(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

308/2001 FORU DEKRETUA, URRIAREN 29KOA, NAFARROAKO MAHASTIZAINTZA ETA ENOLOGI ZENTROAREN EGITURA ORGANIKOA ETA EGINKIZUNAK ARAUTZEN DITUENA Nota de Vigencia.

BON N.º 142 - 23/11/2001



  AZKEN XEDAPENAK


Atariko

Nafarroako Gobernuak, martxoaren 7ko 78/1986 Foru Dekretuaren bidez, "Nafarroako Mahastizaintza eta Enologi Zentroa" (Evena) izeneko erakunde autonomoa sortu zuen eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari atxiki.

Hamabost urte hauetan, frogatu da Evena sortzea gauza ona izan dela, tresna baliotsua izan baita Nafarroako mahastizaintza eta ardogintzari buruzko politikarako eta, ondorioz, nekazaritzako elikagaiei buruzko politikarako.

Gaur egun ez du inork zalantzan jartzen Nafarroako ardoen kalitatea eta Nafarroan egiten den ardoak ospe handia du bai estatuaren barruan bai atzerrian. Horretarako Evenak izan duen zeregina funtsezkoa izan da.

Martxoaren 7ko 78/1986 Foru Dekretuak hainbat aldaketa izan ditu bai bere barneko antolaketa, bai bere eginkizunak mahastizaintza eta ardogintzaren sektore aktibo eta indartsuak sortzen dituen premietara egokitzeko, premia horiek gero eta handiagoak baitira.

Komeni da Evenari beste antolaketa administratibo bat ematea, eta hori hala da hainbat faktorerengatik, hala nola mahastizaintza eta ardogintzako merkatu komunaren antolaketa berriaren kudeaketa gero eta zailagoa, bere dirulaguntza handiak barne, jatorrizko deiturekin harremanak indartu beharra eta nekazaritzaren eta nekazaritzako elikagaien sektore garrantzitsu horren zati handi bati kasu egiteko obligazioa.

Hortaz, orain dauden lau arlo administratiboak hirutan bilduko dira eta bakoitzaren erantzukizuna indartuko, gaur egungo egoerara egokitzeko. Hemendik aurrera Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Atalen parean egonen dira, foru administrazioaren antolaketak duen arrazionaltasuna aplikatzeko eta barne unitate horiek eginkizun gehiago izanen dituztelako.

Azkenik, argitasun eta segurtasun juridikoko arrazoiak direla eta, bidezkotzat jo da Evenaren egitura organikoari buruz indarra duten arau guztiak testu bakar batean biltzea.

Horrenbestez, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak proposaturik, eta bi mila eta bateko urriaren hogeita bederatziko bilkuran Nafarroako Gobernuak hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua . Izaera.

1. Nafarroako Mahastizaintza eta Enologi Zentroa (Evena), martxoaren 7ko 78/1986 Foru Dekretuaren bidez sortu zena, Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari atxikiriko erakunde autonomoa da.

2. Nafarroako Mahastizaintza eta Enologi Zentroak nortasun juridiko propioa eta bereizia du, bai eta ahalmen juridikoa eta jardutekoa, eta ondare propioa ere.

2. artikulua . Eginkizunak.

1. Nafarroako Mahastizaintza eta Enologi Zentroak ondoko eginkizun hauek ditu:

a) Mahastigintzarako eta ardogintzarako teknika egokiak aztertu, saiatu eta zabaltzea.

b) Mahastizain, upategi eta enologoentzat kontsulta eta aholku zentroa izatea, mahastizaintza eta enologi aferetan.

c) "Nafarroa" jatorrizko deituraren eta "Errioxa" jatorrizko deitura kalifikatuaren Kontseilu Arau-emaileei aholku eta laguntza teknikoa ematea, haien berariazko zereginak betetzeko.

d) Mahastizaintza-ardogintzako produktuen eta edari distilatuen analisiak agintzea edo, hala behar baldin bada, egitea, partikularrek edo Administrazioak eskatuta eta alde batera utzita produktuak eta eskatzaileak nongoak diren, eta analisiaren ziurtagiri ofiziala egitea.

e) Nafarroan egin eta "Nafarroa" jatorrizko deituran eta "Errioxa" jatorrizko deitura kalifikatuan sartu beharreko ardoen kontrol analitikoa agintzea edo, hala behar baldin bada, egitea.

f) Mahastigintza eta ardogintza antolatu eta bultzatzeko programak burutu, haien jarraipena egin eta ebaluatzea.

g) Mahastizaintzari eta enologiari loturiko erregistro eta inbentarioko eginkizunak burutzea, hala nola mahastizaintza eta ardogintzako katastroa egin eta eguneratzea.

h) Mahastiak landatu, birlandatu eta ordezteko baimena ematea, kanpainarako ezartzen diren arauak aplikatuz eta arlo horretako legeekin bat.

i) Mahasti azalerak birlandatzeko eskubideak eskualdatzeko baimena ematea.

j) Landareen merkataritza prozesua ikuskatu eta mintegiko mahatsondo landareen kontrolak eta ziurtagiriak egitea; mahatsondo landareen nekazaritzako balioa aztertzeko saioak egitea; mintegiko mahatsondo landareen arloko zehapen espedienteei hasiera eta ebazpena ematea.

Mahastizaintza eta Enologi Zentroak atal honetan aipatu eginkizunak burutzeko egiten dituen jarduketen berri emanen dio Nekazaritza eta Nekazaritzako Finantzaketaren Zerbitzuari.

k) Mahastizaintzako, mahastiak berregituratu eta birmoldatzeko eta ardoak egin, bildu eta ontzeko prozesuetako inbertsioetarako laguntzen espedienteei buruzko txostenak egin eta, hala behar baldin bada, espediente horiek baimentzea.

l) Mahastizaintza eta ardogintzako zehapen espedienteei hasiera eta amaiera ematea. Halaber, ardoaren jatorrizko deituren zehapen espedienteak ebaztea, ebazpen hori Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari dagokionean, haien aurka aurkezten diren errekurtsoen berri ematea.

m) Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak mahastizaintza eta enologi arloan esleitzen dizkion bestelako jarduerak egitea.

2. Nafarroako Mahastizaintza eta Enologi Zentroari emandako eskumenek ez dituzte Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko bestelako organoei dagozkienak ezertan ukatzen.

3. artikulua . Gobernu organoak.

Mahastizaintza eta Enologi Zentroaren gobernu eta administraziorako organoak ondoko hauek dira:

-Gobernu Batzordea.

-Zuzendaria.

4. artikulua . Gobernu Batzordea.

1. Gobernu Batzordea Nafarroako Mahastizaintza eta Enologi Zentroaren zuzendaritza, kontsula eta aholkurako organo gorena da. Hari dagokio Zentroaren jardueretarako arauak eman eta betetzen direla zaintzea, hala nola Zentroko buruari aholku ematea.

2. Gobernu Batzordea osoko bilkuraren bidez jarduten du. Haren funtzionamendurako araubide juridikoa Administrazio Publikoen Araubideari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean organo kolegiatuentzat ezarrita dagoena da.

3. Gobernu Batzordearen osoko bilkura batzordeburuak, batzordekideek eta idazkariak osatzen dute.

4. Batzordeburua Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria izanen da.

5. Batzordekideak ondoko hauek izanen dira:

a) Nekazaritzako Egitura eta Elikagai Industrien zuzendari nagusia, batzordeburuordea izanik, batzordeburuaren ordez arituko dena, hura kanpoan edo eri dagoenean.

b) Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendari nagusia.

c) Nekazaritza eta Nekazaritzako Finantzaketaren Zerbitzuko zuzendaria.

d) Nekazaritzako Elikagai Industrien eta Elkaduraren Zerbitzuko zuzendaria.

e) Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko idazkari teknikoa.

f) Nafarroako Mahastizaintza eta Enologi Zentroko zuzendaria.

g) Bestelako kide edo adituak, haien garrantzi edo trebetasunagatik kontseilariak izendatzen dituenak.

6. Gobernuko batzordeburuak Batzordeko idazkaria izendatuko du Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko edo Nafarroako Mahastizaintza eta Enologi Zentroko langileen artean.

7. Batzoredeko idazkariak ondoko eginkizun hauek izanen ditu:

a) Gobernu Batzordearen lanak prestatzea, Nafarroako Mahastizaintza eta Enologi Zentroko zuzendariarekin batera, eta erabakiak betetzeko izapidaketak egitea.

b) Osoko bilkuren aktak egitea, hartutako erabakien fede ematea eta eskatzen diren ziurtagiriak ematea, Gobernu Batzordearen liburu eta agiriak zaintzea eta deialdiak egitea.

c) Ematen zaizkion gainerako eginkizunak.

5. artikulua . Evenako zuzendaria Nota de Vigencia.

1. Nafarroako Gobernuak izendatu eta kargutik kenduko du Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Zentroko zuzendaria, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak proposaturik.

2. Zuzendariak ondoko eginkizun hauek izanen ditu:

a) Zentroaren ordezkaria izatea egintza eta kontratu guztietan.

b) Gobernu Batzordearen erabakiak betetzen direla zaintzea.

c) Zentroaren jarduerak zuzentzea.

d) Aurrekontuen, kontuen eta urteko memoriaren aurreproiektuak proposatzea behar diren organoei.

e) Zentroaren gastuak egiteko aginduak ematea eta ordainketak xedatzea.

f) Erakundearen administrazio ebazpenak ematea, mahastizaintza eta ardogintzako zehapen espedienteei hasiera eta amaiera ematekoak eta ardoaren jatorrizko deiturei buruzko zehapen espedienteei amaiera ematekoak barne, hori Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentua dagokionean.

g) Gobernu Batzordeak edo batzordeburuak haren eskumenen barruan esleitzen dizkionak.

6. artikulua . Atalak.

1. Zentroa ondoko hiru Ataletan egituratzen da: Mahastizaintza Atala, Enologi Atala eta Kudeaketa Administratiboaren Atala.

2. Atal horietako bakoitzak atalburu bat izanen du, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko atalburuaren pareko maila izanen duena.

3. Atalburu horiek Nafarroako Gobernuak izendatu eta kenduko ditu Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko edo haren erakunde autonomoetako funtzionarioen artean.

4. Atal bakoitzaren barruan, edo zuzendariaren menpe, Arlo bat edo batzuk eratu ahalko dira, eta horietako bakoitzak arloko arduradun bat izanen du, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko bulegoburuaren pareko maila izanen duena.

Arloak sortu eta kentzea eta haien arduradunak izendatu eta kargutik kentzea Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariari dagozkio. Izendapen eta kargutik kentze horiek Foru Agindu bidez eginen dira, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko edo Evenako funtzionarioen artean.

7. artikulua . Langileen estatutua.

1. Nafarroako Mahastizaintza eta Enologi Zentroko langileei Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren Testu Bategina, abuztuaren 3ko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zena, eta Nafarroako erakunde autonomoen funtzio publikoa arautzen duten gainerako arauak aplikatuko zaizkie, artikulu honetako 2. puntuan ezarritakoa ezertan ukatu gabe.

2. Nafarroako Mahastizaintza eta Enologi Zentroko lan kontratudun langileei ondoko hauek aplikatuko zaizkie: Langileen Estatutua, ematen diren berariazko xedapenak eta ituntzen diren hitzarmen kolektiboak, zerbitzuaren izaera publikoaren ezaugarriak ezertan ukatu gabe.

8. artikulua . Ondarea eta baliabideak.

1. Nafarroako Mahastizaintza eta Enologi Zentroaren ondarea osatzen dute bere eginkizunak betetzeko Nafarroako Gobernuak ematen dizkion ondasunek eta aurrerantzean Zentroak berak eskuratzen dituenek.

2. Nafarroako Mahastizaintza eta Enologi Zentroak ondoko baliabide hauek izanen ditu bere helburuak betetzeko:

a) Bere ondareak sortzen dituenak.

b) Nafarroako Aurrekontu Orokorretan finkatzen diren diru kopuruak.

c) Erakunde edo partikularren dirulaguntzak edo ekarpenak.

d) Bere kudeaketatik ateratzen diren baliabideak.

e) Esleitzen zaion beste edozein baliabide.

9. artikulua . Aurrekontuak.

1. Nafarroako Mahastizaintza eta Enologi Zentroak gastuen eta sarreren aurrekontua eginen du urtero. Aurrekontu hori, Gobernu Batzordeak txostena egin eta Nafarroako Gobernuak onetsi ondoren, Nafarroako Aurrekontu Orokorretara sartuko da.

2. Zentroaren kudeaketa ekonomiko osoa Nafarroako Foru Komunitateko zuzeneneko Administrazioarentzat ezarritako baldintza beretan ikuskatuko da.

10. artikulua. Egintzen araubide juridikoa Nota de Vigencia.

1. Nafarroako Mahastizaintza eta Enologi Zentroaren egintzen araubide juridikoa erakunde autonomoentzat Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko VIII. tituluko I. kapituluan ezarritakoa bera izango da.

2. Langile, kontratazio eta aurrekontuei buruzko egintza administratiboek Foru Komunitateko Administrazioko arauteria berariazkoari jarraituko diote.

3. Nafarroako Mahastizaintza eta Enologi Zentroko organoen egintzen eta ebazpenen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariari.

4. Errekurtso hori Foru Komunitateko Administraziorako indarra duen legerian ezarritako epeak eta erak errespetatuta aurkeztu behar da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.

Indarrik gabe utzi da maiatzaren 7ko 78/1986 Foru Dekretua, Nafarroako Mahastizaintza eta Enologi Zentroa sortzen duena, hala nola Foru Dekretu honetan ezarritakoaren aurka dauden maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak.

Bigarrena.

Ahalmena ematen zaio Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariari Foru Dekretu hau betetzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Hirugarrena.

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biaharamnean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta bateko urriaren hogeita bederatzian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.

Iragarkiaren kodea: A0111588

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web