(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

298/2001 FORU DEKRETUA, URRIAREN 15EKOA, ARAUAK EMATEN DITUENA UZTAILAREN 27KO 909/2001 ERREGE DEKRETUA NAFARROAN APLIKATZEKO. 909/2001 ERREGE DEKRETUAK LEGIONELOSIARI AURREA HARTU ETA KONTROLATZEKO IRIZPIDE HIGIENIKO-SANITARIOAK EZARRI ZITUEN.

BON N.º 140 - 19/11/2001



  AZKEN XEDAPENAK


  E R A N S K I N A


Atariko

Uztailaren 27ko 909/2001 Errege Dekretuak neurri higieniko-sanitarioak ezarri zituen Legionella transmititzeko arriskua duten instalazioetan kontrola egin eta legionelosiari aurrea hartzeko. Errege Dekretu hori oinarrizko arau gisa eman da, Konstituzioaren 149.1.16 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Errege Dekretuak, aurreneurriez eta tratamenduez gain, beste eginkizun batzuk ere ezarri zituen: dekretuaren aplikazioaren esparruaren barreneko instalazioetan egin behar diren osasun-ikuskapenak hain zuzen ere. Eta ezartzen du, bereziki, hoztorre eta lurruntze-kondentsadoreen titularrak behartuak daudela osasun administrazio eskudunari zenbait daturen berri emateko: zenbat diren, horien ezaugarri teknikoak, eta sisteman eragina duten aldaketak.

Errege Dekretu horretan aipatutako neurri eta eginkizunak Nafarroako Foru Komunitateko antolamenduzko egiturari egokitzeko premiak Foru Dekretu hau beharrezkoa dela erakusten du.

Bestetik, neurri hauek hartzekotan, urtarrilaren 22ko 50/1996 Foru Dekretua aldatu behar da aurretik (Plagiziden Establezimendu eta Zerbitzuen Erregistro Ofizialaren inskripzio eta funtzionamendua, Plagizida Arriskutsuei buruzko Mugimenduen Liburu Ofiziala arautzen duen arautegiaren aplikazioa eta Nafarroako Foru Komunitatean plagizidak erabiltzeko trebetasuna lortzeko ikastaroak eta agiria erregulatzen dituen Foru Dekretua).

Hori horrela, Osasun kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta bateko urriaren hamabostean egindako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Instalazioen zentsua.

1. Legionelosiari aurrea hartu eta kontrolatzeko irizpide higieniko-sanitarioak ezarri zituen uztailaren 27ko 909/2001 Errege Dekretuari jarraikiz egin beharreko aurreneurrien ikuskapen eta kontrol-neurriak erraztearren, Osasun Publikoaren Institutuan zentsu zentralizatu bat sortzea erabaki da. Zentsu horretan Nafarroako Foru Komunitatean dauden hoztorre eta lurruntze-kondentsadoreak erregistratuko dira, titularrek berek deklaraturik.

2. Hoztorre eta lurruntze-kondentsadoreen titularrak behartuak daude Osasun Publikoaren Institutuko zentsuari zenbait diren eta nolako ezaugarri teknikoak dituzten jakinaraztera, uztailaren 27ko 909/2001 Errege Dekretuan ezarritako epe eta baldintzetan, Foru Dekretu honetako Eranskinean zehaztutako ereduaren arabera.

2. artikulua. Osasun ikuskapena.

1. Osasun ikuskapena, legionelosiaren prebentzioari eta kontrolari dagokienez, Osasun Zuzendaritza Nagusiaren Osasun Publikoaren Zerbitzuaren ardura da, betiere Osasun Publikoaren Institutua osatzen duten zerbitzu teknikoen bitartez.

2. Osasun Publikoaren Institutua eginkizun horiek betetzeko bere bitarteko teknikoez baliatuko da, edo, beharrezkoa balitz, Oinarrizko Osasun Laguntzako Taldeetako profesional sanitarioen laguntzaz. Dena dela, eginkizun horietan Osasun Publikoaren Institutuak emandako jarrabide eta protokoloen arabera jokatuko du.

3. Eginkizunen delegazioa.

Uztailaren 27ko 909/2001 Errege Dekretuan eta Foru Dekretu honetan aurreikusitako eginkizunak, batzuk edo denak, delegatu egin litezke Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legean agindutako moduan.

Nolanahi ere, Osasun Publikoaren Zerbitzuarena da Foru Dekretu honek aipatzen duen ikuskapenaren ardura, honako eraikin eta instalazioei dagokienez: Nafarroako Foru Erakundeak dauden egoitzak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioren eta bere Erakunde Autonomoenak, eta Nafarroako ospitale eta erietxeak.

Xedapen Gehigarria Bakarra.

Legionellaren kontrako tratamenduak egiten dituzten enpresen inskripzioa Nafarroako Foru Komunitateko Plagiziden Establezimendu eta Zerbitzuen Erregistro Ofizialean.

1. Urtarrilaren 22ko 50/1996 Foru Dekretuak araututako Plagiziden Establezimendu eta Zerbitzuen Erregistro Ofizialeko Zerbitzuen Atalean C adarra sortu da Legionellaren kontrako tratamenduak egiten dituzten enpresak inskriba daitezen.

Adar horren erregistroaren kudeaketa Osasun Departamentuak eginen du.

Aldi berean A eta C adarretako jarduerak egiten badira, edo A, B eta C adarretakoak, eskaera Osasun Departamentuan aurkeztuko da.

2. Legionella kontrolatzeko ikuskapen, garbiketa edo desinfekzio lanak egiten dituzten enpresak Nafarroako Foru Komunitateko Plagiziden Establezimendu eta Zerbitzuen Erregistro Ofizialean inskribatuko dira, Zerbitzuen Ataleko C adarrean hain zuzen. Uztailaren 27ko 909/2001 Errege Dekretuak indarra hartu artean 2. artikuluan aipatu instalazioen garbiketa eta desinfekzio tratamenduak egin dituzten enpresek 2002ko uztailaren 28ra bitarteko epea izanen dute izena emateko.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.

Ahalmena ematen zaio Osasun kontseilariari Foru Dekretu hau garatzeko behar diren xedapenak emateko eta argitaratutako eranskinak eguneratzeko.

Bigarrena.

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta bateko urriaren hamabostean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Osasun kontseilaria, Santiago Cervea Soto.

E R A N S K I N A

E R A N S K I N A

Hoztorre eta lurruntze-kondentsadoreen berri emateko agiria

Titularra

Ordezkaria (baldin badago)

Helbidea Udalerria

Telefonoa Faxa Helbide elektronikoa

Aldaketarik baldin badago, esan zein

Iragarkiaren kodea: A0111067

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web