(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

54/2006 FORU DEKRETUA, UZTAILAREN 31KOA, LEGIONELOSIARI AURREA HARTU ETA KONTROLATZEKO NEURRIAK EZARTZEN DITUENA.

BON N.º 96 - 11/08/2006



  I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK


  II. KAPITULUA. HOZTEDORREAK ETA LURRUNKONDENTSADOREAK


  III. KAPITULUA. OSPITALERATZE ZERBITZUA DUTEN OSASUN ZENTROETAKO ETA EGOITZA GISA ERABILTZEN DIREN GIZARTE ETA OSASUN ZENTROETAKO ARRISKUPEKO INSTALAZIOAK


  IV. KAPITULUA. ARAUHAUSTEAK ETA ZEHAPENAK


Zioen azalpena

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 10/1982 Lege Organikoak 53.1 kapituluan xedatzen du, barne osasunaren eta higienearen arloan, Nafarroari gaur egun dituen ahalmen eta eskumenak dagozkiola eta, horiez gainera, estatuko oinarrizko legedia garatu eta betearaztea.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legeak osasun arloko jardueretarako arau orokorrak biltzen ditu, Konstituzioaren 43. artikuluan aitortuta dagoen eskubidea, hau da, osasuna babesteko eskubidea, bermatzeko asmoz. Foru lege horrek xedatzen du herritarrei onartzen zaien osasunerako eskubideaz benetan baliatu ahal izateko eginkizun exekutibo eta administratiboak botere publikoari dagozkiola, Foru Diputazioari edo Nafarroako Gobernuari hain zuzen.

Osasun publikoari dagokionez, foru lege horren 13. artikuluak osasun administrazioen esku uzten du, beste eginkizun batzuen artean, ingurunea zaintzeko lana, herritarren osasunari kalte egin diezaiokeen neurrian, eta zaintza eta esku-hartze epidemiologikoa egitea, eritasun kutsagarriak direnak nahiz kutsagarriak ez direnak transmititzeko arrisku egoerak edo epidemiak agertzen direnean.

Beste alde batetik, foru lege horren 23. artikuluan Foru Komunitateko Administrazioaren esku uzten da elkarretaratze publiko edo kolektiborako diren jarduera, lokal eta eraikinak abian jarri eta jarduteko behar diren baldintza higieniko-sanitarioak ezarri, kontrolatu eta ikuskatzea.

Foru legearen 24.1 artikuluan ahalmena ematen zaie Foru Komunitateko osasun administrazioei, nork bere eskumenen esparruan, zuzenean edo zeharka osasunerako kaltegarriak izan daitezkeen jarduera publiko eta pribatuetan eska daitezkeen muga eta prebentzio neurriak ezarri eta erabakitzeko. Gainera, osasunarentzat kaltegarriak edo arriskugarriak direnean, ondasun eta produktuak erabili eta garraiatzeko muga eta gutxieneko baldintzak ezar ditzakete.

Legionella ur alde naturaletan dagoen bakterio bat da, gizakiak sortu dituen ur-sistemetan oso habitat egokia aurkitu duena, izan ere, horrelako tokiek bakterioari ugaltzen eta barreiatzen laguntzen diote. Airean zabaldu eta arnas-sisteman sartzen bada, infekzioak eragin ahal dizkio gizakiari eta eritasunaren kasu bakan eta taldekatuak sortu, edo epidemiaren agerraldiak, giza osasunean eta osasun zerbitzuen funtzionamenduan ondorio larriak ekar ditzaketenak.

Osasun Sistema Nazionalaren Lurraldearteko Kontseiluko Osasun Publikoaren Batzordeak 1999ko urriaren 29an erabakitakoa oinarri harturik, uztailaren 27ko 909/2001 Errege Dekretua onetsi zen, legionelosiari aurrea hartu eta kontrolatzeko irizpide higieniko-sanitarioak ezarri zituena, eritasun horren agerraldiak saihestu edo ahalik gehiena murrizteko.

Arlo zientifiko-teknikoan izan diren aurrerapausuen eta aipatu den errege dekretua aplikatzen hasi zenetik hartutako eskarmentuaren ondorioz, uztailaren 4ko 865/2003 Errege Dekretua onetsi zen, legionelosiari aurrea hartzeko eta kontrolatzeko irizpide higieniko-sanitarioak ezarri eta lehen aipatutako 909/2001 Errege Dekretua indargabetu eta ordezkatu zuena. Errege dekretu horrek azpimarratzen du Legionella ugaldu eta hedatzeko aukera ematen duten instalazioen funtzionamendua ongi ezagutu beharra dagoela eta hori jakinarazteko bide berriak zabaldu behar direla, haien kokalekua zein den jakiteko. Instalazio horietarako egiturazko baldintza zorrotzagoak finkatzen ditu, baina, dena dela, baldintza horiek oinarri-oinarrizkoak dira, izan ere, autonomia erkidego batzuek, beren eskumenak erabiliz, giza osasunarentzat izan daitezkeen arriskuetatik babesteko neurri zorrotzagoak ezartzeko ahalmena dute.

Gaur egun, kontuan harturik arau horiek argitaratu zirenetik jasotako eskarmentua, Legionella ugaldu eta hedatzen den instalazioetan dauden ekipo eta egoerak hobeki ezagutzen direla, instalazio horietan egin diren ikuskapenak, urik erabiltzen ez duten hozte-sistemen bidez alternatiba teknologiko bideragarriak daudela, biozidekin egiten diren tratamenduei buruzko azterketen emaitzak eta higiene eta osasun arloko mantentze-lanetako emaitzak, prebentzio eta kontrol neurri batzuk ezarri beharra dago, estatuko araudi hartan ezarritako neurrien osagarri gisara, Nafarroako Foru Komunitatean legionelosiaren arriskua duten instalazioetan aplikatuko direnak.

Horrenbestez, Osasun kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kon- tseiluarekin ados, eta Nafarroako Gobernuak 2006ko uztailaren 31ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honen xedea legionelosiari aurrea hartu eta kontrolatzeko irizpide higieniko-sanitarioak ezarri zituen uztailaren 4ko 865/203 Errege Dekretuan onetsitako oinarrizko arauak osatzeko neurri batzuk finkatzea da.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Foru dekretu honetan bildutako neurriak Nafaroako Foru Komunitatean dauden ondoko instalazio hauetan aplikatuko dira, Legionella hedatzeko arriskugarritzat hartu baitira:

a) Hozte-dorreak eta lurrun-kondentsadoreak. Hemendik aurrera, foru dekretu honen ondorioetarako, bi instalazio horiei dorre esango zaie.

b) Uztailaren 4ko 865/2003 Errege Dekretuaren aplikazio eremuaren barrenean, ospitaleratze zerbitzua duten osasun zentroetako eta egoitza gisa erabiltzen diren gizarte eta osasun zentroetako arriskupeko instalazioak.

II. KAPITULUA. HOZTE-DORREAK ETA LURRUN-KONDENTSADOREAK

3. artikulua. Dorre berriak erabiltzen hasteko baimena.

1. Uztailaren 4ko 865/2003 Errege Dekretuaren 4. artikuluan titularrarentzat ezarritako erantzukizunak betetzea eta beharrezkoak diren baimen eta lizentziak lortu beharra deusetan galarazi gabe, foru dekretu honek indarra hartu ondoren jartzen diren dorreek, erabiltzen hasi aurretik, Osasun Departamentuaren administrazio baimena beharko dute.

2. Baimen eskaerak instalazioetako titularrek egin beharko dituzte eta Osasun Publikoaren Institutuari igorri, teknikari eskudun batek egindako txostenarekin batera. Txostenak tokian tokiko elkargo ofizialaren ikus-onespena beharko du eta, gutxienez, honako hauek bildu beharko ditu:

a) Instalazioen azalpena, eta horren barrenean tratamendu-sistemak eta erabili beharreko uraren tratamendurako produktuen zerrenda.

b) Dorreen kokapen planoak, 300 metroko erradioan dauden eraikinak, leihoak, aire-hartuneak eta jendearentzako pasabideak oinarri harturik.

c) Airean esekita gelditzen diren materia organiko, partikula edo gai kutsatzaile ugari zabaltzen duten inguruko jarduerak.

3. Dorreek uztailaren 4ko 865/2003 Errege Dekretuan, foru dekretu honetan eta aplikatu beharreko osasun arloko gainerako arauetan finkatutako baldintzak betetzen dituztela egiaztatu ondoren, Osasun Publikoaren Institutuak proposaturik, osasun zuzendari nagusiak dorrea erabiltzeko baimena ebatzi eta jakinaraziko du hiru hilabeteko epean.

4. artikulua. Dorreetarako prebentzio neurri orokorrak.

1. Babestu beharreko alderdietatik begiratuta, dorreak haizebean kokatuko dira, instalazioetatik ateratzen den airea toki jendetsuetara edo gune itxietara irits ez dadin, eta kutsadura fokuetatik eta aire erabilia ateratzeko bideetatik urrunduko dira. Aerosolek, proiekzio bertikalean, aire edo aireztatzeko hartuneetatik neurtua, 2 metroko altuerara deskargatuko dute aire egokituaren edo aireztatzeko sistemetako aire hartuneen goiko aldeen eta babestu beharreko elementuen gainetik, eta, proiektu horizontalean, berriz, haietatik 10 metrora gutxienez egingo da deskarga.

2. Dorreak eta haien osagaiak erraz iristeko moduko tokietan jarriko dira, haiek berrikusteko, mantentze-lanak egiteko, garbitzeko, desinfektatzeko, laginak hartzeko eta ikuskatzeko lanak egoki egin ahal izateko, laneko arriskuei aurrea hartzeko arauek agintzen duten moduan.

3. Dorreetako zirkuituetan ura estankatzeko tokiak saihestuko dira. Ura biltzeko erretiluen hondoak %1etik gorako maila izan behar du eta, horrez gainera, hustubide bat, ur guztia eramateko modukoa.

4. Dorreetan behar diren gailuak jarriko dira laginak hartzeko eta ura tratatzeko produktuak injektatzeko. Bioziden dosiak, zuzenean, dorreetako ura biltzeko erretiluetan jarriko dira edo ura berriz zirkulazioan jartzeko sisteman, baina inola ere ez ura hartzeko edo berritzeko hodian.

5. Gizakiaren kontsumorako ur-sareetako hartuneek atzeraezeko sistemak izango dituzte, dorreetatik itzultzen diren urek ekar dezaketen kutsaduratik babesteko.

6. Foru dekretu honek indarra hartu eta gero instalatzen diren dorre guztietako materialak uraren eragin kaltegarriari eta biozida oxidagarriei aurre egiteko modukoak izango dira, eta zehazki, etengabeko dosietan erabiltzen den kloroari edo, erabili gabe eduki ondoren, berriz abian jartzeko tratamenduetan edo legionelosiaren agerraldietan erabiltzen diren kontzentrazioetako kloroari aurre egiteko modukoak. Era berean, bakterioak, onddoak eta protozooak ugaltzeko substratu gisa joka dezaketen materialak saihestuko dira.

7. 24 ordutik gora erabili gabe uzten diren dorreek ura berriz zirkulazioan jartzeko ponpa egunero abiarazi beharko dute, biozidaren kontzentrazio homogeneoa produktuaren fabrikatzaileak gomendatzen duen neurrian zirkuitu osora zabaltzen dela bermatzeko.

5. artikulua. Instalazioak abian jartzea.

Lehenbiziko aldiz abian jarri aurretik eta hamar egun baino gehiago erabili gabe uzten diren bakoitzean, dorreak uztailaren 4ko 865/2003 Errege Dekretuaren 4. eranskineko B atalean ezarrita dagoen bezala garbitu eta desinfektatu beharko dira. Garbiketa eta desinfektazioa enpresa baimendu bateko arduradun tekniko batek ziurtatu beharko du eta tratamenduan segituriko protokoloa zehatz-mehatz adierazi, aipatu errege dekretuaren 2. eranskinean ezarri bezala. Gero, lan horiek mantentze-lanen erregistroan jasoko dira. Lehenbiziko aldiz erabiltzen hasten denean, Osasun Publikoaren Institutuari ziurtagiri horren kopia bidali beharko zaio.

6. artikulua. Dorreen tratamendua.

1. Birzirkulaziorako ura etengabe desinfektatu beharko da automatikoki, Osasun eta Kontsumo Ministerioak Legionellaren desinfektazio lanetarako baimentzen dituen biozidekin. Bioziden kontzentraziorako kontrolen eta dosifikazio prozeduraren bidez, ekipoko urak izango duen produktuaren kontzentrazioa, gutxienez, fabrikatzaileak gomendatzen duena adinakoa izatea bermatuko da.

2. Biozidaren kontzentrazioaren neurketa eta emaitzen erregistratze-lana egunero egingo da gutxienez. Erregistroen emaitzak osasun agintarien eskura egongo dira, noiznahi ikusteko.

3. Bioziden bidezko desinfekzioaz gainera, Legionellari aurre egiteko eragin frogatua duten desinfekziorako beste sistema fisiko edo fisiko-kimiko batzuk erabil daitezke.

4. Dorreetarako, batez ere, bioxida oxidatzaileak erabiliko dira. Biozida ez-oxidatzaileak erabiliz gero, talde kimiko ezberdinetako bi biozida edo gehiago erabili beharko dira, edo, horien ordez, beste formulazio kimiko bat duen biozida bat, produktuaren fabrikatzailearen gomendioei jarraikiz edo, gomendiorik ezean, hiru hilabetean behin gutxienez. Bata bestearen atzetik edo batera erabiltzen diren biozidak bateragarriak izango dira eta ez dute elkarrekiko erresistentziarik sorraraziko.

5. Bioziden erabiltzaileek urriaren 11ko 1054/2002 Errege Dekretuaren arabera fabrikatzaileek eman beharreko informazio guztia exijituko dute eta, zehazki, honako hau (foru dekretu horren bidez biozidak erregistratu, baimendu eta merkaturatzeko ebaluaziorako prozesua arautu zen):

a) Legionellari aurre egiteko desinfektazio lanaren eraginkortasuna bermatzeko, ekipoko urak beti eduki beharreko biozidaren gutxieneko kontzentrazioa.

b) Uraren biozidaren kontzentrazioa in situ jakiteko behar den erreaktiboa eta gainerako tresnak.

c) Erabili beharreko biozidaren substantzia neutralizatzaileei buruzko informazioa eta neutralizatzeko behar den kontzentrazioa.

d) Biozida horrek beste biozida batzuekin edo ura tratatzeko erabili ohi diren beste produktu batzuekin duen bateragarritasuna.

e) Biozida horrek kontzentrazio maila kontrolatzeko teknika analitikoekin edo uraren kalitate fisiko-kimikoa eta mikrobiologikoa jakiteko teknikekin izan ditzakeen interferentziak.

6. Solidoen maila gutxiagotzeko, horrek Legionella ugaldu baitezake, ingurumeneko kutsadura handia edo nabarmena izan dezaketen dorreak eta obra edo eraisketa lan handien inguruetan dauden dorreak ohi baino gehiagotan garbituko dira, hilabetean behin gutxienez. Garbiketa horien eta egindako lanaren berri erregistroan jaso beharko da.

7. Desinfektazio tratamenduaren osagarri gisara, dorreetako ura eragin barreiatzailea duten substantziekin tratatu beharko da, desinfektatzailea aisago hedatu eta biofilmera irits dadin. Biobarreiatzaileak urean izango duen kontzentrazioa eta erabiltzeko baldintzak produktuaren fabrikatzaileak zehazten dituenak izango dira.

8. Dorreetan iragazte sistemak jarriko dira, pilatzen diren partikula solidoak deuseztatzeko. Sistema horiek urtean bitan garbituko dira gutxienez eta, ingurumenean kutsadura handia edo nabarmena baldin badago, hilabetean behin gutxienez.

9. Dorreetako materiala herdoiltzeko arriskua baldin badago eta, halaber, ura desinfektatzeko biozida oxidatzaileak erabiltzen direnean, kontzentrazioetan, gainera, herdoiltzeari aurre egiteko produktu inhibitzaileak erabili beharko dira, produktuaren fabrikatzaileak azaltzen dituen erabilera arauei jarraikiz.

10. Dorreetako uraren tratamenduan erabiltzen diren produktuak gorde eta aplikatzeari dagokionez, produktuen etiketetan eta segurtasun datuen fitxetan agertzen diren arauez gainera, hauek bete beharko dira:

a) Uraren tratamenduan erabiltzen diren produktu likidoek substantzia edo prestakin arriskutsurik baldin badute, atxikitze-ontzietan gordeko dira, produktuaren jatorrizko ontziak hautsiz gero edo garraiatu eta erabiltzeko sistemak huts eginez gero, produktua atxiki ahal izateko. Produktu mota bakoitzak ontzi bat izango du, kontuan harturik gordetzen diren produktuen bateragarritasuna.

b) Ontziak estankoak eta iragazgaitzak izango dira, husteko inolako hodi edo balbularik gabe. Atxikitzeko edukiera erabilgarria, gutxienez, bi balore hauetan handiena adinakoa izango da:

_Atxiki ohi dituen ontzietatik handienak duen edukieraren %100.

_Atxiki ohi dituen ontzi guztien edukieraren %30.

7. artikulua. Dorreetako uraren kalitatearen baldintzak.

1. Dorreak betetzeko ura, ahal bada, gizakiaren kontsumorako ur horniduraren sareetatik jasoko da.

2. Beste toki batetik datorren ura erabiliz gero, kasuan kasuko erakundearen baimenaz gainera, Osasun Departamentuaren organo eskudunaren baimena beharko da. Horretarako, instalazioaren titularrak departamentu horrek adierazten dituen parametroak neurtzeko analitikaren emaitzak aurkeztu beharko ditu. Gizakiaren kontsumorako banaketa sareetatik hartzen ez den ura ekipoan sartu aurretik desinfektatu beharko da. Horretarako, kontzentrazioetako desinfektatzaileak erabiliko dira eta behar den denbora utziko dira kontaktuan, jatorrizko ura desinfektatzeko. Osasun arloko agintaritzak sistema betetzeko urarentzako tratamendu osagarria ezar dezake, ekipoaren funtzionamendu egokia bermatzeko beharrezkotzat jotzen badu.

3. Dorreetan erabiltzen den uraren parametro fisiko-kimikoak erabiltzen den biozidaren eraginkortasunerako eskatzen denerako egokiak izango dira. Biozidaren eraginkortasuna bermatzeko beharrezkoa bada, ura tratatu beharko da.

4. Dorreetan ura etengabe purgatuko da, gatzen kontzentrazio faktorea, alkalinitatea eta pH-a neurri egokietan mantentzeko. Bestela, aldizkako purgak egin ahalko dira, uraren konduktibitatearen etengabeko azterketaren bidez erregulatzen badira. Dorreetako uraren konduktibitatea 1500 µS.cm-1-koa izango da gehienez.

5. Dorreak abian jarri aurretik, zirkuitua betetzeko uraren Langelier edo Ryznar maila neurtuko da, eta gero neurketa horiek hiru hilabetean behin egingo dira ekipoko urean. Indize horien baloreak uraren orekarako ohikoak direnak izango dira, ez daitezela izan ez saturazio kurbaren gainetik, ez behetik ere.

8. artikulua. Dorreetako uraren kalitatearen kontrola.

1. Ekipoetako titularrak autokontrolerako analisiak egin behar ditu. Analisi horiek egiteko baldintzei, kontserbaziorako baldintzei eta analisia egiten hasteko denborari dagokienez, uztailaren 4ko 865/2003 Errege Dekretuaren 6. eranskinean xedatutakoari jarraikiko zaio, horrela laginaren baliozkotasuna bermatzeko. Ekipoko urean erabili den biozidari dagokion neutralizatzailea erantsi beharko da.

2. Analisien ardura duen laborategiak eman beharreko analitika buletinean lortu diren emaitzak adieraziko dira, hala nola laginak hartzeko eta analizatzeko erabili den prozedura eta laginak egitearen ardura izan duen teknikariaren izen-abizenak. Legionellaren analisia ISO 11731 arauan, azkeneko edizioan, ezarri bezala egingo da, eta litro bakoitzeko gehienez ere 100 UFC (kolonien eratzaile diren unitateak) onartuko dira. Osagarri gisara, legionella pneumophila ote dagoen begiratuko da.

9. artikulua. Legionella pneumophila edo legionelosia agertuz gero, dorreetako titularrek bete beharrekoak.

1. Uztailaren 4ko 865/2003 Errege Dekretuan ezarritakoa deusetan galarazi gabe, legionella pneumophila edo legionelosi agerraldi bat antzemanez gero, Osasun Publikoaren Institutuaren arabera agerraldiaren eraginaren pean dagoen eremu geogragikoan kokaturik dauden dorreetako titularrek foru dekretu honetan ezarritako betebeharrak izango dituzte.

2. Dorreetako uraren laginetan legionella pneumophila agertuz gero, dorreetako titularrak ondoren aipatzen diren neurriak hartu beharko ditu. Betebehar berberak izango dituzte legionelosiaren agerraldiekin lotzen diren dorreetako titularrek:

a) Instalazioa itzali, sistema hustu, garbitu eta aurre egiteko tratamendua egitea, 865/2003 Errege Dekretuaren 4. eranskineko 4. eranskineko C idatz-zatian xedatutakoari jarraikiz. Dorreaz edo kondentsadoreaz eta haien elementuez gainera, ura birzirkulatzeko zirkuituak ere garbitu eta desinfektatu beharko dira.

b) Legionelosiaren agerraldietan, tratamendua egin eta 48 ordura beranduenez, uztailaren 4ko 865/2003 Errege Dekretuaren 2. eranskinean ezarritakoari jarraikiz egindako garbiketa eta desinfekzioaren ziurtagiria eraman beharko du Osasun Publikoaren Institutura, enpresa baimendu baten arduradun teknikoak sinaturik. Ziurtagiri horretan zehatz-mehatz adierazi beharko da tratamenduan segituriko protokoloa, foru dekretu honetan eskaturiko lan osagarriak barne.

c) Behar diren egiaztapenak eginda, osasun arloko agintariek behar diren erabakiak hartuko dituzte legionelosiaren agerraldiekin loturiko dorreetan aplikatzeko, legionelosi kasuak ager ez daitezen.

3. Dorreetako uretan legionella pneumophila badela edo dorre jakin bati loturiko legionelosiaren agerraldi bat antzematen den unetik beretik, dorreetako titularrek uztailaren 4ko 865/2003 Foru Dekretuaren 4. eranskinean eta foru dekretu honetan ezarritako neurriak hartu beharko dituzte. Gainera, desinfektatzaile gisa nahitaez produktu biozida klorogenoak erabili beharko dira, eta ez besterik, etengabeko dosifikazio automatikoaren bidez. Hondarreko kloro librearen kontzentrazioa neurtzeko etengabeko sistema bat ere instalatu beharko da. Sistemak kloroak urean duen kontzentrazioaren arabera dosifikatuko du desinfektatzailea. Kloroaren kontzentrazioa ezin izango da inolaz ere 1,5 zati/milioia erlaziotik beherakoa izan. Antzeko sistema erabili beharko da uraren pH-aren desbideraketak arautu eta zuzentzeko, 6,5 unitatetik beherakoa eta 8 unitatetik gorakoa izan ez dadin.

III. KAPITULUA. OSPITALERATZE ZERBITZUA DUTEN OSASUN ZENTROETAKO ETA EGOITZA GISA ERABILTZEN DIREN GIZARTE ETA OSASUN ZENTROETAKO ARRISKUPEKO INSTALAZIOAK

10. artikulua. Ospitaleratze zerbitzua duten osasun zentroetan eta egoitza gisa erabiltzen diren gizarte eta osasun zentroetako prebentzio neurriak.

1. Ospitaleratze zerbitzua duten osasun zentroetako eta egoitza gisa erabiltzen diren gizarte eta osasun zentroetako ur beroaren edo hotzaren sistemetan, dorreetan edo uztailaren 4ko 865/2003 Errege Dekretuaren 2. artikuluan adierazitako arriskupeko beste edozein instalaziotan gorabeheraren bat edo aldaketaren bat gertatuz gero, eta hortik osasunarentzako arriskuren bat etor badaiteke, zentroko mantentze-lanen arduradunek zentroko zuzendaritzari eta, kasua bada, medikuntza prebentiboaren ardura duen zerbitzuari jakinarazi beharko diote lehenbailehen. Zentroko zuzendariak gertaturiko gorabeheraren edo aldaketaren berri eman beharko dio Osasun Publikoaren Institutuari, ahalik eta lasterren. Mantentze-lanetako arduradunek eta zentroko zuzendariek eta, kasua bada, baita aurrea hartzeko medikuntzaren zerbitzuak ere, egoerak izan dezakeen arriskuaren ebaluazioa egingo dute elkarrekin. Arduradun horiek behar diren neurri zuzentzaileak hartuko dituzte eta egindako lanak eta aurkitutako akatsak bezala, hartutako neurri zuzentzaileak eta horien ondorioak ere erregistratuko dituzte.

2. Titularra nor den gorabehera, ospitaleratze zerbitzua duten osasun zentroetan eta egoitza gisa erabiltzen diren gizarte eta osasun zentroetan, lau hilabetean behin gutxienez, ur sanitario beroaren saretik ur laginak hartuko dira legionella pneumophilaren neurketak egiteko. Laginak sare horretako puntu adierazgarrietatik hartuko dira, txandaka aldatuz.

3. Ur sanitario beroaren sareko kontsumo puntuetan legionella pneumophila agertuz gero, zentroko zuzendaritzak ahalik eta azkarren Osasun Publikoaren Institutuari jakinaraziko dio. Akats hori zuzentzeko asmoz, ura tratatzeko sistema bat instalatuko da, hain zuzen, gizakiak edaten duen uraren tratamenduetan erabiltzeko baimenduta dagoen biozida etengabe dosifikatzen duen sistema bat, produktuaren baimenean ezartzen diren baldintzetan.

IV. KAPITULUA. ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK

11. artikulua. Arauhausteak eta zehapenak.

Foru dekretu honetan ezarritako betebeharrak betetzen ez badira, bidezko diren zehapenak jarriko dira, Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legean, Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Legean eta aplikagarri diren gainerako arauetan ezarritakoari jarraikiz.

Xedapen Iragankor Bakarra

Foru dekretu honek indarra hartu aurretik zeuden dorreak

Foru dekretu honek indarra hartu aurretik dauden dorreetako titularrek, dorre horiek Legionelosiari aurrea hartu eta kontrolatzeko irizpide higieniko-sanitarioak ezarri zituen apirilaren 27ko 909/2001 Errege Dekretua Nafarroan aplikatzeko arauak emateko urriaren 15eko 298/2001 Foru Dekretuaren 1. artikuluan xedatutakoaren arabera zentsaturik badaude, foru dekretu hau argitaratu eta sei hilabeteko epea izango dute honako agiri hauek aurkezteko: dorreetako uraren tratamenduan erabiltzen dituzten sistemari eta produktuei buruzko dokumentazioa, dorreen kokapen planoak (300 metroko erradioan dauden eraikinak, leihoak, aire-hartuneak eta jendearentzako pasabideak oinarri harturik) eta, azkenik, airean esekita gelditzen diren materia organiko, partikula edo gai kutsagarri ugari zabaltzen duten inguruko jardueren aipamena.

Azken Xedapenetan Lehena. Uztailaren 27ko 909/2001 Errege Dekretuaren aipamena.

Urriaren 15eko 298/2001 Foru Dekretuan eta Osasun kontseilariaren apirilaren 9ko 37/2003 Foru Aginduan, hau da, Legionellaren arriskua duten instalazioen mantentze-lan higieniko-sanitarioak egiten dituzten langileentzako prestakuntza ikastaroen homologazioa arautzen duen horretan, uztailaren 27ko 909/2001 Errege Dekretuari buruz egiten diren aipamenak uztailaren 4ko 865/2003 Errege Dekretuari buruz egiten direla ulertu behar da, horren bidez legionelosiari aurrea hartu eta kontrolatzeko irizpide higieniko-sanitarioak ezarri baitziren.

Azken Xedapenetan Bigarrena. Osasun kontseilariari gaikuntza ematea.

Ahalmena ematen zaio Osasun kontseilariari foru dekretu hau garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken Xedapenetan Hirugarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2006ko uztailaren 31n._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Osasun kontseilaria, María Kutz Peironcely.

Iragarkiaren kodea: F0612964

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web