(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

80/1998 FORU DEKRETUA, MARTXOAREN 9KOA, URBASA ETA ANDIAKO PARKE NATURALAREN PATRONATUA SORTU ETA HAREN OSAKETA ETA FUNTZIONAMENDU ARAUAK EZARTZEN DITUENA

BON N.º 31 - 13/03/1998



Atariko

Nafarroako Naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legeak 22.2 artikuluan ezartzen du Nafarroako Gobernuak kudeatu beharreko parke naturaletan ukituriko toki entitateek eta, horrelakorik bada, beste erakunde edo kolektibo interesdunek parte hartzeko organoak eratuko dituela.

Otsailaren 27ko 3/1997 Foru Legearen bidez Urbasa eta Andia mendien ingurua Parke Natural deklaratu zen. Foru Lege horren 5. artikuluan xedatu zen Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak Urbasa eta Andiako Parke Naturalaren kudeaketan parte hartu eta laguntzeko organo bat sortuko zuela, lurralde eremu horretarako.

Aipatu 3/1997 Foru Legearen artikulu berean adierazi zen Patronatu horren osaketa eta eginkizunak erregelamendu bidez zehaztuko zirela. Patronatuaren osaketan, behinik behin, Parke Naturala deklaratzeko Foru Legean aipatutakoa bete beharko da.

Azkenik, Foru Lege horren azken xedapenetan lehenbizikoak Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari agindu zion beharrezko neurriak har zitzan Urbasa eta Andiako Parke Naturalaren Patronatua urte bateko epearen barruan sortzeko.

Foru Dekretu honen helburua, hortaz, Urbasa eta Andiako Parke Naturala deklaratzeko Foru Legeak adierazitakoa betearaztea da, Patronatuaren osaketa eta eginkizunei dagokienez hain zuzen, hori guztia aipatu Foru Legearen lehenengo xedapen gehigarriak adierazitako urte bateko epea amaitu baino lehen.

Foru Dekretu honek Nafarroako Ingurugiro Kontseiluaren adostasun txostena jaso du.

Horrenbestez, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko martxoaren bederatzian egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua

1. Foru Dekretu honen helburua da Urbasa eta Andiako Parke Naturalaren Patronatua osatzea, Parke Natural horren lurraldean, hots, Urbasa eta Andia mendiak, Ameskoako Limitaciones mendia izan ezik. Parke horren kudeaketa Nafarroako Gobernuari dagokio.

2. Foru Dekretu honen xedea da, halaber, Patronaturen osaketa, araubide juridikoa eta eginkizunak finkatzea.

2. artikulua . Izaera.

Patronatua kide anitzeko organoa da, aholkuak eman eta partaidetza bideratzeko sortua, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari parke naturalaren kudeaketa lanetan laguntza eta kooperazioa eskaintzeko.

3. artikulua . Eginkizunak.

1. Patronatuari dagokio, orohar, hiritarren aholkularitza, laguntza eta partehartzea bideratzea eta, gainera, Parke Naturalaren arauteria betetzen dela begiratzea, balore ekologikoak egoki defendatu daitezen laguntzea, Parke Naturalaren barruan eta bere inguruan garapen orekatua sustatzea eta Parkeak hartzen duen naturgunerako behar diren kudeaketa positiboak aurrera eramatea.

2. Zehazki, honako eginkizun hauek esleitu zaizkio Patronatuari:

a) Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak prestatu beharreko Parke Naturala Erabili eta Kudeatzeko Plan Zuzentzaileari buruzko txostena egitea, erabilera horietan zuzenean interesaturik dauden sektoreei parte hartzeko aukera emanez, Nafarroako Gobernuak onetsi baino lehen.

b) Parke Naturalaren baloreak ezagutarazten laguntzea.

c) Parkearen inguruko biztanleen eta parkeko baliabideen erabiltzaileen parte hartzea bideratzea, babestutako gunea zaindu eta garatuko dela bermatzearren.

d) Parke Naturalaren baliabideen eta bere balore berezien kontserbazioan eragina duten oihangintza, nekazaritza, turismo edo beste edozein arlotako planei buruz informazioa jasotzea.

e) Parke Naturalean garatzen diren jarduketa eta jarduerei buruzko informazioa jasotzea, gunearen adiministrazioaren kudeaketa eta kontserbazioarekin, hango natur baliabideekin eta erabilera publikoarekin zerikusia dutenenak alegia.

f) Parke Naturalaren mugak zabaltzeko dauden proposamenei buruzko informazioa jasotzea.

g) Urteko Jarduketa Programari buruzko informazioa jasotzea eta Parke Naturalaren Urteko Jardueren eta Emaitzen Memoriaren berri izatea.

h) Parkearen helburu eta jarduketak eta ordezkatutako sektoreen interes eta jarduerak harmonikoki koordinatzeko irizpide eta neurriak ezartzea.

i) Patronatuan ordezkatuta dauden entitateek Parke Naturalaren kudeaketan lagundu dezaten sustatzea.

j) Ordezkatutako entitateentzat eta Parke Naturalarentzat interesgarri diren elkarren arteko jarduketak burutzea.

k) Koordinazioa, harmonizazioa eta partehartzea hobetzeko eta, orohar, Parke Naturalaren helburu berariazkoak lortzeko ekinbideak, proposamenak eta aholkuak planteatzea.

l) Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak Parke Naturalari buruz planteatzen dizkion aferei buruzko txostenak prestatzea.

3. Aho batez erabakita, Patronatuak eskatu ahalko du Parke Naturalaren kontserbaziorako eta erabilerarako onuragarriak diratekeen arauak ematea edo ekinbideak martxan jartzea.

4. artikulua . Osaketa.

Urbasa eta Andiako Parke Naturalaren Patronatua honako kide hauek osatuko dute:

1. Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko titularra edo berau eskuordetzen duen agintaria.

2. Ingurugiro zuzendari nagusia.

3. Natura Zaintzeko Zerbitzuko zuzendaria.

4. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren ordezkari bat, zerbitzuko zuzendaria edo maila goragokoa izan behar duena.

5. Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuaren ordezkari bat, zerbitzuko zuzendaria edo maila goragokoa izan behar duena.

6. Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren ordezkari bat, ondare historikoaren azterketetan aditua, zerbitzuko zuzendaria edo maila goragokoa izan behar duena.

7. Deierriko Udaleko alkatea.

8. Limitaciones Mendiko Batzarraren ordezkari bat.

9. Parke Naturalaren eremuarekin mugakide diren udalen ordezkari bana.

10. Urbasa eta Andiako Larreen Batzarraren bi ordezkari.

11. Aranazko Komunitateak izendatutako ordezkari bat.

12. Parke Naturaleko zuzendari-kontserbatzailea, horrelako izendapena duen inor baldin bada.

13. Nafarroan ordezkaritza handiena duten nekazaritza eta abeltzaintzako sindikatuen ordezkari bana.

14. Parkearekin mugakide diren tokietako ehiztari elkarteek izendaturiko bi ordezkari.

15. Parke Naturalaren eremuan dauden mankomunitateek izendaturiko ordezkari bana.

16. Natura ikertu, zaindu eta defendatzeko elkarteen bi ordezkari, Nafarroako Ingurugiro Kontseiluan parte hartzen duten elkarteek izendatuak.

17. Cederna-Garalur Elkartearen ordezkari bat (Nafarroako Herrien Garapenerako Zentroa).

18. Urbasa eta Andiako Parke Naturalaren inguruko ezagupenetan, ospe eta izen handia duten zortzi kide, gehienez, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak proposatuak.

5. artikulua . Patronatuko burua.

Patronatuko burua Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko titularra izanen da edo berau eskuordetzen duen agintaria.

6. artikulua . Patronatuko buruordea eta idazkaria.

1. Patronatuko buruordea Deierriko Udaleko alkatea izanen da, Urbasa mendia administratiboki toki entitate horri atxikita baitago.

2. Patronatuko idazkaria Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko funtzionario bat izanen da, zuzenbidean lizentziatua, bilkuretan hizpidea bai, baina botorik izanen ez duena.

7. artikulua . Kideen izendapena, karguuzteak eta ordezkapenak.

1. Patronatuko kideak Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko titularrak izendatuko ditu.

2. Patronatuko kideen ordezkaritza-aldia lau urtekoa izanen da.

3. Patronatua eratu ondoren, lau urtetik behin, bertan ordezkaturik dauden entitateek idazkariari jakinarazi beharko diote hautatu zituzten ordezkariek jarraitu edo kargua uzten duten, deusetan galarazi gabe epe horren barruan kideak ordezkatzeko aukera, horren berri ere idazkariari eman behar baitiote. Nolanahi ere, entitate horiek ordezkariak ordezkatzeko araubide berariazkoa beharko dute, idazkariari ezagutarazi beharko diotena, non aurreikusi beharko baita ordezkoak hautatu eta izendatzeko araubidea.

8. artikulua . Bilkuretako gaizerrenda.

Patronatuko buruari dagokio bilkuretako gai-zerrenda egitea, idazkariarekin batean. Gai-zerrenda eta beharrezko den dokumentazioa Patronatuko kide guztiei bidaliko zaizkie, bilkura egin baino zortzi egun lehenago, gutxienez.

9. artikulua . Bilkuretara joatea.

Bilkuretara joan ahalko dira, patronatuko buruaren iritziz, gai-zerrendan sarturiko gaiak hobeki aztertzeko lagungarri diratekeen pertsonak, hizpidea bai baina botorik gabe.

Azken Xedapenak Lehena

Patronatuaren funtzionamenduaren araubideari dagokionez, Foru Dekretu honetan aurreikusita ez dagoen orotan, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen II. Tituluko II. Kapituluan xedatutakoa aplikatuko da.

Azken Xedapenak Bigarrena

Ahalmena ematen zaio Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari Foru Dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken Xedapenak Hirugarrena

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko martxoaren bederatzian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, Yolanda Barcina Angulo.

Iragarkiaren kodea: A9802253

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web