(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

4/1997 FORU DEKRETUA, URTARRILAREN 13KOA, NAFARROAKO HEZEGUNEEN INBENTARIOA SORTZEN DUENA

BON N.º 13 - 29/01/1997



  ERASKINA. Nafarroako Hezeguneen Inbentarioa


Atariko

Nafarroako Naturguneen ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legearen xedapen gehigarrietako lehenean xedatzen da Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak prestatu, argitaratu eta eguneraturik mantenduko duela Nafarroako Hezeguneen Inbentarioa, haren eboluzioaren berri eman eta, hala behar denean, haiek babesteko behar diren neurriak hartzearren.

Beraz, bidezkoa da goian aipatu Foru Lege hori garatzeko behar den xedapen arau-emailea ematea eta, ondorioz, Nafarroako Hezeguneen Inbentarioa sortzea, zeinetan Foru Komunitatean gehien nabarmentzen diren hezeguneak arian-arian inskribatuko baitira.

Lehenik eta behin, Inbentarioan sartu dira ur-hegaztiek habia egin edo negua iragateko erabiltzen dituzten aintzira, urtegi eta labore hezeak, hori guztia Nafarroan dauden zentsuen arabera. Oraindik orain ez dira sartu hegaztien presentzia antzemandako ibaien urgeldiak, izan ere inguru horiek ibaiaren zati baitira; halarik ere, behin astiroago aztertu ondoren, egunen batean Inbentarioan sartzen ahal dira. Halaber, etortzeko diren urteetan erreka inguruak, belagai urtsuak, inguru gazituak eta zohikaztegiak sar daitezke Inbentarioan, intereseko balio ekologikoak badituzte.

Hezeguneak biosferako ekosistemarik emankorrentzat jo ohi dira eta aniztasun eta konplexutasun handiko landare eta fauna komunitateak sostenga ohi dituzte.

Iberiar Penintsularen osotasunaren baitan, Nafarroa estrategikoki kokatua dago, Mendebaleko Paleartikoko hegazti migratzaileen bide garrantzitsuenetako bat hemendik iragaten baita: urtero-urtero, milaka ur-hegazti hezegune nafarrez profitatzen dira, migrazioko bidaietan pausatu edo atsedena hartzeko. Bertzalde, Europa kontinentaletik begiratuta Nafarroa bertze eskualde iberiar batzuk baino hurbilago eta eskuragarriago dagoenez gero, Europako erdialdea utzi eta negua iragatera doazen hegazti sail handiek -latitude horietan arteka pairatzen diren hotz boladetatik ihesi- aldi baterako erabili ohi dituzte hezegune nafarrak, babesa hartu eta elikatzeko gune gisa.

Hori guztia ikusirik, Nafarroako hezeguneek interes biogeografiko nabarmena hartzen dute, Europa aldetik heldu diren hegazti migratzaile anitzek neguan bizirauteko ezinbertzeko gune bihurtzen baitira.

Horren guztiaren osagarri, beharrezkoa egiten da hezeguneen interesa baloratzea ugalketa garaian dauden hegaztiendako gune garrantzitsu baitira. Habia egiten duten txori zezenak eta bertze ardeido batzuen, hala nola amiltxoriaren edo lertxun gorriaren eta lertxun hauskararen ugalketa kolonia handiak egoteak aipatu hezegune horien nazioarteko garrantzia handiagotzen dute.

Arestion aipatuaz gain, hezegune horietako gehienek ez dute soilik fauna arloko balioa, balio limnologikoak -biziki zaharrak diren mikroorganismoen babesleku dira-, botanikoak eta hidrogeologikoak ere badituzte.

Nafarroako Hezeguneen Inbentarioa prestatzearekin bi helburu oinarrizko erdietsi nahi dira: batetik, hezegunerik garrantzitsuenak identifikatzea kontserbatzearren, natur balio jakinak baitituzte, eta, bertzetik, haiek babesteko neurririk egokienak ezartzea, Naturguneen Foru Legeak hala eskatzen baitu.

Oinarri-oinarrian, hezeguneak babesteko araubide orokorra Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintzaren uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legearen 37. artikuluan ezarritakoa da, hots, babestutako azaleko urei buruzkoan. Hala ere, ingurugiroko legerian aurreikusitako figura baten bidez (natur erreserbak, natur lekuneak, nazioarteko garrantzia duten hezeguneak eta hegaztien babesgune bereziak) naturgune deklaratutako hezegunei dagokienez, deklarazio horren ondoriozko araubide berariazkoari jarraiki beharko zaio, uren gaineko legerian xedatutakoa deusetan kaltetu gabe. Hori horrela, Nafarroako Hezegune nagusienak fin babestuko direla bermatzen da, haiek kontserbatu eta etorkizuneko belaunaldien eskutan uztearren.

Irailaren 16ko 977/1996 Foru Aginduaren bidez, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak jendaurrean paratu zuen 1996ko urriaren 31 arte Nafarroako hezeguneen Inbentarioari dagokion Foru Dekretuaren proiektua. Jendaurrean egon den epean hamar alegazio egin zaizkio eta Ingurugiro Zuzendaritza Nagusiak erantzun ditu.

Nafarroako Ingurugiro Kontseiluak 1996ko azaroaren 26an Foru Dekretuaren proiektuari adostasun txostena eman zion.

Horrenbertzez, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta lauretan hogeita hamazazpiko urtarrilaren hamahiruan egindako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua . Inbentarioa sortzea.

Nafarroako Hezeguneen Inbentarioa sortu da eta hori mantendu eta eguneratua izatea Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari dagokio. Ondorio horietarako, Natura Zaintzeko Zerbitzuaren esku utzi da Inbentarioa.

2. artikulua . Inbentarioan sartzeko eskaria.

1. Edozein pertsona fisiko edo juridikok, publikok nahiz pribatuk, Nafarroako Gobernuari hezegune bat Inbentarioan sartzeko eskaria egin diezaioke, bere aburuz babestu beharko liratekeen natur balioak baditu.

Eskaria behar bezala arrazoituko da eta hezegunearen garrantzia egiaztatuko duen informazio tekniko eta zientifikoa erantsiko zaio.

2. Hezegune hori Foru Dekretuaren bidez sartuko da Inbentarioan, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik eta aitzinetik jendaurrean jarri ondoren; ondoren, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

3. artikulua . Izenematea.

Nafarroako Hezeguneen Inbentarioan hasiera batean hezegune hauek sartu dira; horien azalpena Foru Dekretu honen eraskinean dago:

1. Pitillasko aintzira.

2. Las Cañasko edo El Salobreko urtegia.

3. El Juncaleko aintzira.

4. Agua Saladako idoia.

5. El Pulguerko idoia.

6. Dos Reinosko aintzira.

7. Badina de la Escudera.

8. El Cardeteko idoia.

9. Lotza eta Itzako idoiak.

10. La Muedako idoia.

11. Agua Dulce edo La Estanquillako urtegia.

12. Lorreko aintzira.

13. Arradako aintzira.

14. Zeliguetako idoia.

15. Corellako La Estancako urtegia.

16. La Estanquillako urtegia.

17. La Navako urtegia.

18. Sasiko idoiak.

19. La Moreako idoia.

20. Cortinasko idoia.

21. Zapatako idoia.

22. Bajabongo idoia.

23. Cintruenigoko La Estancako idoia.

4. artikulua . Babespen araubidea.

1. Deklaratutako naturgune izateagatik babespeneko araubide juridiko berariazkoagoarik ezean, eta hala bada huraxe bera aplikatuko da, Nafarroako hezeguneak babestu eta kudeatzeko araubidea Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintzaren uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legearen 37. artikuluan ezarritakoa izanen da.

2. Nolanahi den ere, debekatua da hezeguneak desagertarazi edo laborantzako lur bihurtzea.

3. Debekatua da hezegune hauek erabat agortzea: Pitillasko aintzira, Las Cañasko edo El Salobreko urtegia, El Juncaleko aintzira, Agua Saladako idoia, El Pulguerko idoia, Dos Reinosko aintzira eta Badina de la Escudera.

Gainerako hezeguneen baliabideak ustiatzen segitzen ahal da, Foru Dekretu honek indarra hartu arte bezala.

4. Ezin izanen da ekosistemetarako toxikoak edo arriskutsuak diren substantziak hezeguneetan edo horien ibaiadar edo ibai isurleetan isuri, ezta hondakin, obra-hondar edo lur biltegirik pausatu ere.

5. Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak aitzinetik baimena eman beharko du azaleko eta lurpeko urak ateratzeko, hori guztia, hezeguneko ur askeen xaflatik hasita berrehun metro inguruan. Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak baimena ukatuko du hezegunea mantendu eta kontserbatzeko arriskua bada.

Azken Xedapenak Lehena

Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak ahalmena du Foru Dekretu hau garatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan.

Azken Xedapenak Bigarrena

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, mila bederatziehun eta lauretan hogeita hamazazpiko urtarrilaren hamahiruan.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, Yolanda Barcina Angulo.

ERASKINA. Nafarroako Hezeguneen Inbentarioa

ERASKINA

1. Pitillasko aintzira.

Udalerriak: Pitillas eta Santacara.

Azalera: 216 hektarea.

Deklarazioa: (NE-27) Natur Erreserba, (B-133) Hegaztien Babesgune Berezia eta Ramsarko Hitzarmenaren arabera Nazioarteko Garrantzia duen Hezegunea.

2. Las Cañasko aintzira.

Udalerria: Viana.

Azalera: 100 hektarea.

Deklarazioa: (NE-20) Natur Erreserba, (B-134) Hegaztien Babesgune Berezia eta Ramsarko Hitzarmenaren arabera Nazioarteko Garrantzia duen Hezegunea.

3. El Juncaleko aintzira.

Udalerria: Tafalla.

Azalera: 2,5 hektarea.

Deklarazioa: (NE-23) Natur Erreserba.

4. Agua Saladako idoia.

Udalerria: Tutera.

Azalera: 17 hektarea.

Deklarazioa: (NE-24) Natur Erreserba.

5. El Pulguerko idoia.

Udalerria: Tutera.

Azalera: 50 hektarea.

Deklarazioa: (NE-35) Natur Erreserba.

6. Dos Reinosko aintzira.

Udalerria: Zarrakaztelu (Figarolgo Kontzejua).

Azalera: 30 hektarea.

Deklarazioa: (NL-13) Natur Lekunea ta (B-135) Hegaztien Babesgune Berezia.

7. Badina de la Escudera.

Udalerria: Alesbes.

Azalera: 12 hektarea.

Deklarazioa: (NL-8) Natur Lekunea.

8. El Cardeteko idoia.

Udalerria: Tutera.

Azalera: 31,8 hektarea.

9. Lotza eta Itzako idoiak.

Udalerria: Itza-Oltza.

Azalera: 10 hektarea.

10. La Muedako idoia.

Udalerria: Oibar.

Azalera: 12 hektarea.

11. Agua Dulce edo La Estanquillako urtegia.

Udalerria: Cintruenigo.

Azalera: 35,2 hektarea.

12. Lorreko aintzira.

Udalerria: Cascante.

Azalera: 18,47 hektarea.

13. Arradako aintzira.

Udalerria: Murillo el Cuende (Arradako Kontzejua).

Azalera: 2,15 hektarea.

14. Zeliguetako idoia.

Udalerria: Ibargoiti.

Azalera: 4,6 hektarea.

15. La Estancako urtegia.

Udalerria: Corella.

Azalera: 10 hektarea.

16. La Estanquillako urtegia.

Udalerria: Corella.

Azalera: 2,7 hektarea.

17. La Navako urtegia.

Udalerria: Cintruenigo.

Azalera: 15 hektarea.

18. Sasiko idoiak.

Udalerria: Burgi.

Azalera: 0,2 hektarea eta 0,25 hektarea.

19. La Moreako idoia.

Udalerria: Beriain.

Azalera: 11,39 hektarea.

20. Cortinasko idoia.

Udalerria: Errege Bardeak.

Azalera: 1,5 hektarea.

21. Zapatako idoia.

Udalerria: Errege Bardeak.

Azalera: 4 hektarea.

22. Bajabango idoia.

Udalerria: Ablitas.

Azalera: 1,5 hektarea.

23. La Estancako idoia.

Udalerria: Cintruénigo.

Azalera: 7 hektarea.

Iragarkiaren kodea: A9700488

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web