(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

603/1999 FORU DEKRETUA, AZAROAREN 30EKOA, ARTE ETA KULTURA ENTITATEEKIN HITZARMENAK EGITEKO ARAUBIDEA ERREGULATZEN DUENA.

BON N.º 159 - 22/12/1999



Atariko

Kultur jarduera era egokian garatzeko ezinbestekoa da komunitatean sortzen diren ekimenak elkarren artean askatasunez lehiatzea.

Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza eta Kultura Departamentuak, bertako hainbat entitatek kultur esparruan egiten duten lana aitortzen eta baloratzen baitu, haiek sustatzen duten programazioari laguntza ematen dihardu.

Xede horretarako, Departamentuak urtero hitzarmenak sinatzen ditu. Horien araubidea egokitu behar zaio 8/1997 Foru Legeari, zeinen bidez erregulatzen baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra.

Horrenbestez, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hemeretziko azaroaren hogeita hamarreko bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua

Foru Dekretu honen xedea da Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren (Vianako Printzea Erakundea- Kultura Zuzendaritza Nagusiaren bitartez) eta Nafarroan arte eta kulturaren arloan garrantzi berezia duten arte eta kultura entitateen artean sinatzen diren hitzarmenen araubidea erregulatzea.

2. artikulua

Hitzarmenek lehentasuna emanen diote Nafarroan kultur ekintzak eta arte jarduerak bultzatzeari eta horretarako entitateei laguntza emanen die beren urteko jardueretan eta interes berezikoak juzkatzen diren jarduera espezifikoak bultzatuko dituzte.

3. artikulua . Aplikazio eremua.

1. Foru Dekretu honen 1. artikuluan aipatzen diren entitateek ondoko baldintzak bete behar dituzte:

a) Legez eratuak izatea.

b) Helbide soziala eta fiskala Nafarroan izatea. Salbuespenez, entitate batzuen eskaerak jasotzen ahal dira aurreko baldintza bete ez arren, Nafarroako arte edo kulturarako interes berezia duten jarduerak burutzen badituzte.

c) Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren esku utzitako eginkizunekin lotzen diren arte eta kultura jardueretan era erregularrean eta aldian- aldian aritzea.

d) Entitatearen egoera ekonomikoa edozein momentutan ezagutzeko moduko kontabilitatea eramatea.

2. Aurreko idatz-zatian agertu baldintzak betetzen dituzten entitateekin hitzarmenak sinatzeko prozesua ezin hasiko da harik eta organo eskudunak dirulaguntzarako araua edo deialdia eta dagozkion oinarri arau-emaileak ezarri arte, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra erregulatzeari buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Legearen 6 eta 7. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

3. Dirulaguntzak emateko prozedura Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutakoak, finkatu du.

4. artikulua

1. Aurreko artikuluko 1. idatz-zatian ezarritako baldintzak beterik, Kultura Zuzendaritza Nagusiarekin hitzarmena sinatu nahi duen entitate orok eskatzen ahal du Kultura zuzendari nagusiari eskabidea eginez horretarako lehiatu nahi duten deialdia erregulatzen duten oinarrietan ezarritako epeetan.

2. Eskabideak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira edo Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Erregistroan, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutakoak, 38.4 artikuluan ezarritakoa galarazi gabe.

5. artikulua

1. Batzorde batek baloratuko du aurkeztutako eskabideak eta bere proposamen arrazoitua igorriko dio Hezkuntza eta Kultura kontseilariari, zeinek emanen baitu deialdiari buruzko ebazpena. Aipatu batzordeak Kultura zuzendari nagusia izanen du buru eta kide hauek: Kultura Zuzendaritza Nagusiko Kultur Jardueren atalburua, Nafarroako Kulturaren Kontseiluko bi kide eta kultur kudeatzaile profesional bat.

2. Batzordeak eskatzen ahal du arlo horretan kualifikatuta dauden pertsona fisikoen edo entitate pribatuen aholkua. Era berean, eskatzaileek emandako informazioa handitzea ere eskatzerik badu, bai eta haiek bertara daitezela ere, erabakia oinarri sendoagoz hartzeko.

3. Aurkeztutako eskabideak baloratzeko eta esleitutako laguntzen zenbatekoa zehazteko, batzordeak kontuan hartuko ditu deialdi bakoitzaren oinarri erregulatzaileetan ezarritako irizpideak eta baremoak.

6. artikulua

1. Laguntzak Hezkuntza eta Kultura kontseilariaren Foru Aginduaren bidez adjudikatuko dira, zeinek deialdia osoan nahiz parte batean eman gabe deklaratu ahalko baitu.

2. Dirulaguntzak ordainduko dira hitzarmen bakoitzean ezartzen diren epeetan eta justifikatuko dira hitzarmenaren xede diren jardueren ondoriozko gastuak frogatzen dituzten jatorrizko fakturak nahiz kopia konpultsatuak aurkeztuz, betiere fakturak luzatzea erregulatzen duen martxoaren 8ko 85/1993 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera beteak. Ez da inola ere onartuko azpiegituretan nahiz ekipamenduan inbertitzeko gastuen ondoriozko fakturarik.

3. Ekitaldi ekonomiko baten kargura laguntza bat emateak ez du esan nahi hurrengo urteetan dirulaguntza besterik gabe eskuratzeko eskubidea izanen denik.

7. artikulua

Hezkuntza eta Kultura Departamentuarekin hitzarmena sinatzen duen entitate orok, kasu bakoitzerako erabaki daitezkeen berariazko konpromisoez gainera ondokoak onartu beharko ditu:

a) Foru Dekretu honen 3.1 artikuluan ezarritako baldintza guztiei eustea.

b) Kultura Zuzendaritza Nagusiari aurkeztutako jardueren programa funtsean aldatzen duen edozein aldaketaren berri berehala ematea.

c) Entitate batek aurkeztutako datuak eta programatutako jarduerak Kultura Zuzendaritza Nagusiak egiazta ditzan onartzea.

d) Diruz lagundutako jardueren publizitatean Nafarroako Gobernuaren laguntza izan dela agertaraztea toki agerian eta entitatearen logotipoaren antzeko tratamendu tipografikoarekin.

e) Proiektuaren izaera aintzat hartuta, deialdiaren oinarri erregulatzaileetan ezarritako beste edozein eginbehar betetzea.

8. artikulua

1. Foru Dekretu honetan, edo oinarri erregulatzaileetan nahiz hitzarmen bakoitzeko testuetan aurreikusitako eginbeharrak betetzen ez badira, hartutako dirua osorik nahiz parte bat itzuli beharko da, berandutzako korrituekin nahiz gabe, eta hitzarmena bere aldetik desegitea erabaki dezake Hezkuntza eta Kultura Departamentuak.

2. Dirulaguntza itzultzeko ebazpena hura eman zuen organoak emanen du, espedientea ireki ondoren, zeini atxikiko baitzaizkio zentro kudeatzailearen proposamen arrazoituarekin batera bidezkoak diren txosten eta frogak eta, hala behar denean, onuradunaren alegazioak.

3. Ebazpena interesatuari jakinaraziko zaio eta bertan adieraziko dirua non, nola eta noiz sartu beharko duen. Gainera ohartaraziko zaio ezen, epe horren barruan ez itzultzera, premiamendu bidezko dirubilketaren prozedura erabiliko dela.

9. artikulua

1. Arau-hauste eta zehapenen arloan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra erregulatzeari buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Legearen 27 eta 28. artikuluetan ezarritakoari lotuko zaio.

2. Zehapen prozedura Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta ondotik urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez eginiko aldaketan ezarritakoa izanen da.

10. artikulua

Hitzarmenak sinatu ondoren eta haiek indarra duten bitartean, ezin izanen dira aldatu Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren eta entitatearen artean ados jartzen ez badira behintzat, eta beharrezkoa izanen da, gainera, eskabideak baloratu zituen batzordearen adostasun txostena. Delako aldaketa Hezkuntza eta Kultura kontseilariak onetsi beharko du.

11. artikulua

Foru Dekretu honetan xedatutakoa aplikatzearen ondoriozko egintza administratiboen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, antolamendu juridikoaren edozein arau-haustetan oinarritzerik baldin bada.

Xedapen Iragankorra Lehena

Foru Lege hau indarrean sartu aurretik emandako xedapenen babesean egindako hitzarmenak haietan ezarritakoaren arabera arautuko dira.

Xedapen Iragankorra Bigarrena

1999ko deialdiaren gaineko ebazpenaz geroztik hartutako eskabideak aintzat hartuko dira Foru Dekretu honetan edo honekin loturiko xedapenetan jasotako araudiaren arabera.

Xedapen Indargabetzailea

Indargabeturik gelditu dira Foru Lege honetan ezarritakoari aurre egin edo kontrajartzen zaizkion lerrun bereko edo txikiagoko xedapen guztiak, eta bereziki arte eta kultura entitateekin hitzarmenak egiteko araubidea erregulatzeari buruzko apirilaren 13ko 83/1989 eta abenduaren 27ko 392/1993 Foru Dekretuak.

Azken Xedapenak Lehena

Ahalmena ematen zaio Hezkuntza eta Kultura kontseilariari Foru Lege hau bete eta garatzeko behar diren xedapenak dikta ditzan.

Xedapen Iragankorra Bigarrena

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemeretziko azaroaren hogeita hamarrean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Hezkuntza eta Kultura kontseilaria, Jesús Laguna Peña.

Iragarkiaren kodea: A9912023

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web