114/1997 FORU DEKRETUA, APIRILAREN 28KOA, NAFARROAKO FORU DIPUTAZIOKO ERRETIRO ETA PENTSIO KUTXAKO ZENBAIT PENTSIONISTAK FAMILI LAGUNTZA JASOTZEKO EZARRITAKO SALBUESPENAK EZABATZEN DITUENA. FORU DEKRETU HONEK 1997KO URTARRILAREN 1ETIK AURRERA IZANEN DU ERAGINA
BON N.º 54 - 05/05/1997
AZKEN XEDAPENAK
1966ko abenduaren 6ko Erabakiaren bidez (ondorioak 1967ko urtarrilaren 1etik aurrera izanik), Nafarroako Foru Diputazioak ezarri zuen bere fondoen kargura legezko jubilazio egoerara iristen ziren nomina eta plantilako langileek, jarduneko funtzionariek une horretan famili laguntza edo osagarria jasotzeko zuten eskubidea izanen zutela, zenbateko eta baldintza berberetan. Aipatu Erabakian ezarri zen, orobat, famili laguntzaren onura, langile jubilatu eta hildakoen alargunei ere emanen zitzaiela, haiek bizi ziren arteino.
Erabaki haren arabera ematen zuen, hasiera batean, legezko jubilazio egoerara iristen ziren langile guziek, salbuespenik gabe, izanen zutela famili laguntza jasotzeko eskubidea. Alabaina Foru Diputazioak berak, ondoren emandako Erabakien bidez, ezarri zituen salbuespenak langile batzuen kasuan. Konparaziora, pentsioa eguneratzeko eskubiderik gabe beren borondatez jubilatzen ziren langileei ez zitzaien aitortzen famili laguntza jasotzeko eskubiderik, jubilazio eta pentsioen hobekuntzako erregimena arautzen zuen arautegiaren interpretazioari jarraikiz. Eskubide bera ukatzen zitzaien beren jubilazioan inguruabar bereziak biltzen zituztenei.
Alarguntzagatiko pentsionisten kasuan, berriz, bazirudien famili laguntza jasotzeko eskubide guzia zutela, salbuespenik gabe, 1996ko abenduaren 6ko Erabakiaren arabera, baina aipatu onuraren eskubidea ukatu zaien alarguntzagatiko pentsionistak izan, badira; batzuetan Nafarroako Foru Komuniatateko Administrazioaren eremuan indarra zuten pentsioen bateraezintasunari buruzko arauak, urte hauetan aldatu direnak, aplikatzeagatik; beste batzuetan, berriz, alarguntzagatiko pentsioaren jatorria zen ezkontidearen jubilazioko inguruabarrak zirela medio.
Aurreko guziaren ondorioz, jubilazio eta alarguntzagatiko pentsionista gutxi batzuei ez zaie aitortzen famili laguntzaren onura. Foru Administrazio honek uste du famili laguntza emateko irizpideak -direlako gorabeheretan zehatzegiak ez direnak- berrikusi behar direla eta, hortaz, aipatu onura Nafarroako Foru Diputazioko Erretiro eta Pentsio Kutxako jubilazio eta alarguntzagatiko pentsionista guziei, salbuespenik gabe, zabaldu behar zaiela.
Horrenbestez, Lehendakaritza eta Barne kontseilariak proposatutakoari jarraikiz eta Nafarroako Gobernuak apirilaren hogeita zortzian hartutako Erabakiaren arabera,
DEKRETATU DUT:
Nafarroako Foru Diputazioko Erretiro eta Pentsio Kutxaren kargura diren jubilazio eta alarguntzagatiko pentsionistek, egun famili laguntzaren asignaziorik jasotzen ez badute, laguntza hori jasotzeko eskubidea izanen dute arauz ezarritako zenbatekoan, famili egoeraren arabera. Ondorioak 1997ko urtarrilaren 1etik aurrera sortuko dira.
AZKEN XEDAPENAK
Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra. Bere ondorio ekonomikoak 1997ko urtarrilaren 1etik aurrera sortuko dira.
Lehendakaritza eta Barne kontseilariari ahalmena ematen zaio Foru Dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.
Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hamazazpiko apirilaren hogeita zortzian.-Nafarroako Gobernuko Lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Lehendakaritza eta Barne kontseilaria, Rafael Gurrea Induráin.
Iragarkiaren kodea: A9703893