(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

376/2000 FORU DEKRETUA, ABENDUAREN 18KOA, APIRILAREN 6KO 11/1999 FORU LEGEA GARATZEKO ARAUAK EMATEN DITUENA. FORU LEGE HORREN BITARTEZ, OSASUNBIDEA-NAFARROAKO OSASUN ZERBITZUAREN FAKULTATIBOENTZAKO LANBIDE KARRERAKO SISTEMA ARAUTU ZEN Nota de Vigencia.

BON N.º 14 - 31/01/2001



  I. KAPITULUA. MAILAZ IGOTZEKO BETEBEHARRAK


  II. KAPITULUA. EBALUATZEKO SISTEMA


  III. KAPITULUA. EBALUAZIO BATZORDEAK


  IV. KAPITULUA. EGOERA BEREZIAK


  I. ERANSKINA. LANBIDE HOBEKUNTZA ETA EGUNERATZEARI BURUZKO ATALA BALORATZEKO BAREMOA


Atariko

Urriaren 20ko 11/1992 Foru Legeak, bere 34. artikuluan finkatzen du zer formula erabiliko dituen Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak bere langileen gorabidea bultzatzeko, eta artikulu horrexen d) idatz-zatian adierazten du "lanbide karreran edo bestelako elementuetan oinarrituriko lansari izaerako eragingarriak ezartzeko, Nafarroako Gobernuak, halakorik bada, Foru lege proiektu bat igorriko dio Parlamentuari."

Apirilaren 6an eman eta apirilaren 9ko 43. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratutako 11/1999 Foru Legearen bidez arau batzuk eman ziren Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren fakultatiboentzako lanbide karrerako sistema erregulatzeko. Legea garatzeko arauak gero eman behar zirela aipatzeaz gain, bere azken xedapenetako bigarrenean, Nafarroako Gobernuari eskatzen dio lege horretako 7. eta 8. artikuluetan aurreikusiriko baremoak onets ditzala, beharrezkoak baitira lanbide karrera abiarazteko; bestalde, azken xedapenetako laugarrenean, ahalmena ematen dio Gobernuari legea betearazi eta garatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Martxoaren 16ko 8/1999 Foru Legeko 19.1 artikuluan agindutakoari jarraikiz, Foru Dekretruaren proiektua Nafarroako Kontseiluari igorri zitzaion, iritzia eman zezan, eta Kontseiluak halaxe egin zuen azaroaren 13an. Dekretu hau Kontseiluak bere irizpenean emandako oharren arabera egokitu da.

Hori horrela, Osasun kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak bi milako abenduaren hemezortziko bilkuran harturiko erabakiari jarraikiz,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua

Foru Dekretu honen xedea apirilaren 6ko 11/1999 Foru Legea garatzeko arauak ematea da. Aipatu Foru Lege horren bidez Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren fakultatiboentzako lanbide karrerako sistema arautu zen.

I. KAPITULUA. MAILAZ IGOTZEKO BETEBEHARRAK

2. artikulua

Lanbide karrerako maila batetik bestera igotzeko, langileek apirilaren 6ko 11/1999 Foru Legeko 6.1 artikuluan ezarritako puntuazioak eta egonaldiak bete beharko dituzte.

3. artikulua

1. Maila batetik hurrengora igotzeko beharrezkoa izanen da ondoren aipatzen diren zerbitzuko urte osoak emanak izatea, apirilaren 6ko 11/1999 Foru Legearen esparruko izendapenarekin:

I. maila: 5 urte.

II. maila: 7 urte.

III. maila: 8 urte.

IV. maila: 5 urte.

2. Apirilaren 6ko 11/1999 Foru Legeko 6.1 artikuluan ezarritako puntuazioa kalkulatzeko, puntu bat emanen da zerbitzuan emandako urte oso bakoitzeko, eta zerbitzu aldia urte batekoa baino motzagoa bada, dagokion proportzioa, maila bakoitzerako lege horretan ezarritako gehieneko puntuazioa gainditu gabe.

3. Horretarako, emandako zerbitzutzat hartuko dira profesionalak jarduneko zerbitzuan eman dituen aldiak, hala nola edozein Administrazio Publikotan izendapen libreko lanpostuetan aritzeko zerbitzu bereziko egoeran emanikoak.

4. artikulua

1. Baremoaren araberako puntuazioak ondoko atal hauek ditu:

a) Osasun laguntzako jarduera: atal honetan baloratuko da, alde batetik, lan taldearen helburuak edo kudeaketa-itunak zer mailatan lortu diren, eta, bestetik, profesionalaren partaidetza eta erantzukizuna helburu horiek lortzeko.

b) Lanbide hobekuntza eta eguneratzerako jarduerak: atal honetan sartzen dira prestakuntza, ikerketa, garapen tekniko eta zuzendaritza-kudeaketarako ekintzak, eta horien barrenean, etengabeko prestakuntzarako borondatezko jarduerak, irakasle eta ikasle gisara emanak, ikerketarako jarduerak, zentro eta zerbitzuen antolaketa eta lan-sistemak hobetzeko eragin zuzena duten proiektuak prestatu eta egitea, eta zuzendaritza edo kudeaketako jarduerak.

2. Foru Dekretu honetan araututako baremoa aplikatzeko, apirilaren 6ko 11/1999 Foru Legeko 6.1 artikuluan ezarritako puntu bakoitzeko, baremoko ehun eta berrogeita hamar unitate emanen dira; beraz, maila bakoitzean hurrengora igotzeko baremoan erdietsi behar den puntuazioa ondoko hau izanen da:

I. maila: 750 unitate.

II. maila: 1.050 unitate.

III. mauila: 1.200 unitate.

IV. maila: 750 unitate.

3. Apirilaren 6ko 11/1999 Foru Legeko 7. artikuluan ezarritakoa betetzeko, maila bakoitzean hurrengora igotzeko baremoan erdietsi behar den puntuazioa honela lortu beharko da:

a) Puntuazio osoaren bi heren, gutxienez, osasun laguntzaren atalean frogatuko dira.

b) Puntuazio osoaren ehuneko hogei, gutxienez, lanbide hobekuntzari eta eguneratzeari buruzko atalean lortuko da.

c) Mailaz igotzeko eskatutako puntuazioa osatzeko gelditzen diren puntuei dagokienez, zilegi izanen da osasun laguntzaren atalean edo lanbide hobekuntzari eta eguneratzeari buruzkoan, aukeran, eskuratzea.

5. artikulua

1. Osasun laguntzako jarduera baloratzeko, kontuan hartuko da, alde batetik, lan taldearen helburuak edo kudeaketa-itunak zer mailatan lortu diren, eta, bestetik, profesionalaren banakako balorazioa.

2. Lan talde bat osatzen duen profesional bakoitzari zerotik ehunera bitarteko puntuazioa emanen zaio urtean; bere lan taldearen helburuak edo kudeaketa-itunak zer portzentajetan lortu diren (% 100 gehienez), horren araberakoa.

3. Profesionalaren banakako balorazioko puntuak, osasun laguntzako jardueraren atalean, honela emanen dira:

a) Aurreko 2. puntuan azaldutakoaz gain, lan talde bakoitzak unitateen gehieneko kopuru bat izanen du osasun laguntzako jarduerarako, taldekide diren profesionalen artean banatzeko.

b) Aurreko atalean aipatutako unitateen gehieneko kopurua kalkulatzeko ondoko eragiketa aritmetikoa eginen da: lan taldearen helburu edo kudeaketa-itunen lorpenaren portzentajeari dagokion puntuazioa zati bi, eta horren emaitza, lan taldea osatzen duten profesionalen kopuruarekin biderkatuko da.

c) Lan taldeak, bere arduradunaren gidaritzapean, gehieneko puntuazio hori banatuko du taldekideen artean eta profesional bakoitzari dagozkion unitateak emanen, ondoko irizpide hauei jarraikiz:

- Gertutasuna: osasun laguntza ohikoak ez diren leku edo denboretan ematea eta, oro har, jendeari zerbitzu gehiago emateko jarduerak.

- Profesionalaren partaidetza eta inplikazioa lan taldearen helburuak edo urteko kudeaketa-itunak formulatu, garatu eta ebaluatzeko.

- Profesionalaren eta eriaren, hala nola gainerako profesionalen arteko harremananaren kalitatea.

- Baliabideak erabiltzeko eraginkortasuna.

4. Ebaluatzen den egonaldiko urte bakoitzean, osasun laguntzarengatik profesional bakoitzari dagokion puntuazioa kalkulatzeko, ondoko batuketa hau eginen da: lan taldearen helburuen edo kudeaketa-itunen lorpen mailarengatik lortutako unitateak gehi profesionalaren banakako balorazioari dagozkionak; batuketa horren emaitza 90 puntura iristen ez bada, urte horretako osasun laguntzaren kontzeptuagatik lortutako puntuazioa zero izanen da.

5. Foru Dekretu honetako 3.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz, emandako zerbitzu aldiak urte natural osoa hartzen ez duenean, osasun laguntzaren arloa baloratzeko, urte osoko zerbitzu alditzat hartuko da teorikoki, eta profesionalaren puntuazioa aurreko 4. puntukoa izanen da, emandako zerbitzu aldiaren araberako proportzioan. Profesional bat, destinoaren lekualdatzea edo aldaketa dela eta, urte natural batean bi lan taldetan edo gehiagotan aritzen baldin bada, irizpide berbera aplikatuko da destino bakoitzean osasun laguntzaren arloko balorazioa egiteko.

6. artikulua

1. Lanbide hobekuntzaren eta eguneratzearen arloan ondoko hauek baloratuko dira, Foru Dekretu honetako I. eranskinean ezarritako baremoari jarraikiz:

a) Prestakuntza eta ikerketa jarduerak.

b) Garapen tekniko eta zuzendaritza-kudeaketarako jarduerak.

2. Prestakuntza eta ikerketa jarduerak baloratzeko, beharrezkoa izanen da profesionalaren lan arloarekin zerikusia izatea. Haien izaera orokorra dela eta, edozein lanbideren arlorako balio duten prestakuntza jarduerak ere baloratu eginen dira.

3. Prestakuntza jarduerak baloratu ahal izateko, Osasun Sistema Nazionalak ezarritako prozeduren bidez egiaztatuak izan beharko dute, edo, bestela, irakasteko ahalmena duten osasun zentro eta zerbitzuetan nahiz unibertsitateko ikastetxeetan edo erakunde publikoetan eginak.

4. Lanbide hobekuntzako eta eguneratzeko merezimenduak baloratuko dira baldin eta mailaz igozteko ebaluatzen den egonaldian lortu badira.

II. KAPITULUA. EBALUATZEKO SISTEMA

7. artikulua

1. Osasun laguntzaren arloko jarduera urtero ebaluatuko da, ekitaldia bukaturik, artikulu honetan ezarritako prozedurari jarraikiz.

2. Ebaluatzen den ekitaldiaren ondoko urteko lehenbiziko hiruhilekoan, zentroetako zuzendariek eta horiei atxikitako lan taldeen arduradunek urteko helburuen lorpen maila ebaluatuko dute, lan talde bakoitzarekin egindako kudeaketa-itunetan finkaturiko irizpideei jarraikiz.

Kudeaketarako itunik egin ez bada, zentroko zuzendariak eta lan taldearen arduradunak zehaztuko dute urteko helburuen lorpen maila. Horiek akordiorik lortzen ez badute, ebaluatzeko prozedura zentroko zuzendaritzak ezartzen duen balorazio-irizpideari jarraikiko zaio, eta interesatuek zilegi izanen dute desadostasuna adieraztea, Foru Dekretu honetako 9. artikuluko 3. atalean agindutakoari jarraikiz.

Nolanahi ere, zentroko zuzendaritzak agiriak eginen ditu lan talde bakoitzaren arduradunarekin egindako ebaluazioaren berri emateko.

3. Lan talde bakoitzak, urteko helburuen edo kudeaketa-itunen betetze mailari dagokion puntuazioa eman ondoren, taldearen autoebaluazioa eginen du osasun laguntzaren arloko jarduerei dagokienez, eta hori oinarri hartuta, arduradunak banakako puntuazioa emanen die taldekideei, osasun laguntzaren arloan bakoitzak izan duen jarduera baloratzeko, Foru Dekretu honetako 5.3 artikuluan agindutakoari jarraikiz. Autoebaluazioaren emaitzaren akta eginen da eta akta horretan aipatuko dira, baita ere, interesatuek azaldutako desadostasunak, horrelakorik baldin badago.

4. Lan talde bakoitzaren arduradunak taldearen urteko memoria eginen du eta bertan azalduko taldeak osasun laguntzaren arloan burutu dituen jardueren laburpena eta taldekide bakoitzari emandako balorazioa; adierazitako desadostasunen arrazoien berri ere emanen du, horrelakorik badago. Memoriari taldearen autoebaluazioaren akta erantsiko zaio.

5. Lan taldeen urteko memoriak eta autoebaluazioaren aktak zentroko zuzendaritzara igorriko dira, horrek adostasun edo desadostasun txostena eman dezan. Desadostasuna baldin badago, zentroko zuzendaritzak bere balorazioa eginen du eta dagokion lan taldeari bidaliko, profesional guztiek horren berri izan dezaten.

6. Zentroetako zuzendariek Ebaluazio Batzordeari igorriko dizkiote lan taldeen urteko memoriak, adostasun edo desadostasun txostenekin eta desadostasunaren kasuan egin diren balorazioekin batera.

8. artikulua

1. Lanbide hobekuntzaren eta eguneratzearen arloko merezimenduak artikulu honetan ezarritakoari jarraikiz ebaluatuko dira.

2. Profesionalak, lanbide hobekuntzaren eta eguneratzearen arloan dituen merezimenduak ebaluatzea nahi duenean, eta, betiere, mailaz igotzeko eskatutako egonaldia bete duenean, autoebaluazio pertsonalari buruzko agiria eginen du eta bertan azalduko atal horretan frogaturiko merezimenduengatik lortutako puntuazioa; horrekin batera, merezimendu horien ziurtagiri konpultsatuak aurkeztuko ditu.

3. Autoebaluazioari buruzko agiria eta merezimenduen ziurtagiriak lan taldearen ekitaldi horretako urteko memoriari erantsiko zaizkio eta zentroko zuzendaritzara igorriko da hortik Ebaluazio Batzordera bidaltzeko.

9. artikulua

1. Ebaluazio Batzordeak osasun laguntzaren arloko jarduerari buruzko atalean eta lanbide hobekuntzari eta eguneratzeari buruzkoan ageri diren balorazio arauen aplikazioaren alderdi formalak egiaztatuko ditu.

2. Aurreko atalean aipatu egiaztapena egin ondoren eta desadostasunik ez badago, profesionalak, lan taldearen arduradunak eta zentroko zuzendaritzak egindako balorazioen artean, Ebaluazio Batzordeak balorazio hori berretsiko du.

3. Desadostasunaren arrazoia baldin bada helburuen edo kudeaketa-itunen lorpen mailarengatik lan taldeari eman zaion puntuazioa, edo osasun laguntzaren arloko banakako jarduerarengatik kide bakoitzari emandako puntuazioa, eman beharreko puntuazioa ezartzeko Ebaluazio Batzordeak hartzen duen erabakiak eragina izanen du ukitutako profesional guztiengan, baita horietako bati edo batzuei buruz desadostasunik adierazi ez bada ere.

Dena den, interesatuek zilegi izanen dute edozein momentutan alegazioak aurkeztea, bai Ebaluazio Batzordeari, bai zentroko zuzendaritzari, hortik Batzordera igortzeko.

4. Ebaluazio Batzordeak hartzen dituen erabakiak lotzaileak izanen dira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak edo Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak ofizioz edo interesatuak eskatuta balizko maila-igoerari buruz eman behar duen ebazpenari buruz.

10. artikulua

1. Kapitulu honetan ezarritako prozedurak tramitatu ondoren bidezkotzat jotzen bada lanbide karreran mailaz igotzea, Ebaluazio Batzordeak proposamena eginen dio Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Zuzendaritza-kudeatzailetzari, horrek ofizioz ebazpena eman dezan mailaz igo behar duen profesional bakoitzarentzat. Nolanahi ere, profesional interesatuek lanbide karreran mailaz igotzeko eskaera aurkezten dutenean ere, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Zuzendaritza-kudeatzailetzak hori onesteko edo ukatzeko ebazpena emanen du.

2. Mailaz igotzeari buruz zuzendari-kudeatzaileak ematen dituen ebazpenak interesatuei jakinaraziko zaizkie, eta horiek hilabeteko epea izanen dute haien aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezteko, Nafarroako Gobernuari zuzenduta.

3. Osasun Departamentuko Zuzendaritza Nagusiari atxikitako langileei dagokienez, apirilaren 6ko 11/1999 Foru Legeko hirugarren xedapen gehigarrian aipatzen diren horiei dagokienez, hain zuzen, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak emanen du artikulu honetako aurreko puntuetan aipatu ebazpena.

4. Dena den, maila-igoerak eragina izanen du Foru Dekretu honetako 3. artikuluan ezarritako egonaldia osatu eta osasun laguntzaren arloko jardueraren eta lanbide hobekuntza eta eguneratzeaaren ataletan eskatutako puntuazioa lortzen den egunaren ondoko urtarrilaren 1ean. Azken bi betebehar horiek Foru Dekretu honetako 4. artikuluan ezarri dira.

11. artikulu

1. Maila batera igotzeko beheragokoan eskatutako egonaldia osatu eta igotzeko eskatutako baremoko puntuazioa lortzen ez badu, profesionala zegoen mailan geldituko da.

2. Maila berean geldituz gero, egonaldiagatik lortutako puntuazioa apirilaren 6ko 6/1999 Foru Legeko 6.1 artikuluan maila bakoitzarentzat ezarritako gehienekoaren parekoa izanen da eta, beraz, ez da handituko jabetzako lanpostuarekin zerbituan emandako urte oso gehiago frogatzeagatik; urte horiek ez dira kontuan hartuko geroko maila-igoeretarako.

3. Kasu horietan, baremoko puntuazioari buruz Foru Dekretu honetan ezarritako baldintza orokorrak bete beharko dira bakarrik mailaz igotzeko.

12. artikulua . OsasunbideaNafarroako Osasun Zerbitzuak kapitulu honetan azalduriko prozedurak tramitatzeko behar diren agirien eredu normalizatuak prestatuko ditu eta bere menpeko zentro eta zerbitzuen esku utziko.

III. KAPITULUA. EBALUAZIO BATZORDEAK

13. artikulua

1. Ondoko Ebaluazio Batzorde hauek sortu dira Oinarrizko Osasun Laguntzaren Adimen Osasunaren esparruan:

a) Oinarrizko Osasun Laguntzako Ebaluazio Batzordea.

b) Adimen Osasuneko Ebaluazio Batzordea.

2. Ondoko Ebaluazio Batzorde hauek sortu dira Laguntza Espezializatuaren esparruan:

a) Osasun Laguntzako Fakultatiboen Ebaluazio Batzordea.

b) Osasun Publiko, Administrazio eta Osasun Kudeaketako Ebaluazio Batzordea.

14. artikulua

1. Ebaluazio Batzordeek ondoko jarduketa eremuak izanen dituzte:

a) Oinarrizko Osasun Laguntzako Ebaluazio Batzordeak eskumenak izanen ditu Oinarrizko Osasun Laguntza eta Adimen Osasuneko Zuzendaritzaren eta Lizarrako eta Tuterako Osasun Barrutien menpeko Oinarrizko Osasun Laguntzako Taldeetako eta larrialdietarako ospitalez kanpoko zerbitzuetako profesionalei dagozkien gaietan.

b) Adimen Osasuneko Ebaluazio Batzordeak eskumenak izanen ditu Oinarrizko Osasun Laguntza eta Adimen Osasuneko Zuzendaritzako Adimen Osasuneko Zuzendariordetzaren eta Lizarrako eta Tuterako Osasun Barrutien menpeko zentro eta zerbitzuei atxikiriko profesionalei dagozkien gaietan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren ospitaleetako ospitalizazio psikiatrikoko unitateetakoak izan ezik.

c) Osasun Laguntzako Fakultatiboen Ebaluazio Batzordeak eskumenak izanen ditu laguntza espezializatuko zentro anbulatorioetako eta Laguntza Espezializatuko Zuzendaritzari atxikiriko zentroetako profesionalei dagozkien gaietan, abenduaren 26ko 604/1995 Foru Dekretuko 27. artikuluari jarraikiz, Osasun Publikoaren Institutua izan ezik.

d) Osasun Publiko, Administrazio eta Osasun Kudeaketako Ebaluazio Batzordeak eskumenak izanen ditu Osasun Publikoaren Institutukoak edo Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzukoak izanik, aurreko ataletan aipatu zentro edo zerbitzuei atxikirik ez dauden profesionalei dagozkien gaietan.

2. Apirilaren 6ko 11/1999 Foru Legeko hirugarren xedapen gehigarrian aipatu eta Osasun Departamentuko Zuzendaritza Nagusiari atxikiriko langileak ebaluatzeko eskumenak Osasun Publiko, Administrazio eta Osasun Kudeaketako Ebaluazio Batzordeak izanen ditu.

15. artikulua Nota de Vigencia

1. Ebaluazio Batzordeak parekideak izanen dira eta zortzi kidek osatuko dute horietako bakoitza, lau Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak izendatuak eta beste lauak, esparru bakoitzeko fakultatiboen artean izendatuak.

Osasun Publiko, Administrazio eta Osasun Kudeaketako Ebaluazio Batzordearen kasuan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak izendatutako lau batzordekideetako bat Osasun Departamentuko zuzendari nagusiaren proposamen lotzaileari jarraikiz izendatuko da.

2. Ebaluazio Batzordeetako burua eta idazkaria Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak izendatutako kideetako bi izanen dira.

3. Ebaluazio Batzordeko kide izateko fakultatiboen artean izendatutako pertsonak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak aukeratuko ditu, ondoren aipatzen diren arauei jarraikiz ematen diren proposamenekin bat etorriz:

a) Ebaluazio Batzorde bakoitzeko lau kideetako bat Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Langileri Batzordeak proposatuko du.

b) Oinarrizko Osasun Laguntzako Ebaluazio Batzordeko gainerako hiru kideak Oinarrizko Osasun Laguntzako Batzorde Teknikoak proposatuko ditu.

c) Adimen Osasuneko Ebaluazio Batzordeko gainerako hiru kideak dagokion Langileri Batzordeak proposatuko ditu.

d) Osasun Laguntzako Fakultatiboen Ebaluazio Batzordeko gainerako hiru kideak honela izendatuko dira: bat Bideko Ama Birjina Ospitaleko Laguntzako Batzorde Teknikoak proposaturik, beste bat Nafarroako Ospitaleko Laguntzako Batzorde Teknikoak proposaturik eta hirugarrena Ubarmin Klinikako, Lizarrako Osasun Barrutiko eta Tuterako Osasun Barrutiko Laguntzako Batzorde Teknikoek batera proposaturik.

e) Osasun Publiko, Administrazio eta Osasun Kudeaketako Ebaluazio Batzordeko gainerako hiru kideak Osasun Publiko, Administrazio eta Osasun Kudeaketako Laguntzako Batzorde Teknikoak proposatuko ditu.

f) Nolanahi ere, aurreko ataletan aipaturiko proposamenak hartzen dituzten profesionalek ondoko baldintza hauek bete beharko dituzte: funtzionarioa edo estatutupeko nahiz lan kontratatu finkoa izatea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren plantillako lanpostu baten jabea eta dagokion Ebaluazio Batzordearen esparrukoa.

g) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak izendapenak egin ondoren, aurreko atalei jarraikiz egindako proposamenak errebokaezina izanen da.

4. Artikulu honetako 3. puntuan aipatutako Ebaluazio batzordekideek kargua utziko dute ondoko arrazoi hauengatik:

a) Izendapena egin zenetik lau urte iragan direla eta, agintaldia amaitu delako.

b) Interesatuak kargua utzi duelako.

c) Artikulu honetako 3. puntuko f) atalean eskatutako betebeharra galdu duelako.

16. artikulua

1. Ebaluazio Batzordeek botoen gehiengo soilaz hartuko dituzte erabakiak eta berdinketa gertatuz gero, batzordekidearen botoak ebatziko du.

2. Ebaluazio Batzordeen deliberazioak isilpekoak izanen dira eta batzordekideak isiltasun betebeharrari loturik egonen dira bere eginkizuna betetzean haien eskura iristen den informazioari dagokionez.

3. Ebaluazio Batzordeen funtzionamendurako araubidea Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Prozedura Adminsitratiboari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko II. Tituluko II. Kapituluan ezarritakoaren araberakoa izanen da.

IV. KAPITULUA. EGOERA BEREZIAK

17. artikulua

1. Apirilaren 6ko 11/1999 Foru Legearen aplikazio esparruko langileei, Osasun Departamentuan eta haren erakunde autonomoetan izendapen libreko lanpostuak hartzen dituztenean, alde batera utzirik lanpostu horiek Foru Komunitateko Administrazioaren plantillako langileekin bete behar diren ala ez, Foru Dekretu honetan ezarritako arau orokorrak aplikatuko zaizkie, artikulu honetan finkaturiko berezitasunekin.

2. Aurreko puntuan aipatu lanpostuetan aritzen den aldian, osasun laguntzari buruzko atala ebaluatzeko, helburuen lorpen maila baloratuko du interesatuaren buruak.

3. Lanbide hobekuntza eta eguneratzeari buruzko atalean, izendapen libreko lanpostua betetzeagatik, hogei unitateko puntuazioa emanen zaio urtean profesionalari, garapen tekniko, zuzendaritza eta kudeaketako jarduerengatik. Mailaz igotzeko behar den gainerako puntuak prestakuntza eta ikerketa jardueretan eskuratu beharko dira nahitaez.

4. Profesionalak mailaz igotzeko eskatutako egonaldi osoa ematen ez badu artikulu honetan aipatu lanpostuetan, falta den aldiari osasun laguntzako jardueren eta lanbide hobekuntza eta eguneratzearen ebaluazio arau orokorrak aplikatuko zaizkio, dagokion proportzioan. Urte naturala baino egonaldi laburragoko osasun laguntzako jardueren ebaluazioa, 20. artikuluko 9.c) atalean ezarritako irizpideari jarraikiz eginen da.

18. artikulua

1. Apirilaren 6ko 11/1999 Foru Legearen aplikazio esparruko langileen maila-igoera, langileen ordezkaritza organoetako kideak izateagatik lanaldi osoan zehar legez ezarritako ordu kreditua dutenean, artikulu honetako 2. eta 3. puntuetan finkatutako arauei jarraikiz eginen da.

2. Aurreko puntuan aipatutako ordu kreditua mailaz igotzeko eskatzen den egonaldi osoan hartzen baldin bada, mailaz igotzeko aski izanen da lanbide hobekuntza eta eguneratzeari buruzko ataleko puntuazioa lortzea, Foru Dekretu honetako 4. artikuluko 3.b) atalean agindutakoarekin bat etorriz.

3. Artikulu honetako 1. puntuko ordu kreditua mailaz igotzeko eskatzen den egonaldi osoan hartzen ez bada, ondoko arau horiek aplikatuko dira mailaz igotzeko:

a) Sindikatuan lan egin den aldiari dagokion gutxieneko puntuazioa lanbide hobekuntza eta eguneratzeari buruz eskatuko da bakarrik, eta aurreko 2. puntuan aipatutakoa izanen da, eskatutako gutxieneko egonaldiari buruz liberazio osoko aldiak osatzen duen proportzio berean.

b) Eskatutako egonaldia osatzeko falta den denborako puntuazioa osasun laguntzaren eta lanbide hobekuntza eta eguneratzearen ataletan eskatuko da modu proportzionalean, eta denbora horri dagokionez, Foru Dekretu honetan balorazioa egiteko finkaturiko arau orokorrak aplikatuko dira.

c) Urte natural batean lantokian emandako zerbitzualdiak eta lanaldi osoko ordu kredituko aldiak izan badira, osasun laguntzako jardueren balorazioan urte bateko zerbitzualdiari dagokion puntuazioa emanen da baldin eta lantokian emandako zerbitzualdia urte naturaleren ehuneko hirurogei baino gehiagokoa bada; bestela, ekitaldi osoa sindikaturako egindako lantzat hartuko da eta aurreko a) atalean agindutakoa aplikatuko.

4. Ordu kredituak lanaldi osoa hartzen ez duenean, osasun laguntzako eta lanbide hobekuntza eta eguneratzeko jarduerak baloratzeko, Foru Dekretu honetan ezarritako arau orokorrak aplikatuko dira, lan taldeko kideen baldintza beretan, eta ezin izanen da baloratzeko irizpideetan desberdintasunik egin ordu kreditu horretaz baliatu izanagatik.

19. artikulua

1. 1996ko urtarrilaren 1etik aurrera Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko jabetzako lanpostua lortu duten langileei, apirilaren 6ko 11/1999 Foru Legearen aplikazio esparruko izendapena izan eta jabetza araubidean emandako zerbitzuak frogatzen badituzte Osasun Sistema Nazionalean edo Europako Batasuneko beste estatu bateko osasun sistema publikoan, artikulu honetan ezarritako arauak aplikatuko zaizkie.

2. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko jabetzako lanpostua hartzen duenean, profesionala lanbide karrerako I. mailara sartuko da, 20. eta 21. artikuluetan ezarritakoa aplikatzearen ondorioz goragoko maila bat egokitzen zaionean izan ezik.

3. Interesatuak, Foru Dekretu honetako 8. artikuluan ezarritako prozeduraren bitartez, zilegi izanen du Osasun Sistema Nazionalean edo Europako Batasuneko beste estatu bateko osasun sistema publikoan emandako zerbitzualdiei dagozkien lanbide hobekuntza eta eguneratzeari buruzko merezimenduak alegatu eta frogatzea, dagokion Ebaluazio Batzordeari igortzeko; ziurtagiri horiekin batera, zerbitzualdi horiei dagozkienak ere bidaliko ditu.

4. Interesatuak algatu eta frogaturiko hobekuntza eta eguneratze merezimenduak Foru Dekretu honetan finkatutako arau orokorrei jarraikiz baloratuko dira.

5. Balorazioa egin ondoren, Ebaluazio Batzordeak proposamena eginen dio Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Zuzendaritza-Kudeatzailetzari, lanbide karreran interesatuari hasiera batean dagokion mailari buruz, ondoko irizpide hauei jarraikiz:

a) Lanbide karreran hasieran esleitzen zaion maila ezin izanen da Foru Dekretu honetako 3. artikuluan ezarritako egonaldien arabera egokitzen zaiona baino altuagoa izan.

b) Hasieran II. maila edo altuago bat eman ahal izateko, beharrezkoa izanen da profesionalak Foru Dekretu honetako 4. artikuluko 3.b) atalean ezarritako puntuazioak, hala behar baldin bada metatuak, frogatzea, lanbide hobekuntza eta eguneratzeari buruz.

c) Ezin izanen da inola ere lanbide karrerako V. maila hasieran eman. Maila horretara igotzeko profesionalak oso-osorik bete beharko du Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan, IV. mailan egoteko Foru Dekretu honetako 3. artikuluan ezarririko egonaldia, eta, gainera, maila horretara igotzeko baremoan finkaturiko puntuazio orokorra frogatu beharko du.

6. Aurreko 5. puntuko c) atalean adierazitakoa izan ezik, jabetzan emandako zerbitzu urteek mailaren hasierako esleipenerako aintzat harturikoak gainditzen baldin badituzte, soberako urte horiek Foru Dekretu honetako 3. artikuluari jarraikiz kontatuko dira geroko maila igoeretarako.

7. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan jabetzako lanpostua zein egunetan hartu den, hurrengo urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak maila-esleipenak.

8. Artikulu honetan ezarritako arauak Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen plantillako langileei aplikatuko zaizkie Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan jabetzako lanpostua hartzen dutenean, eta horretarako kontuan hartuko dira jabetzako lanpostuan emandako zerbitzuak, baldin eta lanpostu horretan aritzeko Medikuntza eta Kirurgiako edo Farmaziako lizentziatuaren titulua beharrezkoa bazen.

20. artikulua

1. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan 1992ko urtarrilaren 1etik 1999ko apirilaren 10era bitarte aldi baterako kontratupean emandako zerbitzualdiak, apirilaren 6ko 11/1999 Foru Legearen aplikazio esparruko izendapena bazuten, artikulu honetan ezarritako arauei jarraikiz ebaluatuko dira.

2. Artikulu honetan aipatzen den aldi baterako kontratupean emandako zerbitzualdien ebaluazioa kontuan hartuko da, bakar-bakarrik, profesionalak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan jabetzako lanpostua hartzen duenean, apirilaren 6ko 11/1999 Foru Legearen aplikazio esparruko izendapenarekin, eta une horretan sartuko da bete-betean lanbide karreraren sisteman.

3. Zerbitzualditzat hartuko da dagokion kontratua edo izendapena hasten denetik bukatzen den arteko denbora.

4. 1992ko urtarrilaren 1etik 1999ko apirilaren 10era bitarte aldi baterako kontratupean emandako zerbitzualdiak baloratzeko, puntu bat emanen da zerbitzuan emandako urte oso bakoitzeko, Foru Dekretu honetako 3. artikuluan aipatutako egonaldia osatzeko.

5. 1992ko urtarrilaren 1etik 1999ko apirilaren 10era bitarte lanbide hobekuntza eta eguneratzearen arloan lortutako merezimenduak baloratzeko, Foru Dekretu honetan ezarririko arau orokorrak aplikatuko dira.

6. Lanbide hobekuntza eta eguneratzearen arloko merezimenduen ebaluazioa interesatuak eskatu beharko du, Foru Dekretu honetako 8. artikuluan ezarritako prozeduraren bidez. Eskaerarekin batera, 1992ko urtarrilaren 1etik 1999ko apirilaren 10era bitarte aldi baterako kontratupean emandako zerbitzualdien ziurtagiriak aurkeztuko ditu.

7. Aldi baterako kontratupean emandako zerbitzuek II. mailara igotzeko eskatutako egonaldia osatzen badute, eta profesionalak frogatzen baldin badu egonaldi horietan maila horretara igotzeko lanbide hobekuntza eta eguneratzearen arloko puntuazioa lortu duela (Foru Dekretu honetako 4. artikuluko 3.b) atalean aipatzen da puntuazio hori), Ebaluazio Batzordeak proposamena eginen du lanbide karrerako II. mailara igotzeko eta igoera horrek ondorioak izanen ditu Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan jabetzako lanpostuarekin sartu ondoko urtarrilaren 1etik aurrera. Aldi baterako kontratupean emandako zerbitzu urteak II. mailara igotzeko eskatzen direnak baino gehiago baldin badira, soberako urte horiei Foru Dekretu honetako 11.2 artikuluan ezarritakoa aplikatuko zaie.

8. Aldi baterako kontratupean emandako zerbitzuek II. mailara igotzeko eskatutako egonaldia osatzen badute ere, profesionalak frogatzen ez badu egonaldi horietan maila horretara igotzeko lanbide hobekuntza eta eguneratzearen arloko puntuazioa lortu duela (Foru Dekretu honetako 4. artikuluko 2. atalean aipatzen da puntuazio hori), lanbide karrerako II. mailara igotzeko baldintza izanen da profesionalak puntuazio hori erdiesteko lanbide hobekuntza eta eguneratzearen arloko merezimenduak frogatzea, jabetzako lanpostua hartu ondoko jardueren bidez. Kasu horretan, eta Ebaluazio Batzordeak balorazioa eta proposamena egin ondoren, maila igoerak ondorioak izanen ditu profesionalak aipatu baldintza bete duela frogatu ondoko urtarrilaren 1etik aurrera. Emandako zerbitzu urteak II. mailara igotzeko eskatzen direnak baino gehiago baldin badira, soberako urte horiei Foru Dekretu honetako 11.2 artikuluan ezarritakoa aplikatuko zaie.

9. Aldi baterako kontratupean emandako zerbitzuek II. mailara igotzeko eskatutako egonaldia osatzen ez badute, jabetzako lanpostua hartu ondoko emandako zerbitzuei erantsiko zaizkie. Kasu horretan, II. mailara igotzeko ondoko baldintza hauek bete beharko dira:

a) Foru Dekretu honetako 3. artikuluan ezarritako egonaldia betea izatea.

b) Foru Dekretu honetako 4.2 artikuluan lanbide hobekuntza eta eguneratzeari buruz ezarritako puntuazioa frogatzea.

c) Foru Dekretu honetako lehenbiziko xedapen gehigarrian aipatu kasuetan izan ezik, Foru Dekretu honetako 4. artikuluko 2. eta 3.a) ataletan osasun laguntzaren arloko jarduerei buruz ezarritako puntuazioa frogatzea, jabetzako lanpostua hartu zuenetik eskaturiko egonaldia osatzeko falta den denborari dagokion proportzioan. Urte naturala osatzen ez duten egonaldiak ebaluatzeko, urte osoa zerbitzuan emandakotzat hartuko da eta profesionalaren puntuazioa kalkulatzeko, Foru Dekretu honetako 5.4 artikulua aplikatuko da, zerbitzuan emandako aldiari dagokion proportzioan.

Maila igoera Ebaluazio Batzordeak balorazioa eta proposamena egin ondoren eginen da eta haren ondorioak aipatu baldintzak bete dituela frogatu ondoko urtarrilaren 1etik aurrera izanen dira.

21. artikulua

1. Apirilaren 6ko 11/1999 Foru Legearen aplikazio esparruko izendapenarekin, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako 1999ko apirilaren 10etik aurrera aldi baterako kontratupean emandako zerbitzuak ebaluatzeko, artikulu honetan ezarritako arauak aplikatuko dira.

2. Artikulu honetan aipatzen den aldi baterako kontratupean emandako zerbizuen ebaluazioa aintzat hartuko da, bakar-bakarrik, profesionala jabetzako lanpostua hartzen duenean Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan, apirilaren 6ko 11/1999 Foru Legearen aplikazio esparruko izendapenarekin, orduan sartuko baita bete-betean lanbide karrerako sisteman.

3. Artikulu honetan aipatu aldi baterako kontratupean emandako zerbitzuak ebaluatzeko, beharrezkoa izanen da kontratazioa lan talde bereko lanposturako izatea eta urte natural bakoitzean lanpostu horretarako ezarritako urteko lanaldiaren ehuneko berrogeita hamar hartzea, gutxienez.

Aipatu baldintzak betetzen baldin badira, kontratua edo izendapena hasi zenetik bukatu zen arteko denbora zerbitzuan emandakotzat joko da. Arau hau etengabeko edo guardiako osasun laguntza emateko helburua duten kontratuei aplikatuko zaie, eta urteko lanaldiaren ehuneko berrogeita hamarrari buruzko baldintza betetzat emanen da kontratazio aldia sei hilabete edo gehiagokoa baldin bada urte naturalaren barruan.

4. Foru Dekretu honetako 3. artikuluan egonaldiari buruz ezarritakoa betetzeko, 1999ko apirilaren 10etik aurrera aldi baterako kontratupean emandako zerbitzuengatik, puntu bat emanen da zerbitzuan emandako urte bakoitzeko.

5. Artikulu honetan aipatzen diren langileen osasun laguntzaren arloko jarduerak Foru Dekretu honetan ezarritako balorazio eta prozedura arau orokorrei jarraikiz ebaluatuko dira, ondoko berezitasunekin:

a) Artikulu honetako 3. puntuan agindutakoaari jarraikiz, lanpostu batean aldi bateko kontratupean emandako zerbitzualdiak ez dira ebaluatuko baldin eta lanpostu horretarako ezarritako urteko lanaldiaren ehuneko berrogeita hamar osatzen ez badute.

b) Urte natural batean emandako zerbitzualdiak lanpostu horretarako ezarritako urteko lanaldiaren ehuneko berrogeita hamar osatzen ez badu, osasun laguntzako jarduerak aurreko 9.c) atalean finkaturikoari jarraikiz eginen da.

6. Artikulu honetan aipatu langileen lanbide hobekuntza eta eguneratzeari buruzko merezimenduak Foru Dekretu honetan ezarritako balorazio eta prozedura arau orokorrei jarraikiz ebaluatuko dira, baldin eta 1999ko apirilaren 10etik profesionalak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan jabetzako lanpostua hartzen duen egunera bitarteko aldian erdietsi badira.

7. Lanbide karrerako II. mailara edo hurrengoetara igotzeko, aldi baterako kontratupean emandako zerbitzualdiei dagokien puntuazioa, hala nola aldi horietan osasun laguntzako jarduerengatik eta lanbide hobekuntza eta eguneratzekoengatik baremoan lortutakoa, egonaldiarengatik eta baremoarengatik profesionalak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan jabetzako lanpostua hartu zuenetik frogatu dituen puntuazioei erantsiko zaizkie, Foru Dekretu honetan ezarritako arau orokorrei jarraikiz. Maila igoeraren ondorioen data ezin da inola ere izan profesionala Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan jabetzako lanpostuarekin sartu den egunekoa baino lehenagokoa.

22. artikulua

Osasun Departamentuko Zuzendaritza Nagusiari jabetzako lanpostuarekin atxikiriko osasun arloko langileei, baldin eta horretara sartu eta izendatzeko beharrezkoa izan bada Medikuntza eta Kirurgiako edo Farmaziako lizentziatu titulua izatea, eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua ukitzen duten osasun plangintza, ebaluazio edo ikuskatzailetza eginkizunak betetzen badituzte, lanbide karrerako sistema aplikatuko zaie Foru Dekretu honetako 19., 20. eta 21. artikuluetan ezarritako arauei jarraikiz.

Horretarako, ondoko xehetasun hauek hartuko dira kontuan:

a) Jabetzako lanpostuarekin atxikirik egoteko betebeharra Osasun Departamentuko Zuzendaritza Nagusia osatzen duten zerbitzu guztiei aplikatuko zaie.

b) Ebaluazio Batzordeak hala behar izanez gero eginen duen proposamena Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari igorriko dio.

c) Osasun Departamentuko Zuzendaritza Nagusian jabetzako lanpostuarekin eta, hala bada, aldi baterako kontratupean emandako zerbitzuak kontuan hartuko dira mailan eskatutako egonaldia osatzeko, bakar-bakarrik Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua ukitzen duten osasun plangintza, ebaluazio edo ikuskatzailetza eginkizunetan eman baldin baziren.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenbizikoa

1. Foru Dekretu hau aplikatzerakoan, ondoko hauek joko dira lan taldetzat:

a) Oro har, Oinarrizko Osasun Laguntzako Taldeak, Adimen Osasuneko Taldeak eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan Zerbitzu maila izanik, Osasun Departamentuaren Zuzendaritza Nagusiaren esparruan Zerbitzuko Zuzendaritzaren maila duten administrazio eta osasun laguntzako unitateak.

b) Zerbitzuz beheitiko maila duten administrazio eta osasun laguntzako unitateak, Zerbitzu bati atxikirik ez badaude. Dena den, aipatu unitateetako bik edo gehiagok menpekotasun edo osagarritasuneko loturak baldin badituzte beren jardueran eta horren ondorioz, horientzako helburu komunak ezartzeko bidea badago, zentroko zuzendaritzak zilegi izanen du unitate horiekin lan talde bakarra osatzeko agintzea, kasu bakoitzean erabakitzen den arduradunaren zuzendaritzapean.

c) Zerbitzu bati atxikirik izanik, bolumen edo espezalizazio arrazoiak direla eta, Zerbitzuko zuzendariaren proposamenaz eta zentroko Zuzendaritzaren onespenarekin, lan talde autonomoa osatzeko bereizten diren administrazio eta osasun laguntzako unitateak.

2. Foru Dekretu aplikatzerakoan, lan taldearen arduraduntzat joko dira aurreko 1. puntuan aipatu administrazio eta osasun laguntzako unitateetako burutzen titularrak, hala nola aurreko 1. puntuko b) atalean aurreikusitakoari jarraikiz berariaz ezartzen diren arduradunak.

3. Foru Dekretu hau aplikatzerakoan, ondoko hau izanen da zentroko zuzendaritza:

a) Dagokion Oinarrizko Osasun Laguntzako Zuzendariordetza, Oinarrizko Osasun Laguntzako Taldeen eta larrialdietarako ospitalez kanpoko zerbitzuen kasuan.

b) Adimen Osasuneko Zuzendariordetza, Foru Dekretu honetako 14.1.b) artikuluan aipatu zentro, zerbitzu eta unitateen kasuan.

c) Anbulatorioak Koordinatzeko Zuzendariordetza, laguntza espezializatuko osasun etxeei atxikiriko zerbitzu eta unitateen kasuan.

d) Laguntza Espezializatuko Zuzendaritzari atxikitako zentro bakoitzeko zuzendaritza, abenduaren 26ko 604/1995 Foru Dekretuko 27. artikuluarekin bat etorriz. Salbuespenak dira Nafarroako Odol Bankua eta Ikerketa Biomedikorako Zentroa, horietako zuzendaritza Laguntza Espezializatuko Zuzendaritzaren esku izanen baita.

e) Dagokion Zuzendariordetza, edo, horrelakorik ez bada, Zuzendaritza, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren menpekoak izanik, aurreko a), b), c) eta d) ataletan aipatutako zentro, zerbitzu eta unitateei atxikirik ez dauden profesionalen kasuan.

f) Osasun Departamentuaren Zuzendaritza Nagusia, apirilaren 6ko 11/1999 Foru Legeko hirugarren xedapen gehigarrian aipatu profesionalek osatzen dituzten zerbitzuen kasuan.

Bigarrena

Osasun kontseilariak baimena eman ahalko du prestakuntza eta ikerketari buruzko merezimenduen erregistroa profesionalen elkarte publikoek egin ditzaten, eta horrela, mailaz igotzeko eskaera egiten dutenean, elkarte horiek emandako ziurtagiriak aurkeztu ahalko dituzte Dekretu honetan eskatzen diren ziurtagirien ordez; ziurtagiri horiek egiazkoak izatea elkarte horien ardura izanen da.

Xedapen Iragankorrak

1. Langileak, izendapena baldin badute apirilaren 6ko 11/1999 Foru Legearen aplikazio esparruaren eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan 1992tik 1995era bitarteko urteetan bertako langile fakultatiboentzat indarra zuen akoplamendu prozesu iragankorraren esparruaren barruan, lanbide karreran 1995eko abenduaren 31n onartua zuten maila adjudikatuko zaie 1996ko urtarrilaren 1eko datarekin, akoplamendu iragankorreko maila gisara eta egun horretatik gertatzen diren maila igoerak ondoko ataletan agindutakoari jarraikiz eginen dira.

2. 1996ko urtarrilaren 1etik, 1997ko urtarrilaren 1etik, 1998ko urtarrilaren 1etik eta 1999ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioak dituzten maila aldaketak Europako Batasuneko estatuetakio osasun sistema publikoetan jabetzako lanpostuetan emandako zerbitzu urteen arabera eginen dira, apirilaren 6ko 11/1999 Foru Legeko bigarren xedapen iragankorrean agindu bezala.

3. 2000ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioak duen maila igoera ondoko arau hauei jarraikiz eginen da:

a) Lanbide karrerako maila batetik bestera igotzeko, profesionalek hurrengo mailara igotzeko eskaturiko egonaldia betetzen dutela frogatu beharko dute Foru Dekretu honetako xedapenetan ezarritakoari jarraikiz.

b) Osasun laguntzaren arloko jarduerak ebaluatzeko oinarria profesionalak 1999ko ekitaldiari buruz aurkeztu behar duen jarduera-memoria izanen da. Profesionalaren lan taldearen arduradunak eta zentroko zuzendaritzak txostena eginen dute memoria horren gainean. Ebaluazio Batzordeak osasun laguntzaren arloko jardueren ebaluazioa gainditutzat emanen du aipatu txostenetan interesatuak aurkeztutako memoriaren kontrako eragozpenik azaltzen ez bada.

c) Profesionalak Foru Dekretu honetako 4.3.b) artikuluan lanbide hobekuntza eta eguneratzeari buruz ezarritako puntuazioa frogatu beharko du, 1999ko apirilaren 10etik egonaldiari buruz eskatutako baldintza betetzen den egunera arteko denborari dagokion proportzioan. Azken data hori 1999ko irailaren 30a baino geroagokoa baldin bada, eta interesatuak hala eskatuta 1996tik aurrera egindako jarduerak hurrengo atalari jarraikiz kreditatzen direnean izan ezik, profesionalak, lanbide hobekuntza eta eguneratzearen arloko puntuazioari buruzko baldintza bete ordez, memoria bat aurketuko du prestakuntza eta ikerketaren arloan egindako jardueren gainean; profesionalaren lan taldearen arduradunak eta zentroko zuzendaritzak txostena eginen dute memoria horri buruz eta Ebaluazio Batzordeak lanbide hobekuntza eta eguneratzearen arloko jardueren ebaluazioa gainditutzat emanen du aipatu txostenetan interesatuak aurkeztutako memoriaren kontrako eragozpenik azaltzen ez bada.

d) Lanbide hobekuntza eta eguneratzearen arloko jardueren ebaluazioari begira, interesatuak zilegi izanen du 1996tik aurrera erdietsitako merezimenduak frogatzea. Hala bada, mailaz igotzeko beharrezkoa izanen da profesionalak lanbide hobekuntza eta eguneratzearen arloko jarduerei buruz Foru Dekretu honetako 4.3.b) artikuluan ezarritako puntuazioa kreditatzea, 1996ko urtarrilaren 1etik egonaldiari buruz eskatutako baldintza betetzen den egunera arteko denborari dagokion proportzioan.

4. 2001eko eta hurrengo urteetako urtarrilaren 1etik aurrera, maila igoera Foru Dekretu honetan ezarritako arau orokorrei jarraikiz eginen da, apirilaren 6ko 11/1999 Foru Legeko lehenbiziko xedapen iragankorra aplikatzearen ondorioz egin beharreko zehaztasunekin:

a) Osasun laguntzaren arloko jarduerak eta lanbide hobekuntza eta eguneratzearen arlokoak Foru Dekretu honetan ezarritako arauei eta baremoari jarraikiz ebaluatzeko, maila bakoitzean, 4.2 artikuluan ezarritako puntuazio osoa eskatuko da, 2000ko urtarrilaren 1etik mailaz igotzeko egonaldiari buruz eskatutako baldintza betetzen den egunera arteko denborari dagokion proportzioan.

b) Lanbide hobekuntza eta eguneratzeko jardueren ebaluazioari dagokionez, interesatuak aukera egin ahalko du 1996ko urtarrilaren 1etik aurrera kreditatu direnen nahiz azken maila igoeraren egunetik frogatu direnen artean, azken data hori aurrekoa baino geroagokoa baldin bada. Bigarren aukera hartuz gero, profesionalak, mailaz igotzeko, aurreko a) atalean aipatu puntuazioa betetzeaz gain, lanbide hobekuntza eta eguneratzeari buruz Foru Dekretu honetako 4.3.b) artikuluan ezarritako puntuazioaren parte bat lortu beharko du, eskatutako egonaldiari buruz, 1996ko urtarrilaren 1etik edo, geroagokoa bada, azken maila igoeraren egunetik 1999ko abenduaren 31ra bitarteko aldiari dagokion proportzioan, hain zuzen.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa

Foru Dekretu honetan aipatzen diren Ebaluazio Batzordeak hura argitaratu eta hilabeteko epean eratuko dira.

Bigarrena

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

I. ERANSKINA. LANBIDE HOBEKUNTZA ETA EGUNERATZEARI BURUZKO ATALA BALORATZEKO BAREMOA

I. ERANSKINA

A. Prestakuntza eta ikerketa jarduerak. atal honetan ondoko merezimenduak sartzen dira:

1) Prestakuntza jarduerak.

a) Hartutako prestakuntza: 5 unitate emanen dira kreditu bakoitzeko. Ikastaro edo jarduera bakoitzeko 100 unitate emanen dira gehienez.

b) Emandako prestakuntza: 10 unitate emanen dira kreditu bakoitzeko.

c) Ikerketa nahikotasuna: 15 unitate emanen dira.

d) Doktoretza: 50 unitate.

e) Gradu ondoko prestakuntza hori emateko gaitasuna duten zentro edo zerbitzuetan: 10 unitate emanen dira egoiliar eta urte bakoitzeko, zentro edo zerbitzuko kide guztien artean banatzeko. Tutorearen puntuazioak besteenak halako hiru balioko du.

Atal honetan ezarritako kreditu bitarteko puntuazioa Etengabeko Prestakuntzarako Batzordeak ematen dituen ziurtagirien arabera emanen da, eta horrelakorik ez badago, kreditu bat emanen da hamar orduko.

2) Baloratuko diren jarduerak ondoren azaltzen direnak dira, betiere ohiko lanarekin lotura badute, eta ez da sei sinatzaile baino gehiago baloratuko jarduera bakoitzeko.

a) Argitalpenak idazkarietan, ondoren azaldu bezala:

a.1) Nazioarteko indizeetan dauden atzerriko aldizkariak badira, 30 unitate lehenbiziko bi sinatzaileei eta 10 unitate ondokoei.

a.2) Nazioarteko indizeetan dauden Espainiako aldizkariak badira, 20 unitate lehenbiziko bi sinatzaileei eta 5 unitate ondokoei.

a.3) Nazioarteko indizeetan ez dauden Espainiako aldizkariak badira, 10 unitate lehenbiziko bi sinatzaileei eta 2'5 unitate ondokoei.

Aldizkarietarako Journal Citation Report erakundeak urte horretarako ezarri duen Eragin Faktorearen arabera, lana argitaratu duen aldizkariaren eragin faktorea puntu bat baino txikiagoa baldin bada, 5 unitate gehiago emanen dira, eta puntu bat edo gehiagokoa bada, 15 unitate, ohar kliniko eta zuzendariarentzako gutunetan izan ezik. Eragin faktore horretako justifikazioa egileen esku egonen da.

b) Liburuen argitalpena: 20 unitate kapitulu bakoitzeko, gehienez 60 unitate liburu bakoitzeko.

c) Kongresuetara ponentziak aurkeztea, ondoren azaldu bezala:

c.1) Ponente edo hizlari aritzeagatik nazioarteko kongresu edo jardunaldi batean, 30 unitate.

c.2) Ponente edo hizlari aritzeagatik kongresu edo jardunaldi nazional batean, 20 unitate.

c.3) Ponente edo hizlari aritzeagatik eskualdeko kongresu edo jardunaldi batean, 10 unitate.

d) Mahainguruetan parte hartzeagatik: 20 unitate nazioartekoak badira, 15 unitate nazionalak badira eta 5 eskualdekoak badira.

e) Kongresuetan komunikazio edo posterrak aurkeztea, ondoren azaldu bezala:

e.1) Nazioartekoa bada, 15 unitate lehenbiziko bi sinatzaileei eta 7 unitate hurrengoei.

e.2) Nazionala bada, 10 unitate lehenbiziko bi sinatzaileei eta 5 unitate hurrengoei.

e.3) Eskualdekoa bada, 5 unitate lehenbiziko bi sinatzaileei eta 2 unitate hurrengoei.

f) Ikerketa proiektuetan parte hartzeagatik: 20 unitate lehenbiziko bi sinatzaileei eta 5 unitate hurrengoei. Irabazi asmorik gabeko agentzia publiko zein pribatuek finantzaturiko bekak baloratuko dira bakarrik, haien deialdia lehiakortasun irekiaren bidez egin bada, eta haien puntuazioari begira ez dira aintzat hartuko horien ondorioz ateratzen diren argitalpenak. Nolanahi ere, saio klinikoetako parte hartzea ez da baloratuko.

B. garapen teknikoko eta zuzendarita eta kudeaketako jarduerak.

1) Garapen teknikoko jarduerak.

a) Batzorde edo talde teknikoetan parte hartzea, Osasun kontseilariak, Osasun zuzendari nagusiak edo Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak izendaturik, 10 unitate batzordeko edo urte bakoitzeko.

b) Organo eskudunaren ebazpenaz eraturiko batzorde edo talde teknikoetan parte hartzea: 5 unitate batzordeko edo urte bakoitzeko.

c) Prestakuntzarako egonaldiak: hilabete bakoitzeko 50 unitateri buruzko proportzioan, gehienez 50 unitate mailan egoten den aldi bakoitzeko.

d) Zentro eta zerbitzuen antolakuntzan eta lan sistemetan zuzenenko eragina duten hobekuntza proiektuak: zerbitzuak hobetzeko planak, lehiakortasuna hobetzeko planak, prozeduren arrazionalizazioa hobetzekoak eta kudeaketa metodoak hobetzekoak.

Atal honetan balorazioari begira kontuan hartuko diren hobekuntza proiektuek ondoko baldintza hauek bete beharko dituzte:

1) Lan taldearen helburuetan edo kudeaketa itunean egotea.

2) Metodologia egokia izatea.

3) Problemaren analisia eta identifikazioa barne hartzea, hala nola hura zuzentzeko neurriak eta ebaluazioa.

Hobekuntza proiektuak bost mailatan banatzen dira, haien konplexutasunaren, aplikazio esparruaren eta erakundearen helburu estrategikoetara bideratuak egoteko mailaren arabera.

Hobekuntza proiektuari maila adjudikatuko zaio lan taldearen helburuetan edo kudeaketa itunean sartzeko onesten denean.

Urtero baloratuko da proiektuaren urteko memoria aurkeztu ondoren, maila desberdinei dagozkien puntuazio hauen arabera:

I. maila: 10 unitate sinatzaile bakoitzeko, gehienez 40 unitate sinatzaile guztientzat.

II. maila: 20 unitate sinatzaile bakoitzeko, gehienez 100 unitate sinatzaile guztientzat.

III. maila: 40 unitate sinatzaile bakoitzeko, gehienez 240 unitate sinatzaile guztientzat.

IV. maila: 75 unitate sinatzaile bakoitzeko, gehienez 600 unitate sinatzaile guztientzat.

V. maila: 100 unitate sinatzaile bakoitzeko, gehienez 800 unitate sinatzaile guztientzat.

Unitateak modu linealaz banatuko dira sinatzaile guztien artean, sinatzaile guztiek bestela proposatzen dutenean salbu.

2) Zuzendaritza eta kudeaketako jarduerak.

a) Urteko helburuen artean kudeaketa klinikoko konpromisoak dituen lan talde bateko kide izateagatik, gehienez 25 unitate emanen dira urteko.

Kudeaketa klinikoa dagoela joko da profesionala osasun laguntzako unitatearen baliabide guztien kudeaketan inplikatzen denean.

b) Osasun Departamentuan eta haren erakunde autonomoetan izendapen libreko lanpostuetan aritzeagatik, alde batera utzirik Foru Komunitatearen Administrazioko plantillako langileekin bete behar diren ala ez, 20 unitate zerbitzuan emandako urte bakoitzeko; bestalde, ezin izanen da baremoan puntu gehiego lortu garapen tekniko eta zuzendaritza eta kudeaketari buruzko gainerako ataletan.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web