(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

256/1998 FORU DEKRETUA, IRAILAREN 1EKOA, NAFARROAKO ESKOLA KONTSEILUA EDO HEZKUNTZAKO BATZORDE NAGUSIA ETA TOKIKO KONTSEILUAK ARAUTZEN DITUEN AZAROAREN 4KO 12/1997 FORU LEGEAREN 4. ARTIKULUA GARATZEN DUENA

BON N.º 11 - 16/09/1998



Atariko

Nafarroako Eskola Kontseilua edo Hezkuntzako Batzorde Nagusia eta Tokiko Kontseiluak arautzen dituen azaroaren 4ko 12/1997 Foru Legearen 4. artikuluaren c) letrak xedatzen du Nafarroako Eskola Kontseiluko kide izanen direla "bost ordezkari, legez eraturiko ikasleen guraso elkarteen federazioek proposatu eta bakoitzak duen bazkide kopuruaren arabera aukeratuak."

Nafarroako Eskola Kontseiluko kideak maiatzaren 4ko 158/1998 Foru Dekretuaren bidez izendatu ziren, ikasleen gurasoen sektoreko ordezkariak eta ikasleen ordezkariak izan ezik.

Federazio horien bazkide kopurua aipatu Foru Legean dioen moduan egiaztatzeko arazoak izan direnez, eta Nafarroako Eskola Kontseilua 1998ko maiatzaren 28an egindako bileran eratu zenez, beharrezkoa da artikulu hori garatzea, bazkide kopuruak epe egoki batean egiaztatu ahal izateko arau batzuk ematearren.

Halere, sektore horrek hezkuntza munduan duen garrantzia dela eta, egokia da Nafarroako Eskola Kontseiluan sartzea, aldi baterako baizik ez bada ere, Federazio ezberdinen bazkide kopuruak behin betirako egiaztatu bitartean.

Hori horrela, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta lauretan hogeita hemezortziko irailaren batean eginiko bilkuran hartu zuen erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua

1. Ikasleen guraso elkarteen federazioen bazkide kopurua, Nafarroako Eskola Kontseiluan parte hartzeari dagokionez, egiaztatzeko, Hezkuntza eta Kultura Departamentuan abenduaren 24ko 191//1964 Legearen 6.5 artikuluak aipatzen duen erregistro liburuaren kopia konpultsatua aurkeztu beharko da.

2. Aurreko lerroaldeak aipatzen duen dokumentazioa Hezkuntza eta Kultura Departamentuan aurkeztu beharko da 1999ko otsailaren 28a baino lehen.

3. Epe hori amaituta, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak Federazio bakoitzaren bazkide kopurua egiaztatuko du, aurkeztutako datuen arabera, eta Nafarroako Gobernuari dagokion izendapen proposamena igorriko dio.

2. artikulua

Bi Federaziotan edo gehiagotan sarturik dauden elkarteen kasuan, epe horretan bertan aurkeztu beharko dute dagokion organoak hartutako erabakiaren egiaztagiria, zeinek adieraziko baitu elkarte horren bazkide kopurua zein federaziori atxiki behar zaion, Nafarroako Eskola Kontseiluaren eraketari, ez beste deusi, dagokionez.

Xedapen Iragankorra

Nafarroako Eskola Kontseiluan parte hartzeari dagokionez ikasleen guraso elkarteen Federazioek duten bazkide kopurua egiaztatu bitartean, azaroaren 4ko 12/1997 Foru Legearen 4.c) artikuluan eta Foru Dekretu honen artikuluetan xedatutakoarekin bat, Nafarroako Eskola Kontseiluko kide izendatu dira desagertutako Hezkuntzako Batzorde Nagusian sektore horrek zituen ordezkariak.

Azken Xedapena Lehenbizikoa

Hezkuntza eta Kultura kontseilariari ahalmena ematen zaio Foru Dekretu hau garatzeko egoki diren jarraibideak eman ditzan.

Azken Xedapena Bigarrena

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, mila bederatziehun eta lauretan hogeita hemezortziko irailaren batean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Hezkuntza eta Kultura kontseilaria, Jesús Javier Marcotegui Ros.

Iragarkiaren kodea: A9808199

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web