(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

100/2005 FORU DEKRETUA, UZTAILAREN 27KOA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ADMINISTRAZIOAREN ETA HAREN ERAKUNDE AUTONOMOEN PLANTILLA ORGANIKOA ONESTEN DUENA Nota de Vigencia

BON N.º 101 - 24/08/2005; corr. err., BON 21/10/2005, BON 27/01/2006



  AZKEN XEDAPENAK


Atariko

Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategineko 19. artikuluak ezartzen duenez, administrazio horiek beren plantilla organikoak beharko dituzte onetsi eta, haietan, behar bezala sailkatuta aipatuko dituzte lanpostuak.

Arau horren babespean Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen plantilla organikoari hasierako onespena eman zitzaion eta, geroztik, zenbait aldaketa egin zaizkio.

Gaur egungo egoeran badu zer ikusia 2004ko ekainaren 30ean Administrazioak eta CCOO, UGT eta AFAPNA sindikatuek Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen 2004 eta 2005erako lan baldintzei buruz sinatutako Akordioak. Agiri horretan aurreikusirik daude Foru Komunitateko Administrazioaren langileak eta plantilla organikoa ukitzen dituzten zenbait berrikuntza, haien kudeaketa arrazionalagoa eta malguagoa izan dadin.

Berrikuntzak aurrean aipatutako sindikatuekin kontsentsuatu ziren eta Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileendako neurriei buruzko abenduaren 3ko 16/2004 Foru Legean eta Nafarroako Administrazio Publikoetan lanpostuak betetzeko Erregelamendua aldatzen duen martxoaren 14ko 59/2005 Foru Dekretuan gauzatu dira. Funtsean, langileen atxikipenaren esparru organikoen definizioari eta arauketari, eta funtzionarioen artean izendapen libreko lanpostuetan edo unitate organiko bateko burutzan edo zuzendaritzan jarduteko tratamenduari eragiten diete, lanpostu horien banakotasuna kontuan hartzera bideratuz eta haietan ari diren langileen jarduneko egoerarekin bat.

Arauak (legea zein erregelamendua) promulgatu ondotik, gai honen berrikuntza prozesua bururatzeko, Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen plantilla organikoa, 2005eko apirilaren 2koa, onetsi egin behar da aipatu diren antolaketa parametroen arabera. Onespen horrek, gardentasun eta segurtasun juridikoaren irizpideei jarraikiz, tresna formal bakar batean bilduko ditu plantilla organikoaren aldaketa gorpuztu duten arau guztiak, plantillaren argitalpena, hura osatzen duten lanpostuen oinarrizko araubidea, bai eta lanpostuei dagozkien lansari osagarriak ordaintzeari buruzko xedapenak ere.

Horiek horrela, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2005eko uztailaren 27an eginiko bilkuran harturiko Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua . 2005eko plantilla organikoa onestea.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen plantilla organikoa, 2005 apirilaren 2koa, onesten da.

2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen plantilla organikoan biltzen diren lanpostuak foru dekretu honen eranskinetan ageri dira eta ondokoei dagozkie: langile funtzionarioak, lan araubideko langile finkoak, estatutupeko langileak, izendapen libreko zuzendaritza karguetan aritzen diren aldi baterako langileak eta Nafarroako Gobernuko kideak eta euren Kabineteetako langileak.

3. Plantilla organikoko lanpostuek eranskinetan ageri diren lansari osagarriak izanen dituzte.

2. artikulua . Plantilla organikoa eta langileen zerrenda argitaratzea.

1. Urtero, abenduaren 31ko egitura organikoaren eta egoeraren arabera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen plantilla organikoa eta langile funtzionarioen, lan araubideko langile finkoen, estatutupeko langileen eta izendapen libreko zuzendaritza karguetan aritzen diren aldi baterako langileen zerrenda argitaratuko dira.

2. Aurreko 1. puntuan xedatzen denaren arabera plantilla organikoa eta langileen zerrenda argitaratzeak ez du deusetan ukitzen langileek arauz zehaztutako esparru organikoetan duten atxikipena, ez eta organoek lanpostu zehatz bat asignatzeko edo lanpostu beteen edo hutsen atxikipen aldaketa egiteko daukaten ahalmenaren erabilera.

3. artikulua . Plantilla organikoaren aldaketak Nota de Vigencia.

1. Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantilla organikoko lanpostuak sortu eta amortizatzea eta lanpostuen lansari osagarriak banatu eta aldatzea Nafarroako Gobernuak onetsiko duen foru dekretu baten bidez eginen da, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak proposatu ondotik.

2. Ondoko jarduketen ondotik sortzen diren aldaketek ez dute aurreko 1. puntuan aipatutako tramitea bete beharko:

a) Organo eskudunak unitate organikoak sortzea.

b) Lanpostuak betetzeko indarrean dauden arauei jarraikiz, funtzionarioen artean izendapen libreko zuzendaritza lanpostu baterako edo unitate organikoko burutza edo zuzendaritza baterako izendatu edo kargutik kentzean plantilla organikoan gertatzen diren aldaketak.

c) Hutsik ez dauden lanpostuak moldatzeko onespena ematea.

d) Lanpostu hutsen izenak aldatzea.

e) Organo eskudunak lanpostu beteei edo betegabeei atxikipena edo destinoa aldatzea.

f) Ebazpen judizialak betetzearen ondorioz plantilla organikoan gertatzen diren aldaketak.

Aurreko a)tik f)ra bitarteko ataletan ezarritako egintzen ondorioz plantilla organikoan gertatzen diren aldaketak hura argitaratzean, urte bakoitzeko abenduaren 31n, adieraziko dira.

3. Edozein arrazoi dela-eta hutsik geratzen diren administrari edota administrari-ofizial (C maila) lanpostuak, besterik gabe bilakatuko dira administrari-laguntzaileen (D maila) lanpostu huts.

4. 'Iraungitzekoak' deklaratu diren lanpostuek izen baliokide edo eguneratu bat baldin badute Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen plantilla organikoetan eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren estamentu eta espezialitateen zerrendan, izena automatikoki aldatuko dute, eta lanpostua hutsik gelditzean baliokidetzat hartzen dena izanen dute Nota de Vigencia.

4. artikulua. Izendapen libreko lanpostuak.

1. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen Estatutuaren 19. artikuluan aurreikusiriko ondorioetarako, funtzionarioendako izendapen libreko zuzendaritza lanpostuak ondoko hauek dira:

a) Foru Komunitateko Administrazioan: zerbitzuko zuzendaritzak eta idazkaritza tekniko nagusiak.

b) Foru Komunitateko Administrazioak dituen erakunde autonomoetan: bakoitzaren estatutuetan ezarritakoak.

2. Funtzionarioekin nahitaez bete behar ez diren izendapen libreko lanpostuak:

a) Foru Komunitateko Administrazioan: zuzendaritza nagusiak eta lehendakariaren eta kontseilarien kabineteetako lanpostuak.

b) Erakunde autonomoetan: bakoitzaren estatutuetan ezarritakoak.

5. artikulua . Lanpostuetan aritzeko baldintzak.

1. Foru dekretu honen eranskinetan xedatzen den moduan, zenbait lanpostutarako hizkuntzak jakitea, ahoz zein idatziz, eskatuko da.

Hizkuntza horietako jakite maila lanpostu bakoitzaren ezaugarri eta beharren arabera aldatuko da. Lanpostuak arauei jarraituz betetzeko prozesu bakoitzean berariazko proba baten bidez frogatuko da. Euskaraz jakiteari dagokionez, uztailaren 30eko 203/2001 Foru Dekretuan ezarritako jakite mailak eta kreditazio irizpideak aplikatuko dira.

2. Ibilgailuak gidatzeko baimena, dagokion mailakoa kasu bakoitzean, oro har, lanpostu hauetarako eskatuko da: errepideetako laguntzaile teknikoa, suhiltzailea, auto gidaria, agintarien auto gidaria, ingurumenzaina, foruzaina, mendi zaindariordea eta errepideetako zaindaria.

Orobat, beste zenbait lanposturen deialdietan ere ibilgailuak gidatzeko baimena betebehar izan daiteke lanpostu horien eginkizunen artean ibilgailua erabili beharra ohikoa baldin bada.

3. Lanpostuetan sartu ahal izateko egiaztatu behar diren tituluen betebeharrak, kasuan kasu, deialdi bakoitzean zehaztuko dira, Langileen Estatutuan eta lanpostuak betetzeko Erregelamenduan xedatutakoaren arabera.

4. Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sartzeko deialdietan berariazko lanbide heziketako titulua lehen aldiz eskatzen den C eta D mailako lanpostuetan, lehenengo deialdian titulu hori ez da onartzeko baldintza bezala hartuko. Deialdia oposizio lehiaketa bidez eginen da eta, salbuespen gisa, berariazko titulu hori izatea eta lanpostu horretan aldi baterako egindako zerbitzuak baloratuko dira bakarrik Nota de Vigencia.

5. Nafarroako Polizia Kidegoetako langileek aukera izanen dute polizia lanekin lotutako Barne Zuzendaritza Nagusiko atalburutza eta bulegoburutzetara sartzeko, beti ere poliziaren lanbide izaera galdu gabe.

Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legean xedatutakoarekin bat, burutzan dauden bitartean, Foruzaingoaren Dibisio Tekniko Orokorrean ezarritako oinarrizko ordainsariak eta ordainsari osagarriak jasoko dituzte, atalburutzetan mailako hasierako soldataren lanpostuko osagarria %10 handituta, eta bulegoburutzetan %5 Nota de Vigencia

6. artikulua . Lanpostuei lansari osagarriak ezartzeari buruzko arau orokorrak Nota de Vigencia.

1. Funtzionarioendako den zuzendaritzan edo burutzan sartzen den langileak, izendapenaren eta atxikipen mailaren arabera, foru dekretu honen eranskinetan ezarritako lansariak kobratuko ditu.

Halaber, A edo B mailako funtzionarioek betetzen dituzten ataleko edo bulegoko burutzen kasuan, bateraezintasuneko osagarria ezarriko da, salbu eta burutza horrek plantilla organikoan erabateko dedikaziokoa badu jada.

2. Jabetzan eskuratutako ogasuneko teknikarien edo ogasuneko kudeatzaile eta ikertzaile laguntzaileen lanpostuetan dihardutelarik, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko zerbitzuko zuzendari, atalburu edo bulegoburu izendatzen dituzten funtzionarioek, kasuan-kasuan dagokien zuzendaritza-lanpostuaren osagarriaz gain, ogasuneko teknikarien edo ogasuneko kudeatzaile eta ikertzaile laguntzaileen lanpostuek eratxikia duten osagarria ere jasoko dute.

Funtzionario horiek, baldin eta Ekonomia eta Ogasunekoa ez den beste departamentu batean zuzendaritzaren baterako edo burutzaren baterako izendatzen badituzte, ez dute eskuratuko aipatutako lanpostu-osagarria, eta bidezko den zuzendaritza-lanpostuaren osagarria baizik ez dute jasoko.

3. Jabetzan eskuratutako aholkulari juridikoen lanpostuetan dihardutelarik, Lehendakaritzako Zuzendaritza Nagusiko zerbitzuko zuzendari, atalburu edo bulegoburu izendatzen dituzten funtzionarioek, kasuan-kasuan dagokien zuzendaritza-lanpostuaren osagarriaz gain, aholkulari juridikoaren lanpostuak eratxikia duen osagarria ere jasoko dute.

Funtzionario horiek, baldin eta Lehendakaritzakoa ez den beste zuzendaritza nagusi batean zuzendaritzaren baterako edo burutzaren baterako izendatzen badituzte, ez dute eskuratuko aipatutako lanpostu-osagarria, eta bidezko den zuzendaritza-lanpostuaren osagarria baizik ez dute jasoko Nota de Vigencia.

4. Ataleko, bulegoko edo horiekin parekatutako administrazio unitateko buru izendatzen diren funtzionarioek, burutzako zereginez gainera, aurreko lanpostuko lanak egiten jarraitzen dutenean, lanpostu horri dagokion lanpostuko osagarria mantenduko dute. Bestela, burutzan aritzen direnean, administrazio motako burutzek oro har esleiturik duten lanpostuko osagarria jasoko dute, haien atxikipen mailaren arabera.

5. Plantilla organikoan, zenbait lanposturi esleitutako arrisku bereziko osagarria kendu eginen da baldin eta horretan aritzen diren langileak toxikazio, neke edo arriskua sortzen duten eginkizunetan aritzen ez baldin badira, hau da, osagarria emateko arrazoirik ez baldin bada.

6. Lanpostu bati esleitutako osagarrietan sartuko da langilearen konpentsazio osagarria, horrelakoa kobratzen denean.

7. Osasun Departamentuko eta haren erakunde autonomoetako osasun arloko fakultatiboak, departamentu horretako esparruaren barneko burutza bat hartzen badute, prestasun osoko eta erabateko dedikazioko araubidean arituko dira, eta dagokien osagarria jasoko dute, baldin eta horixe bazen burutza hartzean zeukaten dedikazio araubidea Nota de Vigencia

8. Osasun Departamentuan eta haren erakunde autonomoetan asistentziako eginkizunak dituzten osasun langileek, departamentu horren esparruaren barneko beste lanpostu bat hartzen badute behin-behinekoz, guardiak egiten jarraitzen ahalko dute, lanpostuan bertan egon beharrekoak eta/edo lanpostuz kanpokoak, betiere lanpostu berrirako eskatutako dedikazioarekin bateragarriak badira Nota de Vigencia.

9. Funtzionarioei gordetako zuzendaritzako eta burutzako lanpostuetako lanpostu-osagarriaren ehunekoak kontuan hartuko du urriaren 18ko 318/2004 Foru Dekretuaren ondoriozko aplikazioa. Foru dekretu horren bidez ordainsari osagarriak esleitu zitzaizkien Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko plantilla organikoko zenbait lanposturi, bete zedin Administrazioak eta sindikatuek Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen lan baldintzei buruz 2004. eta 2005. urteetarako sinatutako akordioa Nota de Vigencia.

7. artikulua . Lansari osagarriak berariazko lanpostuei ezartzea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen plantilla organikoko lanpostuetatik foru dekretu honen eranskinetan artikulu honen zenbakiekin agertzen direnek, aldi baterako eta adierazten diren arrazoiengatik, ondoko lansari osagarriak izanen dituzte:

1. Lanpostuaren osagarria, dagokion mailaren hasierako soldataren 100eko 10ekoa, titularra giza baliabideen, G21en, informazio kuboen eta osasungintzako sistemen proiektuetako alorren garapen informatikoaren eginkizunetan aritu bitartean.

2. Lanpostuaren osagarria, 100eko 15ekoa, dagokion zuzendaritza lanpostuaren osagarriarekin bateragarria, zuzendaritzari edo burutzari dagozkion lanez gainera, txandako arduradun lanak ere bere gain hartzen dituen bitartean, "Nafarroako Bide Sarean gertatzen diren gorabeheretan esku hartzeko gida-liburuan eta Neguan errepideak Erabilgarri mantentzeko Planean" adierazi bezala, betiere gida-liburu horretan onartutako antolamenduaren eraginkortasuna eta funtzionaltasuna egiaztatzen badira.

3. Lanpostuaren osagarria, dagokion mailaren hasierako soldataren 100eko 20koa, titularra bere lanpostuaren eginkizunetan aritzeaz gainera, Nafarroako Jauregian menpeko zereginetako eta garbiketako arduradunaren lanetan ere aritu bitartean.

4. Lanpostuaren osagarria, dagokion mailaren hasierako soldataren 100eko 10ekoa, titularra bere lanpostuaren eginkizunetan aritzeaz gainera, Nafarroako Jauregian ostalaritza arloko, gonbidatuen harrerako eta bisitetako arduradunaren lanetan ere aritu bitartean.

5. Lanpostuaren osagarria, dagokion mailaren hasierako soldataren 100eko 10ekoa, titularra bere lanpostuaren eginkizunetan aritzeaz gainera, Nafarroako Jauregian eta haren bulegoetan mantentze lan teknikoetako, mantentze lanetako langileen kontroleko eta gainbegiraketako eta eraikineko lorazaintzako arduradunaren lanetan ere aritu bitartean.

6. Lanpostuaren osagarria, dagokion mailaren hasierako soldataren 100eko 10ekoa, titularra, bere lanpostuaren eginkizunetan aritzeaz gainera, Garraioen Arbitraje Batzordeko buruaren edo idazkariaren lanetan ere aritu bitartean Nota de Vigencia.

7. Lanpostuaren osagarria, dagokion mailaren hasierako soldataren 100eko 14koa, titularra zaharrendako osasun laguntza zuzeneko eginkizunetan aritu bitartean.

8. Lanpostuaren osagarria, dagokion mailaren hasierako soldataren 100eko 10ekoa, titularra anbulantzia gidariaren edo Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Odol Bankuko auto gidariaren eginkizunetan aritu bitartean.

9. Lanpostuaren osagarrian 100eko 8ko igoera, titularra Osasun Departamentuaren Osasun Zentro, Jarduera eta Prestazioak Antolatu eta Ikuskatzeko Atalari atxikia dagoen bitartean eta, betiere, atal bereko OLT-Bisitariaren lanpostuak dituen ikuskapen eginkizunak bezalatsuko lanak betetzen baditu.

10. Lanpostuaren osagarrian 100eko 10,22ko igoera, titularra enpresako OLTren eginkizunetan aritu bitartean.

11. Dedikazio esklusiboaren osagarria Medikuaren eta Farmazeutikoaren lanpostuei, titularra Osasun Departamentuaren Osasun Zentro, Jarduera eta Prestazioak Antolatu eta Ikuskatzeko Atalari eta Farmaziak Antolatu eta Ikuskatzeko Atalari atxikia dagoen bitartean.

12. Arrisku bereziko osagarria, mailako hasierako soldataren 100eko 8koa, titularra Iruñeko presondegian aritu bitartean.

13. Lanaldia luzatzeagatiko osagarria, mailako hasierako soldataren 100eko 10ekoa, titularra bere lanpostuaren eginkizunetan aritzeaz gainera, Miguel Servet Fundazioaren kontabilitatearen kudeaketan ere aritzen bada.

14. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari atxikitako langile teknikoek, baldin eta, berez dagozkien eginkizunez gain, Lan eta Gizarte Segurantzaren Ikuskaritzari laguntzeko gaitzen badira, destinoko osagarria (4. indizea) jasoko dute, betiere enpresetan eta lantokietan egiaztatze eta kontrol eginkizunak eraginkorki betetzen badituzte, lan baldintza materialei edo segurtasun eta osasun teknikei buruz Nota de Vigencia

15. Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Kontu-hartze Atalari atxikitako teknikariak, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 97. eta 98. artikuluetan aipatzen den kontu-hartzailetzan aritzeko izendatzen direnak, prestasun osoz eta erabateko dedikazioz arituko dira eta, horren ondorioz, dedikazio esklusiboko osagarria jasoko dute Nota de Vigencia.

16. Zuzendaritza Nagusi edo erakunde autonomo bakoitzean besteak beste zuzendaritzako idazkari lanak bere gain hartzen dituen langileari %6ko lan-osagarria emanen zaio lan horiek egiten dituen bitartean.

Lan horien gaineko ardura kasuan kasuko zuzendari nagusiak edo erakunde autonomoko zuzendari kudeatzaileak esleituko dio berariaz, eta burutza batekin bateraezina izanen da. Eginkizun horiek kasuan kasuko atxikipen eremuan C edo D mailan ari den eta administrarien, administrari laguntzaileen edo horiekin parekatutako lanpostu batean ari den langile bati esleituko zaizkio Nota de Vigencia.

17. Bere lanpostuari dagozkion eginkizunez gainera, Nafarroako Eskola Kontseiluko edo Hezkuntza Batzorde Nagusiko idazkari lanak ere esleitzen zaizkion langileari bere mailari dagokion hasierako soldataren %10 igoko zaio lanpostuko osagarria, eginkizun horietan jarduten duen bitartean Nota de Vigencia.

18. Suhiltzaile sarjentu lanpostua duten langileek, zerbitzu operatiboaren ondoriozko eginkizunez gain, zuzendaritzak agindutako kudeaketa lanak eginen dituzte. Kasu horretan, zaintza operatiboa egiten ez dutenean, lanpostuko osagarria gehituko zaie, 3 euro lan horietan benetan emandako ordu bakoitzeko Nota de Vigencia.

19. Bere lanpostuaren berezko egitekoez gain, Mezenasgoaren Batzordeko buru-koordinatzailearen egitekoak ezartzen zaizkion enplegatuari bere mailaren hasierako soldataren %10 gehituko zaio lanpostuko osagarria, aipatutako egitekoak egiten dituen bitartean; organo kolegiatu hori Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legea betetzeko sortu zen Nota de Vigencia.

20. Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko langileei 100eko 10 igoko zaie lanpostuko osagarria beren mailari dagokion hasierako soldataren gainean, baldin eta, beren lanpostuari berez dagozkien funtzioak egiteaz gain, Erreskate Teknikorako Taldeari atxikita baldin badaude funtzionalki. Talde hori sortu zen eta atxiki zitzaion funtzionalki Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuari uztailaren 31ko 102/2018 Foru Aginduaren bidez. Edonola ere, osagarri hori jasotzeari utziko diote aipatu taldeari funtzionalki atxikirik egoteari uzten diotenean Nota de Vigencia

21. Bere lanpostuari datxezkion eginkizunak betetzeaz gain, AP-15 Nafarroako Autobidearen sozietate emakidadunean Nafarroako Gobernuaren ordezkari lanak egiteko izendatzen den langileari bere mailako hasierako soldataren 100eko 20 igoko zaio lanpostuko osagarria, izendatzen den egunetik, eginkizun horiek betetzen dituen bitartean Nota de Vigencia.

Xedapen Gehigarri Bakarra

Urtero argitara emanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari transferitutako Justizia Azministrazioaren zerbitzuei atxikitako plantilla organikoa eta langileen zerrenda, urte bakoitzeko abenduaren 31n dagoen egoeraren araberakoak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Bigarrena.

Ahalmena ematen zaio Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari Foru Dekretu hau garatu eta betetzeko behar diren xedapenak agindu ditzan.

Hirugarrena.

Indargabetu egiten dira foru dekretu honetan xedatutakoaren aurkako maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak eta, bereziki, plantilla organikoari buruzko aurreko foru dekretuetan bildu diren lansari osagarrien ordainketaren gaineko xedapenak.

Iruñean, 2005eko uztailaren 27an._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0516751

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web