(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

4/2009 FORU LEGEA, apirilaren 30ekoa, Nafarroako Gizarte Hezitzaileen Elkargo Ofiziala sortzen duena.

BON N.º 57 - 11/05/2009



ZIOEN AZALPENA

Espainiako Konstituzioak, 36. artikuluan, ezartzen du lanbide elkargoen araubide juridikoaren berezko ezaugarriak eta tituludun lanbideetako jarduna lege bidez arautuko direla. Era berean, adierazten du elkargoen barne-egiturak eta funtzionamenduak demokratikoak izan behar dutela.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.26 artikuluak ezartzen duenaren arabera, Nafarroak eskumen osoa du lanbide elkargoen arloan eta tituludun lanbideetako jardunaren gaineko gaietan, indarreko legediari jarraikiz.

Eskumen horiek erabiliz, Nafarroako Lanbide Elkargoei buruzko apirilaren 6ko 3/1998 Foru Legea onetsi zen. Horren erregelamendu-garapena abenduaren 18ko 375/2000 Foru Dekretuaren bidez egin zen, izan ere foru dekretu horrek Nafarroako Lanbide Elkargoei buruzko Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen eta bertan ezarri ziren lanbide elkargo bat sortzeko betebeharrak eta prozedura.

Nafarroako Lanbide Elkargoei buruzko apirilaren 6ko 3/1998 Foru Legearen 8. artikuluan ezarritakoaren arabera, Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean lanbide elkargoak foru lege bidez sortuko dira eta, horretarako, beharrezkoa izanen da, sortu nahi den elkargoari dagokion titulazio ofiziala izanik, Nafarroan helbideraturik dauden profesionalen gehiengoak eskatzea.

Aipatutako legezko agindu horretan xedatutakoarekin bat, eta kontuan harturik Nafarroako Foru Komunitateak lanbide elkargoen arloan dituen eskumenak, Nafarroako Gizarte Hezitzaileen Lanbide Elkarteak (APESNA), talde profesional horrek Nafarroako Foru Komunitatean duen ordezkaria baita, Nafarroako Gobernuari eskatu dio Nafarroako Gizarte Hezitzaileen Elkargo Ofiziala sortzea.

Gizarte Hezkuntzaren Diplomaturaren unibertsitate-titulu ofiziala eta hura lortzeko ikasketa planen jarraibide orokorrak abuztuaren 30eko 1420/1991 Errege Dekretuaren bidez ezarri ziren, eta hari esker lanbide horrek irakaskuntza eta prestakuntza arloko onarpena lortu zuen. Gizarte hezkuntza funtzio sozial garrantzitsua duen lanbidea da, gizartean izandako aldaketa azkarraren eta globalizazioaren ondorioz gizartearen, hezkuntzaren, kulturaren eta aisialdiaren arloan dauden behar berriei erantzuna emateko sortu dena, hezkuntza sistema formaletik eta oinarrizko eskolatze prozesutik haratago doazen berariazko jarduketen, zerbitzuen eta proiektuen bitartez.

Gizarte hezkuntzak, gainera, toki nabarmena hartzen du gaur egun aurrera eraman nahi diren gizarte eta hezkuntza politiken programazioan, bereziki Administrazio Publikoekin batera garatzen diren jardueretan. Jarduera horiek estatu demokratiko, sozial eta solidario baten printzipio konstituzionalak aplikatzeko helburua dute. Aipatzekoa da, alde horretatik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak arlo sozio-edukatiboan jardun eta sakontzeko duen borondatea.

Gizarte hezitzaileak arlo sozio-edukatiboaren profesionalak dira, pertsonen, taldeen eta kolektiboen dinamizazioan espezializatuak daudenak, gizarte eta kultur garapen prozesuak burutzeko.

Haien jarduketak orotarikoa izan behar du, eta norbanakoengan, taldeengan edo komunitateetan esku har dezakete, populazioaren edozein sektoretan. Esku-hartze sozio-edukatiboa egiten dute, maila formalean, ez-formalean eta informalean, gizarte arazo handiak dituzten pertsonekin edo/eta taldeekin, izan ere, arazo horien ondorioz gainerako bizilagunen aurrean bereziki kalteberak direlako eta nola edo hala gizarte bizitzatik baztertuta daudelako. Horregatik, profesional horien eguneroko lan sozio-edukatiboak halako printzipio etikoen eta halako jokabide deontologikoaren araberakoa izan behar du, errespetuz eta erantzukizunez jokatzeko eta kolektibo horien funtsezko eskubideak babesteko.

Nolanahi ere, titulua sortu aurretik eta ikasketak Nafarroan ezarri aurretik (Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalaren bidez, 2002. urtean Iruñean eta 2003. urtean Tuteran), baziren beste profesional batzuk Nafarroan gizarte hezitzaileen lana egiten zutenak, eta haiei ere elkargoan sartzeko aukera eman behar zaie, hirugarren xedapen iragankorraren arabera.

Gizarte hezitzaileen figura ongi egituratu eta mugatuko bada, beharrezkoa da gizartean eta lege esparruan halako aitorpen eta baimen bat lortzea. Horri dagokionez, interesdunek, APESNA-Nafarroako Gizarte Hezitzaileen Lanbide Elkarteak ordezkaturik, adierazi dute gizarte hezitzailearen lanbidea Nafarroako Foru Komunitatean elkargoa duen lanbide bat bihurtuz gero, profesional horiek beren interesak begiratu eta lanbide jarduna antolatu ahal izateko erakunde bat izanen luketela, eta hori berme moduko bat izanen da esku-hartzearen xede diren gizarte-sektore guztientzat.

Adierazitakoaren ondorioz, eta kontuan harturik Nafarroan Gizarte Hezitzaileen Elkargo Ofizial bat izateko interes publikoko arrazoiak badirela, foru lege honen bidez lanbide elkargo hori sortzen da. Horrenbestez, Nafarroan lanbide horretan jarduteko, ezinbesteko baldintza izanen da elkargoko kide izatea, non ez den frogatzen lanbide bereko beste elkargo bateko kidea dela beste lurralde eremu batean.

1. artikulua. Foru legearen helburua.

Nafarroako Gizarte Hezitzaileen Elkargo Ofiziala sortzen da.

2. artikulua. Lanbide elkargoaren izaera juridikoa.

1. Lanbide elkargoa zuzenbide publikoko korporazio bat da, lege honek indarra hartzen duenetik aurrera berezko nortasun juridikoa duena, eta gobernu organoak eratzen dituenetik aurrera, bere helburuak betetzeko eta bere eginkizunei ekiteko ahalmen osoa izanen duena.

2. Lanbide elkarteak barne-egitura eta funtzionamendu demokratikoa behar du eta haren jarduketetan arau hauei segitu behar die: elkargoaren estatutuak, foru lege honetako xedapenak, Lanbide Elkargoei buruzko apirilaren 6ko 3/1998 Foru Legea, lege hori garatzeko araudia eta lanbide elkargoen arloan estatuan dagoen oinarrizko araudia.

3. artikulua. Lurralde eremua.

Nafarroako Gizarte Hezitzaileen Elkargo Ofizialaren lurralde eremua Nafarroako Foru Komunitateko lurraldea da.

4. artikulua. Pertsona eremua.

1. Nafarroako Gizarte Hezitzaileen Elkargo Ofizialean sar daitezke abuztuaren 30eko 1420/1991 Errege Dekretuan ezarritako Gizarte Hezitzaileen Diplomaturaren ikasketa titulu ofiziala dutenak. Errege dekretu horren bidez, Gizarte Hezkuntzaren Diplomaturaren unibertsitate-titulu ofiziala eta hura edo baliozkotua dagoen antzeko titulu bat lortzeko ikasketa planen jarraibide orokorrak ezarri ziren.

2. Nafarroako Gizarte Hezitzaileen Elkargo Ofizialeko kide izan daitezke, orobat, foru lege honen hirugarren xedapen iragankorrean aipatzen diren egoeretako batean dauden pertsonak, behar den gaikuntza lortu ondoren betiere.

5. artikulua. Kidetu beharra.

Nafarroako Foru Komunitatean lanbide honetan jarduteko, ezinbestekoa izanen da aurretik Nafarroako Gizarte Hezitzaileen Elkargo Ofizialeko kidea izatea, deusetan galarazi gabe Nafarroako lanbide elkargoei buruzko legedian eta estatuko oinarrizko legedian ezarritakoa.

6. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioarekiko harremanak.

Alderdi korporatiboei eta erakundeekiko harremanei dagokienez, Nafarroako Gizarte Hezitzaileen Elkargo Ofizialak lanbide elkargoen arloan eskumena duen departamentuaren bitartez bideratuko ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko harremanak. Lanbideari berari dagozkion alderdiei buruzko gaietarako, berriz, arlo horren eskumena duen departamentuaren bitartez bideratuko da harremana.

Xedapen gehigarri bakarra.Lanbide Elkargoen Kontseiluaren eginkizunak.

Nafarroako Gizarte Hezitzaileen Elkargo Ofiziala, Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde osoa hartzen duenez, orokorra da, eta, horrenbestez, bidezkoa denean, Nafarroako Lanbide Elkargoei buruzko apirilaren 6ko 3/1998 Foru Legeak Nafarroako Lanbide Elkargoen Kontseiluentzat finkatzen dituen eginkizunak bere gain hartuko ditu.

Lehen xedapen iragankorra .Kudeaketa Batzordea eta Gaikuntzetarako Batzordea.

1. Kudeaketa Batzorde bat osatuko da, APESNA-Nafarroako Gizarte Hezitzaileen Lanbide Elkarteko hamabi kidek osatua, elkargoaren behin-behineko gobernu organo gisa aritzeko, foru lege honen araubide iragankorrean ezarri bezala.

Foru lege honek indarra hartu ondoko sei hilabeteko epean, Kudeaketa Batzordeak Nafarroako Gizarte Hezitzaileen Elkargo Ofizialaren estatutuak onetsi beharko ditu, non osoko bilkuretako organoaren deialdiak egiteko modua eta elkargoaren batzar eratzailearen funtzionamendua arautuko baitira. Batzar eratzaile horretan parte hartzeko deia foru lege honen 4. artikuluan edo hirugarren xedapen iragankorrean aipatzen den titulazioren bat dutenei egin beharko zaie.

2. Behin-behineko estatutuetan elkargoaren batzar eratzailearen araubidea finkatuko da, deialdia egiteko modua eta epeak, eta bilkura egiteko prozedura ezarriz.

Deialdia ahalik eta jende gehienengana iristen dela bermatuko da. Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Foru Komunitatean gehien zabaltzen diren bi egunkarietan argitaratu beharko da, hogei egun lehenago gutxienez.

3. Xedapen honen 1. atalean aipatutako Kudeaketa Batzordea Gaikuntzetarako Batzorde bilakatuko da, Nafarroan Gizarte Hezkuntzako ikasketak ematen dituzten UHUN-Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalaren Iruñeko eta Tuterako zentroetatik ordezkari bana eta Nafarroako Gobernuko Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko bi ordezkari gehituta. Batzorde horrek bere funtzionamendu arauak ezarriko ditu eta, bidezkoa denean, elkargoaren batzar eratzailean parte hartzeko asmoz elkargoan sartzea eskatzen duten profesionalei gaikuntza emateaz arduratuko da, hori guztia deusetan galarazi gabe batzar eratzailean errekurtsoa jartzeko aukera batzordeak gaikuntzei buruz hartzen dituen erabakien aurka.

Bigarren xedapen iragankorra .Batzar eratzailea egiteko deialdia eta estatutuak onesteko prozedura.

1. Batzar eratzailea egiteko deialdia gehienez hilabeteko epean egin beharko da, hirugarren xedapen iragankorrean gaikuntzak emateko prozedura bukatzen denetik hasita, lehenengo xedapen iragankorreko 3. atalean aipatutako Gaikuntzetarako Batzordeak behar diren profesionalei gaikuntza eman ondoren.

Batzar eratzailea egiteko deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Foru Komunitatean gehien zabaltzen diren bi egunkarietan argitaratu beharko da, hogei egun lehenago gutxienez.

2. Batzar eratzaileak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Elkargoaren behin betiko estatutuak onestea.

b) Elkargoko gobernu organoetako kideak hautatzea.

3. Batzar eratzaileak onesten dituen Elkargoaren Estatutuak lanbide elkargoen arloan eskumena duen departamentuari igorriko zaizkio, departamentuko organo eskudunak haien legezkotasuna aitortu ondoren, Nafarroako Lanbide Elkargoen eta Lanbide Elkargoen Kontseiluen Erregistroan inskribatzeko eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agindua eman dezan. Estatutu horiekin batera, batzar eratzailearen aktaren ziurtagiria bidali beharko da.

Hirugarren xedapen iragankorra .Lanbide gaikuntza lortzeko modua.

Nafarroako Gizarte Hezitzaileen Elkargo Ofizialean sartzen ahalko dira, gizarte hezkuntzaren arloan lan eginda, ondotik aipatzen diren egoeretako batean dauden profesionalak, behar diren frogagiriak aurkeztuz lanbide gaikuntza eskatzen baldin badute foru lege honek indarra hartzen duenetik hamabi hilabeteko epean:

1. Lizentziatura edo diplomatura mailako unibertsitate-prestakuntza izatea, 2001-2002 baino lehenago hasia, eta orobat, 2005eko urtarrilaren 1erako, gizarte hezkuntzari berez dagozkion lan eta eginkizunetan hiru urteko edo gehiagoko lanbide esperientzia izatea, jarduera nagusia edo bakarra izanda eta behar bezala frogatuta.

2. Lanbide Heziketako bigarren mailako berariazko ikasketak izatea gizarte hezkuntzaren arloan, hiru urtekoak gutxienez, 2001-2002 ikasturtea baino lehen hasiak, eta horrez gainera, 2005eko urtarrilaren 1erako, hiru urteko lan esperientzia izatea gizarte hezkuntzari berez dagozkion lan eta eginkizunetan, jarduera nagusia edo bakarra izanda eta behar bezala frogatuta.

3. Foru lege honek indarra hartu baino lehen, hamahiru urteko lan esperientzia izatea gizarte hezkuntzari berez dagozkion lan eta eginkizunetan, dedikazio osoan edo jarduera nagusia izanda eta behar bezala frogatuta.

Azken xedapen bakarra .Indarraldia.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2009ko apirilaren 30ean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

Iragarkiaren kodea: F0915021

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web