(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

621/1996 FORU DEKRETUA, AZAROAREN 11KOA, ASEGURU PRIBATUETAKO BITARTEKOTZA LANETAN NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAK DITUEN ZENBAIT ESKUMEN GARATZEN DITUENA Nota de Vigencia

BON N.º 142 - 22/11/1996



Atariko

Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoak 57. artikuluan ezartzen du kreditu, banka eta aseguruen antolamenduaren lege garapena eta betearazpena Nafarroari dagokiola, estatuko oinarrizko legeriaren esparruan.

Aseguru pribatuetako bitartekotzari buruzko apirilaren 30eko 9/1992 Legeak, lehenengo xedapen gehigarrian, ezartzen du lege testu honek oinarrizko izaera duela, eta komunitate autonomoek aseguru pribatuetako bitartekotza arloan dituzten eskumenak mugatzen ditu.

Konstituzio Epaitegiak abenduaren 15ean emandako 330/1994 Epaiak Aseguru Pribatuetako Bitartekotzari buruzko apirilaren 30eko 9/1992 Legearen zenbait agindu konstituzioaren kontrakoak deklaratu zituen. Horrenbestez, bitartekotza arloko organo eskudunen jarduketa esparrua zehaztu zen eta komunitate autonomoen jarduketa eremua handitu.

Eskumen horiek erabiliz, Foru Dekretu honek aseguru pribatuetako bitartekotzarako merkataritza jarduera garatzeko baldintzak arautu nahi ditu. Aseguru bitartekoen artean bi kategoria ezberdin bereiziko ditu argi eta garbi: aseguru agenteak eta aseguru artekariak.

Horrenbestez, Ekonomi eta Ogasun kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hamaseiko azaroaren hamaikan egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua . Aplikazio eremua.

Foru Dekretu honetan biltzen diren xedapenak helbidea eta jarduketa eremua Foru Komunitatean dituzten aseguru artekariei eta aseguru artekari titulatuen elkargoei aplikatuko zaizkie.

2. artikulua . Hirugarrenen aurrean dituzten beharkizunak.

Foru Dekretu honen menpean dauden aseguru agente eta artekariek aseguru pribatuetako bitartekotza lanetan egiten duten merkataritzako igorpen edo trafikoari berez dagokion publizitate eta dokumentazio guztian, agenteen kasuan, "Aseguru agentea" edo "Aseguru agentziaren sozietatea" adierazpena agertu beharko da, pertsona fisikoak edo juridikoak izan, eta artekarien kasuan, "Aseguru artekariak" edo Aseguru artekaritza", arestiko kasuetan adierazi bezala.

Era berean, aseguru artekari eta artekaritzek adierazi beharko dute Ekonomi eta Ogasun Departamentuak duen Aseguru Pribatuetako Bitartekoen Erregistro Berezian izena emana dutela, erantzukizun zibileko asegurua dutela eta Dekretu honetako 4. artikuluan adierazitako fidantza jarri dutela.

3. artikulua . Aseguru agenteak. Prestakuntza eta Erregistroa.

Aseguru entitateek behar bezalako neurriak hartuko dituzte beren agenteak prestatzeko. Hori helburu, prestakuntza programak ezarriko dituzte, bertan parte hartuko duten aseguru agenteek bete beharreko baldintzak eta erabiliko dituzten baliabideak adieraziz.

Prestakuntza programa horiei eta horiek gauzatze moduari buruzko dokumentazioa Ekonomi eta Ogasun Departamentuaren eskura egonen da. Izan ere, Departamentuak, agenteen behar bezalako prestakuntza bermatzearren, programaren edukian zein antolaketa eta gauzatze moduan, behar diren aldaketak egiteko eskatu ahalko du.

Aseguru entitateek beren menpeko agenteen erregistroa egin beharko dute, horien identifikazio datuak, alta eta baja egunak, azpiagenteak erabiltzeko baimenak eta bestelako aseguru entitateekin dituzten loturak adieraziko dituena. Erregistro hori Ekonomi eta Ogasun Departamentuaren kontrolpean egonen da.

4. artikulua . Aseguru artekariak. Lan horretan aritzeko beharkizunak.

Nafarroan aseguru artekari lanetan aritzeko, beharrezkoa izanen da Ekonomi eta Ogasun Departamentuak ematen duen baimena izatea. Baimena lortzeko, arlo horretako oinarrizko araudian aurreikusita dauden baldintzak betetzen direla egiaztatu beharko da.

1. Bete beharrekoak.

Pertsona fisiko batek baimen hori lortu eta horren jabe izaten segitzeko, honako baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Aseguruen artekari titulatuaren diploma izatea.

b) Ekonomi eta Ogasun Departamentuaren izenean, behar den fidantza jartzea, banku abal bidezkoa edo, bestela, oinarrizko araudian zehazten den diru kopuruaren adinako kauzio aseguru bat kontratatzea Nota de Vigencia.

c) Erantzukizun zibileko asegurua izatea, negozioaren bolumenaren eta arrisku motaren arabera, oinarrizko araudiak eskatzen dituen ezaugarriak eta kapital aseguratuak izan beharko dituena.

d) Jarduera programa bat aurkeztea, Ekonomi eta Ogasun Departamentuak onetsi beharko duena. Programa horretan honakoa adierazi beharko da: aseguruen atalak, estaliko dituen arrisku motak, antolaketaren egitura eta programa hori betearazteko eskura dituen baliabide pertsonal eta materialak. Bidezko bada, aholkularitza eta bitartekotza arloan, aseguru hornitzaileekin eta aseguratuekin harreman zuzenena izanen duten pertsonei, langileak nahiz kolaboratzaileak izan, aplikatuko zaien prestakuntza programa adierazi beharko da.

2. Sozietate batek baimen hori lortu eta haren jabe izaten segi dezan, Foru Dekretu honetako 4.1. artikuluaren b), c) eta d) letretan eta arlo horretako oinarrizko araudian ezarritako beharkizunak betetzea eskatuko da.

3. Baimena lortzeko eskaerari buruzko ebazpena sei hilabeteko epearen barruan eman beharko da, eskatzen den dokumentazio guztia aurkezten denetik hasita, eta beti ere eskaera Ekonomi eta Ogasun Departamentuak hartu eta bederatzi hilabeteko epearen barruan.

5. artikulua . Erregistroa.

Baimena lortzearekin batera, Ekonomi eta Ogasun Departamentuak kudeatzen duen aseguru artekarien, aseguru artekaritzarako sozietateen eta horietako goi-kargudunen erregistroan izena eman beharko da.

6. artikulua . Administrazio baimena kentzea.

Ekonomi eta Ogasun Departamentuak erabaki dezake aseguru artekaritzako jardueran aritzeko administrazio baimena kentzea, honelako kasuren bat gertatzen bada:

a) Urte batean eta justifikaziorik gabe, jarduera horretan ez aritzea.

b) Baimena lortzeko eta haren jabe izaten segitzeko eskatzen diren beharkizunen bat galtzea.

c) Entitate aseguratzaileekiko independentzia galtzea.

d) Baimena kentzeko zehapena jasotzea.

e) Interesatuak berak eskatzea.

Baimena kentzea gertatzen bada, Foru Dekretu honetako 5. artikuluan aipatu erregistro berezitik aterako da. Artekaria Merkataritzako Erregistroan ere inskribatua baldin badago, erregistro horretan gertakari hori adierazi beharko da eta, beti ere, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Merkataritzako Erregistroaren aldizkarian argitaratuko.

7. artikulua . Kontrola eta ikuskapena.

Aseguru agente edo artekarien jardueraren gaineko kontrolaren inguruko administrazio eskumenak erabiltzea eta kolektibo horren gaineko ikuskapen lanak egitea Ekonomi eta Ogasun Departamentuari dagokio, arlo horretako oinarrizko araudian adierazten den moduan eta bertan azaltzen diren bermeekin.

8. artikulua . Arauhausteak eta zehapenak.

Arau-hausteak zehaztu, zehapenak jarri eta indarrik gabe uztea oinarrizko araudiak ezarritakoaren arabera eginen da beti ere.

Arestiko lerroaldean ezarritakoa aplikatuko da, halaber, zehapen prozedurari dagokion orotan, erregelamenduz ezartzen diren salbuespenetan izan ezik.

Zehapen espedienteak ireki eta dagozkion zehapenak jartzeko eskumena Ekonomi eta Ogasun Departamentuari dagokio.

9. artikulua . Aurreneurriak.

Zehapen prozedura bat irekitzen bada, bidezko den zehapena gora-behera, Ekonomi eta Ogasun Departamentuak eskubidea izanen du oinarrizko araudian azaltzen diren aurreneurriren bat aseguru artekariari aplikatzeko, beti ere, gertatu diren egintzak eta aseguru artekaritza jarduerak dituen ezaugarri bereziak kontuan harturik, neurri horiek zehapen prozeduran agertzen diren egintzen kausak edo ondorioak normalizatzen edo okerbidetik joan ez daitezen laguntzen badute.

10. artikulua . Aseguru artekari titulatuen Elkargoa.

Nafarroako aseguru artekari titulatuen Elkargoaren eta Foru Administrazioaren arteko harremanak, indarra duen araudiak arautzen dituen arloei dagozkienetan, Ekonomi eta Ogasun Departamentuaren bitartezkoak izanen dira, deusetan kaltetu gabe instituzio edo korporazio gaietan, Nafarroako Gobernuaren beste organo batzuek dituzten eginkizunak. Nafarroako aseguru artekari titulatuen Elkargoak ahalmena izanen du, halaber, Foru Komunitateko Administrazioaren aurrean egin beharreko izapide guztietan, bere kideen ordezkari izateko.

Azken Xedapena

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hamaseiko azaroaren hamaikan.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Ekonomi eta Ogasun kontseilaria, José María Aracama Yoldi.

Iragarkiaren kodea: A9609503

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web