(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

672/1996 FORU DEKRETUA, ABENDUAREN 16KOA, ARGA, ULTZAMA ETA MEDIANO IBAIEN ARROETAN SALMONIDOEN ARRANTZA ANTOLATZEKO PLANA ONESTEN DUENA

BON N.º 5 - 10/01/1997



  XEDAPEN GEHIGARRIA


  AZKEN XEDAPENAK

  ERASKINA. Arga, Ultzama eta Mediano Ibaietako Salmonidoen Arrantza Antolatzeko Planaren Laburpena


Atariko

Abenduaren 27ko 389/1993 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako salmonidoen arrantzaren plangintza egiteko oinarrizko tresnak ezarri ziren, espezie horiek taxuz probetxatu eta aldi berean horien mantenimendua eta ugaltzea ziurtatzeko, bai egun eta bai heldu diren urteetan.

Arrantzaren plangintzarako tresnak dira Salmonidoen Arrantza Antolatzeko Plan Gidaria eta hori garatzeko egin diren ibai nagusietako eta horien adarretako salmonidoen arrantza antolatzeko planak. Aipatu Foru Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian aurreikusten da, besteak beste, Arga, Ultzama eta Mediano ibaietako Arrantza Antolatzeko Plana.

Plan Gidaria, salmonidoen arrantza antolatzeko baliabide behinena dena, uztailaren 3ko 157/1995 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Irailaren 17ko 1013/1996 Foru Aginduaren bidez, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak jendaurrean jarrarazi zuen Arga, Ultzama eta Mediano ibaien arroetako Salmonidoen Arrantza Antolatzeko Planaren proiektua. Planaren Proiektua Arrantzaren Batzorde Aholku-emailearen eta Nafarroako Ingurugiroaren Kontseiluaren eskura utzi da, eta horiek edukiari buruzko adostasun txostena eman dute.

Horrenbestean, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposatuta eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hamaseiko abenduaren hamaseian egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra

1. Arga, Ultzama eta Mediano ibaien arroetan Salmonidoen Arrantza Antolatzeko Plana, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak prestatu duena, onestea.

2. Plan horren egitura honako hau da:

I. Sarrera.

II. Planaren helburuak.

III. Planak hartzen duen esparrua.

IV. Arrain komunitatearen egitura.

V. Amuarrain arruntaren populazioen dinamika.

VI. Egungo egoerari buruzko diagnosia.

VII. Kudeaketa eta probetxamendu plana.

VIII. Baliabide materialak eta inbertsioak.

IX. Indarraldia.

XEDAPEN GEHIGARRIA

XEDAPEN GEHIGARRIA

Orok jakin dezan, Arga, Ultzama eta Mediano ibaien arroetan Salmonidoen Arrantza Antolatzeko Planaren laburpena argitara ematen da, Foru Dekretu honen eraskin gisa. Nolanahi ere, edozein pertsonak zilegi izanen du Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan Arga, Ultzama eta Mediano ibaien arroetan Arrantza Antolatzeko Planaren kopia osoa kontsultatu eta eskuratzea.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena

Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari baimena ematen zaio Foru Dekretu hau betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.

Bigarrena

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hamaseiko abenduaren hamaseian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, Yolanda Barcina Angulo.

ERASKINA. Arga, Ultzama eta Mediano Ibaietako Salmonidoen Arrantza Antolatzeko Planaren Laburpena

ERASKINA

I. Planaren helburuak.

Hona hemen Arga, Ultzama eta Mediano ibaien arroetan Salmonidoen Arrantza Antolatzeko Planaren helburuak:

A) Amuarrain arrunten populazioen egoerari buruzko diagnostikoa egitea.

B) Salmonidoen garapenerako behar diren habitataren kalitate-baldintzak eta ibai-tarte desberdinetako ahalmenak ezartzea.

C) Planak hartzen dituen ibai-erreketan zonifikazio bat egitea, arrantzari dagokionez.

D) Eremu bakoitzeko arrantza erabilpena zehaztea.

II. Planak hartzen duen esparrua.

Plan hau Arga ibaiaren arroan kokatzen da eta ibai horren eta bere ibai-adarren, hots Ultzama eta Mediano, eremu salmonikola hartzen du.

Aipatu tarte horiez gain, Ubagua ibaia eta hartara datozen ur guztiak ere sartu dira, bigarren mailako ubideak baitira.

Arga ibaiaren hasierako 38,7 km-etan salmonidoak bizitzeko baldintza onak ditugu. Tarte horretan, 178 km2ko arroaren urak biltzen ditu. Urteko batezbesteko modulua 3,36 km3/sg-koa da Eugin eta 7,18 km3/sg-koa Uharten. Ultzama ibaia 36,7 kilometro luze da eta 194 km2-ko arroa hartzen du. Urteko batezbesteko modulua 8,48 m3/sg-koa da. Mediano ibaia, bestalde, 13,1 kilometro luze da eta 76 km2-ko arroa hartzen du. Urteko batezbesteko modulua 2,16 m3/sg-koa.

III. Kudeaketa plana.

3.1. Habitata. Zainketa eta mantenimendua.

Plan honen irizpideei jarraikiz, bi lan ildo zehaztu dira:

-Egun egoera egokian izanik, ibaiaren ahalmenaren adinako populazioak dituzten ibai-tarteak zaindu eta mantentzea.

-Ibaiaren ahalmenaz beheitiko populazioak dituzten ibai-tarte degradatuak beren onera ekartzea.

3.1.1. Ubide eta bazterren zainketa eta mantenimendua.

A) Zaindu beharreko ur-tarteak:

-Arga ibaiaren arroa:

Eugiko urtegitik gorako tartea.

Tarte horretara datozen erreka eta latsak: Preseta, Olazar, Ezolezaga, Baserdi, Erdizaga, Ilungoz, Suriain eta Subarrondi.

Eugiko presatik Zubiriraino doan Arga ibaiaren tartea.

Etxaroko erreka Zilbetitik gora, Lizartzu eta Urdangogietako errekak barne.

Ubagua ibaia, Riezuko iturburutik Riezuraino.

Inarozko errekaren goi-ibarra, Lezaunera arte.

-Ultzama ibaiaren arroa.

Ultzama ibaia, Belateko tunelaren hegoaldeko ahotik gora.

Zaldazain, Espeletekoerreka, Irague, Labato eta Osamendiko erreka-adarrak.

Mediano ibaiaren arroa.

Mediano ibaia, Lantzetik gora.

Eltzarrain eta Errekabeltzeko erreka-adarrak. Azken horren beheko tarterako ere errestaurazio plan bat eginen da.

B) Jarduketa programak.

Habitataren egungo baldintzak bere horretan utziko dira, alderdi morfometrikoari, granulometrikoari nola morfodinamikoari dagokionez, habitata aztertzen duen kapituluan adierazten diren irizpideei jarraikiz.

Ibaibidean zein bazterretan egiten diren jarduketak, baita zona horiek ukitzen dituztenak ere, Nafarroako Salmonidoen Arrantza Antolatzeko Plana onetsi zuen uztailaren 3ko 157/1995 Foru Dekretuaren eraskinaren 4. artikuluan aurreikusitako arauei lotuko zaizkie.

Mediano ibaian egin zen Belateko presaren kontzesioa bertan behera uztea eskatuko da, eta bidezko bada, hura bota behar ote den aztertuko.

Magnesita harrobitik Erosetako zubira bitarteko Arga ibaiaren tartean, harrobiak eta errepideko obrak kalteturiko bazterrak bere onera ekartzeko lanak eginen dira, bazterrak garbitu, ibaiertzen neurriak aztertu eta inguruetan espezie autonomoak landatu.

Eugiko presa eta Zubiri bitarteko Arga ibaiaren tartean, Eugiko urtegiko presaren ur-emariaren segimendu programa ezarriko da, honako hauek aztertzeko:

1. Eugiko urtegiaren emaria erregulatzeko kontrola, 0,5 m3/sg-tik beheitikoa izan ez dadin.

2. Naturak eragiten ez dituen emariaren gora-beherak kontrolatzea.

3. Uraren tenperatura eta horren aldaketa kontrolatzea.

Hondoa garbitzeko lanak, Eugiko urtegiaren mantenimendurako oso beharrezkoak badira ere, ez dira amuarrainak ugaltzeko aldian eginen, ez eta arrainkumeen bizitzaren lehenbiziko hilabeteetan ere (azaroa-maiatza), ezinbesteko kasuetan izan ezik.

Urtegian termoklina dagoen hilabeteetan, urtegia husteko balbularen probak, ahal izanez gero, lehorrean eginen dira.

Ibaitarte horretan berean, Saigotsetik gora, errepidea egiteko ezpondak ukitzen duen ibaiaren eskuineko bazterrean, landare zerrenda bat paratuko da, ehun metro luze ingurukoa.

3.1.2. Uraren kalitatea.

Nafarroako Ibaien Saneamendurako Plan Gidarian ezarritako helburuak bere egiten ditu Plan honek. Izan ere, plan gidari horretan uren kalitate maila egokia ezarri da salmonidoentzat, arrantza antolatzeko plan honen aplikazio esparru osoan.

3.1.3. Ibaiak beren onera ekartzeko jarduketa.

Ibaiak beren onera ekartzeko planak behar dituzten tarte guztietan, orohar, honako neurri hauek hartuko dira:

-Ibaibideen lur-neurketa eta mugaketa egitea eta uren jabetza publikoa mugatzea.

-Jabetza publikoaren eremuan, eskualde horretan hazi daitezkeen landare espezie autoktonoak landatzea.

-Herrietako hobi septikoak egoki erabil daitezen begiratzea eta kontrolatzea eta industri isurkien eta uren tratamendu sistemen kontrola aldizka egitea.

-Ibaibideak eta bazterrak garbitu eta bazterreko landareak zaintzeko aldizkako plan bat abian jartzea eta koordinatzea.

-Eskualde salmonikola mistoko tarteetan, horien degradazioa ekar dezaketen jarduketak ez dira baimenduko.

-Orohar, ura ematen duten presetan garantiako ur-emariak edo ekologikoak ezartzera joko da. Ur emari horiek abenduaren 20ko 344/1990 eta maiatzaren 23ko 400/1991 foru dekretuetan ezarritakoa bete beharko dute.

Tarte bakoitzerako aipatu diren afekzio partikularrekin bat, honako jarduketa hauek eginen dira:

A) Arga ibaiaren arroa.

A.1. Arga ibaia, Zubiritik Zuriango presaraino:

Uraren kalitatearen kontrola egitea eta hobetzea, salmonidoen kalitatea ere hobetzearren. Zubiriko eta inguruko herri txikietako hiri-isurkinen kontrola eginen da.

Magnesitas de Navarra-ren hondakindegiak finkatzea eta urak daramatzan gauzen, isurketen eta ur-gainean gelditzen den materia organikoaren kontrola egitea.

Bazterrak garbitu eta neurtzea eta ibaiertzetan landareak sartzea Magnesitas-etik behera, 1.200 metro inguruko tartean.

Ibaiertzetako landare zerrenda hobetzea, tarte osoan.

Zuriango presan eskala bat egiteko behar diren neurriak hartuko dira.

Urdanizko errotan eta Larrasoañan eskalak egin edo, bestela, hango presak kendu edo maila jaisteko behar diren neurriak hartuko dira.

A.2. Arga ibaia, Zuriango presatik Uhartera:

Jabetza publikoaren eremuko ibai-bazterretan landareak jartzea.

Zabaldikako zentraleko presan arrainendako eskala bat egitea eta gutxieneko ur-emari zirkulantea ezartzea, arrain populazioak mantentzeko adinakoa.

A.3. Etxaroko erreka, Zilbetitik behera.

Uraren kalitatea hobetzea, salmonidoen kalitatea ere hobetzearren.

Zilbetiko hobi septikoa aztertzea eta segimendua egitea.

Zilbeti inguruan abereek eragiten duten presioa kontrolatzea eta, horrekin batera, azienda erreka-bidean sar dadin galaraztea.

A.4. Ubagua ibaia. Riezutik Allozko urtegiraino.

Riezuko arrain-haztegian ura arazteko sistema bat instalatzeko behar diren neurriak hartuko dira.

Riezuko hondakin urak arazteko sistema bat instalatzeko behar diren neurriak hartuko dira, kanpinekoak barne.

B) Ultzama ibaiaren arroa.

B.1. Ultzama ibaia, tunelaren hegoko ahotik Arraitzeraino:

Tunela egiteko eta N-121 errepidea hobetzeko obrak bukatutakoan, ibaiaren egoeraren azterketa egitea eta neurri zuzentzaileen plan bat prestatzea.

B.2. Ultzama ibaia, Arraitzetik Erripako presaraino:

Uraren kalitatea hobetzea, salmonidoen kalitatea ere hobetzearren. Horretarako, honakoa egin beharra dago: 1) Abeltegien inbentario eguneratua egitea, hango hondakinen kontrola eta horiek desagertarazteko plan bat prestatzea. 2) Azalera unitate bakoitzaren azienda-karga kontrolatzea, Europako Elkarteen Kontseilu Ikuskatzailearen 89/C 54/04 Zuzentarauaren arabera. 3) Azienda ibaibidean sar dadin galaraztea eta, halaber, ibai-bazterretako basoak abaroan egoteko erabil ditzaten. 4) Ahal delarik, azienda abaroan egoteko eremuak sortzea, ibaibidetik urrun.

-DANONE enpresa izandakoak erabilitako tokian ezar daitezkeen industria berrien jardunaren eta horien isurkien kontrola egitea.

-Belateko obrak bukatutakoan, ibaiaren egoera aztertzea eta, behar balitz, neurri zuzentzaileak aplikatzea, ongi begiratuz arrainen errulekuak eta ugaltzeko tarteak lurrez estaltzen ote diren.

Jabetza publikoaren eremuko ibai-bazterretan landareak jartzea.

Ziaurrizko zentraleko presa, Erripakoa alegia, dagoen bezala uztea, hau da eskalarik gabe, Ultzama ibaiaren goialdeko eskualde salmonikolaren eta eskualde salmonikola mistoaren arteko muga fisikoa izan dadin.

B.3. Ultzama ibaia, Erripako presatik Soraurenera:

Aziendak sorturiko kutsadura tratatzeko neurri berberak aplikatzea eta, halaber, ibai-bazterretan landare zerrenda bat jartzea.

B.4. Arkil ibaia:

Uraren kalitatea hobetzea eta, horretarako, abeltzaintza eta aziendaren hondakinak kontrolatzeko neurri berberak hartuko dira.

Eltzaburuko harrobiaren jarduna kontrolatzea eta ibaiaren ur gainean gelditzen den materia organikoa desagertu edo gutxitzeko neurriak hartzea.

Uren jabetza publikoaren eremuko ibai-bazterretan landareak jartzea.

B.5. Alkomorroko erreka eta Errekaberoa.

Uraren kalitateari eta ibai-bazterren tratamenduari dagokienez, Ultzama osoan aplikatuko diren neurri berberak eta, Auza eta Ilarregi artean, Alkomorroko errekaren bi harri-lubetetan espezie autoktonoak (sahatsa eta haltza) ziriztatzea.

C) Mediano ibaiaren arroa.

C.1. Mediano ibaia, Lantzetik Burutaingo presaraino.

Uraren kalitatea hobetzea, salmonidoen kalitatea ere hobetzearren.

Azienda karga kontrolatzea eta haien hondakinak deuseztatzeko plan bat prestatzea; azienda ibai-inguruan sar ez dadin kontrolatzea.

Jabetza publikoaren eremuko ibai-bazterretan landareak jartzea.

Olagueko presaren kontzesioa iraungiteko eskaera egitea, bidezko bada, eta hura bota behar ote den aztertzea.

Burutaingo presa dagoen bezala uztea, hau da eskalarik gabe, goialdeko eskualde salmonikolaren eta Mediano ibaiko eskualde salmonikola mistoaren arteko muga fisikoa izan dadin.

C.2. Mediano ibaia, Burutaingo presatik Ultzama ibaira.

Burutaingo zerri haztegiaren isurkiak kontrolatzea.

Burutaingo harri-lubetaren goiko aldean, ibai-bazterretako espezieak landatzea.

C.3. Errekabeltza, erdiko eta beheko tarteak:

Uraren kalitatea hobetzea, salmonidoen kalitatea ere hobetzearren.

Azienda karga kontrolatzea eta haien hondakinak deuseztatzeko plan bat prestatzea; azienda ibai-inguruan sar ez dadin kontrolatzea.

3.2. Amuarrainen erreserba genetikoa.

Salmonidoen Arrantza Antolatzeko Plan Gidariarekin bat etorriz, eta beti ere hortxe zehazten diren baldintzetan, honako toki hauek deklaratu dira basa amuarrainentzako erreserba genetikoak:

A) Arga ibaiaren arroa.

Presetako erreka

Olazarko erreka, Urzelgo plaza txikitik gora.

Erdizagako erreka

Baserdiko erreka

Suriaingo erreka

Subarrondiko erreka

Ilungozko erreka

Lizartzuko erreka

Urdangogietako erreka

B) Ultzama ibaiaren arroa.

Espeletekoerreka

Iragueko erreka

C) Mediano ibaiaren arroa

Eltzarraingo erreka

Plan hau onetsi eta bi urteko epean populazio horien ezaugarri genetikoen azterketa egin beharko da, aipatu tokiak erreserba genetikoen zerrendan berresteko edo, bestela, handik ateratzeko.

3.3. Ugalketarako eremuak.

Plan honek indarra duen artean, honako ibaitarte eta errekak ugalketa eremu iraunkorrak izanen dira eta, hortaz, arrantza egitea debekatua izanen dute:

A) Arga ibaiaren arroa.

Arga ibaia: Presetako errekarekin bat egiten duen tokitik gorako tarte osoa eta handik gorako ibai-adar guztiak. L = 10 km; S = 2,0 Ha; arrantzarako balioa: oso altua; atera daitekeen arrain kopurua, gehienez: 6.000 arrainkume.

Presetako erreka: erreka osoa eta adar guztiak. L = 1,8 km; S = 0,18 Ha; Arrantzarako balioa: altua; atera daitekeen arrain kopurua, gehienez: 360 arrainkume.

Olazarko erreka: Urzelgo plazatxotik gorako tartea eta adar guztiak. L = 1,2 km; S = 0,3 Ha; Arrantzarako balioa: ezin hobea; atera daitekeen arrain kopurua, gehienez; 600 arrainkume.

Erdizagako erreka: erreka osoa eta adar guztiak. L = 2,6 km; S = 0,39 Ha; Arrantzarako balioa: ezin hobea; atera daitekeen arrain kopurua, gehienez: 1.170 arrainkume.

Baserdiko erreka: erreka osoa eta adar guztiak. L = 2,0 km; S = 0,3 Ha; Arrantzarako balioa: ezin hobea; atera daitekeen arrain kopurua, gehienez: 450 arrainkume.

Suriaingo erreka: erreka osoa eta adar guztiak. L = 4,2 km; S = 0,8 Ha; Arrantzarako balioa: ezin hobea; atera daitekeen arrain kopurua, gehienez: 1.600 arrainkume.

Urdangogietako erreka: Lizartzuko errekarekin bat egiten duen tokitik gorako tartea eta adar guztiak. L = 2,0 km; S = 0,56 Ha; Arrantzarako balioa: altua; atera daitekeen arrain kopurua, gehienez: 1.100 arrainkume.

Lizartzuko erreka: erreka osoa eta adar guztiak. L = 1,2 km; S = 0,12 Ha; Arrantzarako balioa: ertaina; atera daitekeen arrain kopurua, gehienez: 120 arrainkume.

B) Ultzama ibaiaren arroa.

Ultzama ibaia: N-121 errepideko zubitik (Arraizko bentak) gorako tarte osoa eta tarte horretara doazen adar guztiak. L = 5,0 km; S = 1,45 Ha; Arrantzarako balioa: ezin hobea; atera daitekeen arrain kopurua, gehienez: 4.300 arrainkume.

Zaldazaingo erreka: zintzurretik gorako tarte osoa. L = 4,5 Km; S = 0,99 Ha; Arrantzarako balioa: ezin hobea; atera daitekeen arrain kopurua, gehienez: 2.970 arrainkume.

Espeletekoerreka: erreka osoa eta adar guztiak. L = 3,0 km; S = 0,72 Ha; Arrantzarako balioa: ezin hobea; atera daitekeen arrain kopurua, gehienez: 2.160 arrainkume.

Osamendiko erreka: erreka osoa eta adar guztiak. L = 3,2 km; S = 0,77 Ha; Arrantzarako balioa: ezin hobea; atera daitekeen arrain kopurua, gehienez: 2.300 arrainkume.

C) Mediano ibiaiaren arroa:

Eltzarraingo erreka: erreka osoa eta adar guztiak. L = 4,5 km; S = 1,35 Ha; Arrantzarako balioa: ezin hobea; atera daitekeen arrain kopurua, gehienez: 4.000 arrainkume.

Errekabeltz: erreka osoa eta adar guztiak. L = 6,5 km; S = 1,3 Ha; Arrantzarako balioa: altua; atera daitekeen arrain kopurua, gehienez: 2.600 arrainkume.

3.4. Aldi bateko arrantza debekuak.

Ultzama ibaiaren arroa:

Ultzama ibaia: N-121 errepideko zubitik (Arraizko bentak) Zaldazaingo errekarekin bat egiten duen tokira arteko zatia arrantzarako toki debekatua izanen da errepideko eta Belateko tuneleko obrak amaitu arte, behinik behin.

3.5. Zoni fikazioa.

3.5.1. Barrutiak.

A) Eugiko arrantza barruti naturala.

Arga ibaia, Eugiko urtegiko presaren azpitik Zubiriko burdinazko zubira arteko tartea, 6,5 kilometro luze dena. Ingurunearen egoera (uraren kalitatea eta habitata) ona edo oso ona izaten da. Noizean behin, amuarrainen populazio handiak edo oso handiak har ditzake eta horien urteko ugalketa garbia 300 Kg/Ha/urtekotik gorakoa izan daiteke.

Bi tarte bereizten dira: arrantza normalerako tartea, tarte osoaren %75 hartzen duena gehienez eta, gainerakoa, hil gabeko arrantzarako erabiliko dena. Nafarroako Salmonidoen Arrantza Antolatzeko Planaren arabera, tarte hori aldatu ahalko da, txandaka, baina tarte bakoitzean hiru urtez egon beharko du indarrean, bederen. Arrantza normalerako tartean hamabi baimen eman ahalko dira, gehienez, egunerako eta hil gabeko arrantzarakoan, lau.

Hil gabeko arrantzarako tartean amu artifizialak baino ez dira erabiliko, gako batekoak eta harrapakinak ez dira hilko. Harrapakin guztiak, espeziea eta neurria zeinahi delarik ere, ibaira itzuli beharko dira, lehenbailehen, eta ahalik eta kalte txikiena eginen zaie.

B) Eugiko urtegia.

Eugiko urtegiak 121 hektarea hartzen ditu. Bazterren perimetroa zortzi kilometro ingurukoa da.

Amuarrainen populazioaren dentsitatea eta egitura oso ezaguna ez bada ere, badakigu haien dinamika urtegia-goi ibarreko errekak sistemari oso lotuta dagoela. Ugaltzeko migrazio prozesuak izaten dira urez goiti, urtegitik erreketara, eta urez beherako prozesu trofikoak ere izaten dira, erreketatik urtegira, arrain heldu edo heldu samarrek egiten dituztenak, alegia.

Urtegia babestu beharra (ingurunea eta ura bera), ura bildu eta hornitzeko egin baitzen, eta arrantzarako duen potentzialitatea bateragarriak dira, espezieak ugaltzeko potentziala eragotzi gabe, ibaien eta ibaiadarren emaile baita. Horregatik, Confederación Hidrográfica del Ebro eta Iruñerriko Mankomunitatearen adostasuna beharko da.

Horrela balitz, urtegiko arrantza baliabideen probetxamendua mugatu egin beharko litzateke, arrantzaren presioa eta arrantza moduak kontrolatuz.

Arrantza barruti bat egin beharko litzateke, honako funtzionamendu arauak izanen lituzkeena:

-Amuak: euli artifizialak baino ez, mota guztietakoak.

-Kupoa: hil gabeko arrantza sustatuko litzateke. Edozein modutan, hiru amuarrain baino gehiago hartzea debekatuko da.

-Gutxieneko neurria: neurri handieneko harrapakinak aprobetxatzea sustatuko da (sariko arrainak). Horretarako, harrapakinen gutxieneko neurria ezarriko litzateke (35 cm).

-Arrantza moduak eta baimen kopurua: motorerik gabeko ontzietatik edo bazterretako toki finkoetatik egitea onartuko litzateke. Ontzietatik egiteko 12 arrantza baimen emanen lirateke, eta bazterretako toki finkoetatik egiteko 15 baimen.

-Mugak: urtegiaren erabilera behinena, uren kalitatea eta amuarrainen populazioa gorde eta bermatzeko asmoz, honako muga arau hauek ezarriko lirateke: 1) Motorerik gabeko ontziak baino ez dira erabiliko. 2) Bazterretako arrantza tokiak finkoak izanen dira eta, horietatik kanpora, ezin izanen da bazterretatik iragan. 3) Ezin izanen da uretan sartu arrantza egiteko. Uretan sartzeko botak erabiltzea debekatuko da. 4) Amu naturalak erabiltzea debekatuko da. 5) Zenbait tokitan ezinen da arrantza egin, hots, presaren inguruan, urtegiaren bukaera aldean eta errekak urtegiratzen diren tokietan.

Populazioaren kontrola: urtegiko harrapakinen kontrol arrunta eginen litzateke, baita halaber, ugalketaren urteroko emaitzena eta 0+ motaren egoerarena ere, bai Arga ibaian bai urtegira datozen ibaiadarretan. Parametro horiek aztertzea erabakigarria izanen da urtegiko amuarrainen populazioaren aprobetxamenduak arautze aldera.

C) Arga ibaiaren barruti intentsiboa.

Akerretako zubitik Uharteko Zokorenako presaren artean dagoen Arga ibaiaren tartea, 7,5 kilometro dituena. Arga ibaiaren eskualde salmonikola mistoan sartzen da, ur salmonikola eta ziprinikolen arteko transizio eremuan kokatua, goiko kilometroa izan ezik, goiko eskualde salmonikolan kokatzen baita. Uraren kalitatearen eta habitataren egoera ertaina edo ona da eta tarte gehienean amuarrainen populazio naturalak har ditzake, dentsitate ertain-baxukoak. Urteko produkzioa baxua da, urteko 30-50 Kg/Ha ingurukoa.

Egunero, hogeita hamar arrantzale onartuko dira gehienez. Arrantzaldia arauteriak arro horretarako ezartzen duen egunean hasiko da eta urriaren 31n bukatuko, beranduenik.

Amuarrain haztegietatik ekarritako amuarrain arruntekin mantenduko da, Nafarroako Gobernuaren haztegietan dauden motakoak. Haztearekin batera, amuarrainen osasun kalitatea ere bermatu beharko da eta, ezaugarri fisiko eta morfologikoei dagokienez, ahalik eta arrain onenak lortzeko ahaleginak eginen dira.

Behar diren baliabideak jarriko dira, Plan hau onetsi eta bi urteko epean, barruti intentsiboa arrain trisomiko antzuekin mantentzeko.

Tarte horretan urtero askatu behar diren arrainen kopurua eta mantenimenduaren maiztasuna arrantza barrutiko funtzionamenduaren beharren eta ustiapenaren erritmoaren araberakoak izanen dira. Arrantzaren emaitzen kontrola eginen da astero edo hamabostero eta horren arabera eginen da mantenimendua.

3.5.2. Tarte libreak.

Plan honek hartzen duen esparruko ibai eta erreka guztiak, arrantzarako toki debekatuak edo arrantza barrutiak ez direnak, arrantza librerako tarteak izanen dira, Salmonidoen Arrantza Antolatzeko Plan Gidarian ezarritakoaren arabera.

Orohar, Salmonidoen Arrantza Antolatzeko Plan Gidarian arrantza arautzeko ezartzen diren ildoak nahikoak dira tarte horietako produkzio naturalaren araberako baliabideen probetxamendua bermatzeko.

Arrantzarako egunak, harrapakinen gutxieneko neurriak, kupoak eta amuak Nafarroako Salmonidoen Arrantza Antolatzeko Plan Gidarian ezarritakoaren araberakoak izanen dira.

IV. Indarraldia.

Plan honen indarraldia muga gabekoa da. Dena den, indarra hartu eta zortzi urtera berraztertuko da.

Iragarkiaren kodea: A9610695

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web