(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

106/2008 FORU DEKRETUA, URRIAREN 27KOA, NAFARROAKO URREZKO DOMINA EMATEN DIENA NAFARROAKO ENPRESABURUEN KONFEDERAZIOARI ETA NAFARROAKO UGT ETA CCOO SINDIKATUEI.

BON N.º 138 - 12/11/2008



Atariko

1977an, Espainian demokrazia eta, beraz, askatasun eta eskubide politiko eta sozialen esparru bat berrezartzearekin batera, alderdi politikoek, baina baita sindikatu eta enpresa erakundeek ere, afera politiko, ekonomiko eta sozialei bizkortasunez heltzea lehentasun nagusitzat hartzeko baldintzak sortu ziren; izan ere, haien ustez, hitzartutako konpromiso finkoak lortu behar ziren horien gainean.

Nafarroan, hitzartzea lan metodo gisa erabiltzea funtsezko faktore bat izan da jarduera ekonomikoaren hazkundean eta enpleguaren sorkuntzan, eta halaxe gauzatu da bi sindikatu nagusien (UGT eta CCOO) eta Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioaren arteko itun ezberdinetan. Hiru erakundeek adostasuna mantendu dute, bai eta elkarrizketa sendoa eta emankorra ere, guztion interesekoak diren arlo garrantzitsuetan eta horrek eta Nafarroako Gobernuaren babes irmoak alderdi guztiek konpromisoak hartzea eragin dute. Halaber, Nafarroako Parlamentuko ordezkaritza handieneko alderdi politikoen babes irmoa izan dute. Nahiz eta elkarrizketa sozialak politikan eragiten duen eta parlamentuko akordioak behar dituen, gizarte eragileen zeregin garrantzitsua azpimarratu behar da. Gizarteak, ordezkaritza handieneko erakundeen bidez, itunak bilatu ditu, ondoren, sostengu politikoa eta parlamentarioa behar izan dutenak garatzeko.

Horrela, 1993an hiru erakundeek eta Nafarroako Gobernuak inber-tsiorako eta enplegurako akordioa sinatu zuten. 1995ean, hiru indar horiek asmo handiko akordio batera iritsi ziren: "Lan Harremanetarako Nafarroako Sektore arteko Akordioa". Horri esker, Nafarroako ekonomiak oso kota positibo garrantzitsuak lortu zituen eta, hortaz, kalitatezko lanpostu ugari sortu ziren. Akordioa garatzeko, Nafarroako Gobernuak legeen eta aurrekontuen gaineko bitartekoak prestatu zituen, Nafarroan 1999-2001, 2002-2004 eta 2005-2007 enplegu planak gauza zitezen. "Lan Harremanetarako Nafarroako Sektore arteko Akordioa" baliagarria izan zen, halaber, honako hauek abian jartzeko: Nafarroako Enplegu Zerbitzua, Lan Auzitegia eta lan arriskuei aurrea hartzeko hainbat neurri.

Arrazoizkoa dirudi akordioa sinatu zuten erakunde guztiek lortutako emaitzei buruzko balantze positiboa egiteak, eta egokitzat jo zen norabidean jarraitzeko konpromisoa hartzea. Hitzartzea Nafarroako aurrerapenaren funtsezko oinarri bat da. Epe labur, ertain eta luzean, gatazkak edo borrokak baino emaitza hobeak eskaintzen ditu beti. Gainera, hitzartzea benetako aniztasun bizian oinarritu da, horren inguruan ados jarri baitira, helburu komunetan oinarrituz, erakunde eta ideologia ugari.

Balantze positibo hori alderdiek elkarrizketarako eta ados jartzeko duten gaitasunaren ondorio da, eta horrekin koherentzian dago itun sozialetarako akordio berria, Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioak eta UGT eta CCOO sindikatuek 2007ko abenduaren 27an sinatua. Nafarroako Parlamentuko indarrek ausarki goretsi zuten akordioa. Izan ere, egungoa bezalako krisialdietan, sindikatu eta enpresa erakunde nagusien arteko hitzartzea metodo edo ideia arautzaile bat eta lan kultura bat da, oso fruitu positiboak eman dituena. Horretaz gainera, arazoei eta erronkei aurre egiteko modu bat da, eta hazkunde ekonomiko iraunkor handia eta gizarte kohesioko maila handia ahalbidetzen ditu. Sustatzaileek behin baino gehiagotan adierazi dutenez, akordioak bilatzeko metodologia horren bidez finkatu nahi da "Nafarroa iraunkor bat, ikuspegi politiko, sozial eta ekonomikotik".

Langileen eta enpresarien erakunde nagusiek sinatutako hitzartze sozialeko akordioen biziraupenak Nafarroari egonkortasun soziala eman dio; garapen handia ahalbidetu du lan edo ekoizpen arloetan eta gizarte osoan oro har. Horretaz gainera, egoera hori adibide garbia izan da Nafarroatik kanpoko beste esparru batzuentzat; izan ere, horietan Nafarroan arrakasta handiz aplikatu diren hitzartze urrats berberak jarraitu dituzte.

Nafarroako Urrezko Domina, irailaren 28ko 290/1998 Foru Dekretuaren bidez ezarria, Nafarroako Foru Komunitatearen sarietan garrantzitsuena da, eta Nafarroako Gobernuak, herritarren iritzia bere eginik, Nafarroako interesen defentsan, promozioan edo sustapenean nabarmentzen diren pertsona edo erakundeei ematen die sari hori.

Horregatik, eta kontuan hartuta gure foru komunitatearentzat oro har Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioaren eta UGT eta CCOO sindikatuen jarduerak duen garrantzi soziala, eta hiru erakunde horiek ikuspegi ekonomiko eta sozialetik Nafarroarentzat oso onuragarriak diren akordioak sinatu dituztela, Nafarroako Gobernuarentzako ohore bat da Nafarroako Urrezko Domina ematea. Domina aurtengo Nafarroaren Eguna ospatzeko ekitaldien barruan emanen zaie.

Horiek horrela, Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eledunak eta Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak 2008ko urriaren 27ko bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Nafarroako Urrezko Domina ematea Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioari eta Nafarroako UGT eta CCOO sindikatuei.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web