(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

309/1996 FORU DEKRETUA, IRAILAREN 2KOA, ARAKIL IBAIAREN ARROAN SALMONIDOEN ARRANTZA ANTOLATZEKO PLANA ONESTEN DUENA

BON N.º 111 - 13/09/1996



  AZKEN XEDAPENAK

  ERASKINA. Arakil ibaiaren Arroan Salmonidoen Arrantza Antolatzeko Planaren Laburpena


Atariko

Abenduaren 27ko 389/1993 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako salmonidoen arrantzaren plangintza egiteko oinarrizko tresnak ezarri ziren, espezie horiek taxuz probetxatu eta aldi berean horien mantenimendua eta ugaltzea ziurtatzeko, bai egun eta bai heldu diren urteetan.

Arrantzaren plangintzarako tresnak dira Salmonidoen Arrantza Antolatzeko Plan Gidaria eta horren garapena diren ibai nagusietako eta horien adarretako Salmonidoen Arrantza Antolatzeko Planak. Aipatu Foru Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian aurreikusten da, besteak beste, Arakil-Larraun-Basaburua ibaietako Arrantza Antolatzeko Plana.

Plan Gidaria, salmonidoen arrantza antolatzeko baliabide behinena dena, uztailaren 3ko 157/1995 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Apirilaren 19ko 302/1996 Foru Aginduaren bidez, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak jendaurrean jarrarazi zuen Arakil ibaiaren arroko Salmonidoen Arrantza Antolatzeko Planaren proiektua. Planaren Proiektua Arrantzaren Batzorde Aholku-emailearen eta Nafarroako Ingurugiroaren Kontseiluaren eskura utzi da, eta horiek edukiari buruzko txostena eman dute.

Horrenbestean, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposatuta eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hamaseiko irailaren biko bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra

1. Arakil ibaiaren arroan Salmonidoen Arrantza Antolatzeko Plana, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak prestatu duena, onestea.

2. Plan horren egitura honako hau da:

I. Sarrera.

II. Planaren helburuak.

III. Planak hartzen duen esparrua.

IV. Arrain komunitatearen egitura.

V. Amuarrain arruntaren populazio-dinamika.

VI. Egungo egoerari buruzko diagnosia.

VII. Kudeaketa plana.

VIII. Baliabide materialak eta inbertsioak.

IX. Indarraldia.

3. Orok jakin dezan, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da Arakil ibaiaren arroan Salmonidoen Arrantza Antolatzeko Planaren laburpena, Foru Dekretu honen eraskin gisa doana. Nolanahi ere, edozein pertsonak zilegi izanen du Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan Arakil ibaiaren arroan Arrantza Antolatzeko Planaren kopia osoa kontsultatu eta eskuratzea.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena

Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari baimena ematen zaio Foru Dekretu hau garatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Bigarrena

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hamaseiko irailaren bian.-Nafarroako Gobernuko lehendakariordea, Juan Cruz Alli Aranguren.-Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, Javier del Castillo Bandrés.

ERASKINA. Arakil ibaiaren Arroan Salmonidoen Arrantza Antolatzeko Planaren Laburpena

ERASKINA

I.-Helburuak.

A) Arakil ibaiaren arroan Salmonidoen Arrantza Antolatzeko Planaren helburua da amuarrain populazioen egoerari buruzko diagnostiko bat egitea.

B) Salmonidoen garapenerako behar den habitataren kalitate-baldintzak eta ibai-tarte desberdinetako ahalmenak ezartzea.

C) Arroko ibai-erreketan zonifikazio bat egitea, arrantzari dagokionean.

D) Eremu bakoitzeko arrantza erabilpena zehaztea.

II.-Planak hartzen duen esparrua

Plan honek Arakil ibaiaren arroa hartzen du, Foru Komunitateko mugen barrenean. Arroaren azalera, guztira, 1.034 km²-koa da, horietatik 927 Nafarroaren barrenean daudelarik. Arakil ibaiak 70en bat kilometro egiten ditu Foru Komunitatean. Sakana zeharkatzen du, bai eta Iruñerriaren mendebaldeko zatia ere. Erregimen plubio-nibala du, negualdean ur haundia izaten delarik, gorabehera handiekin negutik udarara. Urteetako batez bestekoa 31'2 m3/s-koa da Asiainen. Bi ibaiadar nagusi ditu: Larraun ibaia, 19 km-ko luzerarekin izen bereko ibarrean barna dabilena eta Izurdiagako amaieratik hurbil 7'7 m3/s daramatzana; eta Basaburua ibaia, aipatu Larraun horren ibaiadarra dena, batez beste 2'3 m3/s-ko ur emaria duena. Bi ibaiadarren erregimena plubial-ozeanikoa da, agorraldi apal eta jasangarriak dituena.

III.-Kudeaketa plana.

Arlo desberdinei buruz egindako azterlanak eta gaur egungo egoeraren diagnostikoa abiapuntutzat hartuz, lan honen azken helburua arrantza antolatzeko plan bat prestatzea da, horren bidez zehazteko habitataren erabilpenean eta arrantza-baliabideen kudeaketa eta ustiapenean kontutan hartu beharreko jarraibideak.

3.1. Habitata.

Planaren lerro nagusiak, habitatari dagokionez, bi printzipio hauetan oinarritzen dira:

-Egoera onean dauden habitatak (ibaibide eta urbazterrak) zaindu eta mantentzea, urbazterreko landaretzaren kalitate eta barietateari, ibaibidearen egoera naturalari eta uraren egoera fisiko-kimiko egokiei dagokienez.

-Uraren kalitatearen, ibaibidearen eta urbazterren egoeraren parametro desberdinei dagokienez, degradatutako habitatak beren onera ekartzea.

3.1.1. Zainketa eta mantenimendua.

A) Ibaibide eta ibaiertzei buruz:

Urtero jarduketa programa bat ezarriko da urbazterren eta, oro har, ibaibideen mantenimendurako. Jarduketa horiek ibaibideak garbitzeko izanen dira bereziki (zaborrak edo sasi multzoak kentzea edo ur gaineko enborrak, ura ibiltzeko eragozpen handia egiten badute), ibaiertzetan inoiz edo behin isuritako hondakin edo zaborrak erretiratzea, eta higadura aktiboa jasaten duten ibaiertzetako sendotze puntualak.

B) Uraren kalitatea - Kutsadura:

Nafarroako Ibaien Saneamendurako Plan Gidarian ezarritako helburuak oro har jaso dira. Dena dela, Nafarroako Gobernuari proposamena eginen zaio aipatu plan horretan beste helburu bat sartzeko, hain zuzen ere Arakil ibaiaren arroko ur guztietan salmonidoentzako egokia izanen den kalitate maila lortzea.

Abeltzaintzara emanak dauden ibarretan (Basaburua garaia, Imotz, Ergoiena, e.a.), lurraren erabilerak berekin dakarren kutsadura apaltzeko araudi bat eta jarduketa plan bat ezarriko dira. Aipatu planak kasu eginen die bereziki gorotz eta mindaz egindako ongarritze lanei eta ibai-erreketara libreki hurbiltzen diren abereei.

Arrai-haztegiek Anotzen (Udarbe ibaia, Nafarroako Gobernua), Arraratsen (Artius ibaia, merkataritzako pribatua) eta Urritzan (Larraun ibaia, merkataritzako pribatua)hartzen dituzten ibai-tarteetan, uraren eta ingurunearen kalitatea instalazioen goitiko eta beheitiko aldeetan kontrolatzeko programa bat ezarriko da, parametro fisiko-kimiko eta sanitarioen aldizkako analisiekin. Instalazio horiek ura arazteko sistemak izan beharko dituzte, indarra duten legezko arauei egokitzeko. Isurketen erregistro liburu bat jarriko da, arazketa sistemak kontrolatzeko.

3.1.2. Habitata bere onera ekartzea.

Gaur egun egiten ari diren azpiegitura obrak amaitu ondotik, Leitzaran eta Sakanako autobietako obrek kaltetu dituzten urbazter eta ibaibideak espezie autoktonoekin lehengoratuko dira. Ingurugiroaren gaineko Eraginaren Deklarazioetan aipatzen dira aplikatu behar diren neurriak. Era berean, obrak amaitu ondoko hiru urteetan aztertuko da Arakil eta Larraun ibaietan aplikatutako zuzenketa neurrien emaitza, kasu bakoitzerako ezarritako Zainketa eta Kontrol Planaren bidez.

Egin beharreko lanetan, besteren artean, honako hauek sartuko dira:

Arakil ibaia.-Ibaian bertan edo inguruan eraikitako egituren eragina, zubi eta pasabideena batez ere, zuzentzea. Uraren dinamika aztertuko da aldika-aldika, egitura berriak paratzearekin izandako eragina zuzentzeko.

Larraun ibaia.-Ibaiertzak landareztatzeko proiektu bat eginen da, ibaibideari itzala eman eta landaretza berez sor dadin lagungarri diren baldintzak jartzeko. Ur-zola egokitzeko proiektua ere eginen da, lehengo dibertsitatea berreskuratzeko.

Altzania ibaian, Urdalurko urtegia eraikitzeko lanek ingurunean eragindako kaltea landaketen bidez konponduko da.

Udarbe ibaian (Arteta), dragatzeak ibaiertzetan eta ibaibidean eragindako kaltea konpontzeko proiektu bat eginen da. Proiektu horrek helburu hauek izanen ditu: ibaiertzak landareztatzea, ibaibideari itzala ematea eta ur-zolako dibertsitatea haunditzea.

Zirkulazio librearen aurkako eragozgarriak eta presak.

Funtzionamenduan dauden zentraletako presa guztietan arrainentzako mailak eraikitzeko, lehendik horrelakorik ez badute, behar diren neurriak hartuko dira. Lehentasuna presa hauei eman zaie:

Arakil ibaia.-Porlandegiko presa, Urdiaingo errota, Iturmendiko errota eta Etxauriko zentrala.

Basaburua ibaia.-Berasaluzeko zentrala eta Artius ibaiko lau presak.

Behar diren neurriak hartuko dira gaur egun erabiltzen ez diren eta arrainek ezin gaindi ditzaketen presetan, mailak jartzeko edo presak kentzeko. Lehentasuna hauek izanen dute:

Arakil ibaia.-Ziordiko errota, Ziordiko presa, Altsasuko errota, Altsasuko zentrala, Etxarri-Aranazko zentrala, Lakuntzako zentrala, Uharteko zentrala eta Ihabarko zentrala.

Larraun.-Alliko presa, Mugiroko errota eta Urritzako errota.

Gutxieneko ur-emaria.

Behar diren neurriak hartuko dira, indarra duten kontzesio guztietan errespeta daitezen Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak ezarritako gutxieneko ur-emariak (ur-emari ekologikoak).

3.2. Arrantzaren antolamendua.

3.2.1. Zonifikazioa.

A) Arrantzaleku debekatuak:

A.1. Ugalketarako tarteak. Nafarroako Salmonidoen Arrantza Antolatzeko Plan Gidarian ezarritako ugalketarako tarteak mantendu egiten dira:

Arakil ibaiaren arroa:

Errekalde ibaia: ibai osoa eta adar guztiak.

Harrobietako ibaia: ibai osoa eta adar guztiak.

Errateta ibaia: ibai osoa eta adar guztiak.

Lizarrusti ibaia: Abrinekin bat egiten duen elkargunetik goitiko tartea, Abrin bera barne.

Leziza ibaia: ibai osoa eta adar guztiak.

Amurgin ibaia: ibai osoa eta adar guztiak.

Urruntzure ibaia: ibai osoa eta adar guztiak.

Larraun ibaiaren arroa:

Larraun ibaia: Aritzarretako iturburutik ibaia desagertzen den hobiraino.

Larraun ibaia: Alliko presatik Electra San Miguelen hustubideraino.

Goikozuloa erreka: ibai osoa eta adar guztiak.

Errotazar erreka (Eraso): Larraun ibaira isurtzen den tokitik Zarranzko errepideko zubiraino, eta adar guztiak.

Basaburua ibaiaren arroa:

Basaburua ibaia: Orokietako errekarekin bat egiten duen elkargunetik goitiko tartea eta adar guztiak.

Orokieta ibaia: ibai osoa eta adar guztiak.

Artius ibaia: Arrarasko arrain-haztegiko presatik goitiko tartea.

Ibarrate ibaia: ibai osoa eta adar guztiak.

A.2. Aldi baterako debekatutako arrantzalekuak. Debekuei buruzko Foru Aginduak urtero zehazten ahalko ditu arrantzaleku debekatuak, populazio urriko tarteak hobetzeko asmoarekin.

B) Arrantza tarteak.

Arakil ibaia

Ibaibide nagusiaren adarra:

Multzo honetan sartzen dira arrantzarako debekaturik ez dauden Arakil ibaiaren adar guztiak, Larraun izan ezik. Harrapatzen diren arrainen gutxieneko neurria 19 cm-koa izanen da. Honako hauek dira garrantzitsuenak:

-Altzania ibaia: Urdalurko presatik ibai-ahoraino. 4,5 m zabal. Arrantzarako erabilera: ona, zenbaitetan ezin hobea. Ahalmena: udaberriko 15.000 arrainkume har ditzake. Urdalurko urtegiaren erregulazioaren arabera.

-Otzaurteko erreka. 2,6 m zabal. Arrantzarako erabilera: ertaina. Ibai-ahotik hurbil agortu ohi da.

-San Adriango erreka. 2,7 m zabal. Arrantzarako erabilera: ona, baina ibaibidea zabalegia da eta gordeleku gutxi ditu. Ur-zola margazkoa da.

-Zalduako erreka. 1,7 m zabal. Arrantzarako apenas den erabilgarria. Leku zailak bertaratu eta arrantza egiteko.

-Lizarrusti ibaia: Abrinekin bat egiten duen lekutik aurrera. 5,3 m zabal. Arrantzarako balio duena, baina agorraldi gogorrak izaten ditu. Ahalmena: udaberriko 28.000 arrainkume har ditzake.

-Udarbe ibaia (Arteta). 4,7 m zabal. Arrantzarako ona, baina agorraldi gogorrak izaten ditu, ura kendu egiten zaiolako. Ahalmena: udaberriko 9.000 arrainkume har ditzake.

-Artetako erreka. 0,5 m zabal. Arrantzarako baldintza kaxkarrak.

-Olloko erreka. 1,6 m zabal. Arrantzarako baldintza kaxkarrak.

-Leteko erreka. 1,5 m zabal. Arrantzarako baldintza hala-holakoak. Ollotik goiti agortu egiten da. Ur-emari txikia. Nolabaiteko kutsadura organikoa.

Ibaibide nagusia:

Nafarroako mugatik Altzania errekaren ibai-ahoraino.-Arrantzan libre aritzeko tartea. Harrapatzen diren arrainen gutxieneko neurria 21 cm-koa izanen da. Mantenimendu gisa behar aina arrain sartuko dira, arro beretik hartutako arrainkumeekin. Tarte honek udaberriko 6.000 arrainkume hartzeko ahalmena duela kalkulatzen da.

Eremu mistoa:

Altzania errekaren ibai-ahotik Irurtzuneraino.-Eremu mistoa, uraren kalitatea lehengora ekarri beharra. Harrapatzen diren arrainen gutxieneko neurria 21 cm-koa izanen da. Gaur egungo egoerarekin, ez dago aurreikusia amuarrainak sartzeko programarik sektore honetarako.

Irurtzundik Argarekin bat egiten den lekuraino.-Eremu mistoa. Harrapatzen diren arrainen gutxieneko neurria 21 cm-koa izanen da. Amuarrainen populazioari eusteko, intentsiboki sartuko dira arrain-haztegiko amuarrain arruntak, ahal dela trisomikoak; tarte honen helburua da arroko beste tarte batzuetako arrantza-zama apaltzea, beste tarteetakoa erakarriz. Urtero sartuko dira 10.000 amuarraintxo, 0+, udazkenean, eta 1+ amuarrainak, 7.000 gehienez.

Larraun ibaia

Ibaibide nagusiaren adarra:

Multzo honetan sartzen dira arrantzarako debekaturik ez dauden Larraun ibaiaren adar guztiak, Basaburua ibaia izan ezik. Harrapatzen diren arrainen gutxieneko neurria 19 cm-koa izanen da. Honako hauek dira garrantzitsuenak:

-Uitziko erreka: sortzen denetik Larraun ibaiarekin bat egiten duen lekuraino. 1,5tik 2,2 m-ra zabal. Arrantzarako baldintza kaxkarrak. Ur-emari txikia, lohia eta materia organikoa.

-Etxarriko erreka. 1,0 m zabal. Arrantzarako baldintza hala-holakoak. Ur-emari txikia. Lur asko ur-zolan.

-Gesalokoerreka. 1,6 m zabal, batez beste. Arrantzarako balio ertaina. Leku zailak bertaratu eta arrantza egiteko.

-Zatalarreko erreka. 4,4 m zabal. Arrantzarako ona. Kutsadura organikoa Oskotzen. Ibaia bere onera itzultzen da Eraso aldean.

-Urepeleko erreka. 1,7 m zabal. Arrantzarako ona baina leku zailak bertaratzeko.

Ibaibide nagusia:

Iribasko sorburutik Alliko presaraino.-Arrantzan libre aritzeko tartea. Harrapatzen diren arrainen gutxieneko neurria 21 cm-koa izanen da. Ez da amuarrain gehiago sartuko; gehienez ere, oso beharrezkotzat jotzen bada, tarte debekatutik arrainkumeak ekarriko dira.

Electra San Migueltik San Migueltxoraino (trenbideko zubia).-Arrantzan libre aritzeko tartea, lehengo egoerara ekarri beharra. Harrapatzen diren arrainen gutxieneko neurria 21 cm-koa izanen da. Sektore honek jasan ditu Iparreko autobiako obrak eta ibilbide ia osoan egindako aldaketak; hori dela eta, obrek ibaiertzetan eta ibaibidean eragindakoa zuzendu beharko da. Habitata lehengoratzen doan neurrian, amuarrainen populazioa berrosatzeari ekingo zaio, ibai arroko beste tarte batzuetatik eta/edo tartearen aldi baterako debekatutako gunetik arrainkumeak ekarriz. Ahalmena: tarteak udaberriko 40.000 arrainkume har ditzake.

Bi Haizpeko presatik Arakilekin bat egiten duen elkargu- neraino.-Arrantzan libre aritzeko tartea. Gutxieneko neurria: 21 cm.

Basaburua ibaia

Ibaibide nagusiaren adarra:

Multzo honetan sartzen dira arrantzarako debekaturik ez dauden Larraun ibaiaren adar guztiak. Harrapatzen diren arrainen gutxieneko neurria 19 cm-koa izanen da. Honako hauek dira garrantzitsuenak:

-Itsasoko erreka. 1,7 m zabal, batez beste. Arrantzarako baldintza kaxkarrak. Ur-zolan lurra eta materia organikoa.

-Artiusko erreka. 3,6tik 8,1 m-ra zabal, batez beste. Arrantzarako baldintza oso onak.

-Gasarritako erreka. 1,8 m zabal, batez beste. Arrantzarako baldintza onak. Bertaratzeko hobeki burualdean gainerako tartean baino.

Basaburuaren burualdetik Artius ibaiarekin bat egiten duen elkarguneraino.-Arrantzan libre aritzeko tartea. Gutxieneko neurria: 19 cm. Basaburua ibaiaren adarretatik arrainak ekartzen ahalko dira. Lekualdatze horietarako honelako sartualdiak eginen dira: 0'5 arrainkume/m², udaberrian egiten badira, eta 0'1 arrainkume/m², uda- udazkenean.

Ibaibide nagusia:

Artius ibaiarekin bat egiten duen elkargunetik Basaburua ibaia Larraun ibaian hustutzen den lekuraino.-Arrantzan libre aritzeko tartea. Harrapatzen diren arrainen gutxieneko neurria 21 cm-koa izanen da. Behar izanez gero, arrainkumeak ekarriko dira tarte debekatuetako ugalketa-lekuetatik.

3.2.2. Arrantza presioaren kontrola.

Arrantzaldi osoan zehar, arrantza kontrolatzeko programa bat ezarriko da, urtero. Programa hori Ingurugiroko Zaindaritzak hartuko du bere gain. Programa gauzatzeko arrantzaleei zuzenean inkestak eginen zaizkie, honako hauei buruz: arrantzalekua, arrantzan emandako denbora, harrapatutako arrainen kopurua, haien neurria eta erabilitako amua. Inkesta kopurua, tarte bakoitzean, arrantza presioaren araberakoa izanen da.

Honako ibai-tarte hauek hautatu dira:

A) Arakil ibaia:

-Arabako mugatik Altsasuraino.

-Larraunekin bat egiten duen elkargunetik Argara isurtzen den lekuraino.

-Altzaniako erreka: Urdalurko presatik ibai-ahoraino.

-Udarbeko erreka: Artetako iturburutik ibai-ahoraino.

B) Larraun ibaia:

-Iribasko presatik Gesalokoerrekako errekarekin bat egiten duen elkarguneraino.

-Gesalokoerrekarekin bat egiten duen elkargunetik Irurtzuneraino.

C) Basaburua ibaia:

-Orokietako errekarekin bat egiten duen elkargunetik Ihabengo zubiraino.

-Ihabengo zubitik Larraun ibaira isurtzen den lekuraino.

-Artius ibaia, Izabalgo errekarekin bat egiten duen elkargunetik ibai-ahoraino.

Larraun ibaiko Mugiroko arrantza-barrutia jartzen denetik, adjudikazio hartzaileak harrapatzen diren arrainen kontrolaz arduratu beharko du, arestian aipatu datuekin.

3.2.3. Populazioen kontrola.

Urtero, agorraldian, populazioen kontrolak eginen dira Arakil ibaiaren arroan, Nafarroako ibaietan amuarrainaren egoera kontrolatzeko urteko programaren barrenean. Kontrol horiek arrantza elektrikoaren bidez eginen dira, arrantzaldi bakoitzean lagin kopuru bera lortuz. Datu horiek eskutan, populazioak neurtuko dira, harrapatutako neurri desberdinei dagokienez arrantzan ateratako batez besteko etekina kontutan hartuz. Ateratako emaitzak direla medio tarte bakoitzeko egoera ebaluatzen ahalko da, honako hauen gainean: populazioaren dentsitatea, arrainkumeen dentsitatea, kume izateari uztea, arrain helduen dentsitatea eta espero den ugalketa-ahalmena.

Populazioen kontrolerako laginketa horiek ondoko ibai-tarteetan eginen dira:

Arakil ibaia:

Ziordiko estazioa: Nafarroako mugatik Ziordiraino.

Oskiako estazioa: Izurdiagatik beheitiko tartea, Oskiako zintzurrean.

Lizarrustiko estazioa: Lizarragabengoatik goitiko tartea.

Larraun ibaia:

Mugiroko estazioa: Mugiroko porlanezko zubitik goitiko tartea.

Latasako estazioa: Errotazarko errekaren ahotik beheitiko tartea (Eraso).

Basaburua ibaia:

Udabeko estazioa: Gaztain izeneko parajean, Nafarroako Gobernuaren neurtokitik goiti.

Orokieta erreka:

Orokietako estazioa: herriaren eta olaren artean.

3.3. Denboraldi bakoitzeko arrantza presioaren erregulazioa.

Populazioen kontroletan eta arrantza presioari buruzkoetan ateratako emaitzak kontutan hartuz, denboraldi bakoitzeko arrantzaren mugak ezarriko dira. Muga horiek jasoko dira Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak debekualdiei buruz urtero aldarrikatuko dituen xedapen orokorretan.

IV. Indarraldia.

Plan honen indarraldiak ez du mugarik izanen. Hala ere, indarrean sartu eta zortzi urtera berrikuspen orokorra eginen da.

Iragarkiaren kodea: A9607230

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web