(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

624/1999 FORU DEKRETUA, ABENDUAREN 27KOA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ADMINISTRAZIOAREN ETA HAREN ERAKUNDE AUTONOMOEN ZERBITZUKO LANGILEEN 2000KO LAN-EGUTEGIA ETA NAFARROAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOETAKO FUNTZIONARIOEN LANALDIAREN URTEKO LANORDU-KOPURUA ETA ORDU KONPENTSAZIOAK FINKATZEN DITUENA

BON 31/12/1999



  AZKEN XEDAPENAK


ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileriaren Estatutuko 59.1 artikuluak ezarri du lanpostuei dagokien lanaldia arauz finkatuko dela eta, 45.2 artikuluan eta 59. artikuluko hurrengo idatz-zatietan ezarritakoa galarazi gabe, lanaldi horren urteko lanordu-kopurua funtzionario guztiendako berbera izanen dela.

Halaber, Langileriaren Estatutuko 53. artikuluak ezarri du, zerbitzuaren beharrak direla eta, txandaka, gauez edo besta egunetan lan egin behar duten funtzionarioek konpentsazioa jasoko dutela, ordukakoa edo diruzkoa, arauz luzatuko diren arauei jarraikiz.

Apirilaren 6ko 9/1999 eta martxoaren 16ko 6/1999 Foru Legeen helburua da, besteak beste, lanaldia murriztu eta berrantolatzeko behar diren neurriak ezartzea, 2000ko urtarrilean asteko 35 orduko lanaldia ezarri ahal izateko Nafarroako Administrazio Publikoetan lanaldi orokorra, 1.592 ordu urtean, egiten dutenen langileentzat, eta murriztapen bera egin ahal izateko txandaka edo txanda berezietan lan egiten dutenentzat.

Aipatu Foru Legeak betetzeko, Nafarroako Gobernuak neurri horien ezarpena eraman du Negoziazio Mahai Orokorrean eztabaidatzeko, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen 2000ko eta hurrengo urteetako lan baldintzak (urteko konputuaren gaineko ordu konpentsazioak, sortutako lanaldi desberdinak eta plantilla organikoan lanpostu berriak sortzea) ordezkari sindikalekin izandako negoziazioaren barruan.

Oraingoz akordiorik lortu ez bada ere, beharrezkoa da une honetan aipatu Legeen xedea erdiesteko bidea ematen duten neurriak hartzea, alegia, 2000. urteko urtarrilean 35 orduko asteko lanaldia ezartzea Nafarroako Administrazio Publikoetan, ordezkari sindikalekiko negoziazioan lor litezkeen akordioak galarazi gabe.

Horrenbertzez, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hemeretziko abenduaren hogeita zazpiko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua

Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioek urtean egiazki 1.592 lanordu izanen dituzte.

2. artikulua

1. Aurreko artikuluan finkatutako lanaldiaren urteko lanordu-kopuruaren gainean ordu konpentsazioa egin ondoren, ondotik zerrendatutako txanden erregimena duten langileek, hots, Nafarroako Foru Komunitateko Administraziokoek eta haren erakunde autonomokoek, nahitaez lanean egon beharreko lanaldi hau izanen dute:

A) Goizeko, arratsaldeko eta gaueko txanda: urtean 1.457 lanordu.

B) Gaueko txanda finkoa: urtean 1.535 lanordu.

C) Goiz eta arratsaldeko txanda, igandeetan eta besta egunetan lan eginda: urtean 1.554 lanordu.

D) Lanaldi etena, igandetan eta besta egunetan lan eginda: urtean 1.569 lanordu.

2. Aurreko idatz-zatian finkatutako ordu konpentsazioez gain, txandaka, gauez eta besta egunetan lan egiten duten langileek arauz ezarriko diren diru bidezko konpentsazioak izateko eskubidea dute.

3. Artikulu honetan bildutako ordu konpentsazioek eta arauz ezarriko diren diru bidezkoek, lanpostu guztietan gerta daitezkeen gorabehera eta berezitasun guztiak biltzen dituzte eta horien artean, txandaketa, txanden artean informazioa elkar trukatzeko beharra, e.a.

3. artikulua

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileentzat, 2000. urtean, astegunetako besta egun hauek izanen dira:

- Urtarrilaren 1a: Urteberri.

- Urtarrilaren 6a: Errege eguna.

- Apirilaren 20: Ortzegun Saindu.

- Apirilaren 21a: Ortziral Saindu.

- Apirilaren 24a: Bazko biharamuna.

- Maiatzaren 1a: Langileen eguna.

- Uztailaren 6a: San Fermin Bezpera, besta 12:00etatik aurrera Iruñean lan egiten dutenendako.

- Uztailaren 7, 8, eta 10a: Sanferminak, besta Iruñean lan egiten dutenendako.

- Uztailaren 25a: Done Jakue.

- Urriaren 12a: Espainiako jai nazionala.

- Azaroaren 1a: Santu guztien eguna.

- Azaroaren 29a: San Saturnino, jaieguna Iruñean lan egiten dutenendako.

- Abenduaren 6a: Konstituzioaren eguna.

- Abenduaren 8a: Ama Birjina Sortzez Garbiaren eguna.

- Abenduaren 25a: Eguberri.

2. Iruñean lan egiten ez dutenentzat jaiegun izanen dira, herriko bestak edo herrian usadioz edo erlijioaren aginduz egiten diren bestelakoak direla-eta, dagozkion egunak, aurreko idatz-zatian Iruñeko langileentzat ezarritako kopuru berberarekin.

4. artikulua

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan lanaldiaren urteko lanordu-kopurua honela banatuko da:

A) Astelehenetik ortziralera bitarteko eguneroko lanaldia, orokorrean, 7 ordu eta 20 minutukoa izanen da. Nahitaez aritu beharko da 08:00etatik 15:00etara; gainerako 20 minutuak langileak sartu ahalko ditu, aukeran eta malguki, 07:40etatik 08:00etara eta 15:00etatik 15:20etara.

B) Lan-egutegia urteko lanordu-kopuruari egokitzeko asmoz, aurreko idatz-zatian adierazitako lanaldia duten langileek lanaldiaren murriztapen hau izanen dute:

- Uztailaren 11, 12, 13 eta 14an: Sanferminak, Iruñean lan egiten dutenentzat ordu bat lanaldiaren bukaeran.

C) Organo administratibo eskudunek arauz ezarritako oporrak honelaxe emanen dituzte: oporraldi luze bat edo bi eta urtean zehar hartzeko zazpi egun solte bakarrik, zerbitzuko beharrek hala uzten dutenean.

D) Artikulu honetako idatz-zati horietan ezarritako lanaldiaren eta oporren banaketa ez zaie, zerbitzuko beharrak direla eta, lanaldi berezirik edo ordu konpentsazioren bat (lana txandaka, gauez, e.a.) dutenei aplikatuko. Ezta ikastetxe eta osasun zentroei ere, horiek lan-egutegi berezia izanen baitute.

Urteko lanorduen kopurua banatzeko orokorrean ezarritakoa ez bezalako erregimena dagoen kasuetan, lan egutegi berezi horrek, beti ere lanaldiaren urteko konputua errespetatuz, indarrean dagoen erregimenari eutsiko dio, bai eguneko lanaldiaren edo txanden iraupenari dagokionez, bai urteko lanorduak asteko egunetan banatzeko kasu bakoitzean erabiltzen den moduari dagokionez; horrek guztiak ez du galarazten urteko lan egutegia edo lanorduak banatzeko bestelako erregimenak ezartzeko aukera, zerbitzuaren beharrak hala aholkatzen dutenean, dagokion Mahai Orokorrean edo sektorialean negoziatu ondoren.

E) Zerbitzuaren beharrak hala kontseilaturik, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak, horretan interesik duen Departamentuaren proposamenez, zenbait kasu edo administrazio unitatetan lan-ordutegi ezberdina izateko baimena eman dezake, aitzinetik dagokion Mahai Orokorrean edo sektorialean negoziatu eta, beti ere, ezarritako urteko lanordu-kopurua errespetatzen bada.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena

Indarrik gabe gelditu dira abanduaren 26ko 597/1995 Foru Dekretua eta Foru Dekretu honetan xedatutakoaren kontra dauden lerrun bereko edo baxuagoko xedapen guztiak.

Bigarrena

Foru Dekretu honek BOLETIN OFICIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra; ondorioak, aldiz, 2000ko urtarrilaren 1etik aitzina izanen ditu.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemeretziko abenduaren hogeita zazpian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Rafael Gurrea Induráin.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web