679/2003 FORU DEKRETUA, AZAROAREN 17KOA, UNIBERTSITATE-TITULUDUNENDAKO PRAKTIKETARAKO PROGRAMA SORTZEN DUENA, NAFARROAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOAREN INSTITUTUAN JARDUN DEZATEN.
BON N.º 153 - 03/12/2003
AZKEN XEDAPENAK
Nafarroako Gobernuak, otsailaren 21eko 62/1991 Foru Dekretuaren bidez, psikologoendako Praktiketarako Programa bat sortu zuen, beren lan arloan eta erakundean jardun zezaten. Programaren xedea zen hautatuei ezagupen espezializatuak eta esperientzia praktikoa ematea, enpresa pribatu eta publikoen jardueren eskakizunei aurre egin ahal izateko, gero eta ugariagoak baitira.
Foru dekretu horren bidez lorturiko esperientzia baliotsua dela eta, komeni da hura aldatzea, haren gaitasun eta onurak lanbide batetik unibertsitate-tituludun guztiengana zabaltzeko.
Halaber, gaur egun Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua izeneko erakunde autonomoa denez Administrazioaren prozedura eta jarduketak gaurkotu eta giza baliabideak kudeatu eta ebaluatzeko tresna berriak sartzeko prestakuntza eta ikerketak egiteko entitate administratibo eskuduna, komenigarritzat jotzen da praktiketarako kontratatuak Institutu horretan arituko direla zehaztea, jarduera asko baititu.
Horiek horrela, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hiruko azaroaren hamazazpiko bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz,
DEKRETATU DUT:
Unibertsitate-tituludunendako Praktiketarako Programa sortzen duena, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak antolatzen dituen ikerketa eta prestakuntza lanetan eta abarretan jardun dezaten.
1. Programa teoriko eta praktikoa izanen da eta bi urte iraunen du.
2. Lan praktikoa Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuan eginen da.
Hautagaiek, deialdia argitaratzen denetik kontratua izenpetu arte, betebehar hauek bete behar dituzte:
a) Adinez nagusi izatea.
b) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzekoa zaion estaturen batekoa. Orobat, espainiarren eta Europako Batasuneko beste Estatuetako herritarren ezkontideek hartu ahal dute parte, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero. Betiere, frogatu beharko dute gaztelaniaz behar adina badakitela.
c) Eskaturiko unibertsitate-titulu ofiziala edukitzea, Espainiako agintariek luzatua edo homologatua.
d) Administrazio publikoaren zerbitzutik baztertua ez izana, eta eginkizun publikoak betetzeko ezgaiturik edo gabeturik ez egotea.
e) Unibertsitate-tituluak lortzeko ikasketak goizenez praktiketarako kontratua izenpetu baino lau urte lehenago bukatu izana. Elbarriendako epea sei urtekoa izanen da.
f) Titulu beraren arabera Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo beste entitate publiko edo pribatu batekin praktiketarako kontraturik izenpetu ez izana.
g) Praktiketarako lan kontratuak izenpetzeko orotariko xedapenek eskatzen dituzten bestelako betebeharrak.
1. Jarraipen Batzorde Tekniko bat osatuko da, Nafarroako Administrazio Publikoari atxikia. Erakunde autonomo horretako zuzendari kudeatzailea izanen da haren lehendakaria edo, bestela, hura ordezkatzen duen zerbitzuko zuzendaria.
2. Jarraipen Batzorde Teknikoak eginkizun hauek izanen ditu:
a) Praktiketarako Programan jardun nahi duten eskatzaileak hautatzeko prozeduran parte hartzea.
b) Programen jarraipena egin eta haiek ebaluatzea.
c) Ikerketa proiektuak ebaluatzea.
d) Programak betetzen direla ziurtatzea.
Urtero praktiketarako unibertsitate-tituludunak ebaluatuko dira. Prestakuntzaldiko bigarren urtera pasatzeko ebaluazio bat gainditu beharko da, ezagupenak eta Programaren aprobetxatze-maila frogatzen dituena.
Jarraipen Batzorde Teknikoak hezitzaile-tutoreak izendatuko ditu, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko langile finkoen artetik, praktiketarako unibertsitate-tituludunaz arduratuko direnak. Hezitzaile-tutore horiek hiru ordu emanen dituzte astean prestakuntza lanetan. Denbora hori urriaren 21eko 216/2002 Foru Dekretuaren arabera ordainduko zaie.
Urteko ebaluazio guztiak gainditzen dituzten praktiketarako unibertsitate-tituludunek Gaitasun Diploma bat hartuko dute, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak egina.
Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak deialdi publiko baten bidez hautatuko ditu hautagaiak. Horretan zehaztuko dira, kontuan hartzen diren beharren arabera, eskatzen den unibertsitate-titulua, egin beharreko kontratu kopurua, jarraipen batzorde teknikoaren osaera eta hautatzeko beste betebeharrak.
Praktiketarako unibertsitate-tituludunak praktiketarako eta prestakuntzarako lan kontratuak arautzen dituen legeriaren arabera kontratatuko dira.
Beren lan arloan eta erakundean jarduteko psikologoendako Praktiketarako Programa sortzen duen otsailaren 21eko 62/1991 Foru Dekretuaren arabera praktiketarako kontratatuak xedapen horren arabera arautuko dira, harik eta Administrazio Publikoarekiko lan harremana iraungi arte.
AZKEN XEDAPENAK
Ahalmena ematen zaio Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari foru dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.
Indarrik gabe gelditzen dira beren lan arloan eta erakundean jarduteko psikologoendako Praktiketarako Programa sortzen duen otsailaren 21eko 62/1991 Foru Dekretua eta foru dekretu honetan xedaturikoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.
Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, bi mila eta hiruko azaroaren hamazazpian._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Javier Caballero Martínez.
Iragarkiaren kodea: C3371124