(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

50/1998 FORU DEKRETUA, OTSAILAREN 16KOA, NAFARROAKO ESTATISTIKA INSTITUTUAK UDAL ERROLDEN INGURUAN NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN IZANEN DITUEN EGINKIZUNAK ARAUTZEN DITUENA

BON N.º 27 - 04/03/1998



  AZKEN XEDAPENAK


Atariko

Toki entitateeetako Biztanleriari eta Lurralde Mugaketari buruzko Erregelamenduak, uztailaren 11ko 1690/1986 Errege Dekretuak onetsi eta abenduaren 20ko 2612/1996 Errege Dekretuak aldatu zuenak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari esleitzen dio udal errolden kudeaketaren inguruko hainbat lan egitea.

Foru Komunitatean, Nafarroako Estatistikari buruzko 11/1997 Foru Legeari jarraikiz, Nafarroako Estatistika Institutuari dagokio Nafarroarako interesgarri diren estatistika lanak egitea. Foru Lege horren 31. artikuluko 1. zenbakiko g) letran, zehazki, eginkizun hau esleitzen dio: "estatistika direktorioak burutzea eta lurralde, populazio, etxebizitza eta jarduera ekonomikoari buruzko oinarrizko parametroak eta markoak sortzeko eta eguneratzeko behar diren errolda eragiketak egitea".

Aipatu Erregelamenduan zehazten da, besteak beste, datuak beste administrazio publiko batzuei utzi ahalko zaizkiela, ukiturikoaren aurretiazko baimenik gabe, beti ere hark eskatu eta dituen eskumenez baliatzeko beharrezkoa denean, bakar-bakarrik bizitokia edo helbidea jakitea garrantzitsua den kasuetan.

Horrenbestez, Ekonomi eta Ogasun kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko otsailaren hamaseian harturiko erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua

1. Nafarroako Estatistika Institutuak aldian-aldian zehazten diren estatistika lanak eginen ditu, biztanleen udal erroldetan oinarrituz.

2. Nafarroako Estatistika Institutuak, behar diren egiaztapenak eginda eta kasuan kasuko udalerrien biztanleri datu ofizialekin bat etorriz, kontzejuetako biztanleen zifra ofizialak onesteko Foru Aginduaren proposamena eginen du.

3. Halaber, udal errolden eguneratzeetatik lor daitezkeen estatistika informazioak sortzeko behar diren lanak eginen ditu.

2. artikulua

Nafarroako Estatistika Institutuak laguntza emanen die udalei kale-izendegiak, sekzio- ebaketak eta horien euskarri kartografikoak mantentzeko eta, halaber, Toki Entitateteetako Biztanleriari eta Lurralde Mugaketari buruzko Erregelamenduaren 75. artikulutik 77.era bitarte, eta Nafarroako kale- izendegiak mantentzeko arauak ematen dituen 102/1994 Foru Dekretuan adierazitako gainerako lanak egiteko, horretarako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuetatik behar den laguntza izanen duelarik.

3. artikulua

1. Nafarroako Estatistika Institutuak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko departamentuen esku jarriko du udal errolden eguneratzeetatik datorren informazioa, indarra duen arauterian finkatuta dagoen moduan.

2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuetako eta haren erakunde autonomoetako unitateek behar duten erroldari buruzko informazioa Nafarroako Estatistika Institutuari eskatu beharko diote.

3. Horrela lortzen den errolda-informazioa ezin izanen da aldatu, utzi edo beste eginkizunetarako erabili eta, eskatu zen helbururako erabili eta gero, desegin beharko da.

4. Nafarroako Estatistika Institutuak, Lehendakaritza eta Barne Departamentuko Antolaketa eta Informazio Sistemen Zuzendaritza Nagusiarekin lankidetzan, behar diren prozedura informatikoak sustatuko ditu informazio bide horiek arintzeko. Halaber, datu pertsonal horiek behar bezala erabil daitezen zorrozki bermatzeko prozedura bideak irekiko ditu.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena

Ahalmena ematen zaio Ekonomi eta Ogasun kontseilariari Foru Dekretu hau garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Bigarrena

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko otsailaren hamaseian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Ekonomi eta Ogasun kontseilaria, José María Aracama Yoldi.

Iragarkiaren kodea: A9801605

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web