(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

94/1998 FORU DEKRETUA, 1998KO MARTXOAREN 23KOA, UREZTAPEN LURRETAN JARDUKETAK EGITEKO HELBURUZ EMANDAKO MAILEGU BONIFIKATUAK BESTE FINANTZA ENTITATE BATERA ERAMATEN DIRENEAN, KORRITU TASEN HOBARIAK EZ DIRELA ALDATUKO ADIERAZTEN DUENA

BON N.º 49 - 24/04/1998



  AZKEN XEDAPENAK


Atariko

Martxoaren 28ko 72/1994 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Gobernuak, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Departamentuaren bidez, eta finantza entitateek sinaturiko hitzarmenen indarrez mailegu bonifikatuak zituzten pertsona fisiko eta juridikoei aukera eman zitzaien mailegu bonifikatu horien iraupena eta korritu tasa entitateekin birnegoziatu zitzaten, emandako laguntzan inolako aldaketarik ekarri gabe.

Foru Dekretu horren xedea zen aukera ematea nekazariei, nekazaritzako kooperatibei eta nekazaritzako elikagaien enpresei Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak bonifikatutako maileguen baldintzak finantza entitate mailegu-emaileekin birnegoziatzeko. Horrenbestez, mailegua eman zuen finantza entitatearekin negoziatzeko aukerabidea onartzen zuen, baina ez, ordea, entitate aldaketa egitekoa. Hortaz, onuraduna entitate mailegu-emailearen borondate onaren menpe zegoen, hobaria mantentzekotan, aldaketa egiterik ez baitzuen.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak bonifikaturiko maileguetan sorturiko arazo hori konpontzeko asmoz, egoki da, Nekazaritzaren Finantzaketari buruzko lege mailako xedapenen Testu Bategina onetsi zuen otsailaren 16ko 54/1998 Legegintzako Foru Dekretuko III. Tituluaren babesean, araubidez zehaztea nekazariek, ureztalurren elkarteek, transformazioko sozietateek edo, orohar, edozein pertsona fisikok edo juridikok mailegua kitatu edo beste finantza entitate batera eramatea negoziatzen baldin badute, beti ere aurreko mailegutik kitatu gabe gelditzen den kopuruaren adinakoa bada eta, korritu tasa izan ezik, hasierako baldintza berberetan, aldaketa horrek ez duela ekarriko Nafarroako Foru Komunitateak eman duen korrituen hobaria aldatzea edo galtzea.

Horrenbestez, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko martxoaren hogeita hiruan egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua

Nekazaritzaren Finantzaketari buruzko lege mailako xedapenen Testu Bategina onetsi zuen otsailaren 16ko 54/1998 Legegintzako Foru Dekretuko III. Tituluaren babesean edo bertan bilduriko arauren baten babesean, mailegu bonifikatuak dituzten pertsona fisiko edo juridikoek mailegua eman zuen finantza entitatearekin zorra kitatu eta, lehengo mailegutik amortizatu gabe duten kopuruaren adinako mailegua beste entitate batekin negoziatzen badute, korritu tasa izan ezik, hasierako baldintza berberetan beti ere, aldaketa horrek ez du ekarriko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak eman duen korrituen hobaria aldatzea.

2. artikulua

Laguntza publikoari eutsi ahal izateko, aurreko artikuluan zehaztu maileguen onuradunak beste finantza entitate batera eramaten badu, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari jakinarazi beharko dio eta lehengo mailegua kitatu eta berria legeztatu duela adierazteko ziurtagiriak ekarri beharko ditu, hitzarturiko baldintza berriak barne.

3. artikulua

Arestiko zenbakian adierazi dokumentazioa jaso ondoren, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak hasierako finantza entitateari eskatuko dio aplikatu ez den hobaria itzul dezan eta entitate berriari helaraziko dio, emandako maileguari aplika diezaion.

4. artikulua

Foru Dekretu honen ondorioetarako, indarrik gabe geldituko dira 1. artikuluan zehaztu maileguetan, Nafarroako Gobernuak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren bidez bonifikatutako horietan, onuradunak ordaindu beharreko gutxieneko korritu-tasei buruz Nafarroako Gobernuak ezarritako mugak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena

Ahalmena ematen zaio Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariari Foru Dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.

Bigarrena

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko martxoaren hogeita hiruan.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.

Iragarkiaren kodea: A9802873

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web