(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

38/2009 FORU DEKRETUA, APIRILAREN 20KOA, KIROL INSTALAZIO ETA EKIPAMENDUEN OINARRIZKO BETEBEHARRAK ETA SEGURTASUN NEURRIAK ARAUTZEN DITUENA.

BON N.º 58 - 13/05/2009



  I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK


  II. KAPITULUA. KIROL INSTALAZIOEN ETA EKIPAMENDUEN OINARRIZKO BETEBEHARRAK


  III. KAPITULUA. NAFARROAKO KIROL INSTALAZIOEN ETA EKIPAMENDUENSEGURTASUNERAKO BATZORDEA


Atariko

Kirolari buruzko 10/1999 Legearen arauzko esparruan, Nafarroako Foru Komunitateko kirol instituzioen segurtasuna hobetzea aipatu zen premiazko eskari gisa. Horretarako uztailaren 15eko 272/1996 Foru Dekretua onetsi zen, Nafarroako Foru Komunitateko, kirol departamentuak erabiltzeko behar diren segurtasun neurriak arautu zituena.

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeak xedatzen duenez, erabilera publikoko kirol instalazioen foru legean ezarririko arauen mende ez ezik, ikuskizun pubikoen eta josteta jardueren arloan erabilera publikoko kirol instalazioei dagozkion orotariko eta sektoreko arautegien mende ere badira eta ingurumena babesteko jarduera sailkatuei buruzko arautegiaren mende ere bai.

Foru legeak instalazio horietako sarbideen kontrola ere du hizpide, kirolarien eta publikoaren segurtasuna eta babesa sustatzeko, eta Nafarroako kirol instalazioen errolda ere bai.

Legeria horrek oinarrizko betebeharrak sortzeko bide ematen du, erabilera publikoko kirol instalazioak eraikitzeko, eta kirol ekipamenduen segurtasuneko gutxieneko baldintzak ere bai, kirol ekipamendu publiko eta pribatuak homologatu eta normalizatzeko, Estatuan eta Europan ematen diren gutxieneko baldintzak deusetan galarazi gabe.

Beste alde batetik, kirol instalazioek arazo ezberdinak dituzte, bai tipologiari -diseinuei eta behar bezalako eraikuntzari eragiten diena- bai kirol ekipamenduen segurtasunari -material eta instalazio ezberdinei eragiten diena- dagokienez. Hori dela eta, irtenbide tekniko ezberdinak onar ditzaketen helburuak planteatu behar dira.

Horregatik guztiarengatik, kirol instalazio publikoen tipologia eta gutxieneko teknika nahiz kirol baldintzak, eta segurtasuna, kirola egitean, ardatz hauen inguruan mugitzen dira:

a) Lehenbizikoz, kirol instalazio publikoen tipologiari eta gutxieneko teknika nahiz kirol baldintzeei dagokienez, haien diseinuaren eta eraikuntzaren gaineko bermea ziurtatzea kirola egitean.

b) Bigarrenik, behar bezalako instalazioak bermatzen dituzten neurri eta eskakizunei dagokienez, mantentze-lanak eta ekipamenduen segurtasuna, kirola egitean, titulartasun publiko eta pribatuko kirol instalazio publikoei aplikatzen ahal zaizkienak, zeharkako eragina izateko materialak eta ekipoak fabrikatu eta merkaturatzeko jarraibideetan.

Lortu nahi den helburu nagusietako bat da titulartasun publikoko zein pribatuko kirol ekipamendu publikoak UNE (Espainiako Arau Batzuk) edo UNE-EN (Espainiako Arau Batzuk, Europako Arauetara Egokituak) arauetan kirol ekipamenduei buruz ezarritako normalizazioko eta homologazioko gutxieneko arauak betetzea, kirola modu seguruan egiten laguntzeko.

c) Azkenik, aipatzekoa da Nafarroako Kirol Instalazioen eta Ekipemenduen Segurtasunerako Batzordea sortu dela. Kide anitzeko organo bat da, aholkularitzarako eginkizun administratiboak beretu dituena, kirol praktika seguru baterako.

Nafarroako Konseilariak, 2009ko martxoaren 30ean, aldeko txostena egin dio foru dekretu honi, uste baitu legeriarekin bat datorrela.

Horiek horrela, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2009ko apirilaren 20an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua . Xedea.

Foru dekretu honen xedea da kirol instalazioen tipologia eta horiek eraikitzeko beharrezko teknika nahiz kirol baldintzak, kirol instalazioak eta ekipamenduak erabiltzeko hartu beharreko gutxieneko segurtasun betekizunak eta Nafarroako Foru Komunitateko Kirol Instalazioen eta Ekipamenduen Segurtasunerako Batzordearen eraketa arautzea.

2. artikulua . Helburuak.

Hona hemen foru dekretuaren helburuak:

a) Kirola egiteko teknika nahiz kirol baldintza egokiak biltzen dituzten kirol instalazioak egitea, gutxieneko segurtasun parametro batzuei jarraikiz.

b) Instalazioak kirola gutxieneko segurtasun baldintzetan egiteko kirol ekipamendu mugikorrez eta finkoz hornitzea.

c) Nafarroako Kirol Instalazioen eta Ekipamenduen Segurtasunerako Batzordea sortzea.

3. artikulua . Aplikazio esparrua.

1. Foru dekretu honetan ezarritako arauak Nafarroako Foru Komunitateko kirol instalazio eta ekipamendu publikoei aplikatuko zaizkie.

2. Kirol ekipamendu finkoa eta/edo mugikorra duten kirol instalazioek, bai titulartasun publikokoek bai pribatukoek, ingurumena babesteko jarduera sailkatuen lizentzia behar dutenek, foru dekretu honen 5., 6. eta 8, artikuluetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

3. Titulartasun publikoko edo titulartasun pribatuko kirol instalazioen kalifikazioak, Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeari dagokionez, foru dekretu honen 4. artikuluan aipatzen diren bebeharrak bete behar ditu.

4. Kirol ekipamendu mugikortzat jotzen dira kirola egiteko mugitzen ahal direnak, kirol instalazioetako lurrean edo zoladuran finkatuta ez daudelako, hala nola ateak, saskiak, gimnasia ekipoak, aparatu gimnastikoak, eta antzeko ekipamenduak.

5. Kirol ekipamendu finkotzat jotzen dira kirola egiteko mugitu ezin direnak, kirol instalazioetako lurrean edo zoladuran finkatuta daudelako.

II. KAPITULUA. KIROL INSTALAZIOEN ETA EKIPAMENDUEN OINARRIZKO BETEBEHARRAK

4. artikulua . Oinarrizko betebeharrak.

1. Nafarroako Foru Komunitateko kirol instalazioetako tipologia eta horien teknika nahiz kirol baldintza espezifikoak Kirolaren Kontseilu Nagusiaren kirol eta aisialdiko instalazioei buruzko arautegiak eta dagozkion batzorde teknikoen normalizaziorako UNE (Espainiako Arau Batzuk) eta UNE-EN (Espainiako Arau Batzuk, Europara Egokituak) arauek ezartzen dituzte.

2. Kirol instalazioei buruzko arautegia eta UNE-EN arauak zati batean edo osorik garatuta ez dituzten kirol instalazioek Kirol Instalazioen Katalogoan, Kirol Instalazioen Erroldan ezarritakoan, agertu beharko dute, gutxienez aipatutako katalogoaren sailkapenetakoren batean. Hona sailkapenok:

a) Kirol eremuak:

-Arruntak: kirol tradizionalak praktikatzeko eremuak. Araututako neurriak daude, nahiz eta guztiek ez dituzten horiek betetzen.

-Bereziak: kirol bakoitzera, araututa egon edo ez, egokitutako neurriak eta ezaugarriak dituzten eremuak.

-Jarduera eremuak: esklusiboki kirolerako ez diren eremuak, hala nola natur azpiegiturak edo eremuak, jarduera fisikoak eta kirol jarduerak egiteko egokitu direnak.

b) Eremu osagarriak: instalazioko eremu osagarriak kirol jardueraren garapenarekin zuzeneko lotura dute.

c) Kirolguneak: elkarri lotutako zenbait kirol instalaziok osa dezakete kirolgunea. Kirolguneko kirol instalazio guztiek argi eta garbi mugatutako komuneko eremu batean egon behar dute, baina instalazio bakoitzak bere gain funtziona dezake.

5. artikulua . Kirol ekipamenduak.

Kirol ekipamendu finkoek nahiz mugikorrek baldintza orokor hauek bete beharko dituzte:

a) Zurezko materialen ertzak biribilduak izanen dira, lesioak saihesteko, eta tratamendu berezia emanen zaie, gogortasun maila egokia bermatzeko.

b) Material metalikoak herdoilaurkako inprimazio geruzekin tratatuko dira.

c) Azaleko tratamenduek estaltzen duten materiala hondatzea saihestu beharko dute.

d) Zurek eta aglomeratuek gogorrak eta seguruak izan beharko dute eta aise ez hondatzeko tratatuak izanen dira.

e) Torlojuek, oro har, bainu zinkeztatuak, galbanizatuak, korrosioaren kontrakoak edo antzeko tratamenduak jaso beharko dituzte, ekipamenduak behar bezala finkatzeko, erabiltzaileentzako arriskutsuak izan ez daitezen.

f) Egitura metaliko tubularrak oso erresintenteak izanen dira, inpaktuei aurre egiteko.

g) Kirol eta aisialdiko instalazioei buruzko arautegiak eta UNE eta UNE-EN arauek kirol ekipamendu finko eta mugikorrei buruz ezarritakoak.

6. artikulua . Kirol ekipamendu mugikorrak.

Kirol ekipamendu mugikorrek baldintza orokor hauek bete beharko dituzte:

a) Kontrapisu sistemak, ainguraketak eta antzeko mekanismoak edukitzea, modu arruntean erabiltzean ez iraultzeko.

b) Kirol ekipamendu mugikorren ainguraketek ez dute kirola egitea oztopatu behar.

7. artikulua . Mantentzelanak.

1. Kirol instalazioaren titularrak kirol instalazioaren eta ekipamenduaren egoera aztertuko du aldian behin, kirola behar bezala eta gutxieneko segurtasun baldintzetan egin ahal izateko.

2. Instalazioaren teknika nahiz kirol egoeraren eta kirol ekipamenduaren segurtasun egoeraren aldian behingo berrikuspenak urtean behin eginen dira gutxienez. Hezkuntza instalazioetan dauden kirol instalazioen eta ekipamenduen berrikuspena ikasturtea hasi baino lehen eginen da.

3. Instalazioaren titularrak kirol instalazioaren eta ekipamenduaren berrikuspenei buruzko akta eginen du. Bertan, datu hauek jasoko dira: data; aztertutako kirol instalazioak eta ekipamenduak; aztertzaileak nor izan diren; eraikuntzaren nahiz aztertutako materialaren egoera orokorra; instalazioaren teknika nahiz kirol alderdietatik eta segurtasunaren ikuspegitik interesa duen beste edozein alderdi. Akta Nafarroako Foru Komunitateko Kirol Administrazioaren esku geratuko da.

8. artikulua . Argibideak.

1. Kirol instalazioaren eta ekipamenduaren erabilera egokiari buruzko argibideak emateko, informazio kartelak paratuko dira instalazioko ageriko lekuren batean.

2. Erabiltzaile edo ikusleentzako informazioak, Nafarroako kirolari buruzko Foru Legearen 77.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz, eduki hauek izanen ditu gutxienez:

a) Kirol instalazioa eta ekipamendua desegoki erabiltzeak sor ditzakeen arriskuak aipatzea.

b) Hala badagokio, kirol ekipamendu mugikorraren ainguraketa.

c) Kirol instalazioaren eta ekipamenduaren erabiltzaileen segurtasunari eta osasungarritasunari buruzko barne arauak.

d) Instalazioan nahiz ekipamenduetan ikusten diren gabeziak salatzeko eta istripu bat gertatzen denean jarraitu beharreko prozedurak.

9. artikulua . Kirol instalazioen eta ekipamenduaren segurtasuna bermatzeko ahalmenak.

1. Kirol instalazioen teknika nahiz kirol egoera eta kirola egitean dagoen segurtasuna egiaztatzeko, Nafarroako Foru Komunitateak ahalmen hauek izanen ditu:

a) Instalazioaren titularra den pertsona fisikoaren zein juridikoaren informazioa biltzea.

b) Instalazioaren titularrari eskatzea atzematen diren akatsak zuzentzeko behar diren jarduketak egiteko.

c) Eskatzen diren segurtasun baldintzak betetzen ez dituzten ekipamenduen erabileraren deskalifikazioa, kirola egitan, xedatzea.

10. artikulua . Arriskuen prebentzioa.

Instalazioaren barne arau edo erregelamenduek instalazioa eta kirol ekipamendu bakoitza erabiltzeko araubidea barnean hartuko dute. Bertan adieraziko dira pertsonengan kalte-galerak sor ditzaketen erabilera desegokiak eta arrisku egoerak.

11. artikulua . Kirol instalazioetako arriskuen estaldura.

Nafarroako kirolari buruzko Foru Legearen 77. artikulua, aseguru polizen zenbatekoari dagokionez, Nafarroako Foru Komunitateko Kirol Administrazioaren eskumenak dituen erakunde autonomoari atxikitzen zaion departamentuaren kontseilariaren foru agindu bidez garatuko da.

III. KAPITULUA. NAFARROAKO KIROL INSTALAZIOEN ETA EKIPAMENDUENSEGURTASUNERAKO BATZORDEA

12. artikulua . Izaera, helburuak eta eginkizunak.

1. Nafarroako Kirol Instalazioen eta Ekipamenduen Segurtasunerako Batzordea Nafarroako Foru Komunitateko Kirol Administrazioari atxikiko zaio.

2. Batzordeak helburu hauek izanen ditu: alde batetik, kirol instalazio eta ekipamenduetan egiten diren kirolen segurtasunaz arduratzea eta, bestetik, arlo horretako ekimenak sustatzea, Nafarroako Kirol Administrazioaren, udalen, kirol federazioen eta Nafarrako kirol kluben bidez.

3. Nafarroako Kirol Instalazioen eta Ekipamenduen Segurtasunerako Batzordeak Nafarroako Foru Komunitateko Kirol Administrazioari foru deketru honen helburu diren gaiei buruzko aholkuak emanen dizkio.

13. artikulua . Araubide Juridikoa eta funtzionamendua.

Nafarroako Kirol Instalazioen eta Ekipamenduen Segurtasunerako Batzordeak, kide anitzetako organoa den aldetik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen III. tituluko III. kapituluan xedatutakoak arautu du.

14. artikulua . Osaera.

1. Nafarroako Kirol Instalazioen eta Ekipamenduen Segurtasunerako Batzordea hamar kidek osatuko dute.

2. Nafarroako Kirol Instalazioen eta Ekipamenduen Segurtasunerako Batzordea kide hauek osatuko dute:

a) Kirol arloan eskumena duen Nafarroako Foru Komunitateko Departamentuko titularra, buru izanen dena.

b) Foru Komunitateko Kirol Administrazioari esleituriko eskumenetan diharduen erakunde autonomoari atxikirik dagoen eta kirol arloko eskumenak dituen zerbitzuko zuzendariorde edo zuzendaria.

c) Foru Komunitateko Kirol Administrazioari esleituriko eskumenetan diharduen erakunde autonomoari atxikirik dagoen eta kirol azpiegituren arloko eskumenak dituen zerbitzuko zuzendariorde edo zuzendaria.

d) Kirol arloko kide anitzeko organoei atxikitako zerbitzuko zuzendariordea edo zuzendaria, Foru Komunitateko Kirol Administrazioari esleitutako eskumenak betetzen dituen erakunde autonomokoa, batzordeko idazkaria izanen dena.

e) Barne arloko eskumenak dituen Nafarroako Gobernuko departamentuko bi ordezkari.

f) Hezkuntza arloko eskumenak dituen Nafarroako Gobernuko departamentuko bi ordezkari.

g) Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko bi ordezkari.

15. artikulua . Bitartekoak.

1. Foru Komunitateko Kirol Administrazioak behar adina laguntza tekniko eta material emanen dio Nafarroako Kirol Instalazioen eta Ekipamenduen Segurtasunerako Batzordeari, horrek dagozkion eginkizunak modu egokian bete ditzan.

2. Nafarroako Foru Komunitateko Kirol Administrazioaren organo eskudunak Nafarroako Kirol Instalazioen eta Ekipamenduen Segurtasunerako Batzordearen funtzionamendurako gaitutako kredituak gauzatuko ditu, Nafarroako Ogasun Publikoaren arautegiari jarraikiz.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Xedapen gehigarri bakarra. Aplikazioa.

1. Kirol Instalazioen Katalogoan sarturiko instalazioek, Nafarroako Foru Komunitateko Kirol Instalazioen Erroldan ageri badira, Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeari eta foru dekretu honi dagokienez, kirol instalazioetako katalogazioari atxikiko zaizkio.

2. Eraikitzeko, handitzeko, berritzeko, aldatzeko edo bestelako orotariko obrak eginez gero, kirol instalazioetako obra gisa jotzen segitu ahal dadin, foru dekretu honetan xedaturikoarekin bat etorri beharko dute.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauen indargabetzea.

Indarrik gabe gelditzen dira 272/1996 Foru Dekretua, uztailaren 15ekoa, Nafarroako Foru Komunitateko kirol ekipamenduak erabiltzeko orduan hartu beharreko segurtasun neurriak arautzen dituena, eta foru dekretu honetan xedaturikoari aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena. Erregelamendu bidezko garapena.

Arlo honetan eskumena duen kontseilariari ahalmena ematen zaio foru dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Azken xedapen bigarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web