(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

64/1998 FORU DEKRETUA, MARTXOAREN 2KOA, BETELUKO UDAL DERMIOAN DAUDEN ZIGARI-BEROATEKO ARTADIAK LEKUNE NATURAL (EN-27) DEKLARATZEN DITUENA

BON N.º 32 - 16/03/1998



  I. ERANSKINA. ZIGARIBEROATEKO LEKUNE NATURALA ERABILTZEKO ETA KUDEATZEKO PLANA


  II. ERANSKINA. LEKUNE NATURALAREN MUGAPEN GRAFIKOA


Atariko

Nafarroan erlikia diren artadiak Araxes erreka inguruko zenbait tokitan barreiatuak daude, kararri trinko eta azaleko aldapa pikoetan. Serieko baso klimaxa osatzen dute, hitz fitosoziologikoetan Lauro nobilis- Quercetum ilicis deitzen dena, eta baso mota horixe da, hain zuzen ere, Nafarroako paisaian lur eremu txikiena hartzen duena. Ekosistema urria eta berezia izanik, jatorriz mediterraniarra, ingurune atlantiarrean isolatua, fauna eta flora espezie ugari dago bertan, ekotoniaren aldetik interesgarriak, eta Nafarroan zehar korridore biologiko bat bailitzan eragiten du Foru Komunitatea osatzen duten mendebaldeko paleartikoaren bi eskualde biogeografiko hauen artean: mediterraniarra eta eurosiberiarra. Ekologiaren eta paisaiaren aldetik balio handikoak diren baso petrano horietan ikazkintzan gogor aritu izan dira urte askoan, baina gaur egun, jarduera hura amaituta, berez lehengora datoz berriro ere.

Nafarroa osoan artadi erlikia horrek duen garrantzi ekologikoaz ohartuta, Beteluko Udalak Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentura jo zuen artadiak hartzen zituen naturgune babestu bat sortzea proposatzeko.

Nafarroako naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legearen 3. artikuluan adierazten denez, lekune naturalak dira zenbait balore ekologiko edo paisaiazko dituzten guneak, eta halaxe deklaratzen dira euren kontserbazioa edo hobekuntza erdiesteko. Hala ere, haietan jarduketak egiten ahal dira, behar bezala antolatuak, aipatutako baloreak hondatu ez daitezen. Babes figura hori, horrela zehaztua, guztiz egokia da Beteluko artadi erlikien kasurako.

Lekune naturalak ez du bere ingurumarian babespeneko bazter-eremurik behar, naturgunetik hurbil ez baita babestu beharreko artadiarentzat kaltegarri izan daitekeen jarduerarik. Lekunea zehazten duten bi sektoreen arteko eremua alde batetik errepideak, bere menpekotzarekin, eta bestetik errekak mugatzen dute, eta ez da beharrezkoa ikusten ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legean aurreikusten den inguruko babes-eremurik ezartzea.

Horrenbestez, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposatuta eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko martxoaren biko bilkuran hartu zuen Erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua . Deklarazioa.

1. Beteluko herritik gora, Araxes errekako bi aldeetan diren Zigari-Beroateko artadiak lekune natural (EN-27) deklaratzen dira.

2. Beteluko artadiko lekune naturalak ezaugarri hauek ditu:

A) Izena: Zigari-Beroate.

B) Udalerria: Betelu.

C) Azalera: 41,3 hektarea.

D) Mugapen grafikoa: II. eranskinekoa.

E) Mugen deskribapena:

Lekune naturalak Araxes errekako bi aldeetako sektoreak hartzen ditu.

Iparraldeko sektoreak gehienbat hegomendebaldera jotzen duen hegia hartzen du. Mendebaldeko muga hasten da UTM koordenatuen, X, 583.940, Y, 4.764.130, Z, 255 puntuan eta gorantz doa zuzenean X, 584.050, Y, 4.764.335, Z, 425 punturaino. Iparraldeko muga da aurreko puntutik X, 584.370, Y, 4.764.245, Z, 425 punturaino doan irtenune harritsua. Ekialdeko muga beherantz doa zuzenean aurreko puntutik X, 584.340, Y, 4.763.935, Z, 270 punturaino. Hegoaldeko muga osatzen dute errepidearen bazterreko ezponda harritsuek.

Hegoaldeko sektorea gehienbat ipar-iparrekialdera jotzen duen hegian kokatzen da. Mendebaldeko muga hasten da UTM koordenatuen X, 583.930, Y, 4.764.100, Z, 255 puntuan, eta hegoalderantz doa zuzenean koordenatuen X, 583.890, Y, 4.763.935, Z, 375 punturaino. Puntu horretatik hegoaldeko muga definitzen da kota gorenak batzen dituen lerro bati segiz eta UTM koordenatuen X, 584.310, Y, 4.763.625, Z, 449,7 puntutik eta UTM koordenatuen X, 584.460, Y, 4.763.350, Z, 431,1 puntutik pasatzen da. Puntu horretatik hasita mendebalderantz segitzen du zuzenean 586 eta 587. lurzatien arteko mugaraino, UTM koordenatuen X, 584.540, Y, 4.763.400, Z, 415 puntuan, lurzatiak kanpotik inguratzen ditu eta UTM koordenatuen X, 584.610, Y, 4.763.425, Z, 405 puntuan kokatzen den lurzati horien banaketa punturaino iristen da. Puntu horretatik beherantz zuzenean Betelu eta Errazkin arteko mugaraino UTM koordenatuen X, 584.810, Y, 4.763.340, Z, 335 puntuan. Betelu eta Errazkin arteko mugatik segitzen du iparralderantz, Errazkingo errekastoko ezkerraldetik Araxes errekarekin bat egiteraino. Puntu horretatik segitzen du burdinolara iristen den ubideko ezkerraldetik. Hortik, mendebalderantz, lehendik dagoen eta proiektatu den bidezidorreko ezkerraldetik UTM koordenatuen X, 583.930, Y, 4.764.100, Z, 255 hasierako punturaino.

2. artikulua . Babes araubidea.

Beteluko artadi erlikien lekune naturalean erabilpen eta jardueren araubidea honako hau izanen da:

A) Eraikuntzarik behar ez duten jarduerak:

Debekatuak daude: legarra ateratzea; harrobiak; pista berriak egitea; erreka-bideak aldatzea; luberriak egitea; arraseko mozketak; fauna eta flora espezie ez autoktonoak sartzea; landaredia erretzea; kanpalekuak; kirol jarduerak antolatzea eta zaborrak botatzea.

Gainerako jarduerak baimendu ahalko dira Foru Dekretu honen I. eranskinean agertzen den Erabilpen eta Kudeaketa Planean finkatutako berariazko araubidearekin bateragarri diren neurrian.

B) Eraikuntza jarduerak:

Baimendu ahalko dira ingurugiro arloko hezkuntzarako diren eraikuntzak, instalazioak eta azpiegiturak eta, salbuespen gisa eta ingurugiroan izan dezaketen eragina ebaluatu ondoren, Nafarroako Gobernuak interes orokorreko deklaratzen dituen azpiegiturak edo, indarra duen legeria aplikatuz, lekune naturalaren segurtasunari kalte larririk egin ez diezaioketen eraikuntzak.

Gainerako guztiak debekatuak daude.

Erabilpenaren aldetik lekune naturala babesteko araubide honen ondorioz izan daitezkeen mugak direla eta, ez da kalte-ordainetarako eskubiderik sortuko.

3. artikulua . Erabiltze eta kudeatze plana.

Beteluko Zigari-Beroateko artadietako lekune naturala erabiltzeko eta kudeatzeko plana onetsi da. Plan hori Foru Dekretu honen I. eranskinean heldu da eta aurreko artikuluan xedatu ez den orotan arautuko du.

Azken Xedapenak Lehena

Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari ahalmena ematen zaio Foru Dekretu hau garatu eta betetzeko behar diren xedapenak dikta ditzan.

Azken Xedapenak Bigarrena

Indar gabe gelditzen dira Foru Dekretu honetan ezarritakoari kontra egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

Azken Xedapenak Hirugarrena

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko martxoaren bian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, Yolanda Barcina Angulo.

I. ERANSKINA. ZIGARI-BEROATEKO LEKUNE NATURALA ERABILTZEKO ETA KUDEATZEKO PLANA

I. ERANSKINA

I.-Xedea.

Beteluko artadi erlikiak lekune natural deklaratzearen helburua da eskualde horretako balore ekologiko edo paisaiazkoak babestea, toki horietan behar bezala antolatutako jarduketak galarazi gabe, beti ere lekune naturala babestearekin bateragarri badira.

II.-Lekune naturalaren deskribapena.

2.1. Kokalekua.

Zigari-Beroateko lekune naturala Araxes errekako alde bietan dago, Beteluko herritik gora eta udalerri horretan. Horren deskribapena II. eranskinean dator.

2.2. Ezaugarri ekologikoak.

Nafarroan erlikia diren artadi bakarrak (Quercus ilex) eta horren eta karraskaren arteko hibridoak (Q x gracilis) azaleko kararrizko pasilo batean daude, Araxes errekak bidea egiten duen hartan. Baso horiek, muino- zoruetakoak dira eta biotopo edafoxerofiloen babesean kokatzen dira, kararri azaleratu gogorren gainean eta aldapa gogorretako zoru eskeletikoetan. Betelun, Zigari- Beroateko alderdiko zuhaizti erlikiak, Araxes errekako bi aldeetan, optimo mediterraniar lebante aldeko hostogogor eta iraunkorreko formazio hauen lagin adierazgarriak dira, aro kuaternarioan Kantauri aldera hedatu zirenak, egungoak ez bezalako ingurugiro eta klima erregimenek lagunduta.

Baso hostoiraunkor horiek Lauro nobilis-Quercetum ilicis artadi kautauriar seriaren heldutasun goreneko etapa dira.

Aipatu seriea Nafarroan direnetan urriena da. Gaur egun Beteluko artadiak berez ari dira indarra hartzen, aurri egoeran dagoen burdinolaren hornikuntzarako ikazkintza gelditu delako. Burdinola natur gunearen behealdean dago. Kantauriar artadiaren ekosistemak ahalmen handia du bere barruan flora eta fauna bioanitza hartzeko, banaketa mediterraniarreko elementu ugarirekin. Eta Beteluko hori garrantzi handiko korridore ekologiko naturala da, meditarraniar mundua atlantiarrarekin lotzen duena, eta paisaia aldetik ere balio handia du, kontraste plastikoa egiten duelako hostogogorreko formazio batek orokorrean atlantiar eremukoak diren baso hostoerorkorreko domeinu batean.

Horrelako basoek, ekonomikoki balio gutxikoak direlako maiz gutxietsiak izan arren, ahalmen handia dute haiei esker eratzen diren lur emankorren higadura edafikoa saihesteko eta suteen ondoren lehengoratzeko. Gaur egun basogintzaren eta nekazaritzaren aldetik interes gutxi dute eta eremu baliogabetuak eta marginalak dira, eta behar ez bezala erabiliak ahuntz azienda marginala, basoko bioaniztasuna murrizten duena, bazkatzeko.

Artadi horiek habitat naturalak eta basa fauna eta flora zaintzeari buruzko 1992ko maiatzaren 21eko 43/92 Zuzentarauak (EEE) babesten ditu, eta asmoa dago Europan garatzen ari diren "Natura 2000" sare ekologikoan sartzeko.

2.3. Erabilerak eta jarduerak.

Artadia gehienbat egurra ateratzeko erabili izan da, batez ere egun aurri egoeran dagoen burdinola hornitzeko. Egurren probetxamendua jada utzia dago, arrunt nekagarria baita aldapatzar horietatik ateratzea.

Abeltzaintzako erabilera marginala da.

Lekune naturaleko iparraldeko sektorean, 172 c azpilurzatian Intsinis pinua sartu da baina pinudiaren barruan artea franko ateratzen ari da. Pinu landaketa hori probetxatu eginen da oihan azpizoruko baso autoktonoa ukitu gabe, gero horixe bakarrik utziko baita azpilurzati horretan.

Turismo eta josteta erabilera, funtsean, errekaren eta errepidearen artean kokatuko da. Gainera aukera dago bi hegien gaineko ertz harritsuetan pasealekuak egiteko.

Ehiza jarduera NA-10.019 ehiza barrutiaren Ehiza Antolamendurako Planak edo, hala denean, horren ordezkoren batek arautuko du.

III.-Kudeaketa.

Lekune naturalari dagozkion erabakiak hartzeko Jarraipen Batzorde bat eratuko da, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko eta Beteluko Udaleko ordezkariek osatua. Bi erakunde horien artean lankidetza hitzarmenak sinatu ahalko dira zehazten diren jardueren programak aurrera eramateko.

II. ERANSKINA. LEKUNE NATURALAREN MUGAPEN GRAFIKOA

II. ERANSKINA

Iragarkiaren kodea: A9802124

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web