez.

f) Osasun Zuzendaritza Nagusia, berari atxikitako profesionalak biltzen dituzten zerbitzuei dagokienez.

g) Kudeaketako Zuzendaritza, Nafarroako Lan Osasunaren Institutuari atxikitako profesionalak biltzen dituzten zerbitzuei dagokienez.

II. KAPITULUA. MAILAZ IGOTZEKO BETEKIZUNAK.

3. artikulua . Mailaz igotzea.

1. Lanbide karrerako mailetan gora egiteko, profesionalak frogatu beharko ditu lanbide jardueran iraun duen urteei, laguntza arloko jarduerei eta hobekuntza eta gaurkotze profesionalekoei dagozkien merezimenduak, maiatzaren 30eko 8/2008 Foru Legearen 4.2 artikuluan ezarritako moduan.

2. Nolanahi ere, behar adinako iraunaldia osatu eta foru dekretu honetan laguntza arloko jarduerei eta hobekuntza eta gaurkotze profesionalekoei buruz eskatzen diren puntuazio-baldintzak bete, eta hurrengo urteko urtarrilaren 1etik aurrera sortuko ditu ondorioak maila-igoerak.

3. Abenduaren 18ko 376/2000 Foru Dekretuan ezarritako irizpideak aplikatuko dira merezimenduak baloratzeko. Foru dekretu horren bidez arauak eman ziren Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko fakultatiboentzako lanbide karrerako sistema arautu zuen apirilaren 6ko 11/1999 Foru Legea garatzeko.

4. artikulua . Puntuazioa iraunaldiko urteengatik.

1. Lanbide karrerako maila bakoitzera igotzeko, frogatu behar da maiatzaren 30eko 8/2008 Foru Legearen aplikazio esparruko lanetan urte kopuru jakin bat iraun izana, horretarako izendaturik:

I. mailarako: 5 urte.

II. mailarako: 7 urte.

III. mailarako: 8 urte.

IV. mailarako: 5 urte.

2. Iraunaldiarengatiko puntuazioa zehaztean puntu bat emanen da zerbitzu urte bakoitzeko, edo zati proportzionala, zerbitzu aldia urtebetetik beherakoa denean. Gehieneko puntu kopurua apirilaren 6ko 11/1999 Foru Legean maila bakoitzerako ezarritakoa izanen da.

3. Honako baldintza hauek betetzen dituzten zerbitzu aldiak bakarrik baloratuko dira:

a) Aldi horietan profesionalak zerbitzu aktiboan edo zerbitzu berezietan jardun izana izendapen libreko lanpostuetan, edozein administrazio publikotan, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginak, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsiak, aurreikusten duenarekin bat.

b) Izendapenez lanpostuaren jabe izanik Europar Batasuneko estatu kideetako osasun sistema publikoetan egindako zerbitzuak izatea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko araubidea arautzen duen urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen eranskineko osasun arloko diplomadunen estamentuan ageri diren espezialitateetakoak.

4. Ez dira kontuan hartuko maiatzaren 30eko 8/2008 Foru Legearen aplikazio esparrutik kanpoko izendapenen ondorioz emandako zerbitzuak, lege horren 2.2 artikuluan xedatutakoarekin bat.

5. artikulua . Baremoagatiko puntuazioa.

1. Baremoagatiko puntuazioak honako atalak ditu:

a) Osasun laguntzako jarduera.

Atal honetan baloratuko dira bai lantaldearen helburuak edo kudeaketa-itunak zenbateraino bete diren, bai profesionalak helburu horiek betetzeko bere gain hartutako ardura eta parte-hartzearen maila ere.

b) Hobekuntza eta gaurkotze profesionalak.

Atal honetan hauek baloratuko dira:

1) Prestakuntza jarduerak, irakasle nahiz ikasle moduan.

2) Ikerketa jarduerak.

3) Garapen teknikoko jarduerak; horien artean, zentro edo zerbitzuen antolaketan eta lan sistemetan zuzenean eragiten duten hobekuntza proiektuak prestatu eta burutzea.

4) Zuzendu eta kudeatzeko jarduerak. Zuzendaritza eta kudeaketaren arduradun gisa egindako jarduerak baloratuko dira atal honetan.

2. Foru dekretu honetan araututako baremoaren bitartez hona hemen zenbateko puntuazioa lortu beharko den maila bakoitzera igotzeko:

I. mailarako: 750 unitate.

II. mailarako: 1.050 unitate.

III. mailarako: 1.200 unitate.

IV. mailarako: 750 unitate.

3. Baremoaren bitartez maila bakoitzetik hurrengora igotzeko eskatzen den puntuazio osoa honela lortu beharko da:

a) Puntu guztietatik bi heren, gutxienez, osasun laguntzako jardueraren atalean lortu behar dira.

b) Puntu guztietatik %20, gutxienez, hobekuntza eta gaurkotze profesionalaren atalean lortu behar dira.

c) Gainerako puntuak, mailaz igotzeko eskatzen den puntuazio osoraino, berdin izan daitezke osasun laguntzako jardueraren atalekoak nahiz hobekuntza eta gaurkotze profesionalaren atalekoak.

III. KAPITULUA. EBALUATZEKO SISTEMA

6. artikulua . Ebaluazioaren prozedura.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko araubidea arautzen duen apirilaren 6ko 11/1999 Foru Legean eta hori garatzeko arauak ematen dituen abenduaren 18ko 376/2000 Foru Dekretuaren 5. artikulutik 12.era bitartekoetan ezarritako ebaluazio-prozedura erabiliko da. Halaber aplikatzekoa izanen da maiatzaren 30eko 8/2008 Foru Legean eta honako xedapen honetan ezarritakoa.

IV. KAPITULUA. EBALUAZIO BATZORDEAK.

7. artikulua . Ebaluazio batzordeak.

Ebaluazio batzorde hauek sortuko dira:

a) Oinarrizko Osasun Laguntzako Ebaluazio Batzordea.

b) Iruñeko Ospitaleetako Ebaluazio Batzordea.

c) Laguntza Espezializatuko Ebaluazio Batzordea.

d) Ospitalez Kanpoko Laguntzako eta Osasun Administrazioko Ebaluazio Batzordea.

8. artikulua . Ebaluazio batzordeen esparruak.

1. Ebaluazio batzordeek jarduketa esparru hauek izanen dituzte:

a) Oinarrizko Osasun Laguntzako Ebaluazio Batzordeak eskumena izanen du Oinarrizko Osasun Laguntzako Zuzendaritzaren eta Lizarrako eta Tuterako osasun barrutien mendeko oinarrizko osasun laguntzako taldeetan eta ospitalez kanpoko larrialdi zerbitzuetan ari diren profesionalentzat.

b) Iruñeko Ospitaleetako Ebaluazio Batzordeak eskumena izanen du Nafarroako Ospitaleari eta Bideko Ama Birjina Ospitaleari atxikitako profesionalentzat.

c) Laguntza Espezializatuko Ebaluazio Batzordeak eskumena izanen du Lizarrako García Orcoyen Ospitaleari, Tuterako Reina Sofía Ospitaleari eta Ubarmin Klinikari atxikitako profesionalentzat.

d) Ospitalez Kanpoko Laguntzako eta Osasun Administrazioko Ebaluazio Batzordeak eskumena izanen du ondokoei atxikitako profesionalentzat:

1) Laguntza Espezializatuko Zuzendaritzako Adimen Osasuneko Zuzendariordetzaren eta Lizarrako eta Tuterako osasun barrutien mendeko zentro eta zerbitzuak, ospitaleetako ospitaleratze-unitate psikiatrikoak salbu.

2) Laguntza espezializatuko anbulatorioak.

3) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren estatutuak onesten dituen uztailaren 3ko 45/2006 Foru Dekretuaren 33. artikuluaren arabera Laguntza Espezializatuko Zuzendaritzari atxikita dauden zentroak, beste ebaluazio batzorderen baten esparruan ez badaude.

4) Osasun Zuzendaritza Nagusia eta Nafarroako Lan Osasunaren Institutua.

9. artikulua . Batzordeetako kideak.

1. Ebaluazio batzordeak paritarioak izanen dira; bakoitzean zortzi kide izanen dira, horietako lau Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak izendatuak eta beste laurak esparru bakoitzeko osasun arloko langile diplomadunen artean izendatuak.

2. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak izendatutako lau kideetako bi batzordeburu eta idazkari arituko dira ebaluazio batzordeetan.

3. Osasun arloko langile diplomadunen artetik izendatu beharreko lau batzordekideak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak izendatuko ditu, ondoko arauei jarraituz eginen diren proposamenak kontuan hartuz:

a) Ebaluazio batzorde bakoitzeko lau kideetako bat Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Langileen Batzordeak proposatuko du.

b) Oinarrizko Osasun Laguntzako Ebaluazio Batzordeko beste hiru kideak Oinarrizko Osasun Laguntzaren Batzorde Tekniko-asistentzialak proposatuko ditu.

c) Iruñeko Ospitaleetako Ebaluazio Batzordeko beste hiru kideak honela proposatuko dira: bat Bideko Ama Birjina Ospitaleko Batzorde Tekniko-asistentzialak proposatuko du, beste bat Nafarroako Ospitaleko Batzorde Tekniko-asistentzialak, eta hirugarrena txandaka proposatuko dute bi batzorde tekniko-asistentzial horiek.

d) Laguntza Espezializatuko Ebaluazio Batzordeko beste hiru kideak honela proposatuko dira: bat Lizarrako García Orcoyen Ospitaleko Batzorde Tekniko-asistentzialak proposatuko du, beste bat Tuterako Reina Sofía Ospitaleko Batzorde Tekniko-asistentzialak, eta hirugarrena Ubarmin Klinikako Batzorde Tekniko-asistentzialak.

e) Ospitalez Kanpoko Laguntzako eta Osasun Administrazioko Ebaluazio Batzordeko beste hiru kideak honela proposatuko dira: bat Osasuneko zuzendari nagusiak proposatuko du, eta beste biak Langileen Batzordeak, Osasun Publikoaren Institutuko eta Nafarroako Lan Osasunaren Institutuko adimen osasunaren arloko langileen artetik.

4. Aurreko idatz-zatian aipatutako izendapenetan, betiere, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren plantillako lanpostu baten jabe diren funtzionario, estatutupeko edo lan-kontratudun finkoak izendatu behar dira, kasuan kasuko ebaluazio batzordearen esparrukoak.

5. Batzorde tekniko-asistentziala eratu gabe badago edo berak ez baditu dagozkion kideak izendatzen bigarren xedapen gehigarrian ezarritako epean, Langileen Batzordeak eginen ditu izendapenak.

6. Batzordekideek lau urteko agintaldia izanen dute. Beste inor izendatu ezean, agintaldi hori isilbidez luzatu dela ulertuko da.

7. Ebaluazio batzordeetako kideek arrazoi hauengatik utziko dute kargua:

a) Kide berrien izendapena.

b) Interesdunak uko egitea.

c) Osasun arloko langile diplomadunen artetik izendatutako kideek kargua utziko dute artikulu honetako 4. idatz-zatian eskatzen den baldintza betetzeari uzten badiote.

10. artikulua . Funtzionamendua.

1. Ebaluazio batzordeak modu baliozkoan eratuko dira batzordeburua eta idazkaria, edo horien ordezkoak, eta hiru batzordekide gehiago bilduz gero, eta botoen gehiengo soilaz hartuko dituzte erabakiak; berdinketarik gertatzen bada, batzordeburuaren botoak ebatziko du.

2. Ebaluazio batzordeen eztabaidak sekretuak izanen dira eta batzordeetako kideek isilpean gorde beharko dituzte beren eginkizunetan ari direla eskuratzen dituzten informazioak.

3. Ebaluazio batzordeek beren barne funtzionamendurako arauak ezarri ahal izanen dituzte.

V. KAPITULUA. EGOERA BEREZIAK

11. artikulua . Izendapen libreko lanpostuak.

1. Maiatzaren 30eko 8/2008 Foru Legearen aplikazio esparrukoak izan eta Osasun Departamentuaren eta haren erakunde autonomoen esparruan izendapen askeko lanpostuak eskuratzen dituzten langileei, lanpostuok Foru Komunitateko Administrazioaren plantillako langileek bete beharrekoak izan edo ez, aplikagarriak izanen zaizkie foru dekretu honetan ezarritako arau orokorrak, honako artikulu honetan dauden berezitasunekin.

2. Aurreko puntuan aipatutako lanpostuetan, interesduna noren mende ari den, arduradun horrexek eginen dio laguntzako jardueraren ataleko ebaluazioa, helburuak noraino betetzen dituen kontuan harturik.

3. Hobekuntza eta gaurkotze profesionalaren atalean, berriz, izendapen askeko lanpostuan ari den profesionalari hogei unitateko puntuazioa esleituko zaio urtean, garapen teknikoko eta zuzendaritza eta kudeaketako jarduerak direla-eta. Mailaz igotzeko eskatzen zaizkion gainerako puntuak prestakuntza eta ikerketako jardueretan lortu beharko ditu nahitaez.

4. Profesionala ez bada mailaz igotzeko eskatzen den iraunaldi osoan aritzen artikulu honetan aipatutako lanpostuetan, gainerako denborari laguntzako eta hobekuntza eta eguneratze profesionaleko jarduera ebaluatzeko arau orokorrak aplikatuko zaizkio, dagokion zati proportzionalean.

12. artikulua . Langileen ordezkaritza organoetako kideak.

1. Maiatzaren 30eko 8/2008 Foru Legearen aplikazio esparruko langileei, langileen ordezkaritza organoetako kide izan eta legez ezarritako ordu kredituaz baliatzen badira lanaldi osoan, artikulu honetako 2. eta 3. idatz-zatietako arauak aplikatuko zaizkie.

2. Mailaz igotzeko eskatzen den iraunaldi osoan baliatzen bada aurreko idatz-zatian aipatutako ordu kreditua, igoera horretarako nahikoa izanen da hobekuntza eta gaurkotze profesionalaren ataleko puntuazioa lortzea, foru dekretu honen 5. artikuluko 3. idatz-zatiko b) letran eskatzen dena, hain zuzen ere.

3. Artikulu honetako 1. idatz-zatian aipatutako ordu kreditua ez bada mailaz igotzeko eskatzen den iraunaldi osoan baliatzen, ondoko arauak aplikatuko dira:

a) Erabateko liberazio sindikaleko aldiari dagokion gutxieneko puntuazioa hobekuntza eta gaurkotze profesionalaren atalean soilik eskatuko da eta 2. idatz-zatian adierazitakoa izanen da, erabateko liberazio denboraren eta eskatzen den gutxieneko iraunaldiaren arteko proportzio berean.

b) Gainerako denborari, eskatzen den iraunaldia osatzerainokoari, dagokion puntuazioa, hori ere modu proportzionalean eskatuko da laguntzako jardueraren eta hobekuntza eta gaurkotze profesionalen ataletan. Aldi horri dagokionez, foru dekretu honetan baloraziorako ematen diren arau orokorrak aplikatuko dira.

c) Urte natural batean langileak tarteka zerbitzu aldiak egin baditu eta lanaldi osoko ordu kreditua baliatu badu, urte osoan zerbitzuan aritu izan balitz bezala baloratuko zaio laguntzako jarduera, baldin eta zerbitzu aldiak urte natural horren %60 baino gehiago izan badira; bestela, zerbitzu aldiak ere liberazio sindikaleko denboratzat hartuko zaizkio eta a) letran xedatutakoa aplikatuko zaio.

4. Ordu kreditua lanaldi osokoa ez denean, laguntzako jarduera eta hobekuntza eta gaurkotze profesionaleko jarduerak baloratzeko arau orokorrak aplikatuko dira, foru dekretu honetan ezarritakoak alegia, lantalde bereko gainerako profesionalei aplikatzen zaizkien moduan, eta ezin izanen da balorazio irizpideetan aldaketarik egin ordu kreditua baliatu dela eta.

13. artikulua . Aldi baterako kontratatuak.

1. Maiatzaren 30eko 8/2008 Foru Legeak indarra hartu zuenez geroztik lege horren aplikazio esparruko zentro eta zerbitzuetan aldi baterako kontratuarekin egindako zerbitzuak ebaluatzeko arauak apirilaren 6ko 11/1999 Foru Legean, abenduaren 18ko 376/2000 Foru Dekretuan, maiatzaren 30eko 8/2008 Foru Legean eta honako foru dekretu honetan ezarritakoak izanen dira.

2. Artikulu honetan adierazi bezala aldi baterako kontratuarekin egindako zerbitzu aldiei dagokien ebaluazioa kontuan hartuko da, soil-soilik, profesionalak lanpostu baten jabetza lortzen duenean Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan, maiatzaren 30eko 8/2008 Foru Legearen aplikazio eremuko izendapenarekin; une horretan profesionala bete-betean sartuko da lanbide karreraren sisteman.

3. Artikulu honetan adierazitako moduan profesional batek aldi baterako kontratuarekin lan egiten duenean, lanpostua edo izendapena maiatzaren 30eko 8/2008 Foru Legearen aplikazio eremukoa bada ebaluatuko zaizkio zerbitzuak.

Baldintza horiek betez gero, kontratuaren edo izendapenaren hasierako egunaren eta amaierako egunaren arteko denbora zerbitzu alditzat joko da.

4. Artikulu honetan aipatutako langileei laguntzako jarduera foru dekretu honetan ezarritako balorazio eta prozedura arau orokorrei jarraituz ebaluatuko zaie, berezitasun hauekin:

a) Ez da ebaluaziorik eginen baldin eta urte natural batean aldi baterako kontratuekin lanpostu berean egindako denboraldi guztien batura lanpostu horretarako ezarritako urteko lanaldiaren %50 baino gutxiago bada, artikulu honetako 3. puntuan adierazitakoaren arabera.

b) Urte natural batean lanpostuan egindako denbora lanpostu horretarako ezarritako urteko lanaldi osoa baino gutxiago bada, laguntzako jardueraren balorazioa foru dekretu honen 11. artikuluko 4. idatz-zatian xedatutakoaren arabera eginen da.

5. Hobekuntza eta gaurkotze profesionalaren arloko merezimenduak, artikulu honetan aipatutakoak, foru dekretu honetan ezarritako balorazio eta prozedura arauei jarraituz ebaluatuko dira, betiere merezimendu horiek maiatzaren 30eko 8/2008 Foru Legeak indarra hartu zuen egunaren eta profesionalak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko lanpostuaren jabetza eskuratu zuen egunaren artean lortuak badira.

6. Aldi baterako kontratuarekin egindako zerbitzu aldiei dagokien puntuazioa eta laguntzako eta hobekuntza eta gaurkotze profesionaleko jarduerengatik bitarte horietan baremoan lortutako puntuazioa metatu eginen zaizkie profesionalak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko lanpostuaren jabetza lortu eta gero iraunaldiarengatik eta baremoarengatik lortutako puntuazioei, I. mailara igotzeko, foru dekretu honetan ezarritako arau orokorrei jarraituz. Maila igoeraren edo igoeren ondorioen hasierako eguna ez da inoiz izanen profesionala Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan lanpostu baten jabe izanik sartu zen eguna baino lehenagokoa.

Aldi baterako kontratuarekin egindako zerbitzu urteak, I. mailara igotzeko eskatzen den iraunaldia gaindituz gero, ez dira kontuan hartuko hurrengo maila-igoeretarako.

Lehen Xedapen Gehigarria. Osasun Sistema Nazionaletik datozen langileei aplikatzekoa.

1. Lekualdatze bidez Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan lanpostua eskuratzen duten osasun arloko langile diplomadunei Osasun Sistema Nazionaleko jatorrizko erakundean esleitua zuten lanbide karreraren maila bera aitortuko zaie.

Kasuan kasuko ebaluazio batzordeak zehaztuko du zein den langileak lehendik aitortua zuen mailaren baliokidea maiatzaren 30eko 8/2008 Foru Legean aurreikusitako lau ordainsari-mailen artetik.

Ordainsaria Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileentzat ezarritakoa izanen da.

2. Interesdunek jatorrizko erakundearen ziurtagiria aurkeztu beharko dute. Bertan adieraziko da lanbide karrerako zein maila duten aitortua, eta maila hori emateko kontuan hartu zaizkien zerbitzu urteez gainera zenbat zerbitzu urte gehiago egin dituzten, lanpostuaren jabe zirela.

3. Ondorengo maila-igoeretarako, langile horiek frogatu beharko dute maiatzaren 30eko 8/2008 Foru Legean eta foru dekretu honetan eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileek bezala.

Bigarren Xedapen Gehigarria. Ebaluazio batzordeak eratzea.

Foru dekretu honek indarra hartzen duenetik hiru hilabeteko epean eratu behar dira bertan aipatutako ebaluazio batzordeak. Epe horretan batzorde tekniko-asistentzialek dagozkien batzordekideak izendatzen ez badituzte, Langileen Batzordeak izendatuko ditu.

Hirugarren Xedapen Gehigarria. Erregistroaren delegazioa.

Osasuneko kontseilariak baimena eman ahalko du prestakuntza eta ikerketa arloko merezimenduen erregistroa osasun arloko profesionalak biltzen dituzten entitate publikoen bitartez egin dadin. Horrela, maila-igoera eskatzeko orduan, entitate horien ziurtagiriak aurkeztu ahal izanen dira foru dekretu honetan aipatutako frogabideen ordez, eta entitateok erantzun beharko dute ziurtagiriaren edukiaren egiazkotasunaz.

Lehen Xedapen Iragankorra. Mailaigoerak.

1. 2009ko eta hurrengo urteetako urtarrilaren 1etik ondorioak sortzen dituzten maila-igoerak foru dekretu honetan ezarritako baldintza orokorrei lotuko zaizkie.

2. Foru dekretu honetan ezarritako arauei eta baremoari jarraituz laguntzako jardueraren eta hobekuntza eta gaurkotze profesionalen ataletako balorazioa egiteko, maila bakoitzean eskatuko da 5. artikuluan aurreikusitako guztizko puntuazioa, foru dekretu honen indarraldiko lehen egunaren eta maila-aldaketarako eskatutako iraunaldia betetzen den egunaren arteko denborari proportzioan dagokion zatian.

Bigarren Xedapen Iragankorra. Mailaigoeren ondorio ekonomikoak 2009an eta 2010ean.

2009ko urtarrilaren 1etik eta 2010eko urtarrilaren 1etik ondorioak sortzen dituzten maila-igoerek maiatzaren 30eko 8/2008 Foru Legearen laugarren xedapen iragankorrean aurreikusitako ondorio ekonomikoak ekarriko dituzte.

Azken Xedapen Bakarra. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

ERANSKINA. HOBEKUNTZA ETA GAURKOTZE PROFESIONALAREN ATALA BALORATZEKO BAREMOA

ERANSKINA

I. Prestakuntza jarduerak.

1. Atal honek ondoko merezimenduak bilduko ditu:

a) Ikasle moduan egindako ikastaro edo jarduerak: 6 unitate emanen dira kredituko, edo zati proportzionala. Ikastaro edo jarduera bakoitzeko 100 unitate emanen dira gehienez.

Jarduerak zenbat ordu iraun duen jasorik ez badago, 6 unitate emanen dira.

Ikasturte oso bat iraun badu, 60 unitate emanen dira.

b) Irakasle moduan egindako ikastaro edo jarduerak: 10 unitate emanen dira kredituko, edo zati proportzionala.

Iraupena jasorik ez badago, unitate bat emanen da.

c) Ikerketarako gaitasuna: 15 unitate emanen dira.

d) Doktoregoa: 50 unitate emanen dira.

e) Irakaslan egiaztatua zerbitzu edo zentroetako graduatu ondoko prestakuntzan: 10 unitate emanen dira egoiliar eta urte bakoitzeko, zentro edo zerbitzuko kide guztien artean banatu beharrekoak. Tutoreei besteei halako hiru emanen zaie.

Horretarako formula aritmetiko hau erabiliko da: 10 unitate bider zerbitzuko egoiliarren kopurua, zati zentroko edo zerbitzuko kideen kopurua gehi bi; ateratzen dena irakaskuntzan aritutako kide bakoitzari eman beharreko unitate kopurua da, eta 3az biderkatuko da tutoreen kasuan.

2. Atal honetan kredituengatik aurreikusten den puntuazioa etengabeko prestakuntzako batzordeak emandako egiaztagiriaren arabera esleituko da, eta horrelakorik ezean, hamar orduk kreditu bat osatuko dute.

II. Ikerketa jarduerak.

Ondoren aipatzen diren jarduerak baloratuko dira, ohiko lanarekin zerikusia baldin badute; ez dira sei sinatzaile baino gehiago baloratuko jarduera bakoitzeko.

1. Argitalpenak aldizkarietan, modu honetan:

a) Nazioarteko aurkibideetan dauden atzerriko aldizkariak direnean, 30na unitate lehenbiziko bi sinatzaileei eta 10na unitate hurrengoei.

b) Nazioarteko aurkibideetan dauden Espainiako aldizkariak direnean, 20na unitate lehenbiziko bi sinatzaileei eta 5na unitate hurrengoei.

c) Nazioarteko aurkibideetan ez dauden Espainiako aldizkariak direnean, 10na unitate lehenbiziko bi sinatzaileei eta 2,5na unitate hurrengoei.

Aldizkarien eragin-faktoreak neurtzeko, Journal Citation Reports-ek ematen dituen datuak hartuko dira kontuan. Ekarpena argitaratu duen aldizkariak urte berean eragin-faktorerik baduen begiratuko da, ohar klinikoen eta zuzendariarentzako gutunen kasuan izan ezik. Faktorea 1etik beherakoa bada 5 unitate emanen dira, eta 1 edo gehiago bada, 15 unitate emanen dira. Eragin-faktorearen justifikazioa egileen kargura izanen da.

2. Liburuak argitaratzea: kapitulu bakoitzeko 20 unitate emanen dira, eta liburu bakoitzeko gehienez 60 unitate. Egile bat baino gehiago izanez gero, puntuak denen artean banatuko dira.

3. Biltzarretan txostenak aurkeztea, modu honetan:

a) Nazioarteko biltzar edo jardunaldietan txostena aurkeztu edo hitzaldia egiteagatik, 30 unitate.

b) Biltzar edo jardunaldi nazionaletan txostena aurkeztu edo hitzaldia egiteagatik, 20 unitate.

c) Eskualdeko biltzarretan txostena aurkeztu edo hitzaldia egiteagatik, 10 unitate.

4. Mahai inguruetan parte hartzeagatik: 20 unitate, nazioartekoak badira; 15, nazionalak badira, eta 5, eskualdekoak badira.

5. Biltzarretan komunikazio edo posterrak aurkezteagatik, modu honetan:

a) Nazioartekoak badira, 15na unitate lehenbiziko bi sinatzaileei eta 7na unitate hurrengoei.

b) Nazionalak badira, 10na unitate lehenbiziko bi sinatzaileei eta 5na unitate hurrengoei.

c) Eskualdekoak badira, 5na unitate lehenbiziko bi sinatzaileei eta 2na unitate hurrengoei.

6. Ikerketa proiektuetan parte hartzeagatik: 20na unitate lehenbiziko bi sinatzaileei eta 5na unitate hurrengoei. Irabazi-asmorik gabeko agentzia publiko edo pribatuek finantzaturiko bekak baizik ez dira baloratuko, eta deialdia zein onespena lehia askearen araubidean egin badira bakar-bakarrik. Haien puntuazioa haietatik etor litezkeen argitalpenetatik apartekoa izanen da. Ez da behin ere baloratuko saiakuntza klinikoetan parte hartzea.

III. Garapen teknikoko jarduerak.

Atal honek ondoko merezimenduak bilduko ditu:

a) Batzorde edo talde teknikoetan parte hartzea, Osasuneko kontseilariak, Osasuneko zuzendari nagusiak edo Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari nagusiak izendaturik: 10 unitate batzorde bakoitzeko edo kide izandako urte bakoitzeko.

b) Organo eskudunaren ebazpen bidez eratuak diren aholku batzorde teknikoetan edo talde teknikoetan parte hartzea: 5 unitate batzorde bakoitzeko edo kide izandako urte bakoitzeko.

c) Prestakuntzarako egonaldiak: 5 unitate hileko, eta gehienez ere 50 unitate mailari eutsi zaion denboraldi bakoitzeko.

d) Zentro edo zerbitzuen antolaketan eta lan sistemetan zuzeneko eragina duten hobekuntza proiektuak: zerbitzu eskaintza hobetzeko planak, lehiakortasuna hobetzeko planak, prozeduren arrazionalizazioa hobetzeko planak eta kudeaketa metodoak hobetzeko planak, besteak beste.

Atal honetan kontuan hartuko dira, baloraziorako, ondoko baldintzak betetzen dituzten hobekuntza proiektuak:

- Lantaldearen helburuetan edo kudeaketa-itunean sarturik egotea.

- Metodologia egokia izatea.

- Arazoaren azterketa eta identifikazioa, zuzentzeko neurriak eta ebaluazioa barnean hartzea.

Hobekuntza proiektuak bost mailatan sailkatzen dira, konplexutasun maila, aplikazio eremua eta erakundearen helburu estrategikoetarako orientazioa kontuan harturik.

Hobekuntza proiektuari maila esleituko zaio lantaldearen helburuetan edo kudeaketa-itunean sartzeko onartzen den unean.

Urtero baloratuko da, proiektuaren urteko memoria aurkeztu eta gero, ondoko puntuazioaren arabera, hurrengo mailetan sailkatuz:

I. maila: 10 unitate sinatzaile bakoitzarentzat, eta gehienez 40 unitate sinatzaile guztientzat.

II. maila: 20 unitate sinatzaile bakoitzarentzat, eta gehienez 100 unitate sinatzaile guztientzat.

III. maila: 40 unitate sinatzaile bakoitzarentzat, eta gehienez 240 unitate sinatzaile guztientzat.

IV. maila: 75 unitate sinatzaile bakoitzarentzat, eta gehienez 600 unitate sinatzaile guztientzat.

V. maila: 100 unitate sinatzaile bakoitzarentzat, eta gehienez 800 unitate sinatzaile guztientzat.

Unitateak modu linealean banatuko dira sinatzaile guztien artean, sinatzaile guztiek izenpeturiko berariazko proposamenik ezean.

IV. Zuzendu eta kudeatzeko jarduerak.

Atal honek ondokoak biltzen ditu:

a) Bere urteko helburuen artean kudeaketa klinikoko konpromisoak hartzen dituen lantalde bateko arduradun postua betetzeagatik: gehienez 25 unitate emanen dira urteko.

Kudeaketa klinikoak esan nahi du profesionalek laguntza unitatearen baliabide guztien kudeaketan parte hartzen dutela.

b) Osasun Departamentuaren eta haren erakunde autonomoen esparruan izendapen libreko lanpostuetan aritzeagatik, lanpostuok Foru Komunitateko Administrazioaren plantillako langileek bete beharrekoak izan edo ez, 20 unitate haietan egindako zerbitzu urte bakoitzeko. Ezin da puntuazio gehigarririk lortu baremoko garapen teknikoko eta zuzendaritza eta kudeaketako jardueren gainerako ataletan.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web