20/2007 FORU DEKRETUA, MARTXOAREN 19KOA. HAREN BIDEZ EMATEN DA NAFARROAKO AUZITEGIKO MEDIKUNTZAREN INSTITUTUKO AUZITEGI MEDIKUEK EMAN BEHARREKO ZAINTZA-ZERBITZUEN ARAUBIDEA.
BON N.º 52 - 27/04/2007
Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutua azaroaren 13ko 335/2000 Foru Dekretuaren bidez sortu zen eta, jardunean hasi zenetik, zaintza-zerbitzua aplikatu beharreko Estatuko araudiarekin bat bete denez, araubidea funtsean, zerbitzua ematen den epaitegietako araubidearen parekoa da.
Institutua sortzearekin batera lanaren antolamendua aldatu zen: auzitegi medikuek organo zehatzei atxikiak izatetik zegokien Auzitegiko Medikuntzaren Institutuari atxikiak izatera pasatu ziren eta Nafarroako Auzitegi Nagusiaren eremuko edozein organo judizialetan aritzen dira. Aldaketa honek eragina izan beharko du zaintza-zerbitzua emateko ere bai.
Gainera, aldi honetan premia larriko lan-karga areagotu duten bestelako inguruabarrak gertatu dira Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuan, esaterako, "epaiketa azkarrak" ezarri dira, planta judiziala gehitu da, Nafarroako Foru Komunitateko transplanteen programan parte-hartzea, etab.
Zaintza-zerbitzuak hobeto emateko inguruabar horiei erantzunez, araubidea aldatu beharra dago eta horrek, era berean, eragina izanen du Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuko eginkizunak betetzean hobekuntzak ekarriko dituelako, besteak beste, barruti judizialetan kontsulta egunak gehituko direlako eta epaitegietan epaiketa azkarrak egiten direnean auzitegi mediku bat bertan izatea ahalbidetuko duelako.
Administrazioaren eta sindikatuen artean 2006ko uztailaren 20an sinaturiko itunean inguruabar hauek guztiak islatzeko, hobekuntza orokorra ezarri zen zerbitzuaren ordainsarian, era berean foru dekretu honetan ezartzen dena.
Botere Judizialaren Kontseilu Orokorrak irailaren 15ean emandako 1/2005 Erregelamenduko 45. artikuluak ahalbidetzen du eskumena duten autonomia erkidegoek zaintza-zerbitzuak arautzea, gisa honetara:
"... zaintza-zerbitzua emateko behar den edo diren auzitegiko medikuak, bertako plantillako kideen iraupen eta prestasun baldintza bertsuetan arituko dira eta, horretarako, Justizia eta Barne Ministerioak _edo, hala bada, eskumena duen autonomia erkidegoak, bere eskumenen esparruan behar diren xedapenak emanen ditu."
Horiek horrela, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak proposaturik, sindikatuek negoziatu ondotik eta Nafarroako Kontseiluaren adostasunarekin eta Nafarroako Gobernuak 2007ko martxoaren 19an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,
DEKRETATU DUT:
Foru dekretu honen xedea da Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuko auzitegi medikuek eman beharreko zaintza-zerbitzuak arautzea.
2. artikulua . Zaintzazerbitzuaren araubidea.
1. Zaintza-zerbitzuak 24 orduko txandatan emanen dira, hurrengo egunean atseden egunik izan gabe.
2. Txanda bakoitzean bi auzitegi medikuk beteko dute zaintza-zerbitzua, ahal dela haietako bat Iruña eta Agoizko barruti judizialetan eta bestea Lizarra, Tafalla eta Tuterakoetan.
3. Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuko zuzendaria arduratuko da auzitegi medikuen txandak antolatzeaz, Zuzendaritza Kontseiluak proposaturik.
4. Zaintza-zerbitzua ematean sortzen diren gorabeherak Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuko zuzendariak ebatziko ditu.
5. Zaintza-zerbitzua emateko ondorioetarako, barnean dira Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuko zuzendaria eta Zerbitzu buruak.
1. Auzitegi medikuek eman beharreko zaintza-zerbitzuen ordutegia presentziala izanen da 9:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara astelehenetik larunbatera eta 10:00etatik 14:00etara igande eta jaiegunetan.
Ordutegi horretan zaintza-zerbitzuko jarduketarik ez badago, zerbitzuan diren auzitegi medikuek beren kidegoko eta lanpostuko eginkizunetan arituko dira.
2. Aurreko atalean aipatu ordu tarteetatik kanpo, prest izanen dira uneoro harremanean jartzeko eta gerta daitekeen zaintza-zerbitzuko edozein gorabeherari erantzuteko. Kasu horretan berehala sartuko dira zerbitzuan.
4. artikulua . Zaintzazerbitzuaren ordainsaria.
24 orduko zaintza-zerbitzu bakoitzagatik auzitegi mediku bakoitzak 115,93 euro jasoko ditu.
Bakarra. Zaintzazerbitzuaren ordainsarien eguneratzea.
Foru dekretu honetako 4. artikuluan aipatzen den zenbatekoak zerbitzuko langileen ordainsarien eguneratze bera izanen du.
Bakarra. Ordainsarien araubide iragankorra.
2006ko abuztuaren 1etik eta foru dekretu honetan aipatzen den zaintza-zerbitzua ezarri bitartean, auzitegi medikuek 542,50 euro jasoko dituzte 8 eguneko zaintza-zerbitzu bakoitzagatik.
Lehena. Araudiaren garapena.
Ahalmena ematen zaio Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari foru dekretu hau garatzeko behar diren arauak eman ditzan.
Bigarrena. Indarra hartzea.
Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.