(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

231/1998 FORU DEKRETUA, UZTAILAREN 6KOA, NAFARROAKO ERRESERBA INTEGRALAK ERABILI ETA KUDEATZEKO PLAN ZUZENTZAILEAK ONESTEN DITUENA

BON N.º 94 - 07/08/1998



  I. ERANSKINA. ERRESERBA INTEGRALAK ERABILI ETA KUDEATZEKO ARAUDI OROKORRA


  II. ERANSKINA. LIZARDOIA (EI1), UKERDI (EI2) ETA AZTAPARRETAKO (EI3) ERRESERBA INTEGRALAK ERABILI ETA KUDEATZEKO ARAUDI PARTIKULARRA


Atariko

Apirilaren 10eko 6/1987 Foru Legeak, lurraldea babestu eta erabiltzeko Eskualdeko Hirigintza Arauei buruzkoak, bere Lehen Xedapen Gehigarriaren bidez, Lizardoia, Ukerdi eta Aztaparretako guneak Erreserba Integral deklaratu zituen.

Gune bat Erreserba Integral deklaratzeak berekin dakar Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak gune hori Erabili eta Kudeatzeko Plan Zuzentzaile bat egin beharra. Plan horretan sartzen dira delako gunearen balio naturalen deskribapena, aplikatu behar zaion berariazko araudia eta, orobat, gunearen barnean izan daitezkeen jardueren erregulazioa eta hura kontserbatu, kudeatu, mantendu eta zaintzeko behar diren administrazio jarduketak.

Nafarroako Naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legeak 11. artikuluan Erreserba Integralen araubide berariazkoa biltzen du. Era berean, 19. artikuluak dioenez, Erreserba Integralak nola erabili eta kudeatu, bakoitzaren Plan Zuzentzailean xedatzen denaren arabera eginen da. Plan horiek, Foru Lege honen zehaztapenei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak onetsiko ditu, Foru Dekretu bidez, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Ingurugiro Kontseiluak txostena egin ondotik. Azkenik, Lege horrexen 20 artikuluan finkatzen da Erabilpen eta Kudeaketarako Planen edukia eta indarraldia.

Orain arte, Erreserba Integralen kudeaketan Lizardoia (EI-1), Ukerdi (EI-2) eta Aztaparretako (EI-3) Erreserba Integralen Erabilpen eta Kudeaketarako Planak onetsi zituen apirilaren 11ko 131/1991 Foru Dekretua aplikatu izan da, baina Dekretu haren indarraldi mugatua dela-eta berritu behar da.

Oraingo Foru Dekretu honek 6/1987 Foru Legearen babesean deklaratutako Erreserba Integralak Erabili eta Kudeatzeko Plan Zuzentzaileak garatzen ditu. Bertan ezartzen dira alde batetik Araudi orokor bat (1. eranskina) nahitaez bete beharrekoa, garrantzi handienekotzat jotzen dena Erreserba Integralen kontserbazioko helburuak lortzeko paisaje, ingurune fisiko, ingurune biotiko eta baliabide berriztagarrien gaineko ekintzei eta kirol, josteta, merkataritza, didaktika edo zientziaren arloko jarduerei dagokienez, eta beste aldetik Araudi partikular bana (2. eranskina) Erreserba Integralentzat, bakoitzaren ezaugarri ekologikoak kontuan hartuta.

Horrenbestez, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposatuta eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko uztailaren seiko bilkuran hartutako Erabakiari jarraikiz,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua

1. Lurraldea babestu eta erabiltzeko Eskualdeko Hirigintza Arauei buruzko apirilaren 10eko 6/1987 Foru Legeak deklaratutako Lizardoia (EI-1), Ukerdi (EI-2) eta Aztaparretako (EI-3) Erreserba Integralak Erabili eta Kudeatzeko Plan Zuzentzaileak onestea.

2. Lizardoia (EI-1), Ukerdi (EI-2) eta Aztaparretako (EI-3) Erreserba Integralak Erabili eta Kudeatzeko Plan Zuzentzaileen edukia Foru Dekretu honen eranskinean agertzen da.

3. Erabilpen eta Kudeaketarako Plan Zuzentzaile horiek kontserbazio eta kudeaketa planak dira, Basa Fauna eta haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legearen 22.3 artikuluan aurreikusitako ondorioetarako.

2. artikulua

Erabilpen eta Kudeaketarako Plan Zuzentzaile horien indarraldia mugagabea izanen da, eta berrikusi beharko da Nafarroako Aniztasun Biologikoaren kontserbazio eta erabilpen jasangarrirako Estrategiarekin bat, eta hala eskatzen duten zirkunstantzia berriak agertzen diren aldiro, Erreserba Integralak ahalik eta ongien kontserbatzea bermatzeko. Nolanahi ere, lau urtetik behin Plan horiek berrikusi beharko dira.

3. artikulua

Erabilpen eta Kudeaketarako Plan Zuzentzaile horiek garatu eta aplikatzeko behar diren jarduketak Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak burutuko ditu.

Plan Zuzentzaileak aplikatu eta betearazteko behar diren gastuen eta inbertsioen finantzazioa Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko aurrekontuaren urteko kontsignazio arrunten kargura izanen da.

Azken Xedapena

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko uztailaren seian.-Nafarroako Gobernuko lehendakariordea, Rafael Gurrea Induráin.-Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, Yolanda Barcina Angulo.

I. ERANSKINA. ERRESERBA INTEGRALAK ERABILI ETA KUDEATZEKO ARAUDI OROKORRA

I. ERANSKINA

1. Paisajean eraginik duten ekintzak.

1.1. Debekaturik daude, paisajea aldatu, ikus-eremua mugatu, ingurunearen berezko armonia desitxuratu edo hausten duten nolanahiko ekintza edo instalazioak.

1.2. Debekaturik dago edozein motatako publizitate, iragarki edo antzekorik paratzea.

1.3. Debekaturik dago, edozein prozedura dela medio, harrietan, zuhaitzetan edo naturguneko beste edozein elementutan inskripzioak, seinaleak, ikurrak edo marrazkiak egitea.

1.4. Ibilbide ekologikoetarako bereziki prestatzen diren bidezidor edo bideetan argibide taulak, zutolak eta seinale adierazgarriak paratuko dira.

2. Ingurune fisikoan eraginik duten ekintzak.

2.1. Debekaturik daude honelako ekintzak: geomorfologia aldatu edo desitxuratzen dutenak, zuzenean edo zeharka higadura areagotu edo lurzoruaren kalitatea hondatzen eta azpizoruko husguneen edo haiei loturiko faunaren berezko oreka aldatzen dutenak.

2.2. Debekaturik dago erabili eta botatzeko diren gauzak edo materialak abandonatzea eta hondakinak, zaborrak, isurkiak sortu edo kutsadura dakarren edozein ekintza edo hutsegite egitea.

2.3. Debekaturik daude, lur azpi edo azaleko uren zirkulazio erregimena edo berezko konposizioa, edota haiei loturiko elementu biotikoak, zuzen edo zeharka kaltetzen dituzten nolanahiko jarduerak.

2.4. Debekaturik daude airearen edo ingurugune naturalaren kalitatea kaltetu dezaketen gasa, kea edo partikulak atera eta erradiazioa eragiten dituzten jarduera guztiak.

2.5. Debekaturik dago faunaren ohiko portaera aldarazi dezaketen bolumen handiko soinuak, ultrasoinuak edo hotsak sortzen dituzten megafonoak edo beste edozein baliabide edo tresna erabiltzea.

2.6. Debekaturik dago argiak edo distirak egitea, zientzia, segurtasun, zainketa, salbamendu edo ezinbesteko arrazoiengatik ez bada.

3. Flora eta faunan eraginik duten ekintzak.

3.1. Debekaturik daude flora, landare-komunitate, landare, hazi edo hedakaiak edo horien habitata hondatu, aldatu edo kaltetzen duten ekintza guztiak.

3.2. Debekaturik daude faunaren atzetik ibiltzea, animaliak harrapatu, tratu txarrak eman, zirikatu edo kalte egiten dieten jarduera guztiak.

3.3. Debekaturik dago espezie heziturikoak edo Erreserba Integraleko fauna eta florarentzat arrotz den edozein organismo sartu edo edukitzea.

3.4. Debekaturik dago edozein lagin mota biltzea Erreserba Integral bakoitza Erabili eta Kudeatzeko Araudi partikularrean jasotako ikerketa-programetatik kanpo.

4. Debekaturik daude ehiza, arrantza, abelazkuntza, oihangintza eta merkataritzako jarduera guztiak.

5. Kirol eta aisiako jarduerak

5.1. Debekaturik dago motordun ibilgailu edo tresna mekanikoak aparkatu edo zirkulatzea, eta oinezkoak ibiltzea haiendako espreski ezarri eta seinalizatutako bidezidor edo bideetatik kanpo.

5.2. Debekaturik dago banaka nahiz taldean akanpatzea eta edozein kirol jardueratan aritzea.

5.3. Debekaturik daude argazkigintza, zine edo bideo komertzialeko jarduerak. Jarduera horiek helburu didaktiko edo zientifikoak badituzte, baimendu ahalko dira. Baimena erdiesteko, behar bezala arrazoitutako jardueraren programan oinarritutako eskaera aurkeztu beharko da. Jarduera Erreserba Integralak Erabili eta Kudeatzeko Araudi partikularraren bidez erregulatuko da.

6. Jarduera didaktikoak

Ingurugiroari buruzko heziketarekin zerikusirik duten jarduera didaktikoek baimena izaten ahalko dute haietarako aukeratzen diren Erreserba Integraletan, baldin eta delako jarduerak ez badu Erreserba Integral horiek zaintzeko helbururik oztopatzen. Baimena erdiesteko, behar bezala arrazoitutako programa didaktikoan oinarrituriko eskaera aurkeztu beharko da.

7. Zientzi jarduerak

Zientzi jarduerek baimena jasotzen ahal dute, baldin eta delako jarduerak ez badu Erreserba Integrala zaintzeko helbururik oztopatzen. Baimena erdiesteko, behar bezala arrazoitutako ikerketa-programan oinarritu eskaera aurkeztu beharko da. Jarduera, Erreserba Integralak Erabili eta Kudeatzeko Plan Zuzentzaileen Araudi partikularraren bidez erregulatuko da.

8. Jarduera eta erabilpenen araubidea, inguruko babes-eremuan.

Erreserba Integralen inguruko babes-eremua Nafarroako Naturgunei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legearen eranskinean zehaztua dago.

Inguruko babes-eremu horien barnean jarduera eta erabilpenak erregulatuko dituen araubide juridikoa aipatu Foru Legearen 18. artikuluaren 3 eta 4. zenbakian finkatu zen.

II. ERANSKINA. LIZARDOIA (EI-1), UKERDI (EI-2) ETA AZTAPARRETAKO (EI-3) ERRESERBA INTEGRALAK ERABILI ETA KUDEATZEKO ARAUDI PARTIKULARRA

II. ERANSKINA

1. LIZARDOIA (EI-1)

1.1. Deskribapena

Lizardoiako Erreserba Integrala Iratiko Oihaneko interes ekologiko handiena duen parajea da, bere monumentu-egitura eta bertako eta inguruko kontserbazio egoera orokorrarengatik.

Ikuspegi biogeografikotik eremu hori pagadi/izeidiaren mendebaldeko muga europarrean kokatzen da. Baso hori da diagnosiarako elementurik garrantzizkoenetako bat, kontinentaltasunera egokituriko ekosistemak dituzten Pirinioen (Pirinioetako mendebaldeko azpisektorea) eta ozeanoaren eragin garbia duen euskal-kantauriar sektorearen arteko muga biologikoa zehazteko.

Fitosoziologiaren sistematikan, Lizardoiako basoa Scillo liliohyacinthi-Fageto sigmetum-aren seriean sartzen da, hau da, pagadi piriniar-menditar, basofilo eta ombrofiloak hartzen ditu, izeia eta beste espezie piriniar batzuk haien ezaugarria den ñabardura kontinentalaren bioadierazle izanik.

Basoen etapa klimazikoari dagokion oihanetako ornitofauna edukitzeak ekosistema horren kalitate handia baloratzeko bide ematen du. Balio ekologiko gehieneko hegazti habigileen artean Dendrocopos leucotos eta Dryocopus martius daude.

Ugaztunen fauna baso erteuropar zaharrena da, lepahoria (Martes martes) baitago kalitate handiko ezaugarri bezala. Apaxdunen artean orein arruntaren (Cervus elaphus) eta orkatzaren (Capreolus capreolus) populazio egonkorra bizi da bertan.

1.2. Erabilpen publikorako plana

Oinezkoak Contrasarioko pistatik abiatzen den zidorrean barna bakarrik ibiliko dira Erreserba barrenean.

1.3. Kudeaketaren Plana

Erreserba Integralaren kudeaketa fitozenosiak eta animalien komunitate eta populazioak zehazki ezagutzera zuzendua dago eta horretan oinarritzen da. Horretarako behar diren kontrolak ezarriko dira apaxdun basatien populazioetan.

Erreserba Integralean edo hurbileko inguruan, populazio aldaketak edo suteak direla eta, desoreka ekologikoak ikusten badira, horiek zuzentzeko neurriak ezarriko dira lehengora bihur daitezen. Jarduketa horiek, nagusiki, eremu babestuaren mugetatik kanpo eginen dira.

1.4. Zainketa plana

Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari dagokio Erreserba Integral hau zaintzea, ezarritako lan programaren arabera.

1.5. Ikerketa Plana

Kontserbazio eta kudeaketaren gainean azterketa hauek eginen dira:

-Pagadi/izeidiaren ekosistemaren egiturak eta funtzionamenduak izan duten eboluzioari buruzko azterketa.

-Pagadi/izeidiaren garrantzi ekologikoaren balorazioa, Natura 2000 sarearen eta korridore biologikoen barnean.

-Baso helduaren bioadierazleen identifikazioa eta jarraipena.

-Apaxdun basatien eta etxeko faunaren populazioei eta ekosisteman duten eraginari buruzko jarraipena egitea.

2. UKERDI (EI-2)

2.1. Deskribapena

Ukerdiko Erreserba Integrala Nafarroako estaia subalpetarraren gune nagusia da. Larrako Natur Erreserbak inguratu eta babestua dago eta Nafarroako mendebaldeko Pirinioaren paraje bikainenetako bat da.

Erreserba Integral guztia Goi Kretaziko (Santoniarra) kararri lodien, "arroiletako kararriak" deitutakoen, gainean kokatua dago eta eremu honetan modelatu exokarstiko eta orotara hedatutako barneko higaduraren modelatu-gama aberatsa eskaintzen du sakonera aparteko kotekin (1.338 m), garrantzi historikoa dutenak espeleologiaren arloan. Ikuspegi bioklimatikotik eremu hau esparru hiperheze-ultrahiperhezekoa da, prezipitazio zati handi bat elurretan delarik. Udan ematen den hazkunde-garai laburrak mendi-pinura (Pinus uncinata) murrizten du zuhaiztia. Beheko geruzan zuhaiska baxuen biotipoak, larreak eta harri pitzaduretako espezieak dira nagusi. Horien artean endemismo piriniar aipagarriak daude.

Harkaitz bilutsiaren gainean, eguteran kokaturiko pinudi irekia, Arctostaphylo-Pineto uncinatae sigmentum, mendi-pinuaren serie piriniar heliofilo subalpetarraren partaide da. Zorua eta elur ugari denbora luzean biltzen duten ospeletan kokatzen denean, pinudiak Rhododendro-Pineto unicinatae sigmentum serie piriniarreko elementu azidofilo eta esziofiloez inguratzen da.

Nafarroako subalpetarreko faunarik bada eremu honetan edo urteko sasoiren batean erabiltzen du kumeak hazteko edo negu babeserako.

Basoilarra (Tetrao urogallus) eta okil beltza (Dryocopus martius) dira munta eta esanahi ekologiko gehieneko hegaztiak. Tamaina txikiko ornitofaunaren artean mendi-txirriskila, zozoa, mendi-txirta eta mendi-tuntuna daude alturako faunaren ordezkari bezala. Ugatza eta arrano beltzak eremu horren gainean ibiltzen dira beren hegalaldietan.

Sarrioa eremu guztian dago eta hartza oso gutxitan sumatu izan da azken hamarkadan.

2.2. Erabilpen publikoa

Oinezkoak Eskilzarrako zelaitik eta Larreriako lepotik datozen zidorretan barna bakarrik ibiliko dira.

2.3. Kudeaketaren Plana

Erreserba Integralaren kudeaketa fitozenosiak eta animalien komunitate eta populazioak zehazki ezagutzera zuzendua dago eta horretan oinarritzen da. Horretarako behar diren kontrolak ezarriko dira sarrio, marmota eta basoilarraren populazioetan.

Erreserba Integralean edo hurbileko inguruan, demografi desorekak ikusten badira, horiek zuzentzeko neurriak ezarriko dira haiek lehengora bihurtzearren. Jarduketa horiek, nagusiki, eremu babestuaren mugetatik kanpo eginen dira.

2.4. Zainketa plana

Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari dagokio Erreserba Integral hau zaintzea, ezartzen den lan programaren arabera.

2.5. Ikerketa Plana

Erabilpen eta Kudeaketarako Plan honen indarraldian hurrengo azterketok eginen dira:

-Ekosistemen egiturak eta funtzionamenduak izan duten eboluzioari buruzko azterketa.

-Habitaten garrantzi ekologikoaren balorazioa, Natura 2000 sarearen eta korridore biologikoen barnean.

-Fauna subalpetarreko populazioen eta horiek Pirinioko gainerakoekin duten loturaren azterketa.

-Faunak habitata nola erabiltzen duen.

-Jarraipena basoilarraren populazioari.

-Jarraipena sarrioaren populazioari.

-Marmotaren eta Nafarroako subalpetarrar mastofaunaren banaketa eta habitataren erabilpena.

-Flora eta landarediaren deskribapena. Ezaugarri fitosoziologikoak eta balorazio ekologikoa.

-Ikerketa espeologikoa.

3. AZTAPARRETA (EI-3)

3.1. Deskribapena

Erreserba Integral honen eremua pago eta izeiak dituen basoa da, Aztaparretako lepotik Txamantxoiaren iparraldeko hegitik barna zabaltzen dena, Belagoako Txokoa deitutakoaren gainetik.

Esparru bioklimatikoari dagokionez, eremua, 1.200 eta 1.730 metro arteko altuerekin, goi estaia menditarrekoa da onbroklima hiperhezea eta negu oso hotza duelarik. Ikuspegi biogeografikotik mendebaldeko azpisektore piriniarraren mendebaldeko mugan kokatzen da.

Pagadi/izeidi hori baso klimazikoa da eraketa-egitura hegi aldapatsukoa duelarik, ustiapen natural gogorrekoa bere kokagune topografikoagatik baina interbentzio antropozoogenoko arrasto gutxirekin, bertara heltzea oso zaila baita.

Belar-geruzaren lore-osaketan pagadi eta Pirinioetako izei menditar, basofilo eta eurizaleen ezaugarri diren elementuak sartzen dira, Scillo liliohyacinthi-Fageto sigmentum seriea buru dutela. Diagnosirako balio gehien duten espezieen artean honako hauek daude: Cardamine heptaphylla eta Lathyrus laevigatus subsp. occidentalis, eta endemas Prenanthes purpurea, Festuca altissima, Pulmonaria affinis, Euphorbia hyberna eta Adenostyles pyrenaica, azken horrek horizonte goimenditarreko osagai hotza nabartzen duela goitietan.

Zuhaitz, zuhaiska, belar eta liken-goroldio geruzetan banaturiko landare osagaiaren biodibertsitate handiak badu zerikusirik ekosistema mota honen barneko antolamendu orokorraren maila handiarekin.

Batera ematen dira landare aberastasuna eta faunaren dibertsitatea, baso helduaren adierazle diren hegazti espezieekin, hala nola: Dendrocopus leucotos, Dryocopus martius, Dendrocopus major, Sitta europaea, Certhia familiaris eta Regulus regulus. Eremu potentziala da basoilarrarentzat (Tetrao urogallus). Interes gehieneko ugaztunen artean lepahoria (Martes martes), sarrioa (Rupicapra rupicapra) eta orkatza (Capreolus capreolus) daude. Eremuak hartz arrea (Ursus arctos) bizitzeko baldintzak ditu.

Laburtuz, eremua, naturaltasun maila handiaren jabe izanik, baso hauen lagin berezi eta adierazgarria da mendebaldeko Pirinioen baitan.

3.2. Erabilpen Publikoa

Oinezkoak, Belagoako Txokoaren barren-barrenetik abiatuta Aztaparretako Amildegian gora doan bidezidorrean barna bakarrik sartuko dira.

3.3. Kudeaketa Plana

Erreserba Integralaren kudeaketa fitozenosiak eta animalien komunitate eta populazioak zehazki ezagutzera zuzendua dago eta horretan oinarritzen da.

Erreserba Integralean edo hurbileko inguruan, ekologi desorekak ikusten badira, kontrolak egin eta horiek zuzentzeko neurriak ezarri ahalko dira haiek lehengora bihurtzearren. Jarduketa horiek, nagusiki, eremu babestuaren mugetatik kanpo eginen dira.

3.4. Zainketa Plana

Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari dagokio Erreserba Integral hau zaintzea, ezartzen den lan-programaren arabera.

3.5. Ikerketa Plana

-Pagadi/izeidiaren ekosistemaren egiturak eta funtzionamenduak izan duten eboluzioari buruzko azterketa.

-Pagadi/izeidiaren garrantzi ekologikoaren balorazioa, "Natura 2000" sarearen eta korridore biologikoen barnean.

-Pagadi/izeidiko faunaren azterketa, bereziki baso helduen bioadierazleena

-Pagadi/izeidiaren ezaugarriak eta balorazio ekologikoa.

-Pizido populazioek eremua nola antolatzen duten.

Iragarkiaren kodea: A9806826

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web