(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

502/2003 FORU DEKRETUA, ABUZTUAREN 25EKOA, NAFARROAKO TURISMO ERREGISTROAREN ANTOLAMENDUA ETA FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEN DUENA Nota de Vigencia.

BON N.º 119 - 17/09/2003



  I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK


  II. KAPITULUA. NAFARROAKO TURISMO ERREGISTROAREN ANTOLAMENDU ETA FUNTZIONAMENDUA


  III. KAPITULUA. ERREKURTSO ETA ZEHAPENAK


Atariko

Turismoari buruzko otsailaren 14ko 7/2003 Foru Legearen 14. artikuluak dio Nafarroako Turismo Erregistroa erregistro publiko administratibo bat dela, establezimendu turistikoak, enpresa turistikoak, enpresaz bestelako entitate turistikoak eta, bere jarduera turistikoa dela kausa, erregelamendu bidez aintzat hartzen den beste edozein establezimendu edo pertsona inskribatzeko helburua duena.

Foru Lege horretan, zioen azalpenean azaldu bezala, alde batera utzi da administrazioak esku hartzeko ohiko araubidea, hots, baimenak ematea, izan ere, orain alor honetan izanen den administrazio kontrol bakarra Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatu beharra izanen da. Horrela, baimena lortzeko aldez aurretik egin beharreko administrazio kontrola desagertzen da eta horren ordez inskribatzeko momentuan kreditazioa egin beharra ezartzen, jokabide modernoagoa baita. Askatasunez jarduteko araubide honetan, gainera, administrazioaren isilbide positiboan oinarritutako sistema ezarri da. Hori guztia beharrezkoak diren udal lizentziak ere lortu beharra galarazi gabe.

Erregistroa tresna baliagarria izanen da, batetik, sektoreak berak edo Administrazioak turismoa planifikatu, antolatu eta sustatzeko, eta bestetik, establezimendu, jarduera edo entitate bakoitzaren ibilbidean garrantzizkoak izan diren gertaeren administrazio idazpenak biltzeko.

Foru dekretu hau Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko Legearen 44.13 artikuluan bildutako eskumen utziezinak erabiliz eman da eta Turismoari buruzko otsailairen 14ko 7/2003 Foru Legearen 14.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuz.

Nafarroako Kontseiluak foru dekretu honen aldeko irizpena eman zuen, 2003ko uztailaren 21ean egindako bilkuran.

Horrenbestez, Kultura eta Turismo kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hiruko abuztuaren hogeita bostean egin bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Izaera juridikoa.

Nafarroako Turismo Erregistroa erregistro publiko administratibo bat da, Nafarroan dauden establezimendu turistikoak, enpresa turistikoak, enpresaz bestelako entitate turistikoak eta, bere jarduera turistikoa dela kausa, erregelamendu bidez aintzat hartzen den beste edozein establezimendu edo pertsona inskribatzeko helburua duena.

2. artikulua . Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatzea Nota de Vigencia.

1. Jarduera hasi aurretik, nahitaezkoa da Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatzea turismo arloko enpresentzat eta haien establezimenduentzat, baita araututa dauden jarduera turistikoentzat ere. Gainontzeko kasuetan, inskripzioa aukerakoa da Nota de Vigencia.

2. Edozein modutan, ezinbestekoa da Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatzea turismo arloko laguntza eta diru-laguntzak eskuratzeko, establezimendu berriak sortzeko direnak izan ezik.

3. Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatzeko, interesdunek erantzukizuneko aitorpena egin beharko dute, eta bertan adierazi, zerbitzuari edo establezimenduari eta bere sailkapenari buruzko araudian ezarritako baldintzak betetzen dituztela, eta haiei eusteko konpromisoa hartzen dutela jarduerak iraun bitartean; gainera, behar diren frogagirien jabe direla.

4. Aurreko atalean aipatu erantzukizuneko aitorpena aurkeztea nahikoa izanen da Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatu beharra betetzeko eta dagokion jarduera turistikoan hasteko.

5. Turismo arloko departamentu eskudunak eginen du inskripzioa Nafarroako Turismo Erregistroan erantzukizuneko aitorpenaren edukia eta dokumentazio osagarria, halakorik bada, kontuan hartuta; gainera, jarduera sailkatu eginen du, hala aurreikusita dagoenean, eta kontrolerako ahal administratiboa erabiltzen ahalko du, baita dagozkiokeen badaezpadako neurriak hartu edo zehapenak ezarri ere.

6. Erregistroan inskribatzeko eta sailkatzeko kontuan hartutako baldintza eta beharkizunetan funtsezko edozein aldaketa gertatuz gero, erregistroan jaso egin beharko da aurreko ataletan aurreikusitako prozedurari jarraituz. Betiere, funtsezkotzat joko da turismo establezimenduetako plaza kopurua aldatzea, baita ematen diren zerbitzuak handitzea edo turismo erabilera eta titulartasuna aldatzea ere.

7. Inskripzioaren xedeko jarduera bi urte jarraian baino luzeago utziz gero, inskripzioa ofizioz ezereztuko da Nota de Vigencia.

3. artikulua . Atxikipena.

Nafarroako Turismo Erregistroa Kultura eta Turismo Departamentuari atxiki zaio. Departamentua Erregistroaren erabilera egokiaz arduratuko da eta haren jardunaren emaitzak hobetzeko eta dagozkion helburuak lortzeko behar diren neurriak proposatuko ditu.

II. KAPITULUA. NAFARROAKO TURISMO ERREGISTROAREN ANTOLAMENDU ETA FUNTZIONAMENDUA

4. artikulua . Antolamendu eta publizitatea.

1. Nafarroako Turismo Erregistroan turismoa egoki antolatu eta sustatzeko behar diren datuak idatziko dira. Betiere, honako datuak jasoko dira eta datu horiek publikoak izanen dira:

1. Establezimenduaren edo enpresaren inskripzio kodea.

2. Establezimenduaren edo jardueraren merkataritza izena.

2. Herria, helbidea eta telefonoa.

3. Inskripzioaren eguna.

4. Establezimenduari dagokion sailkapena.

5. Plaza kopurua, hala badagokio. Bidezkoa denean, ostatu hartzeko unitateen kopurua zehaztuko da, hala nola bakoitzaren edukiera eta tipologia.

6. Irekitzeko egunak, aldi baterako itxialdiak eta berrirekitzeak.

7. Establezimenduan egindako obren datak.

8. Zerbitzu osagarriak, horrelakorik badago.

9. Erabiltzailearendako interesgarriak diren gainerako datuak, establezimenduaren edo enpresaren titularrak erregistroan agertzeko berariazko baimena eman badu.

2. Kultura eta Turismo Departamentuak Erregistroan agertu beharreko intereseko beste datu batzuk finkatuko ditu, baina horiek ez dira publikoak izanen.

3. Erregistroak atal hauek izanen ditu gutxienez:

Ostatu turistikoak.

Jatetxeak.

Bitartekoak.

Araututako jarduera turistikoak.

Entitate eta elkarte turistikoak.

Eskumena duen departamentuak beharrezkoak diren atal eta azpiatal gehiago sartzen ahalko ditu.

5. artikulua . Prozedura.

Inskribatzeko prozedura Kultura eta Turismo Departamentuak finkatuko du. Bide bat baino gehiago ezartzen ahalko ditu, espedienteen zailtasunaren arabera.

Aipatu departamentuak Erregistroaren euskarri izanen diren sistema informatikoak aukeratuko ditu.

III. KAPITULUA. ERREKURTSO ETA ZEHAPENAK

6. artikulua . Errekurtsoak.

Foru dekretu honen aplikazio bidean ematen diren administrazio egintzen inpugnazio kasuetan, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legeari segituko zaio.

7. artikulua . Zehapenen araubidea.

1. Kultura eta Turismo Departamentuak ahalmena izanen du, nahi duen guztietan, Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatzeko emandako datuak benetakoak ote diren egiaztatzeko beharrezkoak diren ikuskapenak egiteko.

2. Establezimenduaren edo jardueraren titularrak foru dekretu honetatik datozen betebeharrak betetzen ez baditu, Turismoari buruzko otsailaren 14ko 7/2003 Foru Legean ezarritakoaren arabera dagozkion zehapenak jarriko zaizkio.

Xedapen Iragankorra

Kultura eta Turismo Departamentuak ofizioz inskribatuko ditu Nafarroako Turismo Erregistroan otsailaren 14ko 7/2003 Foru Legearen aurreko arauteriaren arabera baimena duten establezimendu eta jarduera enpresak. Horretarako, titularrek erregistroko idazpena egiteko eskatzen zaizkien argibide eta agiriak eman beharko dituzte.

Xedapen Indargabetzailea

Indarrik gabe gelditzen dira foru dekretu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Azken Xedapenak

Lehenbizikoa

Ahalmena ematen zaio Kultura eta Turismo Departamentuari foru dekretu hau bete, betearazi eta garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Bigarrena

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web