334/2001 FORU DEKRETUA, AZAROAREN 26KOA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN DAUDEN ZENBAIT ONDASUN HIGIEZIN BALORATZEKO PROZEDURA ONESTEN DUENA. BALORAZIOA EGITEKO, MERKATUAN DUTEN BATEZ BESTEKO PREZIOA EGIAZTATZEKO METODOA ERABILIKO DA, OINORDEKOTZA ETA DOHAINTZEN GAINEKO ZERGAREN ETA ONDARE ESKUALDAKETEN ETA EGINTZA JURIDIKO DOKUMENTATUEN GAINEKO ZERGAREN KUDEAKETAREN ARABERA .
BON N.º 155 - 24/12/2001; corr. err., BON 18/02/2002
XEDAPEN GEHIGARRIAK
AZKEN XEDAPENAK
E R A N S K I N A
Foru Diputazioak 1970eko apirilaren 10ean hartutako Erabakiaren bidez, Oinordekotzen gaineko Zerga ordainarazteko arauak onetsi ziren. Erabaki horren 228. artikuluak ezartzen du Administrazioak eskualdatzen diren ondasun edo eskubideen balioa egiaztatu behar duela eta 229. artikuluan hori egiaztatzeko baliabide arruntak ageri dira, besteak beste, datu ofizialak eta kalkulatutako batez besteko balioak.
Bestalde, Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren inguruko xedapenen Testu Bategina onesten duen apirilaren 26ko 129/1999 Legegintzako Foru Dekretuak, 7. eta 36. artikuluetan gehienbat, zerga oinarriaren balioa zehazteko eta balio horren egiaztapen administratiboa egiteko prozedura arautzen du.
7. artikuluak ezartzen du Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren zerga oinarria, orohar, eskualdatzen den ondasunaren edo eratzen edo lagatzen den eskubidearen benetako balioak finkatuko duela. 36. artikuluan adierazitakoaren arabera, Administrazioak ahalmena du balio hori egiaztatzeko, hainbat bide erabiliz, besteak beste, merkatuko batez besteko prezioak.
Bestalde, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 44. artikuluan, zergagaia osatzen duten errenta, produktu, ondasun eta gainerako elementuen balioa egiaztatzeko, merkatuko batez besteko prezioa erabiltzeko aukerabidea aztertzen da, besteak beste.
Balioak egiaztatzeko egun erabiltzen den bidea ikusita, egoki litzateke eskualdatzen diren ondasun higiezinen balioak zehazteko beste prozedura bat ezartzea, Nafarroako Zerga Ogasunarentzat eta zergadunentzat ulergarriagoa eta aplikagarriagoa.
Hori helburu, Foru Dekretu honetan subjektu pasiboek Oinordekotza eta Dohaintzen gaineko Zergan eta Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergan aitortzen dituzten higiezin batzuen balioa egiaztatzeko prozedura finkatzen da. Horretarako, merkatuko batez besteko prezioak egiaztatzeko metodo estatistiko bat erabiltzen da. Horri esker, Nafarroako Zerga Ogasunarentzat kudeaketa kostuak gutxituko dira eta prozedura arinagoa lortuko da, eta tributupekoarentzat ere arinago eta seguruagoa izanen da, izan ere, ia kasu gehienetan, eskualdatu behar diren ondasun higiezinentzat Administrazioak finkatu balorazioa jakinen baitu.
Metodoaren abiapuntua Ekonomi eta Ogasun Departamentuko Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuak higiezinen merkatua baloratzeko egindako azterketa da. Metodo estatistikoak erabiliz, ondasun higiezin batzuen balio ohikoenak kalkulatu ditu, eskaera eta eskaintzaren printzipioaren araberako merkatu libre batean. Prozedura hori aplikatuz, balio bat finkatu da, eta horren gainean eginen da autolikidazioa edo, kasua bada, zerga likidazioa, deusetan galarazi gabe, batetik, administrazioak egiaztatzeko aukera, eta bestetik, zergapekoa aplikatu den balio horrekin ados ez egotea. Kasu horietan, perituen aldebiko tasazio bat egiteko prozedurari hasiera ematen ahal zaio edo zehazturiko balioa aurkatu.
Foru Dekretu honen edukia Nafarroako kontseiluari bidali zaitzaion, irizpena eman zezan, 2001eko irailaren 17an Nafarroako Gobernuak emandako Erabakiaren bidez.
2001eko urriaren 30ean emandako irizpenaren arabera, arauaren edukia erabat lotzen zaio antolamendu juridikoari.
Horrenbestez, Ekonomi eta Ogasun kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta bateko azaroaren hogeita seian egindako bilkuran hartutako erabakiaren arabera,
DEKRETATU DUT:
1. Foru dekretu honen helburua da Nafarroako Foru Komunitateko ondoko ondasunak baloratzeko arau teknikoak onestea, merkatuko batez besteko prezioak egiaztatuz, Tributuei buruko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 44. artikuluak aipatzen dituenak, oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergaren eta ondare eskualdaketen eta egintza juridikoen gaineko zergaren kudeaketari dagokionez:
a) Etxebizitzak, tipologia honen barnen bi eredu onetsita: bata pisuetarako eta bestea familia bakarreko etxebizitzetarako.
b) Ibilgailuak aparkatzeko tokiak.
c) Trastelekuak.
d) Nekazaritzako eta basozaintzako aprobetxamendua izan dezaketen lurzoruak.
2. Onesten diren balorazio teknikoaren arauek balioa kalkulatzeko eredu estatistikoak dauzkate, izaera homogeneoko ondasun higiezinen multzo bateko lagin adierazgarri bat aztertzearen ondorioz, betiere ondasunen eremu geografikoa edo Lurralde Aberastasunaren Erregistroan ondasun horiek dituzten ezaugarriak kontuan hartuta, horiek laguntzen baitute ondasun higiezinen balioan eragina duten faktore sistematiko guztien ondorioak zehazki kalkulatzen.
3. Bai balioa kalkulatzeko metodo estatistikoak bai aurreko atalean zehaztutako ondasun higiezinen definizioak foru dekretu honen eranskinean jaso dira.
4. Foru dekretu honek aipatzen dituen higiezinak identifikatuko dira Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legean eta hura garatzeko araudian ezarritakoari jarraituz.
2. artikulua. Egiaztapenaren ondoriozko balioa.
1. Zerga Administrazioak Foru Dekretu honetako arauak aplikatuko ditu aurreko artikuluan aipatu ondasun higiezinei dagokien benetako balioa Foru Dekretu honetan berean arautzen den merkatuko batez besteko prezioak baloratzeko prozedura erabiliz egiaztatzen duenean, Oinordekotza eta Dohaintzen gaineko Zergaren eta Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren kudeaketaren arabera.
2. Ondasun higiezin bakoitza bere aldetik baloratuko da, beste higiezin batzuen eranskin banaezina baldin bada ere.
3. artikulua. Aitorturiko balioa.
1. Interesatuek aitorturiko balioa Foru Dekretu honetako arauak aplikatzearen ondorioz ateratzen dena baino handiagoa baldin bada, hura zerga oinarria izanen da, eta zergaren lidikazioa edo autolikidazioa aitorturiko balioaren gainean eginen da.
2. Autolikidazioa eginda, interesatua Foru Dekretu honetako eranskinean bildutako arau teknikoak aplikatzearen ondoriozko balorazioarekin ados ez badago, benetako balioa baino handiagoa delako, autolikidazioaren inprimakian hala adierazi beharko du.
4. artikulua. Babes ofiziala.
Babes ofizialeko etxebizitzen arautegia aplikatuz, higiezinak salmentarako gehieneko prezio bat finkatua baldin badu, egiaztapenaren ondoriozko balioa ezin izanen da legeak finkatutako gehieneko balio hori baino handiagoa.
5. artikulua. Perituen aldebiko tasazioa.
Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorreko 44. artikuluan ezarritakoaren arabera, perituen aldebiko tasazioa sustatzen denean, horren ondoriozko balioa aplikatuko da, eta, horren ordez, ezin izanen da Foru Dekretu honen aplikazioaren ondoriozko balioa erabili, inola ere.
6. artikulua. Perituen irizpena.
Foru Dekretu honetan araututako egiaztapen bidea erabilita ere, ez da baztertzen Zerga Administrazioak perituen irizpena eskatzeko bidea, Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorreko 44. artikuluan ezarritakoarekin bat.
7. artikulua. Inpugnazioa.
Foru Dekretu honetan ezarri den prozeduraren arabera finkatzen diren balioak aurkatzen ahal dira, Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorreko IV. Tituluko VII. Kapituluan xedatutakoari jarraikiz.
XEDAPEN GEHIGARRIAK
Lehena. Eguneratzeko koefizienteak .
Foru aginduaren bidez onets daitezke eguneratzeko koefizienteak, foru dekretu honen eranskineko parametroak aplikatzearen ondoriozko balioei aplika dakizkien, Nafarroako Zerga Ogasunak objektibotasunez justifikatzen duenean, eskura dagoen informazioaren arabera, une jakin batean merkatuko balioekin alde nabarmena dutela balio haiek.
Bigarrena. Tauletan sartu gabeko unitate higiezinak ..
Foru dekretu honen eranskineko tauletan berariaz ez dauden unitate higiezinak, foru dekretua onestean Lur-ondasunen Erregistroan sartuta ez egotegatik nahiz une horretan dituzten ezaugarriak geroago aldatzeagatik, dauden eremuetara lot daitezke katastroa eguneratzeko prozeduren bitartez.
AZKEN XEDAPENAK
Lehena. Arauak emateko ahalmena.
Ekonomi eta Ogasun kontseilariari ahalmena ematen zaio Foru Dekretu hau aplikatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.
Bigarrena. Indarra hartzea.
Foru Dekretu honek 2002ko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra, eta aplikagarria izanen da Dekretuak indarra hartu ondoren egiten diren eskualdaketa guztietan.
Iruñean, bi mila eta bateko azaroaren hogeita seian. Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Ekonomi eta Ogasun kontseilaria, Francisco J. Iribarren Fentanes.
E R A N S K I N A