(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

79/1999 FORU DEKRETUA, MARTXOAREN 15EKOA, NEKAZARITZAN ERABILTZEN DIREN AZPIEGITURETAN EURI JASA HANDIEK ETA UHOLDEEK SORTUTAKO KALTEAK KONPONTZEKO LAGUNTZAK EZARTZEN DITUENA

BON N.º 39 - 31/03/1999



  XEDAPEN GEHIGARRIA


  XEDAPEN IRAGANKORRA


  AZKEN XEDAPENAK


Atariko

Euri jasa handiak eta uholdeak bezalako fenomeno meteorologikoek noizik behin kalte handiak sortaraz ditzakete hala alorretan nola azpiegituretan. Nafarroan aplikatzekoak diren nekazaritzako aseguru konbinatuen planek ematen duten estalduraren bitartez, hondamen horien ondorioz nekazariek beren alorretan jasandako kalteen ordaina jaso dezakete. Eta otsailaren 16ko 54/1998 Legegintzako Foru Dekretuak, Nekazaritzako Finantzaketari buruzko lege mailako xedapenen Testu Bategina onetsi zuen hark, bere "Hondamenezko kalteak" izenburuko V. Tituluan ezarritako laguntzen bitartez, arintzen ahal dira ustiapeneko elementu iraunkorretan, aseguratu ezin daitezkeen horietan, eragindako galerak.

Nekazaritzan erabiltzekoak diren azpiegitura publikoetan kalteek dakartzaten galerak ez daude sartuta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren laguntzaren lege esparruan.

Izandako esperientzia ikusirik, osatu nahi izan da Foru Komunitateko Administrazioaren politika, hau da, nekazaritzako ondasunen gainean kontrola ezin daitezkeen fenomeno naturalek sortutako galeren aurrean esku hartzeko eta laguntza ematekoa, eta horretarako toki entitateei eta ureztatzaileen elkarteei laguntza publikoen araubide bat finkatu da, betiere euri jasa handien eta uholdeen ondorioz aparteko kalteak gertatzen badira nekazaritzan erabiltzen diren azpiegitura publikoetan (bide publiko eta ureztatzeko erretenetan).

Laguntzen araubide orokor hori une bakoitzean Foru Dekretu baten bidez gauzatuko da, kontuan hartuz zona geografikoak eta haietan izandako kalteak eta horiei aurre egiteko aurrekontuetan dagoen dirua. Edonola ere, laguntza emanen da batez ere Administrazio Publikoak jadanik lurzatien antolamendua edo berrantolamendua egiten ahalegindu deneko zonetan, horiek baitira azpiegitura iraunkorra eta egonkorra dutenak.

Horrenbestez, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak proposatuta eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hemeretziko martxoaren hamabostean hartutako erabakiari jarraikiz,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua

Foru Dekretu honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren laguntza publikoen araubide bat ezartzea. Laguntza horiek izanen dira 4. artikuluan aipatzen diren entitateendako, baldin eta nekazaritzan erabiltzeko azpiegitura publikoetan, nekazaritzako bide publikoak eta ureztaketa erretenak konpontzeko lanak sustatzen badituzte, euri jasa handien edo uholdeen ondorioz hondatu direnean.

2. artikulua

Foru Dekretu honetan ezarritako laguntzak bakarrik aplikatu ahalko dira, 6. artikuluan aipatzen den Foru Dekretu bidez, Nafarroako Gobernuak erabakitzen dituen lurraldeetan eta babestekoak deklaratzen dituen kalteetarako, horiek nolakoak eta zenbaterainokoak diren kontuan hartuta.

3. artikulua

1. Foru Dekretu honetan ezarritako laguntzek ondoko lanak izanen dituzte xede:

a) Titulartasun publikoko eta nekazaritzan erabiltzeko bideen konponketa. Laguntza horietatik kanpo gelditzen dira egurra ateratzeko pistak edo bideak.

b) Ureztatzeko erretenen konponketa, horien titularra ureztatzaileen elkarte bat denean, eratua edo eratzeko zorian dagoena Administrazio hidrauliko eskudunaren aurrean.

2. Lan babesgarrien helburu bakarra izanen da behar- beharrezkoa den konponketa egitea elementu horien funtzionaltasun oinarrizkoa berreskuratzeko, zuzenean edo zeharka, aparteko euri jasa edo uholdeen ondorioz larriki kalteturik gertatu direnean.

3. Nolanahi ere, laguntzen xede diren lanen zenbatekoa gutxienez milioi pezetakoa izanen da onuradun bakoitzeko.

4. artikulua

Foru Dekretu honetan ezarritako laguntzen onuradun izan daitezke:

a) Nekazaritzan erabiltzekoak diren bide publikoen toki entitate titularrak.

b) Ureztatzaileen elkarteak, eratuak edo eratzeko zorian daudenak Administrazio hidrauliko eskudunaren aurrean, ureztatzeko erretenen titularrak edo, halakoak direnean, nekazaritzan erabiltzeko bideenak.

5. artikulua

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak eskaera egiten duten entitateei subentzioa emanen die, Foru Dekretu honen 3. artikuluan aipatzen diren azpiegiturak konpontzeko behar diren lanen kostuen 100eko 50era artekoa.

Nolanahi ere, lehentasuna emanen zaie Administrazio Publikoak jadanik lurzatien antolamendua edo berrantolamendua egiten ahalegindu deneko zonetan izandako kalteei.

6. artikulua

Laguntza horiek kaltetutako zein lurralde esparruri eta zein ondasun babesgarriri eman honela erabakiko da:

a) Toki entitateek edo ureztatzaileen elkarteek, Foru Dekretu honetan adierazten diren ondasunetan aparteko euri jasa edo uholdeek sortutako kalteen berri izaten dutenean, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari jakinarazi beharko diote ezbeharra gertatu eta gehienez ere hamabost eguneko epean. Jakinarazpenari erantsi beharko zaio, edozein modutan ere, kalteen balioespen ekonomikoa.

b) Jakinarazpena jaso ondotik, Departamentuaren zerbitzu teknikoek (bertakoek nahiz kontratatuek) kalteak aztertu eta ebaluatuko dituzte eta Departamentuak horien gaineko txostenak Nafarroako Gobernuari igorriko dizkio.

c) Txosten horien ondorioa baldin bada aparteko kalteak izan direla, Foru Dekretu honen arabera babestu beharrekoak, Nafarroako Gobernuak Foru Dekretu bidez mugatuko du zein diren zona konkretuak eta zein lagundu beharreko kalte motak, eta eskaerak aurkezteko epea ezarriko du eta laguntzak zein kondiziotan emanen diren.

7. artikulua

Zonak eta kalteak mugatzeari buruzko Foru Dekretuak indarra hartzen duenetik aitzina, entitate interesatuek, ezarritako epean, laguntza eskaerak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentura igorriko dituzte.

Eskaerari agiri hauek erantsiko zaizkio:

a) Entitatearen osoko bilkurak edo, bestela, lehendakariak laguntza eskatzeari buruz hartutako erabakia.

b) Entitatearen idazkariak luzatutako ziurtagiria, zeinetan egiaztatuko baita konponketaren xedea jabari publikoko ondasuna edo herri ondasuna dela edo, bestela, ureztatzaileen elkarte baten ustiaketari lotua.

c) Egin beharreko lanen memoria eta konponketako obra unitateen balorazioa, teknikari eskudun batek eginak, kokalekuen planoekin batera. Beharrezkoa denean, eskatzaileari aurreproiektu edo proiektu teknikoa eskatu ahalko zaio, kalteak zenbaterainokoak diren ikusita.

Teknikari eskudunaren jarduketaren ondoriozko lansariak kalteen zenbatekoari gehituko zaizkio, egokitzen ahal diren laguntzak zehaztearren.

8. artikulua

1. Aurreko artikuluan aipatutako agiriak osatu ondotik, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko zerbitzu teknikoek aztertuko dute ea kalte horiek, zeinen konponketa eskatzen baita, babesgarriak ote diren Foru Dekretu honen eta zonak eta kalteak mugatzeari buruzkoaren arabera. Era berean, kalteen balioa ere finkatuko dute, eginiko frogaketen arabera.

2. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak eskaeraren gaineko ebazpena emanen du zonak eta kalteak mugatzeari buruzko Foru Dekretuan ezarritako epean, hala behar denean, eman daitekeen gehieneko laguntza aitortuz eta horretaz baliatu ahal izateko entitate onuradunak bete beharreko baldintzak zehaztuz. Ezarritako epea akitzen bada entitate interesatuari ebazpena jakinarazi gabe, ustezko ekintza dela-eta eskaera ezetsitzat hartu ahalko da.

9. artikulua

1. Aitortutako laguntza konponketa lanak amaitzen direnean ordainduko da. Horretarako lan horien ziurtagiria luzatu beharko du toki entitateak eta zuzen burutu direla egiaztatuko dute Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko zerbitzu teknikoek, 7. artikuluaren b) letrak aipatzen duen dokumentazioarekin bat etorriz.

2. Aurkeztutako ziurtagirietatik edo eginiko egiaztapenetik Departamentuak ateratzen badu konponketaren kostu ekonomikoa hasiera batean dagokion ebazpen administratiboan gehieneko zenbatekotzat aitortutakoa baino txikiagoa dela, onuradunari ordaindu beharreko laguntza haren proportzioan murriztuko zaio.

10. artikulua

Administrazio Publikoetatik heldu den subentzio akumulatua ez da inoiz ere konponketa lanen kostuaren 100eko 75era iritsiko. Hortik gorakoa Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak emandako laguntzatik kenduko da.

11. artikulua

1. Entitate onuradunek laguntza horiek adierazitako helburuetarako ez bestetarako erabiltzen badira, laguntzak deuseztu eginen dira, eta ordura arte emandakoak Nafarroako Ogasun Publikoari itzuli beharko zaizkio, dagokion legezko korrituarekin batera.

2. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari dagokio deuseztapen espedienteak eta, aurreko zenbakia aplikatuz, laguntzak itzultzeko espedienteak aztertu eta instruitzea.

12. artikulua

Baldin eta entitate onuradun bati emandako dirulaguntza interesatzen ez bazaio, idatziz jakinarazi beharko dio Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari, hogeita hamar eguneko epean, ematearen jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aitzina. Horrela egiten ez badu, onuradunak laguntza eta ematearen baldintzak onartzen dituela ulertuko da.

XEDAPEN GEHIGARRIA

XEDAPEN GEHIGARRIA

Aurrekontu ekitaldi bakoitzean laguntzak zenbat eta zenbatekoak izanen diren jakiteko kontuan hartu beharko da aurrekontuetan zenbat diru dagoen.

1999. urteko ekitaldirako, laguntzak "Aparteko kalteak nekazaritzako aseguruen estaldurarik gabeko egitura eta alorretan" izeneko 71210-4700-7161 kuntusailaren, 28831-7 lerroaren kargura izanen dira.

XEDAPEN IRAGANKORRA

XEDAPEN IRAGANKORRA

Foru Dekretu honetan adierazten diren onurak aplikatu ahalko dira nekazaritzan erabiltzen diren bide publikoak eta ureztatzaile elkarteen ureztatzeko erretenak konpontzeko jadanik eginiko gastuetan, Nafarroako Parlamentuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Batzordeak 1998ko urriaren 21ean emandako Ebazpenak aipatzen dituen udalerriei dagokienez. Konponketa horiek 1998ko irailaren 23an izandako ekaitzak eragindako kalteei dagozkie.

Hori dela eta, Udalek eta ureztatzaile elkarteek eginiko gastuen frogagiriak aurkeztu beharko dituzte Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuan, Foru Dekretu honek indarra hartu eta hurrengo hamabost eguneko epean.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariari ahalmena ematen zaio Foru Dekretu hau bete eta garatzeko behar diren xedapenak dikta ditzan.

Bigarrena

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemeretziko martxoaren hamabostean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.

Iragarkiaren kodea: A9902811

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web