(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

116/2008 FORU DEKRETUA, AZAROAREN 24KOA, NAFARROAKO JOKOAREN KONTSEILUA SORTU ETA OSAERA, ANTOLAMENDUA ETA JARDUNA ARAUTZEN DITUENA Nota de Vigencia

BON N.º 150 - 10/12/2008



  I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK


  II. KAPITULUA. EGINKIZUNAK


  III. KAPITULUA. OSAERA


  IV. KAPITULUA. KONTSEILUKO KIDEEN ESKUBIDE ETA BETEBEHARRAK


  V. KAPITULUA. ANTOLAKETA ETA JARDUNA


Atariko

Jokoari buruzko abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legeak berritasun handiak ekarri ditu aipatutako arloaren arautzeari dagokionez. Indargabetu eta ordeztu egin zuen arlo hori lehenago arautzen zuen ekainaren 27ko 11/1989 Foru Legea, eta esparru berria eratu Nafarroako Foru Komunitatean jokoaren eta apustuen sektorea arautzeko.

Jarduera ekonomiko horren sektorea berrantolatu beharra dago. Oso dinamikoa da eta, ikusirik azkeneko urteetan izandako bilakaera eta etorkizunean garatzeko dauden aukerak, uztartu behar dira enpresaburuen interesak, zilegiak direnak, eta arlo horrekin lotutako zenbait balio eta interes, besteak beste, segurtasun juridikoa, jokoaren eta apustuen praktikan eta antolakuntzan edonola ere parte edo esku hartzen duten guztiena eta osasunean nahiz ekonomian kalte hartzen ahal duten guztiena. Bada, sektorea berrantolatzeko behar horri erantzuten dio esparru juridikoaren berritzeak, eta hala azaltzen da 16/2006 Foru Legearen zioen azalpenean.

16/2006 Foru Legean, besteak beste, aurreikusten da Nafarroako Gobernuak Nafarroako Jokoaren Kontseilua eratuko duela. Jokoaren eta apustuen arloan aholku eman eta esku hartzeko organoa izanen da eta bertan esku hartuko dute bai jokoaren eta apustuen arloko eskumena esleitua duen Nafarroako Gobernuaren departamentuak (horren mende egonen da organikoki), bai arlo horretan eskumena duten beste departamentu batzuek, bai arlo horretan interesa duten enpresa, sindikatu eta gizarte-erakunderik adierazgarrienek ere.

Hori horrela, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak proposatuta, Nafarroako Kontseiluarekin bat eta Nafarroako Gobernuak 2008ko azaroaren 24ko bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz,

DEKRETATU DUT:

I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua . Xedea.

Foru dekretu honek helburu du Nafarroako Jokoaren Kontseilua sortu eta osaera, antolamendua eta jarduna arautzea.

2. artikulua . Nafarroako Jokoaren Kontseiluaren sorrera, helburua, izaera eta atxikipena.

1. Nafarroako Jokoaren Kontseilua eratu da, Administrazio Publikoak jokoaren sektorearekin dituen harremanak arintzen laguntzeko eta sektorearen arautegiaren kalitatea hobetzeko.

2. Nafarroako Jokoaren Kontseilua aholku eman eta esku hartzeko kide anitzeko organoa da, Nafarroako Foru Administrazioarena eta Nafarroako Foru Komunitatean joko eta apustuen politikaren ezagupenean, eztabaidan, segimenduan, aholkularitzan eta proposamenetan interesa duten gizarte sektoreena.

3. Nafarroako Jokoaren Kontseilua Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan jokoaren eta apustuen arloko eskumenak bere gain hartzen dituen departamentuaren menpe egonen da, eta horrek emanen dizkio jarduteko behar dituen aholkularitza eta bitartekoak Nota de Vigencia.

II. KAPITULUA. EGINKIZUNAK

3. artikulua . Nafarroako Jokoaren Kontseiluaren eginkizunak.

Nafarroako Jokoaren Kontseiluak eginkizun hauek ditu:

1. Aginduzko txostenak ematea jokoaren eta apustuen arloa zuzenean ukitzen duten orotariko xedapenetarako proiektuei buruz.

2. Azterlanak eta proposamenak egitea.

3. Nafarroako Foru Komunitatearen jokoaren eta apustuen urteko memoria ezagutzea.

4. Orokorrean, jokoaren eta apustuen arloan txostenak egin, kontsultez arduratu eta aholku ematea, bere lehendakariak hala eskatzen duenean.

III. KAPITULUA. OSAERA

4. artikulua . Osaera Nota de Vigencia.

1. Nafarroako Joaren Kontseilua honako kide hauek osatuko dute:

a) Kontseiluko burua, jokoaren eta apustuen arloko eskumena duen departamentuko titularra izanen baita.

b) Kontseiluko buruordea, jokoaren eta apustuen arloko eskumenak esleituak dituen zuzendaritza nagusia betetzen duen pertsona izanen baita.

c) Kontseiluko kideak:

– Segurtasun politiken arloko eginkizunak esleituak dituen zerbitzuko zuzendaritza betetzen duen pertsona.

– Jokoaren eta apustuen arloko eskumena duen zuzendaritza nagusiari aholkularitza juridikoa emateko eginkizunak esleituak dituen zerbitzuko zuzendaritza betetzen duen pertsona.

– Droga-mendekotasunen eta beste mendekotasun batzuen aurkako Foru Planaren plangintzaren, koordinazioaren eta ebaluazioaren arloko eginkizunak esleituak dituen zerbitzuko zuzendaritza betetzen duen pertsona.

– Joko-jarduerekin eta apustuekin zerikusia duten tributuak kudeatzeko eginkizunak esleituak dituen zerbitzuko zuzendaritza betetzen duen pertsona.

– Jokoaren eta apustuen arloko eginkizunak bere gain dituen ataleko burutza betetzen duen pertsona.

– Jokoaren arloko enpresaburuen lau ordezkari, enpresa-erakundeek proposaturik. Sindikatuetan elkartzeko eskubidea arautzen duen apirilaren 1eko 19/1977 Legearen arabera eratuak egon beharko dute enpresa-erakunde horiek, eta Nafarroan jardun, dagozkien Nafarroako Foru Komunitateko erregistroetan izena emanik.

– Askatasun Sindikalari buruzko abuztuaren 2ko 11/1985 Lege Organikoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitatean ordezkaritza handienekotzat jotzen diren sindikatuek izendatutako bi ordezkari.

– Helburu nagusia ludopatiari aurrea hartzea eta ludopatia tratatzea duten elkarteen ordezkari bat, elkarteek berek proposaturik. Elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren arabera eratuak egon beharko dute elkarte horiek, eta batez ere Nafarroako Foru Komunitatean jardun, Nafarroako Elkarteen Erregistroan izena emanik.

2. Idazkaria jokoaren eta apustuen arloko eskumenak dituen departamentuko titularrak izendatuko du, baita kargua hutsik dagoenean edo idazkari titularra kanpoan edo eri dagoenean haren ordezkoa izanen dena ere, biak ala biak aipatutako departamentuari atxikitako zuzenbideko lizentziadun lanpostuetan jarduten duten langileen artetik.

3. Ahaleginak eginen dira Nafarroako Jokoaren Kontseiluan emakumeen eta gizonen arteko banaketa orekatuaren printzipioa errespetatzeko.

5. artikulua . Izendapena eta agintaldia Nota de Vigencia.

1. Nafarroako Jokoaren Kontseiluko kideak eta haien ordezkoak jokoaren eta apustuen arloko eskumenak dituen departamentuko titularrak izendatuko ditu, foru agindu bidez.

2. Daukaten kargua dela-eta izendatzen diren kideen agintaldia bukatuko da kargu horretan jarduteari uzten diotenean.

3. Nafarroako Jokoaren Kontseiluko gainerako kideen agintaldia 4 urtekoa izanen da, izendatzen direnetik hasita. Nolanahi ere, lau urte horiek iraganik, kontseilukideek jardunean segituko dute beste kide batzuk izendatu arte.

4. Erakundeek noiznahi proposa dezakete beren ordezkariak eta horien ordezkoak aldatzea; hala, kargua beste baten ordez hartzen dutenak ordeztuari 4 urteko agintaldia bukatzeko falta zaion denboran arituko dira.

6. artikulua . Kargu uztea Nota de Vigencia.

1. Nafarroako Jokoaren Kontseiluko kideek arrazoi hauengatik utziko dute kargua:

a) Kontseiluko kide izendatzeko aintzat hartutako kargua uzteagatik.

b) Agintaldia bukatzeagatik, ezarritako epea igarotakoan.

c) Kontseiluko kide izateari uko egiteagatik.

d) Epaileen desgaikuntzagatik edo ezgaitzeagatik.

e) Hiltzeagatik.

f) Izendatzeko proposamena egin zuten erakundeek eskatuta.

g) Kontseiluak erabakita, gehiengo soilaz, kontseiluburuak proposatuta, baldin eta kideak bere lanpostuari dagozkion betebeharrak behin eta berriz betetzen ez baditu.

h) Izendatzeko proposamena egin zuen entitateren bat desegiteagatik.

2. Kargu-uztea jokoaren eta apustuen arloko eskumenak bere gain dituen departamentuko titularraren foru aginduaren bidez erabakiko da, salbu eta a) eta e) letretan adierazitako kasuetan, horietan kargu-uztea automatikoa izanen baita.

7. artikulua . Ordezkoak Nota de Vigencia.

Kontseilukide bakoitzak, kontseiluburua izan ezik, bere ordezkoa izanen du titularra bertaratzen ez den kasuetarako. Kontseiluburuaren ordezkoa kontseiluburuordea izanen da. Hori horrela, Kontseiluan ordezkaturik dagoen erakunde bakoitzak zenbat kide proposatu dituen, horrenbeste ordezko izendatu beharko ditu. Daukaten kargua dela-eta Kontseiluan dauden kideen kasuan, ordezkoak atalburu izan beharko du gutxienez.

IV. KAPITULUA. KONTSEILUKO KIDEEN ESKUBIDE ETA BETEBEHARRAK

8. artikulua . Eskubideak.

Kontseiluko kideen eskubideak hauek dira:

1. Aldez aurreko ahalik eta epe handienarekin izatea (48 ordu gutxienez), bileraren deialdia, eguneko gaien zerrenda eta beharrezko dokumentazioa.

2. Osoko Bilkuretan botoa eta hizpidea izatea, eta botoa zein izanen den eta horretarako arrazoiak adieraztea.

3. Kontseiluko zein batzorde edo lan taldetarako izendatuak izan, horietako lan eta eztabaidetan parte hartzea.

4. Kontseiluak duen dokumentazioa eskatzea eta eskuratzea.

5. Kontseiluaren jarduerarekin lotutako iradokizunak aurkeztea, eta Kontseiluaren eskumeneko edozein gai eguneko gaietan sartzeko eskatzea Kontseiluko buruari. Sartu beharko da baldin eta Kontseiluko kideen herenak hala babesten badu.

6. Galderak eta eskaerak egitea.

9. artikulua . Betebeharrak.

Kontseiluko kideen betebeharrak hauek dira:

1. Kontseiluaren bileretara joatea, eta egiten ari diren edo haien esku utzitako lanetan gogotik parte hartzea.

2. Osoko Bilkurak edo Kontseiluko buruak eskatutako irizpenak, txostenak, azterketak edo mozioak epe ezarrian aurkeztea.

3. Kontseiluan, eztabaidetan eta lanetan adierazitako gogoetak isilpean gordetzea.

10. artikulua. Kalte-ordainak.

Nafarroako Jokoaren Kontseiluan parte hartzeak ez du inolako ordainsaririk, zerbitzu-gastuengatik ezartzen diren kalte-ordainak gorabehera.

V. KAPITULUA. ANTOLAKETA ETA JARDUNA

11. artikulua . Osoko Bilkura.

1. Nafarroako Jokoaren Kontseiluak Osoko Bilkuraren bidez jardungo du. Lehendakariak, lehendakariordeak eta mahaikideek osatuko dute Osoko Bilkura, eta hainbat gai aztertzeko batzordeak edo lan taldeak eratzea erabaki dezake, gaien interesa dela eta beharrezkoa bada, 16. artikuluan xedatutakoarekin bat.

2. Erabakiak bilkuran dauden kideen botoen gehiengoaz hartuko dira.

12. artikulua . Lehendakariaren eginkizunak.

Lehendakariaren eginkizunak hauek dira:

1. Nafarroako Jokoaren Kontseiluaren ordezkari izatea.

2. Bileren deialdia erabakitzea eta eguneko gaien zerrenda finkatzea. Hala behar bada, gainerako kideen eskaerak, behar den denboraz jakinaraziak, kontuan hartuko ditu.

3. Bileretan buru izatea, eztabaidak moderatzea eta, arrazoi justifikatuak izanda, horiek bertan behera uztea. Halaber, erabakiak hartzerakoan berdinketak izaten direnean bere botoaren bidez berdinketak haustea.

4. Organoaren erabakien aktak eta ziurtagiriak ikus-onestea.

5. Kontseiluko lehendakari karguari berez dagozkion gainerako eginkizunak, edo indarreko legeriaren arabera esleitzen zaizkionak.

13. artikulua . Lehendakariordearen eginkizunak.

Lehendakariordearen eginkizunak hauek dira:

1. Lehendakaria ordeztea haren kargua hutsik dagoenean, kanpoan edo eri dagoenean edo beste arrazoi justifikaturen bat izaten denean.

2. Lehendakariak edo Kontseiluko Osoko Bilkurak haren esku utzitako eginkizun guztiak, Kontseiluaren kudeaketarako, antolaketarako eta jardun egokirako.

14. artikulua . Idazkariaren eginkizunak.

Idazkariaren eginkizunak hauek dira:

1. Kontseiluaren bilkuretan parte hartzea, hizpidea duela baina botorik ez.

2. Kontseiluaren bileretarako deia egitea, lehendakariak hala aginduta, eta kideentzako hitzorduak ezartzea.

3. Kontseiluaren kideen komunikazio egintzak jasotzea, hau da, jakinarazpenak, datu eskaerak, zuzenketak edo hark ezagutu behar dituen bestelako idazki guztiak.

4. Arazoak ebazteko bidea prestatzea, bileretarako aktak idatzi eta baimentzea, eta onetsi diren kontsulta, irizpen eta erabakien ziurtagiriak ematea.

5. Kontseiluaren dokumentazioa zaintzea.

6. Kontseiluko idazkari karguari berez dagozkion gainerako eginkizunak betetzea, edo indarreko legeriaren arabera esleitzen zaizkionak.

15. artikulua . Bilkuren araubidea.

1. Nafarroako Jokoaren Kontseiluak ohiko osoko bilkura eginen du urtean behin, eta ohiz kanpoko osoko bilkura lehendakariak horretarako deialdia egiten duen guztietan, bere ekimenez edo kideen heren batek eskatuta.

2. Nafarroako Jokoaren Kontseilua modu baliozkoan eratua izateko lehendakariak eta idazkariak, edo horien ordezkoek, bertaratu beharko dute. Lehenbiziko deialdian modu baliozkoan eratua egoteko kideen gehiengoak bertaratu beharko du, eta bigarren deialdian modu baliozkoan eratua egoteko sei kidek gutxienez.

3. Kontseiluko lehendakariak adituei, aholkulariei edo interesdunei eskatzen ahalko die osoko bilkuraren eta lan taldeen bileretara joan daitezela, kasuan kasuko gaiaren arabera.

16. artikulua . Lan taldeak.

1. Bere gain hartutako eginkizunak betetzeko, Nafarroako Jokoaren Kontseiluak lan taldeak eratzen ahalko ditu.

2. Lan taldeak Kontseiluko kideekin eta/edo handik kanpoko pertsonekin eratzen ahalko dira, betiere horien eskarmentu profesionala nahiz ezagutza teknikoa proposatutako helbururako interesgarritzat jotzen badira.

3. Lan taldeak eratzeko erabakiak honako hauek ezarriko ditu gutxienez: osaera, lanaren helburua eta, egoki denean, horretarako ezarritako lan ildoak.

17. artikulua . Jarduteko arauak Nota de Vigencia.

Nafarroako Jokoaren Kontseiluak bere jardunerako arauak ezartzen edo osatzen ahalko ditu honako hauetan ezarritakoaren barnean: foru dekretu hau, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legea eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Xedapen gehigarri bakarra. Eraketa.

Foru dekretu honek indarra hartu eta bi hilabeteko epean eratuko da Nafarroako Jokoaren Kontseilua.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena. Arauzko gaitasuna.

Ahalmena ematen zaio Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari foru dekretu hau garatu eta betearazteko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetako bigarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web