(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

15/2007 FORU DEKRETUA, OTSAILAREN 26KOA, NAFARROAKO KIROL KONTSEILUAREN OSAERA, ANTOLAMENDUA ETA FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEN DITUENA.

BON N.º 34 - 19/03/2007



  I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK


  II. KAPITULUA. OSAERA


  III. KAPITULUA. ANTOLAMENDUA


  IV. KAPITULUA. FUNTZIONAMENDUA


  AZKEN XEDAPENAK


Atariko

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.14 artikuluak ezartzen du Nafarroako Foru Komunitateak erabateko eskumena duela kirol sustapenaren eta aisialdiaren erabilera egokiaren arloan.

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen 8. artikuluak Nafarroako Kirol Kontseilua sortu zuen, Foru Komunitateko Administrazioak kontsulta egin eta aholku hartzeko organo kolegiatuaren izaerarekin, kirolari eta Nafarroan kirola garatzeko gizartearen parte-hartzeari buruzko gaietarako.

Foru lege horren 9. artikuluan xedatzen denez, Nafarroako Kirol Kontseilua, organikoki, Foru Komunitateko kirol administrazioari atxikirik egonen da. Era berean, ezartzen da organo horren osaera, antolamendua eta funtzionamendua erregelamendu bidez arautu beharko direla.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeak arautzen du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren organo kolegiatuen araubide orokorra.

Horiek horrela, Nafarroako Kontseiluarekin bat, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2007ko otsailaren 26ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honek Nafarroako Kirol Kontseiluaren osaera, antolamendua eta funtzionamendua arautzen ditu.

2. artikulua. Helburuak.

Nafarroako Kirol Kontseiluaren helburuak hauexek dira:

1. Kirol gaietako eztabaidagune kualifikatua eta gizartearen isla dena sortzea.

2. Gizartea bultzatzea kirol gaietako politika orokorra itxuratzen eta kirola Nafarroan gararazten parte hartzera eta elkar eragitera.

3. artikulua. Izaera.

Nafarroako Kirol Kontseilua Foru Komunitateko Administrazioak kontsulta egin eta aholku hartzeko organo kolegiatua da, kirolari eta Nafarroan kirola garatzeko gizartearen parte-hartzeari buruzko gaietarako.

4. artikulua. Atxikipen organikoa.

Nafarroako Kirol Kontseilua, organikoki, Foru Komunitateko kirol administrazioari atxikirik dago.

5. artikulua. Eginkizunak.

Nafarroako Kirol Kontseiluak eginkizun hauek izanen ditu:

1. Kirol gaietako foru legeen aurreproiektuen eta betearazte erregelamendu orokorren gaineko txostenak egitea, nahitaezkoak baina ez lotesleak.

2. Kirol gaietako proposamenak eta iradokizunak egitea Foru Komunitateko Administrazioari eta, kasu bada, haiek eskatuta, gainerako administrazio publikoei eta, oro har, Nafarroan kirola bultzatu eta garatzen esku hartzen duten entitate edo pertsonei.

3. Foru Komunitateko kirol administrazioari laguntza eta aholku ematea bere eskumenekoak diren kirol arloko gai eta aferetan.

4. Foru Komunitateko Administrazioak proposaturik, Foru Komunitatean, orokorrean nahiz sektore desberdinetan, kirola nola dagoen azaltzen duten txostenak eta azterlanak egitea.

II. KAPITULUA. OSAERA

6. artikulua. Kideak.

1. Nafarroako Kirol Kontseiluak hogeita hamabi kide izanen ditu, eta Foru Komunitateko kirol administrazioari esleitutako eskumenak betetzen dituen erakunde autonomoa atxikia duen departamentuko titularrak izendatuko ditu.

2. Nafarroako Kirolaren Kontseiluko kideek kargua onartu beharko dute izendatuak izan baino lehen, Nafarroako Foru Komunitateko beste administrazio publiko batzuetako ordezkari edo kirol eta gizarte arloko erakundeetako ordezkari direnean, baita nork bere buruaren ordezkari direnean ere.

3. Nafarroako Kirol Kontseiluaren kideak atal hauetan sailkatuko dira, hurrenez hurren:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko ordezkari diren berezko kideak.

b) Beste administrazio publiko batzuetako eta kirol eta gizarte arloko erakundeetako ordezkari diren kideak.

c) Nork bere buruaren ordezkari diren kideak.

7. artikulua. Berezko kideak.

Nafarroako Kirolaren Kontseiluko berezko kideak hauexek izanen dira:

1. Foru Komunitateko kirol administrazioari esleitutako eskumenak betetzen dituen erakunde autonomoa atxikia duen departamentuko titularra.

2. Foru Komunitateko kirol administrazioari esleitutako eskumenak betetzen dituen erakunde autonomoko titularra.

3. Hezkuntzaren arloan, unibertsitatez kanpoko irakaskuntzaren gaietako eskumenak betetzen dituen zuzendari nagusia.

4. Kirol eskumenak betetzen dituen zerbitzuko zuzendariordea edo zuzendaria, Foru Komunitateko kirol administrazioari esleitutako eskumenak betetzen dituen erakunde autonomokoa.

5. Kirol azpiegituren arloko eskumenak betetzen dituen zerbitzuko zuzendariordea edo zuzendaria, Foru Komunitateko kirol administrazioari esleitutako eskumenak betetzen dituen erakunde autonomokoa.

6. Kirol arloko bi atalburuak edo horien baliokideak, eta Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroko zuzendaria.

8. artikulua. Beste administrazio publiko batzuetako ordezkari diren kideak, eta kirol eta gizarte arloko erakundeetakoak.

1. Honakoak izanen dira Nafarroako Kirolaren Kontseiluko kide, ordezkatzen dituzten entitateek proposaturik:

a) Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatuen Elkargo Ofizialeko ordezkari bat.

b) Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko ordezkari bat.

c) Nafarroako unibertsitateeko bi ordezkari.

d) Kirol Kazetarien Prentsa Elkarteko ordezkari bat.

e) Nafarroako Kirol Medikuntzaren Elkarteko ordezkari bat.

2. Era berean, honakoak ere Nafarroako Kirolaren Kontseiluko kide izanen dira, izaera horrekin, Foru Komunitateko kirol administrazioari esleitutako eskumenak betetzen dituen erakunde autonomoko titularrak administrazioak berak ezartzen duen epean aurkezten diren hautagaien artean izendatuak:

a) Udaletako kirol zerbitzuetako bi teknikari.

b) Nafarroako kirol federazioetako lau ordezkari, guztien ordezkari gisa.

c) Nafarroako Kirol Entitateen Erregistroan inskribaturiko kirol klubetako lau ordezkari.

9. artikulua. Nork bere buruaren ordezkari diren kideak.

Honakoak ere Nafarroako Kirolaren Kontseiluko kide izanen dira, izaera horrekin, Foru Komunitateko kirol administrazioari esleitutako eskumenak betetzen dituen erakunde autonomoko titularrak izendatuak:

1. Nafarroako kirolaren esparruan ospea, esperientzia eta atxikimendu aitortuak dituzten bi pertsona.

2. Jardunean dauden bi kirolari, bi emakume eta bi gizon, kirol maila handikoak edo kualifikazio berezia dutenak.

3. Kirol teknikarien eta epaile-arbitroen taldeko bi kide, biak jardunean daudenak.

10. artikulua. Kontseiluko kideen agintaldiaren iraupena:

1. Nafarroako Kirolaren Kontseiluko berezko kideak eginkizun horietan arituko dira Nafarroako Foru Komunitateko administrazioko kargua, kontseiluko izendapena eragin duena, betetzen duten bitartean.

2. Nafarroako Kirolaren Kontseiluko gainerako kideen agintaldiaren iraupena lau urtekoa izanen da, izendapenaren ebazpena ematen den egunetik hasita.

3. Ez dago denbora mugarik Nafarroako Kirolaren Kontseiluko kideen agintaldi kopuruan.

11. artikulua. Kargu uztea.

Nafarroako Kirol Kontseiluko kideek honakoetan galduko dute kargua:

a) Uko egitea.

b) Hiltzea.

c) Agintealdia bukatzea.

d) Administrazio publikoetako kide eta 8. artikuluan jasotako kirol eta gizarte arloko erakundeetako kide izateari uztea. Kasu horretan, kargua utzi duen kidea izendatzeko ezarritako prozedura bera erabiliz izendatuko da ordezkoa.

III. KAPITULUA. ANTOLAMENDUA

12. artikulua. Nafarroako Kirol Kontseiluaren funtzionamendua osoko bilkuren edo batzorde iraunkorraren bidezkoa izanen da.

1. Osoko Bilkura kide guztiek eta idazkariak osatuko dute.

2. Batzorde Iraunkorrak kide hauek izanen ditu:

a) Nafarroako Kirolaren Kontseiluko buruordea, batzordeko buruaren eginkizunak beteko dituena.

b) Kirol arloko eskumenak betetzen dituen zerbitzuko zuzendariordea edo zuzendaria, lehen aipatutako erakunde autonomokoa.

c) Kirol arloko bi atalburu edo horien baliokideak, kirol arloko eskumenak betetzen dituen zerbitzuko zuzendariordetzari edo zuzendaritzari atxikiak, aipatutako erakunde autonomokoak.

d) Nafarroako Kirolaren Kontseiluko kideek beraien artean hautatutako zortzi kide.

4. Batzorde Iraunkorrak batzorde berariazkoak eratzea onartu ahalko du, baita haien funtzionamendua eta osaketa ere.

5. Batzorde Iraunkorreko idazkaria Nafarroako Kirolaren Kontseiluko berbera izanen da.

IV. KAPITULUA. FUNTZIONAMENDUA

13. artikulua. Kontseiluko burua.

1. Nafarroako Kirolaren Kontseiluko burua izanen da Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioari esleitutako eskumenak betetzen dituen erakunde autonomoa atxikia duen departamentuko titularra, eta izendapenak berarekin zekartzan eginkizunak betetzeari uztean utziko du kontseiluko buruaren kargua ere.

2. Nafarroako Kirolaren Kontseiluko buruak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 31. artikuluak ematen dizkion eginkizunak izanen ditu.

3. Nafarroako Kirolaren Kontseiluko buruak kirol arloko beste entitate edo aditu batzuk edo langile teknikoak gonbidatu ahal ditu, Kontseiluko Osoko Bilkuran edo Batzorde Iraunkorrean parte hartu eta aztertu beharreko gaietan aholkua eman dezaten. Horiek, betiere, hizpidea izanen dute, baina ez botorik.

4. Kontseiluburua kanpoan bada, gaixorik edo legezko beste arrazoiren bat dela medio, Nafarroako Kirolaren Kontseiluko buruordeak ordezkatuko du.

14. artikulua.

Nafarroako Kirolaren Kontseiluko buruordea Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioari esleitutako eskumenak betetzen dituen erakunde autonomoko titularra izanen da, eta horrez gain Nafarroako Kirolaren Kontseiluko Batzorde Iraunkorreko buruaren eginkizunak beteko ditu; izendapenak berarekin zekartzan eginkizunak betetzeari uztean utziko du kargua ere.

15. artikulua. Idazkaria.

1. Nafarroako Kirol Kontseiluak idazkari baten laguntza izanen du, hizpidearekin baina botorik gabe; idazkaria Foru Komunitateko kirol administrazioari esleitutako eskumenak betetzen dituen erakunde autonomoko titularrak izendatu, kargutik kendu eta ordezkatuko du, erakunde horren zerbitzuan dauden langileen artean. Halaber, erakunde autonomoko titularrak izendatuko du bera ez dagoenean, gaixo dagoenean edo legezko beste edozein arrazoi dela medio, bere ordez aritu behar dena.

2. Nafarroako Kirolaren Kontseiluko idazkariak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 33. artikuluan ezarritako eginkizunak izanen ditu.

16. artikulua. Osoko Bilkura.

1. Nafarroako Kirol Kontseiluaren Osoko Bilkura urtean behin bilduko da, ohiko izaeraz.

2. Nafarroako Kirol Kontseilua Osoko Bilkura berezian bilduko da kontseiluko buruak horretarako deialdia egiten duenean edo gutxienez kideen bi herenek eskatzen badute; bigarren kasuan, kontseiluko buruak hamar eguneko gehieneko epean egin beharko du deialdia.

3. Kontseiluaren Osoko Bilkuraren eraketa baliozkoa izateko, beharrezkoa izanen da, lehenbiziko deialdian, kontseiluko burua edo haren ordezkoa eta, bederen, kontseilukideen erdiak egotea. Bigarren deialdian, bilkura egin eginen da, zein den ere bertaratutako kideen kopurua, gutxienez ere hamaika, eta bilkura baliozkoa izateko beharrezkoa izanen da kontseiluko burua edo haren ordezkoa bertan izatea.

4. Erabakiek balioa izan dezaten, bertaratutakoen gehiengoaren aldeko botoa beharko da. Bozketan berdinketarik izanez gero, kontseiluko buruaren kalitateko botoa izanen da erabakigarria.

5. Nafarroako Kirolaren Kontseiluko Osoko Bilkuraren eginkizunak foru dekretu honen 5. artikuluan ezarritakoak izanen dira.

17. artikulua. Batzorde Iraunkorra.

1. Batzorde Iraunkorra batzordeko buruak deituta bilduko da, berak egokitzat jotzen duenean, batzordeak bere gain dituen eginkizunak kontuan harturik.

2. Batzorde Iraunkorraren eraketa baliozkoa izateko beharrezkoa izanen da batzordeko burua bertan izatea, bai eta, gutxienez, kideen erdiak ere.

3. Batzorde Iraunkorrak honako eginkizunak izanen ditu:

a) Delegazioz aritzea haren gain berariaz utzitako eginkizunetan.

b) Nafarroako Kirol Kontseiluaren eginkizunei buruzko proposamenak igortzea Osoko Bilkurari, baloratu eta azter ditzan.

c) Nafarroako Kirol Kontseiluaren Osoko Bilkurari Batzorde Iraunkorrak betetako jarduketen berri ematea.

d) Nafarroako Kirol Kontseiluaren Osoko Bilkurako gai zerrendari jarraikiz aztertu beharreko gai eta kontuei buruzko informazioa eman eta proposamenak egitea, kontseiluko buruak gai zerrenda zehazteko duen eskumena ukatu gabe.

e) Nafarroako Kirol Kontseiluaren jardueren urteko memoria prestatzea; Osoko Bilkuran aurkeztuko da, honek onets dezan.

4. Batzorde Iraunkorraren erabakiek balioa izan dezaten, bertaratutakoen gehiengoaren aldeko botoa beharko da. Botazioan berdinketarik izanez gero, kontseiluko buruaren kalitateko botoa izanen da erabakigarria.

18. artikulua. Aktak.

1. Idazkariak Nafarroako Kirol Kontseiluaren Osoko Bilkurak edo Batzorde Iraunkorrak egiten dituzten bilkuren aktak eginen ditu. Aktak ondoko hauek jaso beharko ditu nahitaez: bildutakoen kopurua, eguneko gaien zerrenda, bilkura non eta noiz egin den, eztabaidetako puntu nagusiak, bai eta hartutako erabakien edukia, eta hori guztia horretarako prestatutako liburuan edo liburuetan agerraraziko da.

2. Aktak bilkura horretan berean edo hurrengoan onartuko dira.

3. Akten arauak eta kudeaketa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 34. artikuluan ezarritakoari lotuko zaizkio.

19. artikulua. Bitartekoak.

1. Foru Komunitateko kirol administrazioak behar adina laguntza tekniko eta materiala emanen dio Nafarroako Kirol Kontseiluari, honek dagozkion eginkizunak modu egokian bete ditzan.

2. Foru Komunitateko kirol administrazioak, Foru Komunitateko Administrazioan kirolaren arloko eskumenak dituen departamentuko aurrekontuen aurreproiektuaren bitartez, Nafarroako Kirol Kontseiluak jardun dezan behar diren aurrekontu kredituak gaitzea bultzatuko du.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena. Arauetarako gaitasuna.

Baimena ematen zaio Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariari foru dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.

Bigarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2007ko otsailaren 26an._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilaria, María Isabel García Malo.

Iragarkiaren kodea: F0703490

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web