(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

31/1998 FORU DEKRETUA, OTSAILAREN 9KOA, NAFARROAKO ADMINISTRAZIO AUZITEGIAREN ERREGELAMENDU ORGANIKOA ONESTEN DUENA

BON N.º 25 - 27/02/1998



  I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK


  II. KAPITULUA. OSAKETA ETA FUNTZIONAMENDUA


  III. KAPITULUA. KIDEEN ESTATUTUA


Atariko

Nafarroako Administrazio Auzitegiak gaur egun duen erregelamendu organikoa Nafarroako Foru Diputazioak 1964ko abenduaren 29an hartu erabakiaren bidez onetsi zen, gora jotzeko errekurtsoa ebazteko araubidea ezarri eta Auzitegiaren prozeduretarako arauak finkatu zituen erregelamenduarekin batera.

Geroago, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoak indarra hartu zuenean, hasiera batean apirilaren 17ko 2/1986 Foru Legearen bidez, hartan arautzen baitzen Nafarroako Toki Entitateen jarduketen legezkotasunaren eta interes orokorraren gainean Nafarroako Gobernuak egiten duen kontrola, eta, azkenik, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen bidez, sakonki berritu zen gora jotzeko errekurtsoa, toki-autonomiaren printzipioari egokitzeko xedearekin; aipatu legeria urriaren 18ko 279/1990 eta martxoaren 7ko 57/1994 Foru Dekretuen bitartez garatu zen.

Dena dela, lege eta erregelamenduz osaturiko arau- bilduma horrek bakarrik berritu baitzituen gora jotzeko errkurtsoaren prozedurazko alderdiak, Auzitegiaren alderdi organikoak jorratu gabe, lehenean dirau haren antolaketak, 1964ko aipatu erregelamenduak ezarri zion diseinua duela.

Lege-esparru horren arabera bete ditu bere eginkizunak Administrazio Auzitegiak, sortu zenetik gaur egun arte, eta helburuen aldetik sorreran aipatu zirenek gaur egun ere beren hartan balio dutela ikusi bada ere, alderdi organikoen eta prozedurazkoen artean nolabaiteko desoreka gertatu da; desoreka hori zuzendu beharko litzateke, gaur egun duen antolaketa desegokia gertatzen delako azken urteotan errekurtsoen kopuruan izan den igoera handiaren aldean. Aipatutako igoerak, alde batetik, nafarrek gora jotzeko foru-errekurtsoaren eraginkortasunari buruz adierazten duten konfiantza islaten badu ere, beste aldetik, konfiantza horri erantzun ahal izateko behar diren neurriak hartzera bultzatzen gaitu, eta horretarako eman behar zaizkio Administrazio Auzitegiari behar dituen antolaketa eta baliabideak, bere eginkizunetan egoki jardun eta dagokion xedea bete ahal izan dezan; izanez ere, Nafarroako gizarteak, zalantzarik gabe, eraginkortasuna eskatzen baitio Auzitegiari.

Xede hori gogoan, bada, Foru Dekretu honen bidez, Administrazio Auzitegiari egitura organiko berria eman nahi zaio, 1964koaren ordez, gaur egun dituen beharrei egokitua. Berrikuntzaren ardatz nagusiak bi dira: alde batetik, lehendakaritza egonkor bat finkatzea, organo osoaren zuzendaritza, bultzada eta koordinaziorako, eta, beste aldetik, hiru ataletan egituratzea, hiruna mahaikidez osaturik haietako bakoitza, Auzitegiaren ohiko jarduna atal horien bitartez bidera dadin, batere ukatu gabe osoko bilkuraren bitartez jarduteko aukera, gaia garrantzitsua izan eta hala jokatzea erabakitzen bada.

Horiek horrela, Lehendakaritza eta Barne kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko otsailaren bederatzian hartu erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua

Nafarroako Administrazio Auzitegia Foru Komunitateko Administrazioaren organoa da, eskumen berariazkoa duena haren aurrean sustatzen diren gora jotzeko errekurtsoak, Nafarroako toki-entitateen egintza eta erabakien aurka aurkezten direnak, tramitatu eta ebazteko, beti ere, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean xedatutakoaren arabera.

2. artikulua

Horretaz gain, Nafarroako Administrazio Auzitegiak, Gobernuak eskuordetuta, gai administratiboak eta ekonomiko-administratiboak berrikusteko ahalmena ere erabiltzen ahalko du, epaitegira jo baino lehen, apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legean ezarrita dagoen bezala.

3. artikulua

Nafarroako Administrazio Auzitegiak eta bere kideek dagozkien eginkizunetan jardungo dute, Foru Komunitateko gainerako organoekin horretarako loturarik ez dutela.

Organikoki, Auzitegia Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza Departamentuari atxikia egonen da.

4. artikulua

Nafarroako Administrazioak Iruñean du bere egoitza.

II. KAPITULUA. OSAKETA ETA FUNTZIONAMENDUA

5. artikulua

Nafarroako Administrazio Auzitegia 9 mahaikidek, haietako bat auzitegiko lehendakari gisa, eta idazkari batek osatuko dute.

6. artikulua

Auzitegiko lehendakaria Nafarroako Gobernuak izendatuko du, mahaikideen artean, eta ondorio guztietarako zerbitzuko zuzendariaren maila izanen du.

7. artikulua

Nafarroako Administrazio Auzitegiko lehendakariak, mahaikide eta atalburu izateagatik dagozkion eginkizunez gainera, auzitegiaren ordezkaria izanen da eta eskurantza hauek izanen ditu bere gain:

a) Beharrezkotzat jotzen duen aldioro, osoko bilkurarako deia egitea, eta bilkura horietako eztabaida saioetan buru eta zuzendari gisa jardutea.

b) Zuzendaritza organiko nahiz funtzionaleko eginkizunak eta erregelamendu honetan ezarritako gainerakoak bere gain hartzea.

c) Langile guztien gaineko buru gorena izatea.

d) Baimena ematea, bere sinaduraren bidez, tramiteko probidentzietarako eta beste organoekiko korrespondentziarako.

e) Ataletako lehendakarien esku uztea zerbitzuko arrazoiengatik bidezkotzat jotzen diren eskumenak.

8. artikulua

Lehendakaritza hutsik edo lehendakaria falta, eri edo legezko bestelako arrazoiren bat denean, haren ordez ataleko lehendakari antzinatasun handikoena ariko da, eta antzinakotasun bera gertatuz gero, zaharrena.

9. artikulua Nota de Vigencia

Auzitegia hiru ataletan antolatuko da eta atal bakoitzak hiruna kide izanen ditu. Lehen Ataleko burua Auzitegiko burua izanen da, eta beste bienak Gobernuak izendatutako kideak izanen dira. Horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko atalburuen kategoria izanen dute.

Auzitegiko buruak atxikiko dizkio kideak atal bakoitzari.

10. artikulua

Ataletako lehendakariek atalaren bilkuretarako deia eginen dute, hala behar denean, bilkuretan buru eta zuzendari gisa jardungo dute eta erregelamendu honetan ezarritako gainerako eginkizunak izanen dituzte.

11. artikulua

Ataleko lehendakaritza hutsik edo lehendakaria falta edo eri denean, haren ordez ataleko mahaikide antzinatasun handikoena ariko da, eta antzinakotasun bera gertatuz gero, zaharrena.

12. artikulua

Mahaikideek txostengile diren errekurtsoetan eginkizun hauek izanen dituzte:

a) Alderdiek eskaturiko frogak aztertu eta haien onarpena edo ukapena proposatzea.

b) Ofiziozko instrukzioko diligentziak egin daitezen proposatzea.

c) Bidezkotzat jotzen diren frogazko diligentziak egitea, idazkariak lagundurik.

d) Ebazpenetarako txostenak idaztea, gero atalean edo osoko bilkuran, zer behar den, han erabaki daitezen.

Mahaikideek deitzen dieten osoko bilkuretara edo atalaren bilkuretara joateko obligazioa dute, justifikatutako arrazoia gertatzen denean izan ezik.

13. artikulua

Idazkariaren esku geldituko da Auzitegiko Idazkaritza. Idazkaritzari atxikiko zaizkio behar diren administrariak.

14. artikulua

Idazkariak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Administrarien eta menpeko langileen buru izatea, lehendakariari dagokion burutza gorena batere ukatu gabe.

b) Auzitegian aurkezten diren errekurtso-idazki eta gainerako dokumentuak jaso eta erregistratzea.

c) Auzitegiak ebatzi behar dituen espedienteen instrukzio eta tramitazioa, gora jotzeko prozedura arautzen duten arauei eta lehendakariaren aginduei jarraikiz.

d) "Apud acta" ordezkaritzaren gaineko eskumenak baliatzea.

e) Boterea banatzea, behar den diligentziaren bidez.

f) Interesatuei adieraztea zein alditan dagoen errekurtsoaren izapidatzea eta jendaurreko informazio lanak burutzea.

g) Osoko bilkuretara eta atalen bilkuretara agertzea, botoa bai baina hizpiderik gabe, beti ere lehendakariak deitzen badio.

h) Auzitegiaren jarduketa guztien ziurtapena eta, beharrezkoa bada, jakinarazpena egitea, lehendakariak ikus-onetsi ondoren.

i) Auzitegiko liburu, erregistro, fitxategi, dokumentazio eta agiritegiez arduratzea.

j) Auzitegiko gastuen urteko aurrekontuaren aurreproiektua prestatzea, lehendakariaren zuzendaritzapean.

k) Auzitegiko jarduketen memoria erredaktatzea, lehendakariaren zuzentarauei jarraikiz.

l) Auzitegien ebazpenen berri ematea Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamentuari.

m) Nafarroako Administrazio Auzitegiaren kudeaketa administratiboaren inguruan, lehendakariak agintzen dizkion gainerako eginkizunak.

15. artikulua

Idazkaritza hutsik edo idazkaria falta, eri edo legezko bestelako arrazoiren bat denean, haren ordez Lehendakaritza eta Barne kontseilariak gaitzen duen funtzionarioa ariko da.

16. artikulua

Nafarroako Administrazio Auzitegiaren ohiko jarduna atalen bidez bideratuko da. Aferaren garrantzia edo nolakotasuna ikusita, lehendakariak egoki juzkatzen duenean edo atal bateko mahaikide gehienek proposatzen dutenean, auzitegiaren osoko bilkurak jardungo du. Kasu horietan, mahaikide guztiak deituta eratuko da osoko bilkura, lehendakaria buru.

Idazkaria osoko bilkuretara eta atalen bilkuretara agertuko da lehendakariak deitzen badio, botoa bai baina hizpiderik gabe.

17. artikulua

Gai banaketa atalen artean lehendakariak eginen du, ponentziak idazteko orduan lanaren banaketa orekatua izan dadin. Atalen barruko banaketa egitea atalburuaren eginkizuna da, aipatu irizpidea kontuan harturik.

18. artikulua

Erabakiak botoen gehiengoaz hartuko dira. Berdinketa izanez gero, atalburu edo lehendakariak erabakiko du. Ontzat harturiko behin betiko ezespenaren bidez errefusatutako kideak kenduta, gutxienez ataleko bi kidek sinatuta ez dauden ebazpenak baliorik gabekoak izanen dira eta, halaber, kideen gehiengoa bertan izan gabe Osoko Bilkurak hartzen dituenak.

Atalen batean aipatu quorum hori lortzeko beharrezkoa denean, falta diren kideen ordez besteetakoak ariko dira antzinatasunaren arabera. Antzinatasun berbera dutenean, zaharrenari dagokioke.

19. artikulua

Nafarroako Administrazio Auzitegiko kide guztiek botoa eman beharko dute. Kideren bat gehiengoaren iritziaren aurka azaltzen bada, boto partikularra eman ahalko du eta inguruabar hori ebazpenaren amaieran eta auzitegiaren liburuan agertarazi beharko da. Ebazpenak ataleko edo osoko bilkurako kide guztiek sinatu beharko dituzte, boto partikularra eman badute ere.

20. artikulua

Aurreko artikuluan aipatu egoeraren batean dauden Nafarroako Administrazio Auzitegiko kideek prozeduran parte hartzeari uko egin beharko diote eta lehendakariari horren berri eman. Debeku-egoeran lehendakaria bera baldin badago, kide anitzeko organoari jakinarazi beharko dio. Horrelakoetan, Erregelamendu honetan xedatutakoaren arabera lehendakariaren ordezko dena izanen da buru.

21. artikulua

Honako kasuotan izanen da zilegi abstenitzea.

a) Interes pertsonala izatea jorratzen ari den auzian edo horren gaineko ebazpenean eragina izan dezakeen beste batean, sozietate edo entitate interesatuaren administratzaile izatea edo interesaturen batekin ebatzi gabeko auziren bat izatea.

b) Interesatuen, entitate edo sozietate interesatuen administratzaileen edo prozeduran parte hartzen duten aholkulari, legezko ordezkari edo mandatarien ahaide izatea; odol berekoak badira, laugarren maila bitarte eta, ezkontza-ahaide badira, bigarren mailara bitarte.

c) Aurreko idazatian aipatu pertsonen baten adiskide mina edo etsai nabarmena izatea.

d) Kasuan kasuko prozeduran peritu edo lekuko gisa parte hartu izana.

e) Auzian zuzeneko interesa duen pertsona natural edo juridikoren batekin zerbitzu-harremana izatea edo, azkeneko bi urteetan, edonolako lanbide zerbitzuak eman izana, zernahi egoera edo tokitan dela ere.

Abstenitu beharra duten funtzionarioek jarduten duten kasuetan, ez da derrigorrez etorriko parte hartu duten egintza horiek baliogabetzea.

Abstenitu beharra dagoen kasuetan ez egiteak dagokion erantzukizuna ekarriko du.

22. artikulua

Aurreko artikuluan aurreikusitako kasuetan, interesatuek errefusatzea aurkeztu ahalko dute, prozeduraren izapidatzea edozein alditan egonda ere.

Errefusatzea idatziz aurkeztu beharko da, oinarrian duen arrazioa(k) azalduz.

Errefusatuak, biharamunean, Nafarroako Administrazio Auzitegiko lehendakariari edo, kasua bada, haren ordezkoari, jakinaraziko dio alegaturikoa egiazkoa ote den. Egia bada, lehendakariak edo, bestela, organo kolegiatuak ordezkatzea aginduko du. Hala ez bada, aipatu organoek egoki juzkatzen dutena ebatziko dute, hiru eguneko epearen barruan.

23. artikulua

Gai horren inguruko ebazpenean aurka ez da zilegi izanen errekurtsorik aurkeztea, nahiz eta prozedura amaitzen duen egintzaren aurka administrazioarekiko bidean jartzen den errekurtsoan errefusatzearen gaia alegatu ahal den.

III. KAPITULUA. KIDEEN ESTATUTUA

24. artikulua

Nafarroako Administrazio Auzitegiko mahaikideak, idazkaria eta, orobat, gainerako langileak Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren menpe egonen dira.

25. artikulua

Mahaikide postuak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuan ari diren A mailako funtzionarioek beteko dituzte, lanpostu horietan aritzeko zuzenbidean lizentziatu titulua eduki behar izan dutenek, alegia.

Mahaikide postua duten funtzionarioak, are atalburu direnean ere, erabateko prestutasunaren eta bete-beteko arduraldiaren araubidean arituko dira eta, hortaz, dagokien osagarria kobratuko dute.

26. artikulua

Mahaikide postuak kategoriaz igotzeko merezimenduzko lehiaketa bidez beteko dira, lanpostuak betetzeko Erregelamenduarekin bat etorriz.

27. artikulua

Mahaikide postuak bitarte baterako betetzeko, ariketa teoriko eta praktikoak egin ahalko dira.

Xedapen Gehigarria

Errekurtsoak pilatzen direnean edo, beste inguruabarren bat suertatu delarik, beharrezkoa denean, ponentziak prestatu eta administrazio lanak egiteko behar diren aldi baterako langileak kontratatu ahalko dira.

Xedapen Indargabetzailea

Indarrik gabe utzi dira honako xedapenak:

- Nafarroako Administrazio Auzitegiaren Erregelamendu Organikoa, Nafarroako Foru Diputazioaren 1964ko abenduaren 26ako Erabakiaren bidez onetsia.

- Uztailaren 5eko 217/1993 Foru Dekretua.

- Arau honetan xedatuakoari aurka egiten dioten erregelamenduzko xedapenak.

Azken Xedapenak Lehena

Baimena ematen zaio Lehendakaritza eta Barne kontseilariari Foru Dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken Xedapenak Bigarrena

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko otsailaren bederatzian.-Lehendakaritza eta Barne kontseilaria, Rafael Gurrea Indurain.

Iragarkiaren kodea: A9801320

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web