(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

200/2002 FORU DEKRETUA, IRAILAREN 16KOA, ABELTEGIETAN ETA GARRAIOETAN ABEREAK BABESTEKO ZEHAPEN ETA ARAU-HAUSTEEN ARLOAN NEKAZARITZA, ABELTZAINTZA ETA ELIKADURA DEPARTAMENTUAK DITUEN ESKUMENAK ZEHAZTEN DITUENA.

BON N.º 126 - 18/10/2002



Atariko

Maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legearen bidez Nafarroako Foru Komunitatean etxabereak eta kanpoko animaliak babesteko arauak eman ziren. Foru Lege horretan etxaberetzat jotzen dira gizakiak laguntzeko edo kumeak izateko (baliabideak lortzearren) mantentzen dituen espezieetakoak, abere haien edukitzaile eta jabeen eginbeharrak ezartzen, bai zaintzen diren tokietan, bai garraiatu eta hiltzean, eta arau-hausteak eta zehapenak zehazten.

Bestaldetik, apirilaren 29ko 196/196 Foru Dekretuaren bidez, Foru Lege horren ondoriozko eskumenak Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari eta Osasun Departamentuari esleitu zitzaizkien. Foru Dekretu horretako 1. artikuluko 1. idatz-zatiko k) letrak Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari eskumena ematen dio 7/1994 Foru Legea betetzean ireki beharreko zehapen espedienteei ekin eta horien gainean ebazteko.

Bestetik, 2000ko azaroaren 16an Abereen Osasunari buruzko 11/2000 Foru Legea onetsi zen. Horretako 3. artikuluko l) letrak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari eskumena ematen dio abereen ongizatea eta babesa abeltegietan eta garraioetan bermatzeko arautegiari buruz, Departamentu horrek eskumenak baititu Nafarroako abereen osasunari buruz.

Arau hauek denak elkarrekin agertzean, behar da argitu zer Departamentu den eskuduna Abereen Osasunari buruzko Foru Legearen aplikazio eremuko abereak babesteko ireki behar diren zehapen espedienteak instruitu eta horien gainean ebazpena emateko. Bestaldetik, legezkotasun hastapena eta nekazaritza, abeltzaintza eta mendien arloko eginkizun eta zerbitzuak Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatzeko abenduaren 18ko 2654/1985 Errege Dekretuan xedaturikoa betetzeko, komeni da eskumen horiek Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari eslei dakizkiola.

Horiek horrela, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta biko irailaren hamaseian egindako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentua izanen da eskuduna zehapen ahalmena erabiltzeko, arau-hauste hauetan, baldin eta abeltzaintzarako, giza elikadurarako edo zezenketetarako erabiltzen diren etxabereak (alegia, konpainiakoak kanpo) ukitzen badituzte:

a) Abereen babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legeko 24. artikuluko 2. idatz-zatiko e), f) eta g) letretan aurreikusiak.

b) Foru Lege bereko 24. artikuluko 3. idatz-zatiko a), b), c), d) eta l) letretan aurreikusiak.

c) Foru Lege bereko 24. artikuluko 4. idatz-zatiko b), c) eta d) letretan aurreikusiak.

Xedapen Gehigarria

Foru Dekretu hau betez Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak ezarri behar dituen zehapenetarako prozedura abenduaren 9ko 369/1997 Foru Dekretuan aurreikusten dena izanen da. Horren bidez Administrazioaren zehapen prozedura onetsi zen nekazaritza, abeltzaintza eta nekazaritzako elikagaien arloan.

Xedapen Indargabetzailea

Indargabetzen dira Foru Dekretu honi aurka egiten dioten xedapen maila bereko nahiz apalagoko guztiak.

Azken Xedapena

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta biko irailaren hamaseian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.

Iragarkiaren kodea: A0210310

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web