(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

186/2002 FORU DEKRETUA, ABUZTUAREN 19KOA, ERABILERA BEREZIKO OSASUN LAGUNTZAKO ZERBITZUAN SARTURIK DAUDEN NAFARROAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOETAKO FUNTZIONARIOENDAKO TARIFAK GAURKOTU ETA ZERBITZU HORI ARRAZIONALIZATZEKO NEURRI BATZUK BILTZEN DITUENA.

BON N.º 119 - 02/10/2002



  AZKEN XEDAPENAK


  E R A N S K I N A

  Osasun Laguntzako Zerbitzuko Erabilera Bereziko tarifak


Atariko

Nafarroako Administrazio Publikoen Bahituretxeetako funtzionarioen Osasun Laguntzako Zerbitzua Foru Diputazioak 1973ko abuztuaren 24an eman Erabakiaz onetsiriko Osasun Laguntzako Zerbitzuari buruzko Erregelamenduaren eta ekainaren 9ko 178/1988 Foru Dekretuaren bidez arautu zen. Foru Dekretu horren bidez Zerbitzu horren erabilera bereziko tarifak gaurkotu ziren.

Denbora luzea pasa denez eta tarifak gaurkotu ez direnez, bidezko da neurri batzuk hartzea. Batzuek prestazio horiek arrazionalizatzea dute xede, besteek hobetzea, betiere Osasun Laguntzako Zerbitzua gaur egungo errealitatera egokitu eta zerbitzua hobeki kudeatzeko.

Hori horrela, Administrazioak eta CCOO, UGT eta CEMSATSE sindikatuek (azken honek kontratupeko langileendako bakarrik) 2002ko apirilaren 15ean Hitzarmen bat izenpetu zuten, 2002 eta 2003. urteetarako Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen lan baldintzei buruz. Hitzarmen horretako 2. eranskinean arrazionalizatze eta hobetze neurri batzuk biltzen dira, behar duen arau-maila jaso behar dutenak, onetsi ondoren, indarra hartu ahal dezaten.

Kontuan hartuz neurri horiek toki entitateetako funtzionarioak ere ukitzen dituztela, Toki Araubideko Foru Batzordean ere izapidatu da. Horrek, 2002ko uztailaren 5ean, adostasun txostena eman zion proiektuari.

Nafarroako Kontseiluak, 2002ko uztailaren 23ko bilkuran, adostasun txostena eman dio Foru Dekretu honi, uste baitu haren edukia bat datorrela legeekin.

Horrenbestez, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak proposaturik, Nafarroako Gobernuak bi mila eta biko abuztuaren hemeretziko bilkuran harturiko Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua.

Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen Osasun Laguntzako Zerbitzuko Erabilera Bereziko tarifen zenbatekoa Foru Dekretu honen eranskinean ageri da.

2. artikulua.

1. Osasun prestazio haiek sorturiko gastuak, langilerik edo baliabiderik ez egoteagatik, Nafarroako Gobernuaren osasun zentroetan ematerik ezbada, oso-osorik itzuliko zaizkie interesatuei, Foru Dekretu honen eranskinean horretaz ezartzen den prozedurarekin bat.

2. Odontologia, optika eta ortopediako gastuak, eta Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak zehaztuko dituen antzeko prestazioak, aurreko idatz-zatian xedatzen denetik salbuetsiko dira eta Foru Dekretu honen eranskinean ezarririko zenbateko eta ehunekoen arabera bakarrik itzuliko dira.

3. artikulua.

1. Gastuak hilero itzultzeko modalitatea hileroko osasun gastuek 300,51 euro edo gehiago egiten dutenean bakarrik erabiliko da.

2. Erabilera Bereziko Osasun Laguntzako Zerbitzuaren titularrek, nahi badute, hilero, hilabetearen lehenbiziko bost egunetan, aurreko hilabetean eginiko gastuak aurkezten ahalko dituzte, 300,51 eurotik goitikoak badira. Gastu horiek hilabete berean edo hurrengoan itzuliko dira indarra duten tarifen arabera, espediente kopuruaren arabera.

3. Gastuak itzultzeko modalitate horretan 300,51 eurotik goitiko fakturen ordain-agiririk ez daukaten espedienteak onartu eta izapidatuko dira. Kasu horretan, espedientea irekita geldituko da gastuak noiz itzultzen diren eta hurrengo hilabetearen bosgarren eguna arte. Horretarako, interesatuek epe horretan ordain-agiria aurkeztu beharko dute.

Epe horretan ordain-agiri hori aurkeztu ezik, itzultzearen zenbatekoa funtzionarioaren nominatik kenduko da. Udal funtzionarioen kasuan, kenketa hori Osasun Laguntzako Zerbitzuak eskaturik, kasuan kasuko udal entitateak eginen du eta gero Foru Komunitateko Administrazioari igorriko dio dirua.

4. artikulua.

Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak behar diren zuzemenak eginen ditu, Farmazilarien Elkargo Ofizialarekin botiken gastuak itzultzeko sistema bat ezartzeko, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzukoaren antzekoa.

5. artikulua.

1. Osasun Laguntzako Zerbitzuko Erabilera Berezian afiliaturik dauden jarduneko funtzionario guztiek horretarako eskubidea izateko erregelamendu bidez ezarririko kuotak pagatu beharko dituzte.

2. Nafarroako Administrazio Publikoen Bahituretxeetako erretiratu eta pentsiodunek ez dute kuotarik pagatu beharko Erabilera Bereziko prestazioak erabiltzeko eskubidea izateko.

3. Aurreko idatz-zatiak esanak esan, Foru Dekretu honek indarra hartzean toki entitateek Osasun Laguntzako Zerbitzuan afiliaturik dauzkaten funtzionario jarduneko eta erritaratuengatik eginiko diru-ekarpenari eutsiko zaio, hainbanatuz.

6. artikulua.

1. Esku ematen zaio Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiari Foru Dekretu honen eranskinean aipatzen diren tarifak sarturik ez dauden bestelako osasun-gastuak itzultzea xedatu ahal dezan, horiek sortu eta zenbatzeko irizpide hauei jarraituz: Osasun Sistema Nazionalak ematen dituenentz, tarifetan aipatzen diren bestelako prestazioekiko harreman eta oreka, Erabilera Bereziko gastuen itzuleraren ehuneko osoa, etab.

2. Horretarako, Batzorde Tekniko bat osatuko da, Foru Komunitateko Administrazioaren eta Negoziazio Mahai Nagusian diharduten sindikatuen ordezkariak kide izanen dituena, kontu horien gainean ikerketa eta proposamena egiteko.

Xedapen Iragankorra

2003az geroztik, Osasun Laguntzako Zerbitzuko Erabilera Bereziko tarifetan sarturiko zenbatekoak, bai gastuak itzultzekoak, bai gehienekoak, urtero gaurkotuko dira Nafarroan aurreko urtean benetako KPI delakoa handitu eta horrela.

Xedapen Indargabetzailea

Indarrik gabe gelditzen dira:

a) Ekainaren 9ko 178/1988 Foru Dekretua. Horren bidez Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen Osasun Laguntzako Zerbitzuko Erabilera Bereziko tarifak gaurkotu eta Zerbitzu horren prestazioei eta gastuen itzulerari buruzko aurreko xedapenak bildu ziren.

b) Foru Dekretu honetan xedaturikoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.

Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari esku ematen zaio Foru Agindu hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Bigarrena.

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Hala ere, Foru Dekretu honetako 5. artikuluan kuotak pagatu beharrari eta pagatu beharrik ezari buruzko neurriak argitaratu eta hilabetera aplikatuko dira.

Halaber, eranskinean ageri diren tarifa berriak, argitaratu eta hurrengo hilabetetik aurrera aplikatuko zaizkie itzuli beharreko gastuei, baldin eta 2002. urtekoak badira.

Iruñean, bi mila eta biko abuztuaren hemeretzian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Rafael Gurrea Induráin.

E R A N S K I N A

Osasun Laguntzako Zerbitzuko Erabilera Bereziko tarifak

Osasun Laguntzako Zerbitzuko Erabilera Bereziko tarifak

1. Botikak

-Osasun Sistema Nazionalak Nafarroan dituen onuradunei bezal-bezala itzuliko zaie botiken kostua (Nafarroako Foru Komunitatearen baliabideekin finantzatzen direnena barne), bai itzuli beharreko botiken zerrendari dagokionez, bai kasuan kasuko farmazia espezialitatearen eta titularraren egoeraren arabera (lanean dihardutenak eta erretiratuak edo pentsiodunak) ehunekoari dagokionez.

-Sendagilearen errezetarekin batera botikaren kupoia aurkeztu beharko da gastua itzultzeko.

2. Oinarrizko osasun laguntza

-Osasun Laguntzako Zerbitzuko Erabilera Bereziko titularrek oinarrizko osasun publikoa, Osasunbidea- Nafarroako Osasun Zerbitzuaren bidez, aukeratzen ahalko dute edo bestela pribatua, sendagileak askatasunez hautatuz. Aukera hori famili unitateko kide guztiendako bakarra izanen da.

-Oinarrizko osasun laguntza pribatua aukeratuz gero, titular eta famili unitate bakoitzari zenbateko hauek itzuliko zaizkio urtero eta justifikatu ondoren.

-Familiako medikua: 76,93 euro.

-Pediatra: 76,93 euro.

-OLT-EDU: 36,46 euro.

-Pediatriako laguntza 14 urte arte emanen da, hori barne.

3. Sendagile espezialistenganako bisitak.

Bisita bakoitzaren gastua itzuliko da, gehienez ere 27,05 euro egin arte, baldintza hauei jarraituz.

a) Kontsulta Osasun Sistema Nazionalak ofizalki aitorturiko medikuntzako espezialitate batean irekita daukaten sendagileenganako bisiten gastuak itzuliko dira bakarrik.

b) Hilabetero gehienez ere bina bisitaren gastuak itzuliko dira.

c) Sendagile espezialistak kontsultan eriari egiten dizkion proben prezioa ere itzuliko da.

4. Probak

Ospitaleratugabeko proba guztiak (analisiak, erradiografiak, entzefalogramak, etab.) kostuaren ehuneko 75ean itzuliko dira, betiere kasuan kasuko sendagileak agindu baditu eta kontsultaren itzuleran ezin sartu badira.

5. Egonaldiak ospitaleetan edo kliniketan.

-Ospitale edo klinika batean egoteagatik gehienez ere 60,10 euro pagatuko dira egunean.

-Ospitalean egoteagatik, presakoa edo unean unekoa ez bada edo ebakuntzarik egin beharrik ez badago, gehienez ere 30,05 pagatuko dira egunean.

-Ospitalean harturiko botika eta eginiko proben gastuak oso-osorik itzuliko dira.

6. Ebakuntzak

-Ebakuntzen kostu osoaren 100eko 60 itzuliko da.

-Edertu beharrez eginiko ebakuntzen gastuak ez dira itzuliko.

7. Egonaldiak Nafarroako Gobernuarenak ez diren ospitaleetan.

-Espainiako osasun zentroetan (alegia, Nafarroako Gobernuarenak ez diren horietan) sorturiko osasun gastu guztiak itzultzeko, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Prestazio eta Itun Zerbitzuko Ikuskapen Medikoak zehazten dituen prozedurei lotu beharko zaie eta hark adierazi zentroetara joan beharko da. Bestela, indarra duten tarifetan ezarriko zenbatekoak itzuliko dira bakarrik.

-Atzerriko osasun zentroetan izaniko osasun gastuak itzuli ahal izateko, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak Osasun Sistema Nazionalaren onuradunei antzeko kasuetan egin bezala eginen da.

-Aurreko bi idatz-zatietatik kanpo geldituko dira Nafarroako Foru Komunitatetik kanpoko osasun zentro publikoetan berehalako, presako eta hil edo biziko laguntzagatik izaniko osasun gastuak, oso-osorik itzuliko baitira.

Osasun zentro pribatuetan izaniko osasun gastuak ere sartuko dira, egiaztatzen bada zentro publiko baten zerbitzuak ezin izan zirela erabili.

-Aurreko idatz-zatietan xedaturikoaren arabera, osasun zentro batean izaniko gastu guztiak itzultzea bidezko bada eta gastu horiek 601,01 euro baino gehiago egiten badute, osasun zentroari itzuliko zaio zuzenean, horrela itzultzeko adostasunik egonez gero.

8. Ortopedia.

-Atal honetan arlo honetan Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren bermea osatzen duten produktu ortoprotesikoen katalogoa itzuliko da, 100eko 75ean, sendagileak aginduz gero.

-Audifonoen kostua ehuneko berean itzuliko da, unitate bakoitzeko 901,52 euro egin arte. Onuradunei audifono banaren kostua itzuliko zaie gehienez urte natural bakoitzean edo, bi belarrietarako behar badituzte, binarena.

9. Optika.

-Gehienez ere onuradunei graduaturiko bina betaurreko pareren kostua itzuliko zaizkie urtean, bakoitzean muga hauek daudela: 240,40 euro kristalen zenbatekoan eta 27,05 euro armazoiaren kostuan.

-Lentilla graduatuen gastuak, edonolakoak ere, ehuneko 75ean itzuliko dira, gehienez ere 240,40 euro egin arte urtean.

10. Odontologia

Odontologiako gastu guztietatik 100eko 60 itzuliko da, kontsultako eta kirurgiako gastuak barne.

11. Errehabilitazioa.

-Errehabilitazioko tratamenduen gastuak itzuli ahal izateko sendagile batek agindu beharko ditu eta espezializazio egokia duten osasun langileek eginen dituzte.

-Errehabilitazioko tratamenduen kostu osoaren 100eko 60 itzuliko da.

12. Osasun garraioa.

-Osasun garraioaren kostua osorik itzuliko da.

-Sendagileak agindurik, osasun garraioa erabili behar baldin bada, anbulantziaren gastuak ez ezik, beste ibilgailuenak ere (taxi, autobus, norberaren auto, eta abarrenak) itzuliko dira, eriaren gaixotasuna gaizkiagotzen ez badute.

Norberaren autoa erabiliz gero, lana dela-eta funtzionarioendako beren autoa erabiltzeagatik kilometroko ezarririkoa ordainduko da.

13. Bestelako osasun prestazioak.

-Seme-alabak izateko tratamendu laguntzadunen kostuen 100eko 60 itzuliko da.

-Ehuneko bera itzuliko da podologiako gastuengatik.

-Psikologia klinikoko kontsulta edo sesio bakoitzarengatik gehienez ere 18,03 euro pagatuko dira, gehienez ere onuradunek hiru izan ditzaketela hilabetero.

14. Osasungintzaz kanpoko gastuetarako laguntza

-Nafarroako Gobernuaren ospitaleetan tratatzerik ez egoteagatik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak Erabilera Bereziko langileek edo haren onuradunek, Foru Komunitatetik kanpoko osasun zentro batera igorriz gero, osasun gastu guztiez gain, eskubidea izanen dute joan- etorriko, ostatuko eta mantenuko gastuak oso-osorik itzul dakizkien, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko eriendako uztailaren 30eko 212/2001 Foru Dekretuan ezarririko baldintzetan.

-Kasu horietan, bere adinagatik edo arrazoi klinikoengatik, eriarekin beste pertsona batek joan behar badu, honi ere joan-etorriko, ostatuko eta mantenuko gastuak itzuliko zaizkio.

Iragarkiaren kodea: A0209368

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web