(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

96/1997 FORU DEKRETUA, APIRILAREN 14KOA, NAFARROAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOEN ZERBITZUKO LANGILEEN ESTATUTUAREN 24.2 ARTIKULUA HEIN BATEAN GARATZEKO NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ADMINISTRAZIOAREN ETA HAREN ERAKUNDE AUTONOMOEN ZERBITZUKO LANGILEEN LANBIDE PRESTAKUNTZA ETA HOBEKUNTZA ERRAZTEN DITUENA. Nota de Vigencia

BON N.º 49 - 23/04/1997



Atariko

Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen Estatutuaren 24.2 artikulua hein batean garatzen duen ekainaren 29ko 240/1992 Foru Dekretuaren aplikazioan antzemandako disfuntzioak ikusirik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta sindikatuek 1995eko abenduaren 1ean izenpetutako hitzarmenean erabaki zen Foru Dekretu hori aldatzea, langileen prestakuntza jarduerak hobetu eta, aldi berean, zerbitzuen funtzionamenduan gorabeherarik ez izatea ziurtatzeko.

Hortaz, abiapuntu hauetan oinarriturik, negoziazioa garatu da langileen ordezkariekin, eta aipatu Foru Dekretuaren aplikazio eremuak zabaltzea erabaki da, hautapen sistema objetiboak ezarriz, prestakuntza aldiak luzatuz, denbora mugatuarekin, eta, azkenik, partehartze aktiboa sartuz INAPen prozesuan.

Horrenbestez, Lehendakaritza eta Barne kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hamazazpiko apirilaren hamalauan eginiko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua

1. Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoen artean, honakoak zerbitzu eginkizunetan daudela deklaratuko da, ondoko artikuluetan zehazten diren baldintzekin eta araubidearekin: haien prestakuntza eta hobekuntzarako jarduerak egiteko esaten zaiena, haien jardunerako behar zutenak ez diren edo goragoko maila edo talde bati dagozkion lortutako ikasketa titulazioak lanean betetzea.

2. Foru Dekretu honetan xedatutakotik salbuetsita geldituko dira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileak, arlo honetan arau bereziak izanen baitituzte.

2. artikulua Nota de Vigencia

1. Aldi baterako kontratazioa egin baino lehen, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta bere erakunde autonomoek beren langile finkoei eskainiko dizkiete bete nahi dituzten lanpostuak, baina gutxienez hiru urte eginak izan beharko dituzte zerbitzu ematen, zeinek bere lanpostuan.

Aurreko lerroaldean adierazitakoa gorabehera, lege edo arauzko agindu baten bitartez lanpostu jakin batzuk betetzen dituzten langileentzat erreserbatuta dauden lanpostu finkoak langile horiei baino ez zaizkie eskainiko.

2. Hezkuntza Departamentuko irakasle lanpostuek, ondorio horietarako, talde berezitua osatzen dute, foru dekretu honen 6. artikuluan zehazten den bezala.

3. Lehenengo idatz-zatian ezartzen diren ondorioetarako, deialdiak eginen dira prestakuntzako izangaien zerrendak hautapen proben bidez osatzeko. Hautapen proba horiek gainditzen dituzten izangaien lehentasun ordena hautapen prozesuan lortutako puntuazioaren arabera finkatuko da.

4. Prestakuntzako izangaien zerrendak osatzeko hautapen probak, kasua bada, aldi baterako kontratazioak egiteko izangaien zerrendak prestatzeko deialdietako probekin batera eginen dira.

Horrelako kasuetan, hautapen probak gainditzen dituzten izangaiekin bi zerrenda prestatuko dira. Prestakuntzako izangaien zerrendetan daudenak lehenetsiak izanen dira aldi baterako kontratazioetarako zerrendetan daudenen aurretik.

5. Hiru hilabeterako edo gehiagorako bete behar diren lanpostuak baino ez dira eskainiko.

6. Langileren bat zerbitzu eginkizunetan hasiz gero, ordezkoa, halakorik bada, prestakuntzako zerrendetatik izendatuko da.

3. artikulua Nota de Vigencia

1. Foru dekretu honetan aipatzen den zerbitzu berezietako egoera, hasiera batean, urtebetekoa izanen da gehienez ere, baina luzatzen ahalko da, urtebeterako edo gutxiagorako. Horrela, gehienez, sei urte ematen ahalko dira, denboraldi bakar batean edo denboraldi partzialetan.

2. Aurreko atalean finkatutako denbora bukatutakoan, langilea jarduneko egoerara itzuliko da berehala, zerbitzu berezien egoeran deklaratu zenean zuen lanpostura. Geroztik, ezin izanen du bide hori erabili zerbitzu eginkizunetan berriz hasteko.

Halaber, 1. idatz-zatian aipatutako denboraldi partzial bakoitza bukatutakoan, langileak bere jatorriko lanpostuan jardutera itzuli beharko du, besterik gabe.

4. artikulua Nota de Vigencia

1. Langileak eskuratzen duen lanpostuaren izaera edozein izanik, zerbitzu eginkizunetan deklaratzeak ez du ekarriko, inolaz ere, izendatu aurretik zeukan araubide juridikoaren aldaketa.

2. Halaber, gizarte prebisiorako duen araubideak ez du aldaketarik izanen, eta zerbitzu eginkizunetako aldian jatorrizko lanpostuan zuenarekin segituko du.

3. Egoera honetan den bitartean, langileak ezin izanen du inongo unitate organikoko burutza edo zuzendaritzarik bete, salbu eta Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean dauden Bigarren Hezkuntzako Institutuen Erregelamendu Organikoa onesten duen otsailaren 10eko 25/1997 Foru Dekretuaren 40. artikuluan aipatzen diren irakaslana koordinatzeko organoetako burutzak.

5. artikulua Nota de Vigencia

1. Zerbitzu berezietako egoeran dauden langileek zerbitzu berezietako administrazio egoeran dauden bitartean betetzen duten lanpostuaren ordainsariak jasoko dituzte.

2. Aurreko idazatiak aipatzen duen lansarietako aldeak ordaintzen du langilearen esku aldi baterako utzitako eginkizunak betetzea eta, ondorioz, hori uzten den unetik aurrera ez dira jasoko, besterik gabe, eta inolaz ere ez du sortuko eskuratutako eskubiderik, ez eta eskubide pasiborik ere, eta ez du hura behin betikoz betetzeko inolako eskubiderik emanen.

6. artikulua Nota de Vigencia

1. Hezkuntza eta Kultura Departamentuko B maila edo taldeko irakasleek A maila edo taldeko lanpostuak eskatzen ahalko dituzte, betiere horiek betetzeko eskatutako titulazioaren jabe badira, arestian aipatutako arauei loturik, baino berezitasun hauekin:

- Daukaten titulazioarekin bat datorren espezialitateko lanpostua eskuratu nahi denean, prestakuntzako lanpostuetan sartzeko ez da aldez aurretik hautapenik eginen.

- estelako kasuetan, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak horretarako deituko dituen hautapen probak gainditu beharko dira.

2. Salbuespen gisa, irakasle lanpostuen kasuetan, Foru Dekretu honen 3. artikuluaren 1. idazatiak aipatzen duen gehieneko aldia luzatu ahalko da ikasturteare amaierarekin bat egin arte.

7. artikulua

1. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren esku uzten da langileen prestakuntzaren ebaluazioa, jarraipena eta gainbegiratzea, zerbitzuak ematen dituzten Departamentu edo erakunde autonomoaren eta Lehendakaritza eta Barne Departamentuaren Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren laguntzaz.

Ebaluazioan lanpostua nola bete den eta izandako errendimendua baloratuko du batzorde batek, honakoek osatutakoak: zerbitzua ematen den Unitate Administratiboaren arduraduna, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren ordezkari bat eta Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko beste pertsona bat.

Lehendakaritza eta Barne Departamentuko Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak prestakuntza aldia amaitutzat eman dezake, gehieneko aldia bete aurretik, aurreko lerroaldeak aipatzen duen ebaluazioa negatiboa izanen balitz.

2. Egoera honetan deklaratutako langileek lehentasuna izanen dute INAPek antolatzen dituen eta betetzen duten lanpostuarekin zerikusia duten prestakuntza ikastaroetan sartzeko.

8. artikulua

Foru Dekretu honek aipatzen duen zerbitzu eginkizunetako egoeran deklaratzeko, eta eskaintza egiteko, eskumena Lehendakaritza eta Barne Departamentuko Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiari dagokio, irakasleak kenduta, hauen gaineko eskumena Hezkuntza eta Kultura Departamentuarena baita.

Xedapen Gehigarriak Lehenbizikoa

3. artikuluan ezarritako zenbaketarako, kontutan hartuko dira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan Foru Dekretu honek indarra hartzen duenetik prestakuntzan emandako zerbitzuak.

Xedapen Gehigarriak Bigarrena Nota de Vigencia

Batzorde Tekniko bat eratuko da, eta Administrazioaren ordezkariek eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko funtzionarioen eta estatutupeko langileen Negoziazio Mahai Orokorrean edo Lan Kontratatuen Hitzarmen Kolektiborako Negoziazio Batzordean parte hartzen duten sindikatuen ordezkariek osatua, Foru Dekretu honetan xedatutakoaren interpretazioa, jarraipena eta garapena egiteko xedeaz.

Batzorde Tekniko horretan Foru Dekretu honen 2. artikuluak aipatzen dituen prestakuntza ikastaroen diseinua negoziatuko da.

Xedapen Gehigarriak Hirugarrena Nota de Vigencia

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek Foru Dekretu hau aurretik aplikatu gabe premiazko kasuetan kanpotik egindako kontratazioen berri emanen die, hiru hilabetetik behin, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko funtzionarioen eta estatutupeko langileen Negoziazio Mahai Orokorrean edo Lan Kontratatuen Hitzarmen Kolektiborako Negoziazio Batzordean parte hartzen duten sindikatuei.

Era berean, Foru Dekretu honen aplikazioa, haien ezaugarriak direla eta edo/eta bete beharreko eginkizunen izaera dela eta, bidezkoa ez den lanpostuen kasuan, horiek betetzeko egindako kontratazioen berri ere emanen die.

Xedapen Iragankorra

Foru Dekretu honek indarra hartu aurretik zegoen arautegiaren babesean eginiko zerbitzu eginkizunetako deklarazioak mantenduko dira baimena zein alditarako jaso zuten, hori amaitu arte.

Azken Xedapenak Lehenbizikoa

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoei ez zaie aplikatuko ekainaren 29ko 240/1992 Foru Dekretua, haren zerbitzuko langileen lan prestakuntza eta hobekuntza errazteko xedeaz Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen Estatutuaren 24.2 artikulua hein batean garatzen duena, alegia; Foru Dekretu honek ordezkatuko du.

Xedapen Gehigarriak Bigarrena

Lehendakaritza eta Barne kontseilariari eta Hezkuntza eta Kultura kontseilariari, bakoitzari bere eskumenen esparruan, ahalmenak ematen zaizkie Foru Dekretu hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzaten.

Xedapen Gehigarriak Hirugarrena

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hamazazpiko apirilaren hamalauan.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma. Lehendakaritza eta Barne kontseilaria, Rafael Gurrea Induráin.

Iragarkiaren kodea: A9703460

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web