(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

31/2007 FORU DEKRETUA, APIRILAREN 2KOA, UNIBERTSITATEZ KANPOKO IKASKETAK EMATEN DITUZTEN NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO IKASTETXE PUBLIKO ETA ITUNDUTAKO IKASTETXE PRIBATUETAN IKASLEAK ONARTZEKO ARAUAK EZARTZEN DITUENA.

BON N.º 52 - 27/04/2007



  I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK


  II. KAPITULUA. PROZEDURA, IKASLEAK ONARTZEKO IRIZPIDEAK ETA EREMUAK


  III. KAPITULUA. ESKOLATZEAREN ANTOLAKETA ETA FUNTZIONAMENDUA: ESKOLATZE BATZORDE NAGUSIA ETA TOKIKO ESKOLATZE BATZORDEAK


  IV. KAPITULUA. ERREKURTSOAK ETA ERREKLAMAZIOAK


Atariko

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko Lege Organikoak II. tituluko III. kapituluan dioenez, hezkuntza administrazioek arauak jarri behar dituzte ikastetxe publikoetan eta ikastetxe pribatu itunduetan ikasleak onartzeko. Arau horien bidez, hezkuntzarako eskubidea, sartzeko aukera-berdintasuna eta guraso edo tutoreek ikastetxea aukeratzeko askatasuna bermatu behar dira. Betiere, hezkuntzako laguntzaren arloan berariazko premiak dituzten ikasleak ikastetxeen artean modu egoki eta orekatuan banatu daitezen begiratuko da.

Hezkuntzari Buruzko Lege Organikoak aldaketa garrantzitsuak ekarri ditu eskolatzeari dagokionez. Horregatik, eta gure hezkuntza sistemaren egungo premiei erantzuteko Nafarroako Foru Komunitateko araudia eguneratu beharra dagoelako, beharrezkoa da ikasleen onarpenari buruzko arauak aldatzea. Arau horiek gaur egun otsailaren 28ko 56/1994 Foru Dekretuan daude (funts publikoekin sostengatutako ikastetxeetan ikasleak onartzeko irizpideak arautzen dituen Foru Dekretua, martxoaren 4ko 130/1996 Foru Dekretuaren bidez aldatua).

Honako foru dekretu honen bidez lortu nahi diren helburu nagusiak hauek dira:

a) Ikasleen onarpenari buruz Nafarroako Foru Komunitateak duen araudia Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak gai horretan dakartzan berrikuntzetara egokitzea.

b) Nafarroako ikasle guztiek irakaskuntza mailetan sartzeko aukera-berdintasuna izan behar dutela berrestea, eta inoiz ere ez dela bereizkeriarik egin behar jatorriagatik, arrazagatik, sexuagatik, erlijioagatik edo gainerako inguruabar pertsonal nahiz sozialengatik.

c) Hezkuntzarako eskubidea, sartzeko aukera-berdintasuna eta guraso edo tutoreek ikastetxea aukeratzeko askatasuna bermatzea Nafarroako ikasle guztiei, eta, betiere, hezkuntzako laguntzaren arloan berariazko premiak dituzten ikasleak ikastetxeen artean modu egoki eta orekatuan banatu daitezen begiratzea.

d) Ikasleak arrazoi sozioekonomikoengatik inoiz ez direla diskriminatuko bermatzea. Hortaz, ikastetxe publiko edo itunduek ezin izanen dute familiengandik dirurik jaso doako irakaskuntzagatik eta ezin izanen dituzte familiak behartu fundazio edo elkarteentzako ekarpenak egitera, ezta irakaskuntzari lotutako nahitaezko zerbitzuak ezarri ere, ikasleen familiek horietarako ekarpen ekonomikoa egin behar badute. Arau horretatik at egonen dira eskolaz kanpoko jarduerak, jarduera osagarriak eta eskola zerbitzuak; horiek betiere borondatezkoak izanen dira.

e) Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 84.2 artikuluan ezarrita dauden irizpideak garatzea, eskolatzeari buruzko lehentasun irizpideak, alegia.

f) Eskolatze Batzorde Nagusiaren eta tokian tokiko eskolatze batzordeen eginkizuna indartzea. Organo horiek guraso eta tutoreei aholku emanen diete haurrak eskolatzeko aukeren inguruan eta ikastetxeei onarpen prozesua kudeatzen lagunduko diete.

Horrenbestez, Nafarroako Eskola Kontseiluak eta Nafarroako Kon- tseiluak txostena eman ondoren, Hezkuntza kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak 2007ko apirilaren biko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua . Xedea.

Foru dekretu honen xedea da ikasleen onarpena arautzea unibertsitatez kanpoko ikasketak ematen dituzten Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publiko eta itundutako ikastetxe pribatuetan.

2. artikulua . Eskolatze Batzorde Nagusia eta tokiko eskolatze batzordeak.

1. Foru dekretu honetan ezarritakoa aplikatzeko, Eskolatze Batzorde Nagusia sortuko da. Foru dekretu honen 21. artikuluan ematen zaizkion eginkizunak izanen ditu, eta bere araudian zehaztuko da nortzuek osatu behar duten.

2. Tokiko eskolatze batzordeak eratu ahal izanen dira Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 86. artikuluan ezarrita dagoen moduan. Batzorde horien eginkizunak eta osaera erregelamendu bidez zehaztuko dira. Hezkuntza Departamentuak zehaztuko du tokiko eskolatze batzordeen kopurua, erregelamenduzko garapenean.

3. artikulua . Eskolatzea.

1. Ikasle guztiek ikasposturako eskubidea dute derrigorrezko hezkuntzako mailetan.

2. Inori ez zaio bereizkeriarik eginen urritasunen bat izateagatik edo jatorria, arraza, sexua, erlijioa, iritzia, ahalmen ekonomikoa, gizarte maila, iritzi politiko eta moralak eta gainerako inguruabar pertsonal edo sozialak direla-eta.

3. Ikasleen gurasoek edo legezko tutoreek, edo ikasleek berek, adin nagusikoak badira, eskubidea dute nahi duten ikastetxea hautatzeko, berdintasun baldintzetan, horretarako ezartzen diren epeetan. Ikastetxe publiko batean edo ikastetxe pribatu itundu batean funts publikoez finantzatzen diren ikaspostuak eskatzaileak baino gutxiago badira, ikasleak onartzeko orduan, arau izanen dira Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarritako printzipio eta irizpideak eta foru dekretu honetan jasotakoak.

4. Foru dekretu honen eta hura garatuko duten arauen helburu nagusia hauxe izanen da: hezkuntzarako eskubidea, sartzeko aukera-berdintasuna eta guraso edo tutoreek ikastetxea hautatzeko askatasuna bermatzea. Betiere, hezkuntzako laguntzaren arloan berariazko premiak dituzten ikasleak ikastetxeen artean modu egoki eta orekatuan banatu daitezen begiratuko da.

5. Ikastetxe publikoek edo pribatu itunduek ezin izanen dute familiengandik dirurik jaso doako irakaskuntzagatik, ezin izanen dituzte familiak behartu fundazio edo elkarteentzako ekarpenak egitera, ezta irakaskuntzari lotutako nahitaezko zerbitzuak ezarri ere, ikasleen familiek horietarako diru ekarpena egin behar badute. Arau horretatik at egonen dira eskolaz kanpoko jarduerak, jarduera osagarriak eta eskola zerbitzuak; horiek betiere borondatezkoak izanen dira.

6. Ikasle bat ikastetxe publiko batean edo pribatu itundu batean matrikulatuz gero, ikastetxearen hezkuntza proiektua eta izaera errespetatu beharko dira. Horrek ez ditu ezertan eragotziko indarra duen araudian ikasleei eta haien familiei aitortzen zaizkien eskubideak eta artikulu honetako 2. idatz-zatian ezarritakoa.

II. KAPITULUA. PROZEDURA, IKASLEAK ONARTZEKO IRIZPIDEAK ETA EREMUAK

4. artikulua . Prozedura.

1. Ikasleen gurasoek edo legezko tutoreek onarpen eskabidea aurkeztuko dute ikaslea eskolatzeko hautatu duten lehen ikastetxean. Eskabide horiek beti tramitatu beharko dira.

2. Unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetan edo pribatu itunduetan tokia eskatzeko eskabideak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak onesten duen eredu ofizialari lotuko zaizkio.

3. Ikastetxean onartua izateko, ikasleak adinari buruzko baldintzak bete beharko ditu. Gainera, antolamendu juridikoak kasuan kasuko irakaskuntza modalitate edo araubiderako, hezkuntza mailarako, etaparako eta kurtsorako eskatzen dituen baldintza akademikoak bete beharko dira.

4. Eskatzaile bakoitzak eskabide bakarra aurkeztu beharko du, ikasturte bakoitzerako Hezkuntza Departamentuak ezartzen duen epean. Eskabidean jarriko da norberak hautatu dituen ikastetxeen zerrenda, lehentasunaren arabera ordenatuta. Eskabidea aurkeztuko da hautatu den lehenbiziko ikastetxeko administrazio bulegoetan. Eskabide bat baino gehiago aurkeztuz gero, denak baliogabetuko dira eta ez dira tramitatuko.

5. Eskabidean jarri beharreko datu guztiak jarriko dira, eta behar diren frogagiri guztiak erantsiko zaizkio.

5. artikulua . Administrazioko erakundeen arteko lankidetza.

Hezkuntza Departamentuak Administrazioko beste erakunde batzuei laguntza eskatu ahal izanen die, ikasleak onartzeko prozesuan interesatuek eta ikastetxeek ematen dituzten datuak egiaztatzeko.

6. artikulua . Ikasleak onartzea.

1. Ikasleak onartzeko prozesua, foru dekretu honek arautzen duena, unibertsitatez kanpoko ikasketen maila guztietan aplikatuko da. Ikastetxe publikoetan edo pribatu itunduetan ikasketa horiek egiteko lehenbizikoz sartzen diren ikasleei aplikatuko zaie, eta lehendik eskolatuta dauden ikasleei ere bai, unibertsitatez kanpoko ikasketak amaitu aurretik ikastetxez aldatzeko eskatzen badute.

2. Ikastetxe berean hezkuntza-maila edo kurtso desberdinetan jarraitzeko ez dago onarpen prozesuaren beharrik, salbu eta derrigorrezko ikasketen ondoko etapetan, ikasleak onartzeko berariazko baldintzak izanez gero.

7. artikulua . Ikaspostuak eta eragin eremuak.

Hezkuntza Departamentuak zehaztuko ditu ikastetxe bakoitzari esleitu beharreko ikaspostuak, berak ezarriko duen plangintzaren arabera, eta, ikastetxe itunduei dagokienez, hezkuntza itunei buruzko berariazko arauak errespetatuz.

Halaber, ikastetxe publikoen eta pribatu itunduen eragin eremuak mugatuko ditu, aplikatu beharreko araudian ezarritakoaren arabera. Hortaz, eragin eremu berak ezarriko ditu ikastetxe publikoetarako eta pribatu itunduetarako, ikasleak onartzeko prozedura osoa zuzen bete dadin.

8. artikulua . Ikastetxe publikoak atxikitzeko baldintzak eta onarpen prozesuaren baldintza berariazkoak.

1. Beste ikastetxe publiko batzuei atxikita dauden ikastetxe publikoak, etapa desberdinak ematen badituzte, ikastetxe bakartzat joko dira, foru dekretu honetan ikasleak onartzeko ezarritako irizpideak aplikatzerakoan.

2. Halaber, hezkuntza-etapa bat baino gehiago eskaintzen dituzten ikastetxe publikoetan, hasierako onarpen prozedura adin txikienari dagokion etaparen hasieran eginen da.

3. Aurreko idatz-zatiaren haritik, eta ikasleen onarpenari dagokionez, oro har, eskola barruti bakoitzaren barnean Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoak Bigarren Hezkuntzako institutu eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutu egokiei atxikitzat joko dira, eta azken horiek, berriz, Bigarren Hezkuntzako institutu egokiei atxikitzat.

4. Aurreko idatz-zatian ezarritakoa gorabehera, Hezkuntza Departamentuak, ikasleen onarpenerako, ikastetxe publiko gehiago atxiki ahal izanen ditu eta ikastetxeen atxikipena aldatu, eskolatze beharrak betetzeko aldez aurretik egiten den planifikazioaren arabera. Hezkuntza Departamentuak atxikipen hori bera onetsi ahal izanen du ikastetxe pribatu itunduentzat, haien titularrek hala eskatuz gero.

5. Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako ikasleak beren ikastetxea utzi eta hura atxikita daukan ikastetxean sartu ahal izanen dira beste onarpen prozesu bati ekin beharrik izan gabe. Idatzizko eskaera baizik ez dute egin beharko.

6. Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako edo Batxilergoko ikastetxe publikoetan, eskatu adina toki ez dagoenean, onartuak izateko lehentasuna izanen dute ikastetxeak atxikita daukan Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxetik, hurrenez hurren, datozen ikasleek. Ikastetxe pribatu itunduetan antzeko prozedura erabiliko da, baldin eta aipatu ikasketak itunduak badira.

7. Hezkuntza etapa bat baino gehiago dituzten ikastetxe pribatu itunduetan, hasierako onarpen prozedura eginen da adin txikienari dagokion kurtso itunduaren eskaintzaren hasieran.

Prozedura hori ikastetxe publikoentzat ezarritakoari jarraituz eginen da.

9. artikulua . Eskolatzeko lehentasun irizpideak eta derrigorrezko ikasketen ondoko etapetan ikasleak onartzeko baldintza berariazkoak.

1. Ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan sartzeko eskabide guztiak onartzeko adina toki ez dagoenean, ikasleak onartzeko prozesuan lehentasun irizpide hauek erabiliko dira: ikastetxean senideak matrikulaturik izatea edo guraso zein legezko tutoreren batek ikastetxean lan egitea; ikastetxea etxetik edo guraso zein legezko tutoreren baten lantokitik hurbil egotea; familia unitatearen urteko errentak (horiek kalkulatzeko kontuan hartuko dira familia ugariei aplikatzen zaizkien berezitasunak); eta ikaslea edo haren guraso edo senideren bat urritua izatea. Irizpide horietako bat bera ere ez da baztertzailea izanen, eta ez dute ezertan galaraziko foru dekretu honen 8. artikuluko 6. idatz-zatian ezarritakoa.

2. Batxilergoko ikasketetarako, aurreko idatz-zatian ezarritako irizpideez gain, kontuan hartuko da ikasleen espediente akademikoa.

3. Erdi mailako edo goi mailako lanbide heziketa-zikloetan ikasleak onartzeko prozeduretan, behar adina toki ez badago, ikasleen espediente akademikoari bakarrik erreparatuko zaio, ikastetxe beretik etorri nahiz beste ikastetxe batetik etorri.

4. Musikako edo dantzako ikasketa arautuak eta Bigarren Hezkuntzako ikasketak aldi berean egiten dituzten ikasleek lehentasuna izanen dute Bigarren Hezkuntzako ikasketak ematen dituzten ikastetxe batzuetan onartuak izateko, Hezkuntza Departamentuak zehazten dituen ikastetxeetan, hain zuzen. Tratamendu bera aplikatuko zaie errendimendu handiko kirol programetan aritzen diren ikasleei.

5. Beste irizpide osagarri batzuk ezarri ahal izanen dira ezaugarri bereziak dituzten ikasketetan sartzeko.

10. artikulua . Ikastetxean senideak matrikulaturik izatea edo guraso zein legezko tutoreek lan egitea lehentasun irizpide gisa nola baloratu.

1. Eskatzen den ikastetxean senideren bat matrikulaturik izatea honela baloratuko da:

a) Ikastetxean senide bat: 4 puntu.

b) Gainerako senide bakoitzarengatik: 1 puntu.

2. Eskatzaileak ikastetxean senideak dituela ulertuko da onarpena eskatzen den ikasturte horretan horiek ikastetxean segitu behar baldin badute.

3. Guraso edo legezko tutoreren batek ikastetxean lan egiten badu, eskatzaileak irizpide hori balora dadin aukeratu ahal izanen du, ikastetxean senideak matrikulaturik izatea baloratu ordez. Guraso edo legezko tutoreren batek ikastetxean lan egitea 4 puntuz baloratuko da.

11. artikulua . Ikastetxea etxetik edo guraso zein legezko tutoreren baten lantokitik hurbil egotea lehentasun irizpide gisa nola baloratu.

1. Ikastetxea etxetik hurbil egotea honela baloratuko da:

a) Ikaslearen etxea ikastetxearen eragin eremuaren barnean baldin badago: 4 puntu.

b) Ikaslearen etxea ikastetxearen eragin eremuaren muga ondoan baldin badago: 2 puntu.

c) Ikaslea beste eremu batean bizi baldin bada: 0 puntu.

2. Udalak emandako errolda agiriaren bidez frogatuko da helbidea.

3. Eskabidean, etxearen hurbiltasunaren ordez ikaslearen guraso edo legezko tutoreren baten lantokiaren hurbiltasuna hautatu ahal izanen da irizpide gisa. Kasu horretan irizpidea baloratu dadin lantokiak ikastetxearen eragin eremuaren barnean egon behar du, eta 4 puntu emanen dira.

4. Lantokiaren hurbiltasuna enpresako titularrak emandako agiriaren bidez frogatuko da. Agiri horretan lantokiaren helbidea jarriko da eta guraso edo legezko tutorea bertako langilea dela adieraziko da.

12. artikulua . Familia unitatearen urteko errentak lehentasun irizpide gisa nola baloratu.

1. Familia unitatearen urteko errentak baremo honen arabera baloratuko dira (familia ugariei aplikatzen zaizkien berezitasunak kontuan hartuko dira errentak kalkulatzeko):

a) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpeneko likidazio oinarria edo oinarriak lanbide arteko gutxieneko soldata baino gehiago ez izatea: 1,5 puntu.

b) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpeneko likidazio oinarria edo oinarriak lanbide arteko gutxieneko soldata baino gehiago izatea, soldata horren bikoitza gainditu gabe: 0,5 puntu.

c) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpeneko likidazio oinarria edo oinarriak lanbide arteko gutxieneko soldataren bikoitza baino gehiago izatea: 0 puntu.

2. Familia unitatearen urteko errentei buruzko irizpide honen balorazioa borondatezkoa da. Irizpide hau baloratzeko eskatzen baldin bada, errentak frogatu beharko dira puntuak lortu ahal izateko.

3. Familia unitatearen urteko errentak egiaztatzeko, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenaren kopia konpultsatua aurkeztuko da, edo bestela, eskatzaileak Nafarroako Foru Komunitatean ordaintzen baldin badu zerga, Eskolatze Batzorde Nagusiari baimena eman ahalko zaio datu horiek eskatu diezazkion Nafarroako Foru Komunitateko organo eskudunari.

4. Ikaspostua eskatzen den urte naturala baino bi urte lehenagoko zerga ekitaldian eskatzailearen familia unitateak izan zuen errenta izanen da kontuan hartzekoa, betiere.

5. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpena egin beharrik ez duten familiek, aitortu beharrekoa baino urteko familia errenta txikiagoa izan badute, errenta hori frogatu ahal izanen dute zinpeko aitorpena aurkeztuz, non adieraziko duten artikulu honetako aurreko idatz-zatian aipatutako ekitaldiko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpena egin beharretik salbuetsita daudela.

6. Epe horretan jasotako diru sarrerak egiaztatzeko beste agiri batzuk.

13. artikulua . Urritasuna lehentasun irizpide gisa nola baloratu.

1. Eskatutako ikaspostua jaso behar duen ikasleak urritasuna badu, ofizialki egiaztatua, 2 puntu emanen dira.

2. Guraso edo senideren bat urritua bada 0,5 puntu emanen dira, betiere urritasuna ofizialki egiaztatuz gero.

14. artikulua . Espediente akademikoa baloratzea, Batxilergoko ikasketak eta erdi mailako edo goi mailako lanbide heziketazikloak egin nahi dituzten ikasleak onartzeko.

1. Batxilergoko ikasketak egin nahi dituzten ikasleak onartzerakoan espediente akademikoari begiratuko zaio, foru dekretu honen 9.2 artikuluan aipatzen den moduan, eta espediente hori eskatzaileak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasketetan lortutakoa izanen da.

2. Espediente akademikoa baloratzeko, batez besteko nota kalkulatuko da, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako arlo eta irakasgai guztietan lortutako kalifikazioen batezbesteko aritmetikoa eginez. Kalkulu horretan gehienez hamartar bat duten zenbakiak erabiliko dira.

3. Aurreko idatz-zatian azaldutako eran espediente akademikoko batez besteko nota kalkulatu ondoren, foru dekretu honetan araututako gainerako irizpideen balorazioetan lortutako puntuazioari batuko zaio.

4. Erdi mailako edo goi mailako lanbide heziketa-zikloetan ikasleak onartzeko prozeduretan, foru dekretu honen 9.3 artikuluan aipatzen diren horietan, kontuan hartuko den espediente akademikoa izanen da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasketetan lortutakoa, erdi mailako heziketa zikloetan sartzeko, eta Batxilergoko ikasketetan lortutakoa, goi mailako heziketa zikloetan sartzeko.

5. Aurreko idatz-zatiko kasuetan espediente akademikoa baloratzeko, batez besteko nota kalkulatuko da, hurrenez hurren Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako edo Batxilergoko arlo eta irakasgai guztietan lortutako kalifikazioen batezbesteko aritmetikoa eginez. Kalkulu horretan gehienez hamartar bat duten zenbakiak erabiliko dira.

6. Aurreko idatz-zatian azaldutako eran espediente akademikoko batez besteko nota kalkulatu ondoren, horixe izanen da ikastetxe publikoetan edo ikastetxe pribatu itunduetan ikasleak onartzeko irizpide bakarra, erdi mailako eta/edo goi mailako heziketa zikloetan sartzeko eskabideak hutsik dauden tokiak baino gehiago badira.

7. Erdi mailako edo goi mailako lanbide heziketa-zikloetan ikasleak onartzeko sarrera proba egiten den kasuetan, sarrera proban lortzen den kalifikazioa hartuko da kontuan, espediente akademikoko batez besteko notaren ordez. Kalifikazioak hamartar bat izanen du gehienez.

15. artikulua . Eskabideen baremazioa eta lehentasun ordena.

1. Eskabideak ikaspostu hutsak baino gehiago direnean, ikastetxeetako organo eskudunek barematu eginen dituzte aurkeztutako eskabide guztiak. Ikasleak puntuazioen goitik beheranzko ordenari jarraituz onartuko dira.

2. Berdinketak desegiteko irizpide hauek erabiliko dira hurrenez hurren:

a) Ikastetxean senideak matrikulaturik izateagatik edo guraso nahiz tutoreren batek ikastetxean lan egiteagatik puntu gehien lortu dituena.

b) Behar bezala egiaztatutako urritasuna duena.

c) Etxearen hurbiltasunagatik puntu gehien lortu dituena.

d) Familia unitatearen urteko errentengatik puntu gehien lortu dituena.

e) Eskatzen den ikastetxeko Eskola Kontseiluan zozketa eginen da.

3. Batxilergoko ikasketetan sartzeko, betiere, Eskola Kontseiluan zozketa egin aurretik kontuan hartuko da espediente akademikoko batez besteko nota.

4. Erdi mailako eta goi mailako lanbide heziketa-zikloetan sartu nahi duten ikasleen arteko berdinketak desegiteko, zozketa eginen da ikastetxeko Eskola Kontseiluan.

16. artikulua . Hezkuntza Departamentuaren eta ikastetxeen arteko komunikazioa.

Hezkuntza Departamentuak mekanismo eta epe egokiak ezarriko ditu ikastetxeek ikasleen onarpen prozesuari buruzko informazioa eman diezaioten.

17. artikulua . Eskola Kontseiluaren eskumena onarpen prozesuan.

1. Ikastetxe publikoetan Eskola Kontseilua da ikasleen onarpenari buruz erabakitzeko eskumena duen organoa.

2. Ikastetxe pribatu itunduetan titularren ardura da ikasleen onarpenari buruzko arau orokorrak hertsiki betetzea, eta Eskola Kontseiluari dagokio arau horiek beteko direla bermatzea.

3. Ikastetxeko organo eskudunak egokitzat jotzen dituen agiriak eskatu ahal izanen dizkie eskatzaileei, alegatzen dituzten egoerak eta inguruabarrak egiaztatzeko.

18. artikulua . Onarpen prozesuaren emaitza argitaratzea.

Ikaspostu hutsak esleitzeko prozesua amaiturik, organo eskudunak ikastetxean ikusgai jarriko du onartutako ikasleen zerrenda, eta baztertuena ere bai, halakorik bada. Zerrenda horietan ikasle bakoitzaren izena eta puntuazioa eta baztertuek bete behar duten prozesuari buruzko informazioa agertuko dira.

19. artikulua . Beste ikastetxe batean eskolatutako ikasleak onartzearen ondorioak.

Eskolatua dagoen ikastetxean ez, beste batean eskolatzeko onarpenak, epe arruntean, jatorrizko ikastetxeko ikaspostua galtzea ekarriko du.

20. artikulua . Hezkuntzako laguntzaren arloan berariazko premiak dituzten ikasleak eta berandu sartzen direnak modu orekatuan banatzea.

1. Kalitatezko hezkuntza ikasle guztientzat izan dadin, eta gizarte kohesioari eta aukera-berdintasunari begira, Hezkuntza Departamentuak bermatu eginen du hezkuntzako laguntzaren arloan berariazko premiak dituzten ikasleak modu egoki eta orekatuan eskolatzea.

2. Hezkuntza Departamentuak, aurreinskripzioko epea amaitu arte, ikastetxe publikoetako eta ikastetxe pribatu itunduetako ikaspostuetako batzuk gorde ahal izanen ditu hezkuntzako laguntzaren arloan berariazko premiak dituzten ikasleentzat eta, hezkuntza premia bereziak izan edo ez, egoera sozial eta kultural txarrean aurkitzen diren ikasleentzat. Horrela eskolatzea erraztuko die eta hezkuntzarako eskubidea bermatuko die. Halaber, Departamentuak baimena eman ahalko du gela bakoitzeko baimendutako ikasle kopurua %10 igo dadin, gehienez, berandu sartutako ikasleen eskolatze beharrei erantzun ahal izateko.

III. KAPITULUA. ESKOLATZEAREN ANTOLAKETA ETA FUNTZIONAMENDUA: ESKOLATZE BATZORDE NAGUSIA ETA TOKIKO ESKOLATZE BATZORDEAK

21. artikulua . Eskolatze Batzorde Nagusiaren eginkizunak.

1. Foru dekretu honen 2. artikuluan aipatzen den Eskolatze Batzorde Nagusiak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Ikasleak onartzeko prozesu osoa zuzendu eta koordinatzea, eta foru dekretu honetan eta hura garatzeko arauetan ezarritakoa aplikatzeko sortzen diren tokiko eskolatze batzorde guztien jarduna ere bai.

b) Ikastetxeei eta tokiko eskolatze batzordeei informazioa eta aholkuak ematea foru dekretu honen edukiaz eta ikasleen onarpen prozesuari buruz onesten diren arauez.

c) Eskatutako lehen ikastetxean tokirik lortzen ez duten ikasleak eskolatzea, betiere tokiko eskolatze batzordeei emanen zaizkien eginkizunak galarazi gabe.

d) Hezkuntzako laguntzaren arloan berariazko premiak dituzten ikasleen eta egoera soziokultural txarrean dauden ikasleen eskolatzea kontrolatzea.

e) Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiak ezartzen dizkion beste eginkizun guztiak.

2. Eskolatze Batzorde Nagusiak, bere eskumeneko eremuan, eta bere eginkizunak eraginkorrago betetzeko xedearekin, egokitzat jotzen dituen txosten eta agiriak eskatu ahal izanen dizkie ikastetxeei eta tokiko eskolatze batzordeei.

22. artikulua . Tokiko eskolatze batzordeen definizioa.

1. Tokiko Eskolatze Batzordea lantalde edo organo bat da, ikastetxe publiko eta/edo pribatu itundu batzuk biltzen dituen lurralde-eremuan eratzen dena, ikasleak onartzeko prozesuari buruzko informazioa eta aholkuak eman ditzan eta prozesu hori gainbegiratu dezan bere lurralde-eremu horretan, foru dekretu hau garatuko duten arauei jarraituz.

2. Tokiko eskolatze batzordeen eginkizunak erregelamendu bidez garatuko dira, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 86.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

3. Tokiko eskolatze batzordeen osaera erregelamenduz ezarriko da.

IV. KAPITULUA. ERREKURTSOAK ETA ERREKLAMAZIOAK

23. artikulua . Errekurtsoak eta erreklamazioak.

Ikastetxe publikoetako eta ikastetxe pribatu itunduetako eskola kontseiluek eta Hezkuntza Batzorde Nagusiak foru dekretu honetan edo hura garatzeko arauetan ezarritakoa bete gabe hartzen dituzten erabakiei erreklamazioa jarri ahal izanen zaie, erabakia hartu duen organoari berari zuzendua, hamabost eguneko epean, egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita. Betiere, organo horrek hartzen duen erabakiaren kontra gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izanen da, Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

24. artikulua . Eskolatze arauak haustea.

Ikastetxeren batek ikasleen onarpenari buruzko arauak hausten baditu, administrazio espedientea egin ahalko zaio, izan ditzakeen erantzukizunak zehazteko.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenbizikoa. Arte ikasketak egin nahi dituzten ikasleen onarpena.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren I. tituluko VI. kapituluan arautzen diren arte ikasketetako gradu eta mailetan sartu nahi duten ikasleak onartzeko arau berariazkoak erabiliko dira; hain zuzen ere, lege horretan eta harekin bat datorren foru araudian xedatutakoaren arabera ikasketa horietako bakoitzaren curriculuma, sartzeko irizpideak eta sartzeko baldintza eta probak erregulatzen dituzten arauak.

Bigarrena. Lanbide Heziketako ikastetxe politekniko integratuetan ikasleak onartzea.

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoan araututako beste ikasketa batzuk ematen dituzten Lanbide Heziketako ikastetxe politekniko integratuetan ikasleak onartzeko, berariaz ezarritako arauak erabiliko dira.

Hirugarrena. Hizkuntza eskola ofizialetan ikasleak onartzea.

Hizkuntza eskola ofizialetan ikasleak onartzeko arau hauek bete behar dira: Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren I. tituluko VII. kapituluan xedatutakoa, eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak berariaz ezartzen duen araudia.

Laugarrena. Helduentzako Hezkuntzako ikasketak ematen dituzten ikastetxeetan ikasleak onartzea.

Helduentzako Hezkuntzako ikasketak ematen dituzten ikastetxeetan ikasleak onartzeko arau hauek bete behar dira: Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren I. tituluko IX. kapituluan xedatutakoa, eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak berariaz ezartzen duen araudia.

Bosgarrena. Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak onartzea.

Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak onartzeari dagokionez, horien araudi berariazkoan xedatutakoa beteko da, foru dekretu honetan hezkuntzako laguntzaren arloan berariazko premiak dituzten ikasleentzat ezarritakoaz gain.

Seigarrena. Itundu gabeko eta Foru Komunitateko Administrazioak finantzatu gabeko ikastetxe pribatuak.

Hezkuntzarako eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren 25. artikuluan ezarritakoarekin bat, itundu gabeko ikastetxe pribatuek, Foru Komunitateko Administrazioaren funts publikoekin ez baldin badira ezta neurri batean ere ordaintzen, ikasleak onartzeko irizpideak ezartzeko eta onarpen prozesua antolatzeko autonomia izanen dute.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra. Indargabetutako arauak.

Indarrik gabe geratuko dira otsailaren 28ko 56/1994 Foru Dekretua, funts publikoekin sostengatutako Nafarroako Foru Komunitateko irakaskuntza ez-unibertsitarioetako ikastetxeetan ikasleak onartzeko irizpideak arautzen dituena, eta martxoaren 4ko 130/1996 Foru Dekretua, aurrekoa aldatzen duena, baita foru dekretu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak ere.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa. Erregelamenduzko garapena.

Hezkuntza kontseilariari ahalmena ematen zaio foru dekretu hau garatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Bigarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web