(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

583/1999 FORU DEKRETUA, AZAROAREN 15EKOA, NAFARROAKO ONDARE HISTORIKOAREN ONDASUN HIGIEZINAK ZAINDU, SENDOTU, KONPONDU ETA ZAHARBERRITZEKO LAGUNTZAK EMATEA ARAUTZEN DUENA.

BON N.º 148 - 26/11/1999



Atariko

Kultur ondasunak babestea eta zaintzea gizarte osoaren ardura da, eta bereziki botere publikoena.

Interes kulturaleko ondasunen artean azpimarratzekoa da ondare arkitektonikoa, duen esanahiagatik, izan ere Nafarroako Foru Komunitateko Ondare Historikoaren zati garrantzitsu bat da, bere kopuruagatik eta kalitate mailagatik.

Kulturaren arloan adierazgarriak diren eraikinen jabetzan eta erabileran inplikatutako sektore desberdinak Ondare Historikoaren babes lanen inguruan biltzearren honako Foru Dekretua onetsi da. Bertan, Nafarroako Foru Komunitateko Ondare Arkitektonikoa zaindu eta handitzeko ekintzak sustatzeko irizpideak finkatu eta Nafarroako Gobernuak erabakitako prozedurak ezarri dira.

Horrenbestez, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak proposatuta eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hemeretziko azaroaren hamabosteko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua . Xedea.

Foru Dekretu honen xedea da Nafarroako Ondare Historiko eta Kulturalean bildutako interes historiko, artistiko, etnografiko eta arkeologikoa duten ondasun higiezinak zaindu, sendotu, konpondu eta zaharberritzeko laguntzak emateko baldintzak arautzea.

2. artikulua . Laguntzak eskuratzeko baldintzak.

Foru Dekretu honek arautzen dituen laguntzak Interes Kulturaleko Ondasun deklaratutako eraikinen jabe, eskubidedun edo errentariek eskuratzen ahal dituzte. Eraikin horiek izanen dira Vianako Printzea Erakundearen Inbentario Arkitektonikoan bildutakoak, multzo historikoak osatzen dituztenak eta interes kulturaleko deklaratutako nahiz inbentariatutako higiezinak.

3. artikulua

Foru Dekretu honetan aurreikusitako laguntzen xedea da onuradunari konpentsazioa ematea interes historiko eta kulturaleko eraikinak zaindu, sendotu, konpondu eta zaharberritzeko egiten diren azterlan, proiektu, lizentzia, obra eta beste edozein neurriren ondoriozko gastuengatik.

4. artikulua. Bateraezintasunak.

Foru Dekretu honetan aurreikusiriko laguntzak bateraezinak dira Nafarroako Gobernuaren beste Departamentu batzuek helburu bererako ematen dituztenekin.

5. artikulua . Laguntzen gehieneko zenbatekoa.

Fondo galdurako laguntzak ez dira inola ere jabetza partikularreko higiezin historiko bat zaindu, sendotu, konpondu eta zaharberritzeko gastuen 100eko 50 baino handiagoak izanen. Portzentaje hori 100eko 75era iritsi daiteke laguntzaren onuraduna entitate publikoa, kulturala, erlijiosoa edo soziala denean.

6. artikulua . Eskabideak aurkezteko tokia.

1. Laguntzarako eskabideak Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Erregistroan aurkezten ahalko dira.

2. Era berean, aurkezten ahalko dira Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuenak, bere 38. artikuluan adierazten dituen tokietako batean, eskabideak aurkezteko epea akitu baino lehen, beti ere, zein tokitan aurkezten den jakinarazten zaionean Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari.

7. artikulua . Eskaera egiteko epeak.

1. Aurrekontu ekitaldi bakoitzerako eskabideak aurkezteko epe arrunta aurreko urteko urriaren 1etik abenduaren 31 artekoa izanen da.

2. Ezarritako epearen ondotik aurkeztutako eskabideak kontuan hartzen ahal dira baldintza hauek betetzen badira:

-Laguntza ematerakoan aurrekontuan behar adina diru izatea.

-Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko zuzendari nagusiaren iritziz proposatutako obrak presakoak izatea.

8. artikulua . Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1. Laguntzarako eskabideekin batera agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Eskatzailearen nortasuna egiaztatzen duen agiria.

b) Eraikinaren jabetza, eskubide errealaren titulartasuna edo errentamendua egiaztatzen duen agiria. Xede horretarako askitzat jotzen da lurzatiaren zedula aurkeztea.

c) Eraikinaren gaur egungo egoeraren argazkiak.

d) Egin beharreko obraren azalpen memoria eta aurrekontu zehaztua. Obraren ezaugarriak direla eta, beharrezkoa baldin bada, aurreproiektu mailako dokumentazioa.

2. Dirulaguntzarako eskabidea ez bada behar bezala bete edo eskaera baloratzeko alegatu diren muntazko alderdiak ez badira aski egiaztatu, eskatzaileari eskatuko zaio aurkitutako akatsa zuzendu dezala. Horretarako, 10 eguneko epea emanen da, jakinarazpena egin eta biharamunetik kontatzen hasita.

9. artikulua . Balorazio batzordea.

Aurkeztutako eskabideak baloratu eta deialdiaren ebazpen proposamena eginen duen organo kolegiatua honela osatuko da:

-Ondare Historikoaren Zerbitzuko zuzendaria.

-Vianako Printzea Erakundeko Arkitektura Ondarearen atalburua.

-Vianako Printzea Erakundeko Arkitektura Ondarearen Ataleko teknikari bat.

Balorazio batzordeak Nafarroako Kulturaren Kontseiluari aholkua eskatzen ahal dio, edo arlo horretan kualifikatuta dauden beste entitate pribatu eta pertsona fisiko batzuei.

10. artikulua . Balorazio irizpideak.

Eskaerak baloratzeko ondokoak hartuko dira kontuan:

-Eraikin osoaren balio historikoa eta artistikoa, eta eskuhartzea izanen duten elementu konkretuena.

-Eraikin osoaren kontserbazio egoera, eta esku hartzea izanen duten elementu konkretuena, bereziki narriaduraren arrazoiei erreparatuz.

-Egin beharreko obren ezaugarriak eta higiezinaren kondizio arkitektonikoetara agertzen duten egokitzapena.

-Ikuspegi historiko eta artistikotik interes berezia duten elementu arkitektonikoen egitura sendotzeko, kanpoaldea konpontzeko eta eraberritzeko egin beharreko obrak.

11. artikulua . Bideragarritasunari buruzko txostenak.

Toki entitateei obrak egiteko emanen zaizkien laguntzetan, horien finantzazioa hein batean bederen haien kargura doanean, eta obra proiektuaren zenbateko osoa hogei milioi pezetatik gorakoa denean, espedienteari Toki Administrazioko Departamentuko txosten bat atxikiko zaio, edo Hezkuntza eta Kultura Departamentukoa. Txosten horretan entitatearen egoera ekonomikoa eta dagokion zatia finantzatzeko duen gaitasuna azalduko dira.

12. artikulua . Laguntzak ematea.

1. Laguntzak Vianako Printzea Erakundea-Kultura zuzendari nagusiaren Ebazpenaren bidez emanen dira, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik hiru hilabeteko epean.

2. Laguntzak emateari buruzko Ebazpenaren arabera laguntza horiek ematea ondoko betebehar hauetako bat edo batzuk betetzearen baldintzapean egon daiteke:

-Aurkeztutako obren proposamenean aldaketak edo doikuntzak sartzea, laguntzaren helburuak bete daitezen.

-Diruz lagundu beharreko aurreproiektua garatzeko exekuzio proiektu bat prestatzea.

Jartzen diren epeetan baldintza horiek ez betetzeak dirulaguntzarik gabe geratzea ekartzen ahal du.

3. Dirulaguntzaren onuradunak proposatutako aldaketak Vianako Printzea Erakundeak baimendu beharko ditu. Baldintza hori ez betetzeak dirulaguntzarik gabe geratzea ekartzen ahal du.

13. artikulua . Justifikazioa.

1. Obrak laguntza eman dela jakinarazi edo argitaratu eta ondoko hiru hilabeteko epean hasi beharko dira. Onuradunak obren hasieraren berri eman beharko dio Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari, aipatu epea amaitu baino lehen.

2. Obrak egin beharko dira laguntza ematen deneko aurrekontu-urtealdiaren barnean.

3. Jarritako epeak betetzen ez badira laguntza atzera botatzen ahalko da.

14. artikulua . Ordainketa.

Laguntza ordaintzeko aldez aurretik behar diren fakturak aurkeztu beharko dira, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Ondare Arkitektonikoaren Atalaren ikus-onespenarekin, zeinek obrak gainbegiratu eta aholku emanen baitu, eta obra horiek alde guztietatik Nafarroako Gobernuak diruz laguntzen duen proiektuari lotzen zaizkiola segurtatuko du.

15. artikulua . Onuradunen betebeharrak. Ordaindutakoa itzultzea.

1. Laguntzen xedeko higiezinen jabeak edo, bestela, eskubidedunak beharturik daude ondoko erakunde eta partikularrei higiezinetan sartzen uztera, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak finkatutako baldintzetan:

a) Ondare Historiko eta Kulturala zaintzearen arloan eskumena duten beste erakunde batzuei.

b) Ikertzaileei, arrazoitutako eskaera egin ondoren.

c) Laguntza emateko ebazpenean zehazten diren beste batzuei.

Laguntza izandako ondasunetako bat kostubidez nahiz dohanik eskuratzen duenak bete beharko du, halaber, artikulu honetan agintzen dena. Betetzen ez badu, hartutako dirua itzuli beharko du.

16. artikulua . Arauhausteak eta zehapenak.

Arau-hausteen eta zehapenen arloan ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeak, Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak emateko eta kontrolatzeko araubide orokorra erregulatzen duenak, bere 27 eta 28. artikuluan xedatzen duenari jarraituko zaio.

Zehapen prozedura Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeak zehaztuko du, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatutakoak.

17. artikulua . Errekurtsoak.

Foru Dekretu honetan xedatutakoa aplikatzearen ondoriozko egintza administratiboen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Xedapen Iragankorra

Ondare Arkitektonikoaren Inbentarioa egin bitartean, Foru Dekretu honetan aurreikusitako ondorioetarako, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Nafarroako Interes Historiko eta Artistikoko Inbentario Arkitektonikoak dioenari jarraituko zaio.

Xedapen Indargabetzailea

Indarrik gabe utzi dira Nafarroako Ondare Historikoaren ondasun higiezinak zaindu, sendotu, konpondu eta zaharberritzeko laguntzak arautzen dituen abenduaren 4ko 232/1985 Foru Dekretua eta honako Foru Dekretu honek ezarritakoari kontra egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

Azken Xedapena

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemeretziko azaroaren hamabostean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Hezkuntza eta Kultura kontseilaria, Jesús Laguna Peña.

Iragarkiaren kodea: A9911532

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web