(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

30/2005 FORU DEKRETUA, OTSAILAREN 21EKOA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ADMINISTRAZIOKO ETA HAREN ERAKUNDE AUTONOMOETAKO ORGANO BATZUETAKO LANGILERIAREN ARLOKO ESKURANTZAK ZEHAZTEN DITUENA Nota de Vigencia.

BON N.º 25 - 28/02/2005; corr. err., BON 20/04/2005



Atariko

Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko 15/2004 Foru Legeak, egun berekoak, administrazioaren antolamenduaren arauetan kontu berriak sartu dituzte, bereziki Foru Komunitateko Administrazioaren antolamenduaren arauetan. Zehazki, departamentuak zuzendaritza nagusi bat edo batzuetan eta idazkaritza tekniko nagusi batean egituratzen dira eta zerbitzuek, atalek eta bulegoek unitate administratibo gisa diraute.

Nafarroako Foru Komunitateari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko azken xedapenetariko bigarrenak xedatzen du Nafarroako Gobernuak langileriari buruz foru dekretu bat onetsiko duela, non banatuko baitira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako organoek giza baliabideei buruz bildu behar dituzten eskumenak.

Sartu diren berritasunei dagokienez, gora jotzeko errekurtsoen eta langileriaren arloko lan bide judizialaren aurreko erreklamazio administratiboen gainean ebazteko eskumena da nabarmentzekoa. Legezko arau berriekin bat, eskumena ez da Nafarroako Gobernuarena, eskuarki Lehendakaritza, Justizia eta Barne lehendakariarena baizik.

Hori horrela, foru dekretu honek langileria kudeatzeko eskumenak banatzen ditu, lehen Administrazioko goi organoei (kontseilariei, kasuan kasuko departamentuari atxikiriko langileei zegokienez eta Nafarroako Gobernuari berari) baitzihoazkien. Hemendik aurrera beste organo batzuen artean banatuko dira. Nabarmentzekoa da zuzendari nagusiek, bereziki Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak, eta idazkari tekniko nagusiek hartuko dituztela eskumen horiek.

Zuzendari nagusiei dagokienez, Administrazioak eta sindikatuek 2004rako eta 2005erako langileen lan baldintzei buruz izenpeturiko Itunaren ondoriozko arau berriak aipatu beharra dago. Izan ere, zuzendaritza nagusia izanen da langileak eskuarki atxikitzeko esparrua. Horretan eginkizunen banaketa bat dator zuzendaritzaren eginkizunetan normaltasunez aritzearekin. Horregatik esleitu zaie zuzendari nagusiei kasuan kasuko zuzendaritza nagusiari atxikiriko langileak zuzendu eta antolatzeko ahalmenak erabiltzeko eskumena.

Bestaldetik, arau honen bidez lehenagoko egoera bukatu nahi da, sektore bakoitzerako arau batzuk onetsiak baitziren, langileria arloko eskumenak 165/1996 Foru Dekretuan aipatzen ez diren organoei esleitzen baitizkiete. Foru dekretu honen xedea arauak bateratzea da, Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileriaren arloko eskumenak banatzeko xedapen guztiak arau bakar batean bilduko baititu.

Horiek horrela, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta bosteko otsailaren hogeita bateko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua . Nafarroako Gobernuaren eskurantzak.

Nafarroako Gobernuari ondoko eskurantza hauek dagozkio:

a) Nafarroako Administrazio Publikoetako langileriaren arloko legeak garatu eta betearazteko behar diren arauzko xedapenak onestea.

b) Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak proposaturik, Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantilla organikoko lanpostuak sortu eta amortizatzea eta lanpostuen lansari osagarriak banatu eta aldatzea.

c) Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak proposaturik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako lan eskaintza publikoa onestea.

d) Departamentuaren titularrak proposaturik, zerbitzuko zuzendariak eta idazkari tekniko nagusiak izendatu eta kargutik kentzea.

e) Hutsik ez dauden lanpostuak moldatzeko onespena ematea.

f) Oso hutsegite larriak egiteagatik diziplina espedienteen gainean eta, instrukzioaren arabera, hutsegite batzuk (horietariko bat gutxienez oso larria bada) egiteagatik diziplina espedienteen gainean ebaztea.

Foruzaingoko langileei dagokienez, Nafarroako Gobernuari dagokio bakarrik zerbitzutik kanporatzea dakarten oso hutsegite larriak egiteagatik irekiriko diziplina espedienteen gainean ebaztea.

2. artikulua . Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariaren eskurantzak.

Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari eskurantza hauek dagozkio:

a) Langileriaren arloan eskuarki ikuskatzea.

b) Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantilla organikoa eta haren zerbitzuko langileen zerrenda, urteroko abenduaren 31 artekoa, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko agindua ematea.

c) Foru Komunitateko eta haren erakunde autonomoetako langileak aldi baterako kontratatzeko orotariko irizpideak onestea.

d) Foru Komunitateko eta haren erakunde autonomoetako langileen nomina eta gizarte babeseko sistemak kudeatzeko irizpide, prozedura eta kontrolak eskuarki zehaztea.

e) Aurrekontuetan langileen gastuen kapitulua ukitzen duten aldaketak baimentzea, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko abenduaren 26ko 8/1988 Foru Legean xedaturikoarekin bat.

f) Langileriaren arloko gastua begiratu eta kontrolatzeko jarraibide eta prozedurak onestea.

g) Langileariaren arloan Foru Komunitateko Administrazioko eta haren menpeko erakunde publikoetako edozein organok emaniko egintzen aurka gora jotzeko paraturiko errekurtsoen gainean ebaztea, organo horiek kontseilariaren azpikoak badira.

Aurreko idatz-zatian aipatzen den aurreikuspenetik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko langileak hautatzeko epaimahai eta organoen egintza eta ebazpenen aurka gora jotzeko paratzen diren errekurtsoak salbuesten dira, horien gaineko ebazpena haietako lehendakaria izendatu duen agintari edo organoak emanen baitu.

h) Foru Komunitateko eta haren erakunde autonomoetako langileriaren arloko lan bide judiziala baino lehenagoko erreklamazio administratiboen gainean ebaztea, erreklamazioaren xede den lantokia atxikirik dagoeneko organoaren txostenaren ondoren, txosten hori aginduzkoa baita.

i) Urteroko lanaldiko orduak banatzeko orotariko arauak ezartzea.

j) Lanpostu hutsen izenak aldatzea.

k) Hutsegite larriak edo oso larriak egiteagatik Foruzaingoko langileei irekiriko zehapen espedienteen gainean ebaztea, foru dekretu honetako 1. artikuluko f) idatz-zatian aipatzen den kasuan izan ezik.

l) Foru Komunitateko eta haren erakunde autonomoetako langileen legezko araubideari eta lansariei buruzko beste edozein eskumen, berariaz beste organo batzuei esleitu ez bazaie.

3. artikulua . Kontseilarien eskurantzak.

Beren departamentuko langileei dagokienez, eskurantza hauek dagozkie Nafarroako Gobernuko kontseilariei:

a) Nafarroako Gobernuak izendatu eta kargutik kendu behar dituen funtzionarioak izendapen libreko lanpostuetarako izendatu eta kargutik kentzea.

b) Beren departamentuari atxikiriko ataletako, bulegoetako edo atala baino maila apalagoko unitateetako buruak aldi baterako izendatzea.

c) Foru agindu bidez zuzendari nagusien eta idazkari tekniko nagusien eta zuzenean bere menpe dauden beste administrazio organo batzuetako titularren ordezkoak izendatzea, kargua hutsik dagoenean edo titularrak kanpoan edo eri daudenean edo beste edozein arrazoi pertsonalengatik ezin dutenean, kargua aldi baterako bete dezaten.

d) Departamentuko plantilla organikoaren eta lan eskaintzaren arloko proposamenak egin eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentura igortzea, foru agindu honetako 1. artikuluko b) eta c) idatz-zatietan aipatzen diren ondorioak izan daitezen.

4. artikulua . Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren eskurantzak Nota de Vigencia.

1. Foru Komunitateko eta haren erakunde autonomoetako langileei dagokienez, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiari eskurantza hauek dagozkio:

a) Foru dekretu honetako 1. eta 2. artikuluetan ezartzen diren eskurantzei dagokienez, Nafarroako Gobernuak eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak ematen dituzten arauzko xedapen eta ebazpen administratiboak betearaztea.

b) Deialdiak onestea, tramitatzea eta ebaztea Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan lanpostuak betetzeari, langileak sartzeari eta mailaz igotzeari dagokienez.

c) Langileak, araubide administratiboan edo lan araubidean, behin betikoz edo aldi baterako, kontratatzeko deialdiak onetsi, izapidatu eta haien gainean ebaztea, aurrekontuetan dagoen diruaren arabera, baita bidezko diren kontratuak baimendu eta izenpetzea ere.

d) Prestakuntzarako izangaien zerrendak osatzeko hauta-proben deialdiak onetsi, izapidatu eta haien gainean ebaztea.

e) Langileen egoera administratiboak adieraztea, behin-behinekoz bereiztea izan ezik, eta jardunean berriro hasi direla adieraztea.

f) Langileen behin-behineko helmugak banatzea, Nafarroako Administrazio Publikoetan lanpostuak betetzeko erregelamenduan aipatzen diren kasuetan.

g) Langileen bateragarritasunerako baimenak izapidatu eta haien gainean ebaztea.

h) Langileria arloko eskabideen gainean ebaztea.

i) Langileria arloko lan bide judiziala baino lehenagoko gora jotzeko errekurtsoak eta erreklamazio administratiboak izapidatzea.

j) Funtzio publikoan sartu aitzin administrazio publikoan emaniko zerbitzuak aitortzea.

k) Maila bereko eta kategoria bera edo goragoko lanpostu baterako langileak aldi baterako izendatzea.

l) Lanpostu bete eta hutsen atxikipena aldatzea, Foru Komunitateko Administrazioko departamentu eta erakunde autonomoen artean langileen zerbitzu-eginkizunak eta lekualdatzeak, zerbitzuen beharrak direla-eta.

ll) Beste administrazio publiko bateko funtzionarioak Foru Komunitateko Administrazioari edo erakunde autonomo bati aldi baterako atxikitzea, zerbitzu-eginkizunetan.

m) Langileei baimena ematea beste administrazio batean aldi baterako zerbitzu-eginkizunetan aritzeko.

n) Irakaskuntzako langileak Foru Komunitateko Administrazioko departamentu eta erakunde autonomoetan irakaskuntzaz kanpoko lanpostuei atxikitzea, aldi baterako zerbitzu-eginkizunetan.

ñ) Langileak ukitzen dituzten epaileen ebazpenak betearaztea.

o) Langileriaren arloan departamentuek edo erakunde autonomoek Nafarroako Gobernuari edo Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari igortzen dizkioten kontuei buruz txostena ematea, aldez aurretik.

p) Langileriaren Erregistro Nagusiaz arduratzea.

q) Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileen espediente pertsonalak ireki eta betiere gaurkoturik edukitzea.

r) Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileen nominak eta gizarte babeseko sistemak kudeatzea.

s) Erretiratzeko eta jardunean segitzeko eskabideak izapidatzea.

t) Foru Diputazioko funtzionarioen eskubide pasiboen bahituretxeko langileen pentsioak kudeatzea.

u) Lanean ari diren eta erretiratuak diren langileen osasun laguntza kudeatzea, Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen osasun laguntzako zerbitzuari atxikiak badira.

v) Lanean aritzeko gai ez izateagatik langileak beste toki batean jartzeko prozeduren gainean ebaztea.

x) Gastu aurrekontuko I. kapitulua kudeatzeko irizpideak ematea, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko abenduaren 26ko 8/1988 Foru Legean xedaturikoarekin bat.

y) Funtzio Publikoaren arloko jarraibideak onestea, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak ematen dituen irizpideekin bat.

2. Foru dekretu honetako 7tik 11ra bitarteko artikuluetan Foru Komunitateko Administrazioko organo, departamentu eta erakunde autonomoetarako xedatzen dena deusetan galarazi gabe beteko ditu aurreko idatz-zatian aipatzen diren eskurantzak Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak.

5. artikulua . Zuzendari nagusien eskurantzak.

1. Beren zuzendaritza nagusiei atxikiriko langileei dagokienez, eskurantza hauek dagozkie zuzendari nagusiei:

a) Langileak zuzendu eta antolatzeko eskumenak erabiltzea, haien mailarekin eta haien izendapenarekin bat datozen eginkizunak banatzekoak barne.

b) Langileei lanpostu bat esleitzea eta, zuzendaritza nagusiaren barruan, lanpostu bete edo hutsei dagokienez, aldaketak egitea.

c) Zerbitzuko zuzendariak, atalburuak, bulegoburuak eta zuzendaritza nagusiaren barruko maila apalagoko beste unitate batzuetako buruak aldi baterako ordezteko izendapenak egitea, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak adostasun txostena eman ondoren.

d) Hutsegite larriak edo oso larriak egiteagatik diziplina espedienteak irekitzea.

e) Langileen "behin-behineko bereizkuntza" deritzon egoera administratiboa adieraztea.

f) Hutsegite larri eta arinengatik diziplina espedienteen gainean ebaztea.

g) Aparteko orduak egiteko baimena ematea, arauetan ezarririko baldintzetan.

h) Arauetan ezarririko opor, lizentzia eta baimenak onartzea.

2. Zuzendaritza nagusi baten barruan ez dauden zerbitzuko zuzendaritzen maila duten unitate organikoetan, kasuan kasuko unitate organikoko arduradunak hartuko ditu bere gain artikulu honetan aipatzen diren eskumenak.

Aurreko lerroaldean aipatzen denarekin bat, organo berari badagokio hutsegite arinak egiteagatik diziplina espedienteak ireki eta horien gainean ebazteko eskumena, espediente horien gainean ebazteko eskumena organo horretako nagusiari dagokio.

6. artikulua . Idazkari tekniko nagusien eskurantzak.

Idazkari tekniko nagusiek, departamentuko kontseilariak zuzendurik, eskurantza hauek izanen dituzte departamentuari atxikiriko langileei dagokienez:

a) Langileriaren arloko espedienteak izapidatzea, haien ebazpena, foru dekretu honetako 3. eta 5. artikuluekin bat, departamentuko organo bati badagokio.

b) Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusian departamentuari atxikiriko langileen kontu guztiak izapidatzea, haien ebazpena Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiari, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari edo Nafarroako Gobernuari badagokio.

c) Departamentuko langileen lanaldia murrizteko eskabideen gainean ebaztea, kasuan kasuko unitate organikoko arduradunak txostena eman ondoren, hala behar bada.

d) Langileen lanera etortzeak kontrolatzeko sistemaz arduratzea.

e) Departamentuan aldi batez lanera joaterik ez daukaten langileen gaixo-agiriak eta senda-agiriak kudeatu, izapidatu eta berrestea.

f) Hutsegite arinengatik diziplina espedienteak irekitzea.

g) Langileei helmugakoa ez beste herri batean bizitzeko baimena ematea, kasuan kasuko unitate organikoko arduradunak txostena eman ondoren Nota de Vigencia.

h) Lanpostu bete eta hutsen atxikipena aldatzea eta departamentuko egitura organikoko atxikipen esparruen artean langileen lekualdatzeak, zerbitzuen beharrak direla-eta.

7. artikulua . Hezkuntza Departamentuaren eskurantzak.

1. Hezkuntza kontseilariari edo egitura organikoari buruzko arauen arabera eskudun den departamentuko organoari eskurantza hauek dagozkie departamentuari atxikiriko langileei dagokienez:

a) Foru dekretu honetako 3., 5. eta 6. artikuluetan aipatzen direnak.

b) Langileak, araubide administratiboan eta lan araubidean, aldi baterako kontratatzeko deialdiak onetsi, izapidatu eta haien gainean ebaztea, aurrekontuetan dirurik bada, eta kasuan kasuko kontratuak baimendu eta izenpetzea, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak begiratu eta kontrolatzeko ezarririko jarraibide eta prozedurei lotuz.

c) Departamentuari atxikiriko langileen espedienteak ireki eta betiere gaurkoturik edukitzea.

d) Funtzio publikoan sartu aitzin administrazio publikoan emaniko zerbitzuak aitortzea.

e) Departamentuko araubide juridiko guztietako langileen lansariak eta gizarte babeseko sistemak kudeatzea.

f) Foru Diputazioko eskubide pasiboen bahituretxean ez dauden langileek erretiratzeko eta jardunean segitzeko aurkezturiko eskabideak izapidatzea.

g) Langileen erregistroa mantendu eta kudeatzea. Erregistro horrek langileen datu pertsonal eta profesonalez eta haien egoera administratiboez gain, plantilla organikoko lanpostu bete eta hutsei buruz behar diren argibideak bilduko ditu.

Argibide horiek Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Publikoak zehazten dituen informatiko baliabide eta prozeduren bidez gordeko dira. Zuzendaritza da Langileariaren Erregistro Nagusiaren arduraduna eta betiere izanen ditu eskura datu horiek.

2. Departamentuari atxikiriko irakaskuntzako langileei dagokienez, Hezkuntza kontseilariari edo haren egitura organikoari buruzko arauetan zehazten den organoari eskurantza hauek dagozkio:

a) Irakaskuntzarako funtzio publikoan sartzeko eta irakaskuntzako lanpostuak betetzeko deialdiak onetsi, izapidatu eta haien gainean ebaztea.

b) Prestakuntzarako izangaien zerrendak osatzeko hauta-proben deialdiak onetsi, izapidatu eta haien gainean ebaztea.

c) Irakaskuntzako langileen egoera administratiboak zein diren eta lanera itzuli direla adieraztea.

d) Irakaskuntzako langileen bateragarritasunerako baimenak izapidatu eta haien gainean ebaztea.

e) Irakaskuntzako langileak Hezkuntza Departamentuaren ikastetxeei eta departamentu horretako plantilla organikoko irakaskuntzako lanpostuei atxikitzea, aldi baterako zerbitzu-eginkizunetan.

f) Irakaskuntzako langileen eskabideen gainean ebaztea.

g) Langileria arloko lan bide judiziala baino lehenagoko gora jotzeko errekurtsoak eta erreklamazio administratiboak izapidatzea.

h) Departamentuari atxikiriko irakaskuntzako langileak bakarrik ukitzen dituzten epaileen ebazpenak betearaztea.

8. artikulua . Erakunde autonomoen eskurantzak.

Foru Komunitateko Administrazioaren menpeko erakunde autonomoek, kasuan kasuko estatutuetan xedaturikoarekin bat eskudun diren gobernu organoen bidez, beren zerbitzuko langileei dagokienez, foru dekretu honetako 3., 5. eta 6. artikuluetan aipatzen diren eskurantzak izanen dituzte.

9. artikulua . OsasunbideaNafarroako Osasun Zerbitzuaren eskudantziak Nota de Vigencia.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak, bere estatutuetan ezarritakoaren arabera eskudunak diren gobernu organoen bidez, eskudantzia hauek izanen ditu erakunde autonomo horri atxikitako langileei dagokienez:

a) Erakunde autonomo guztiei esleituak, hau da, aurreko artikuluan zerrendatutakoak.

b) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko erregimenari buruzko urriaren 20ko 11/1992 Foru Legeko estamentu eta espezialitateen eranskineko osasun arloko izendapenak dituzten lanpostuetan sartzeko deialdiak onetsi eta tramitatzea, betiere deialdiko lanpostu guztiak erakunde autonomo horri atxikirik badaude.

c) Urriaren 20ko 11/1992 Foru Legeko estamentu eta espezialitateen eranskineko osasun arloko izendapenak dituzten lanpostuetan sartzeko deialdiak tramitatzea, baldin eta deialdian Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako lanpostuak eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari atxikitako lanpostuak badaude.

d) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko erregimenari buruzko urriaren 20ko 11/1992 Foru Legeko estamentu eta espezialitateen eranskineko osasun arloko izendapenei dagozkien lanpostuak betetzeko deialdiak onestea, tramitatzea eta ebaztea, betiere deialdiko lanpostu guztiak erakunde autonomo horri atxikirik badaude.

e) Urriaren 20ko 11/1992 Foru Legeko estamentu eta espezialitateen eranskineko osasun arloko izendapenei dagozkien lanpostuak betetzeko deialdiak tramitatzea, baldin eta deialdian Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako lanpostuak eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari atxikitako lanpostuak badaude.

f) Merezimendu-lehiaketa bidezko aldez aurreko barne egokitzapenerako deialdiak onestea, tramitatzea eta ebaztea.

g) Aldi baterako langileak kontratatzeko deialdiak onetsi, tramitatu eta haien gainean ebaztea, bai araubide administratibokoak, bai lan araubidekoak, aurrekontuetan dagoen diruaren arabera, eta dagozkien kontratuak baimendu eta formalizatzea, funtzio publikoaren arloko eskumena duen departamentuak ezartzen dituen jarraibideei eta segimendu eta kontrolerako prozedurei lotuz.

h) Zerbitzu berezietako administrazio egoera eta eszedentzia bereziaren administrazio egoera deklaratzea, eta administrazio egoera horiek utzi eta jardunean berriz hasteko eskaerak ebaztea.

i) Aldi baterako barne igoera egiteko hautapen proben deialdiak onetsi, tramitatu eta ebaztea, bai eta langileak zerbitzu berezietako egoeran edo jarduneko egoera berezian deklaratzea ere.

j) Langileen arloko eskaerak ebaztea.

k) Langileen arloan, gora jotzeko errekurtsoak eta lan auzibidearen aurreko erreklamazio administratiboak tramitatzea.

l) Langileak ukitzen dituzten ebazpen judizialak betearaztea.

ll) Foru Diputazioko funtzionarioen eskubide pasiboen montepioan sarturik ez dauden langileek erretiratzeko eta jardunean segitzeko aurkezturiko eskaerak tramitatzea.

m) Funtzio publikoan sartu aurretik administrazio publikoari emandako zerbitzuak aitortzea.

n) Langileak izendatzea beren lanpostuaren maila bereko eta kategoria bereko nahiz goragoko beste lanpostu batean bitarte batez aritzeko.

ñ) Erakunde autonomoari atxikitako langileen nominak eta gizarte-aurreikuspeneko sistemak kudeatzea, haien araubide juridikoa edozein delarik ere.

o) Erakunde autonomoari atxikitako langileen espediente pertsonalak irekitzea eta etengabe eguneratzea.

p) Bere langileen erregistroa mantentzea eta kudeatzea. Erregistroak datu hauek izanen ditu: langileen datu pertsonalak eta profesionalak, langileen egoera administratiboak eta bere plantilla organikoan beteta edo hutsik dauden lanpostuen informazioa

Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak zehazten dituen bitarteko eta prozedura informatikoen bidez mantenduko da informazioa. Zuzendaritza nagusi horrek, Langileriaren Erregistro Nagusiaren erantzulearen den aldetik, edozein unetan kontsulta ditzake datu horiek.

10. artikulua . Barne Zuzendaritza Nagusiaren eskurantzak Nota de Vigencia.

1. Foruzaingoko langileei dagokienez, Barne zuzendari nagusiari edo haren egitura organikoari buruzko arauetan zehazten den organoari eskurantza hauek dagozkio:

a) Foru dekretu honetako 5. eta 6. artikuluetan aipatzen direnak.

b) Foruzaingoko lanpostuak betetzeko deialdiak onetsi, izapidatu eta horien gainean ebaztea.

c) Kidego horretako langileen bateragarritasunerako baimenak izapidatu eta haien gainean ebaztea.

2. Foruzainburuari dagokio Kidego horretako langileei diziplina espedienteak irekitzea eta horien gainean ebaztea, hutsegite arinak egiteagatik.

3. Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzko uztailaren 1eko 8/2005 Foru Legearen 53.1 artikuluan aurreikusitako lanpostuak eta aretoko buru, operadore ofizial eta koordinazioko operadore laguntzaile lanpostuak betetzen dituzten langileei dagokienez, Barne Zuzendaritza Nagusiak eskudantzia hauek izanen ditu:

a) Foru dekretu honen 6. artikuluan zerrendatutakoak.

b) Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzko uztailaren 1eko 8/2005 Foru Legearen 53.1 artikuluan ezarritako lanpostuak betetzeko deialdiak onetsi, tramitatu eta ebaztea

11. artikulua . Justizia Zuzendaritza Nagusiaren eskurantzak.

Nafarroara transferituriko Justizia Administrazioko funtzionarioen kidegoetako langileei dagokienez, Justizia zuzendari nagusiari eskurantza hauek dagozkio, Botere Judizialari buruzko uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoan xedaturikoarekin bat erabiliko dituenak:

a) Justizia Administrazioko funtzionarioak hautatzeko prozesuetan parte hartzea.

b) Barneko langileak kontratatzeko deialdiak onetsi, izapidatu eta horien gainean ebaztea.

c) Egoera administratiboak adieraztea.

d) Kasuan kasuko lurraldeko lanpostuak betetzea, Botere Judizialari buruzko uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoan eta Sartu, Lanpostuak Bete eta Mailaz Igotzeko Erregelamendu Orokorrean ezartzen diren kasu eta baldintzetan eta bertan aipatzen diren prozedurei lotuz.

e) Langileen bateragarritasunerako baimenak izapidatu eta haien gainean ebaztea.

f) Langileria arloko eskabideen gainean ebaztea.

g) Langileria arloko lan bide judiziala baino lehenagoko gora jotzeko errekurtsoak eta erreklamazio administratiboak izapidatzea.

h) Funtzio publikoan sartu aitzin administrazio publikoan emaniko zerbitzuak aitortzea.

i) Langileak ukitzen dituzten epaileen ebazpenak betearaztea.

j) Langileen espedienteak ireki, mantendu eta eguneratzea.

k) Oporrak hartzeko moduak eta haiek emateko prozeduraz jarraibideak onestea.

l) Opor, lizentzia eta baimenak onartzea.

ll) Lanaldia banatu eta ordutegiak finkatzeko lan egutegia urtero zehaztea.

12. artikulua. Osasun Departamentuaren eskudantziak Nota de Vigencia.

Osasun Departamentuak, bere egitura organikoaren araudiarekin bat eta bere menpeko erakunde autonomoei atxikitako langileei dagokienez, eskudantzia hauek izanen ditu:

a) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko erregimenari buruzko urriaren 20ko 11/1992 Foru Legeko estamentu eta espezialitateen eranskineko osasun arloko izendapenak dituzten lanpostuetan sartzeko deialdiak onestea, baldin eta deialdian Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako lanpostuak eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari atxikitako lanpostuak badaude.

b) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko erregimenari buruzko urriaren 20ko 11/1992 Foru Legeko estamentu eta espezialitateen eranskineko osasun arloko izendapenak dituzten lanpostuei dagozkien lanpostuak betetzeko deialdiak onestea eta ebaztea, baldin eta deialdian Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako lanpostuak eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari atxikitako lanpostuak badaude

13. artikulua. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren eskudantziak Nota de Vigencia.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak, bere estatutuetan ezarritakoaren arabera eskudunak diren gobernu organoen bidez, eskudantzia hauek izanen ditu erakunde autonomo horri atxikitako langileei dagokienez:

a) Erakunde autonomo guztiei esleituak, hau da, 8. artikuluan zerrendatutakoak.

b) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikiriko langileen berariazko araubideari buruzko legediarekin bat, estamentu eta espezialitateen eranskineko osasun arloko izendapenak dituzten lanpostuetan sartzeko deialdiak onetsi eta tramitatzea, betiere deialdiko lanpostu guztiak Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari atxikirik badaude.

c) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko erregimenari buruzko urriaren 20ko 11/1992 Foru Legeko estamentu eta espezialitateen eranskineko osasun arloko izendapenei dagozkien lanpostuak betetzeko deialdiak onestea, tramitatzea eta ebaztea, betiere deialdiko lanpostu guztiak Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari atxikirik badaude.

d) Merezimendu-lehiaketa bidezko aldez aurreko barne egokitzapenerako deialdiak onestea, tramitatzea eta ebaztea.

e) Aldi baterako langileak kontratatzeko deialdiak onetsi, tramitatu eta haien gainean ebaztea, bai araubide administratibokoak, bai lan araubidekoak, aurrekontuetan dagoen diruaren arabera, eta dagozkien kontratuak baimendu eta formalizatzea, funtzio publikoaren arloko eskumena duen departamentuak ezartzen dituen jarraibideei eta segimendu eta kontrolerako prozedurei lotuz.

f) Zerbitzu berezietako administrazio egoera eta eszedentzia bereziaren administrazio egoera deklaratzea, eta administrazio egoera horietatik jardunean berriz hasteko eskaerak ebaztea.

g) Aldi baterako barne igoera egiteko hautapen proben deialdiak onetsi, tramitatu eta ebaztea, bai eta langileak zerbitzu berezietako egoeran edo jarduneko egoera berezian deklaratzea ere.

h) Langileen arloko eskaerak ebaztea.

i) Funtzio publikoan sartu aurretik administrazio publikoari emandako zerbitzuak aitortzea.

j) Langileak izendatzea beren lanpostuaren maila bereko eta kategoria bereko nahiz goragoko beste lanpostu batean bitarte batez aritzeko.

k) Erakunde autonomoari atxikitako langileen nominak eta gizarte-aurreikuspeneko sistemak kudeatzea, haien araubide juridikoa edozein delarik ere.

l) Erakunde autonomoari atxikitako langileen espediente pertsonalak irekitzea eta etengabe eguneratzea.

ll) Bere langileen erregistroa mantentzea eta kudeatzea. Erregistroak datu hauek izanen ditu: langileen datu pertsonalak eta profesionalak, langileen egoera administratiboak eta bere plantilla organikoan beteta edo hutsik dauden lanpostuen informazioa.

Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak zehazten dituen bitarteko eta prozedura informatikoen bidez mantenduko da informazioa. Zuzendaritza nagusi horrek, Langileriaren Erregistro Nagusiaren erantzulearen den aldetik, edozein unetan kontsulta ditzake datu horiek.

Lehen Xedapen Gehigarria. Izendapen libreko postuak eta burutzak erakunde autonomoetan.

Izendapen libreko lanpostuak eta aldi baterako burutzak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko erakunde autonomoetan, berariazko arauetan edo kasuan kasuko estatutuetan xedatzen denari lotuko zaizkio.

Bigarren Xedapen Gehigarria. Hutsegite arinak egiteatik ireki beharreko diziplina prozedura haiek irekitzeko organo eskudunari buruzko arau berrietara egokitzea.

Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen diziplina araubideari buruzko Erregelamendua onesten duen ekainaren 12ko 117/1985 Foru Dekretuko 24. eta 25. artikuluetan egiten diren aipamenak ("espedientea ireki duen maila goragoko nagusia") foru dekretu honetan xedaturikoaren arabera eskudun den organoari dagozkio.

Hirugarren Xedapen Gehigarria. Langileak aldi baterako kontratatzeko eskumenak Nota de Vigencia.

1. Foru dekretu honen 8. artikuluan adierazitako eskumenez gain, Pertsonen Garapenerako eta Autonomiarako Nafarroako Agentziaren organoei dagokie –betiere estatutuen erregulazioaren arabera horretarako eskumena badute– aldi baterako langileak kontratatzeko deialdiak onestea, tramitatzea eta ebaztea, bai erakunde autonomo horren menpeko zentro berekietarako langileak kontratatzekoak, bai adingabeen babesgabetasun egoeren balorazioari buruz eta adingabeen gaineko neurri judizialen betearazpenari eta adingabeen zaintzaren kudeaketari buruz eskumenak dituzten erakundearen ataletarako langileak kontratatzekoak, hala administrazio araubidean nola lan araubidean, dauden aurrekontu-aurreikuspenen barruan, eta, orobat, behar diren kontratuak baimentzea eta formalizatzea, funtzio publikoaren arloan eskumena duen departamentuak jarraipen eta kontrolerako ezartzen dituen prozedurak eta jarraibideak betez.

2. Beren langileei dagokienez, langileak aldi baterako kontratatzeko 1. idatz-zatian aipatzen diren eskumenak Nafarroako Zerga Ogasuna izeneko erakunde autonomoko organoak hartzen ahalko dituzte beren gain egitura organikoari buruzko arauekin bat eskudun badira, behar adina langile eta baliabide edukiz gero.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Arau eta agindu indargabetuak.

1. Arau eta agindu hauek espresuki indargabetzen dira:

a) Apirilaren 1eko 165/1996 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskurantzak zehazten dituena.

b) Ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsiriko Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Erregelamenduko 15. artikuluko 1. eta 2. idatz-zatiak.

c) Azaroaren 6ko 251/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsiriko Nafarroako Administrazio Publikoetako Lanpostuak Betetzeko Erregelamenduko 4. artikuluko 1. eta 3. idatz-zatietako a) eta b) letrak.

d) Nafarroako Administrazio Publikoetako Funtzionarioen Diziplina Araubideari buruzko Erregelamendua onesten duen ekainaren 12ko 117/1985 Foru Dekretuko 26. artikuluko 1. idatz-zatia, 29. artikuluko 1. idatz-zatia eta 52. artikuluko 1 a) idatz-zatia.

e) Nafarroako Foru Komunitateko eta haren erakunde autonomoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen araubideari buruzko urriaren 30eko 348/2000 Foru Dekretuko 24. artikuluko a) idatz-zatia.

2. Eskuarki, foru dekretu honek ezarririkoari aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak indarrik gabe geldituko dira.

Azken Xedapenetariko Lehena. Foru dekretu hau garatu eta betearazteko ahalmena.

Ahalmena ematen zaio Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari foru dekretu hau garatu eta betetzeko behar diren xedapenak agindu ditzan.

Azken Xedapenetariko Bigarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek 2005eko martxoaren 1ean hartuko du indarra.

Iruñean, 2005eko otsailaren 21ean._Nafarroako Gobernuko jarduneko lehendakaria, Francisco J. Iribarren Fentanes._Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0502982

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web