(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

370/1998 FORU DEKRETUA, ABENDUAREN 30EKOA, ZUZENEKO ZENBATESPEN ERREGIMEN ERRAZTUA ARAUTZEN DUENA Nota de Vigencia

BON N.º 157 - 31/12/1998; corr. err., BON 1/03/1999



Atariko

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Lege 22/1998, abenduaren 30ekoa, enpresazko eta lanbidezko jardueren etekinak zuzenean zenbatesteko modalitate erraztu bat ezarri du. Hori erregelamendu bidez garatu beharra dago haren norainokoak zehazteko eta etekin garbia zehazteko behar diren arauak ezartzeko.

Horrenbestez, Ekonomi eta Ogasun kontseilariak proposaturik, Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko abenduaren hogeitahamarrean eginiko bilkuran harturiko Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua . Aplikatzeko eremua Nota de Vigencia.

1. Zuzeneko zenbatespen erregimenaren modalitate erraztua subjektu pasiboak garatzen dituen enpresazko edo lanbidezko jarduera guztiei aplikatuko zaie, baldin eta haren etekinak zenbatespen objektiboko erregimenaren bidez zehazten ez badira eta

1goa. Negozioko zifraren zenbateko garbiak urtean ehun milioi pezeta baino gutxiago egiten badu.

Zifra hori zehazteko, Sozietate Anonimoei buruzko Legearen Testu Bategineko 191. artikuluan xedaturikoarekin bat, produktuen salmentaren eta subjektu pasiboaren jarduera arruntei dagozkien zerbitzuen ematearen zenbatekoak zenbatuko dira, hobariak eta salmenten gaineko beste murrizketak kenduta, eta Balio Erantsiaren gaineko Zerga eta negozioko zifrarekin zuzenean zerikusirik duten gainerako zergak ere bai. Komisio-hartzaileak badira, komisioen zenbateko osoa hartuko da kontuan.

2garren. Modalitate honi uko egiten ez badiote.

2. Zuzeneko zenbatespen erregimenaren modalitate erraztua aplikatzeko mugatako ezartzen den negozioko zifraren zenbateko garbiaren erreferentzia modalitatea aplikatu behar deneko aurreko urtekoa izanen da.

Jardueraren lehenbiziko urtean, etekin garbia zenbatespen objektiboko erregimenaren bidez zehazten ez denean, modalitate hau izanen da aplikatzekoa, horri uko egiten zaionean salbu.

Jarduera hasi deneko urtea idazati honetako lehenengo lerroaldean aipatzen den aurreko urtea izan denean, negozioko zifraren zenbateko garbia urtera aldatuko da.

2. artikulua . Ukoak eta salbuespenak Nota de Vigencia.

1. Zuzeneko zenbatespen erregimenaren modalitate erraztuari egiteko ukoa horrek ondorioak izan behar dituen urte naturalaren hasieraren aurreko abenduan eginen da edo, jardueraren hasieraren kasuan, hasi eta hurrengo hogeita hamar eguneko epean.

Ukoak gutxienez ere hiru urtetarako izanen ditu ondorioak. Epe hori iraganik, tazituki luzatutzat joko da modalitatea aplika litekeen hurrengo urte bakoitzerako, arestiko idazatian aurreikusiriko epean ukoa atzera egiten denean salbu.

Zuzeneko zenbatespen erregimenaren modalitate erraztuari egiteko ukoak ondorioak sortu behar dituen urtearen aurrekoan modalitate honen aplikazio eremuak ezartzen duen muga gainditzen bada, uko hori ez da egintzat emanen.

Ukoa eta horren baliogabetzea Ekonomi eta Ogasun Departamentuak onesten duen ereduaren araberako adierazpenaren bidez eginen dira.

2. Arestiko artikuluan ezarririko muga gainditzea zuzeneko zenbatespen erregimenaren modalitate erraztutik salbuesteko zergatiko erabakigarria izanen da.

Salbuespenak gorabehera hori gertatu eta hurrengo urtean izanen ditu ondorioak.

3. artikulua . Etekin garbia ezartzea Nota de Vigencia.

1. Zuzeneko zenbatespen erregimenaren modalitate erraztua aplika dakiekeen enpresazko edo lanbidezko jardueren etekin garbia Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legeko 34 eta 35. artikuluetako arauei jarraikiz zehaztuko da, berezitasun hauek berezitasun:

1goa. Ibilgetu materialaren amortizazioak linealki gauzatuko dira. Urte bakoitzari ondorengo laukian ondarezko elementu bakoitzerako ezartzen den koefizientea aplikatuko zaio.

Urteko koefizientea

Bulego, merkataritza, zerbitzu eta etxebizitzetarako eraikinak 4

Industrietarako eraikinak 5

Instalazioak 15

Makinak 15

Altzariak 15

Informazio prozesuetarako ekipoak 25

Garraiobideak (autobusak, autokamioiak, furgonetak, etab.) 20

Barneko garraiobideak 15

Moldeak, ereduak, trokelak eta matrizeak 33

Lanabesak eta tresnak Benetako baliogab.

Bestelako ibilgetu materiala 10

2garren. Hornidurak ez dira kengarri izanen.

2. Arestiko idazatian xedaturikoarekin bat kalkulaturikoaren etekin garbiari ehuneko 5eko kenkaria eginen zaio.

4. artikulua . Atribuzio erregimeneko entitateak Nota de Vigencia.

1. Zuzeneko zenbatespen erregimenaren modalitate erraztua Zergari buruzko Foru Legeko 11. artikuluan aipatzen diren entitateek garatzen dituzten enpresazko edo lanbidezko jardueren etekin garbia ezartzeko aplikagarria izanen da, baldin eta:

1goa. Haren kide, oinordeko, komunero edo partaide guztiak pertsona fisikoak badira.

2garren. Entitateak Foru Dekretu honetako 1. artikuluan zehazturiko betebeharrak betetzen baditu.

2. Modalitateari uko egin nahi bazaio, bazkide, oinordeko, komunero edo partaide guztiek adostasuna adieraziko dute, Foru Dekretu honetako 2. artikuluan xedaturikoarekin bat.

3. Modalitate hau bazkide, oinordeko, komunero edo partaide bakoitzaren inguruabarrak kontuan hartu gabe aplikatuko da.

5. artikulua . Kontabilitateko eta erregistroko eginbeharrak Nota de Vigencia.

1. Enpresazko jarduerak egiten dituzten subjektu pasiboen kontabilitateko eta erregistroko eginbeharrak, haien etekinak zuzeneko zenbatespen erregimenaren modalitate erraztuan zehazten badira, erregistroko liburu hauek arteztea besterik ez dira izanen:

a) Salmenten eta dirusarreren erregistroko liburua.

b) Erosketen eta gastuen erregistroko liburua.

c) Inbertsioko ondasunen erregistroko liburua.

2. Lanbidezko jarduerak egiten dituzten subjektu pasiboen kontabilitateko eta erregistroko eginbeharrak, haien etekinak zuzeneko zenbatespen erregimenaren modalitate erraztuan zehazten badira, erregistroko liburu hauek arteztea besterik ez dira izanen:

a) Dirusarreren erregistroko liburua.

b) Gastuen erregistroko liburua.

c) Inbertsioko ondasunen erregistroko liburua.

d) Fondo eta ordezpen horniduren erregistroko liburua.

3. Arestiko bi idazatietan aipaturiko erregistroko liburuei Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduko 64. artikuluan izaera orokorrez artezte eta eginbideetarako ezarririko arauak aplikatuko zaizkie.

Xedapen Gehigarriak Lehena. Ibilgetu materialaren elementuak erregistratzeko arauak Nota de Vigencia.

Enpresazko edo lanbidezko jarduerak egiten dituzten subjektu pasiboek, haien etekin garbiak 1999tik aurrera zuzeneko zenbatespen erregimenaren modalitate erraztuaren bidez zehazten badira eta jarduera horiei hura aplikatu baino lehen eskuraturiko ibilgabetu materialaren elementuak atxikirik badaude, ondoko arau hauei jarraikiz arteztuko dute inbertsioko ondasunen erregistroko liburua:

1. 1goa. Identifikatu ahal izateko moduan erregistratuko dituzte elementu horiek, baita eskuratzeko eguna eta balioa ere.

2. Etekin garbia zenbatespen objektiboko erregimenaren bidez zehaztu deneko zergaldiei dagokien amortizazio metatua erregistratzeko, lauki honetan ondarezko elementu bakoitzerako ezartzen den koefizientearen aplikazioaren ondoriozkoa zenbatuko da:

Urteko koefizientea

Bulego, merkataritza, zerbitzu eta etxebizitzetarako eraikinak 3

Industrietarako eraikinak 4

Instalazioak 10

Makinak 10

Altzariak 10

Informazio prozesuetarako ekipoak 17

Garraiobideak (autobusak, autokamioiak, furgonetak, etab.) 13

Barneko garraiobideak 10

Moldeak, ereduak, trokelak eta matrizeak 20

Lanabesak eta tresnak

Benetako baliogab.

Bestelako ibilgetu materiala 7

Xedapen Gehigarriak Bigarrena. Bateraezintasunen erregimena Nota de Vigencia.

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduan zuzeneko zenbatespen erregimenaren bateragarritasunari eta koordinazioari buruz ezarririko arauak modalitate erraztuari aplikatuko zaizkio.

Xedapen Iragankorrak Lehena. 1999rako zuzeneko zenbatespen erregimenaren modalitate erraztuari uko egitea.

Salbuespen gisa, 1999rako zuzeneko zenbatespen erregimenaren modalitate erraztuari 1999ko apirilaren 1a baino lehen egin beharko zaio uko.

Xedapen Iragankorrak Bigarrena. Erregistroko liburuen eginbideak.

Salbuespen gisa, 1999rako, erregistro liburuetarako Foru Dekretu honetako 5. artikuluan aipatzen diren eginbideak, subjektu pasiboa Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan erregistroko liburuen arteztea eta eginbideak ezartzen dituen abenduaren 12ko 1224/1995 Foru Aginduko 2. artikuluko B) letran ezarririko erregimen bereziari atxikirik dagoeneko kasuetan, haiek Foru Dekretu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu baino lehen burutu ez badira, 1999ko ekainaren 30a arte egiten ahalko dira.

Xedapen Indargabetzailea Nota de Vigencia

Foru Dekretu honek indarra hartzen duenean, bertan ezarririkoari aurka egiten dioten xedapen guztiak indarrik gabe geldituko dira eta, bereziki, zenbatespen objektiboko metodoko koefizienteen modalitatea arautzen dutenak.

Azken Xedapena

Foru Dekretu honek 1999ko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko abenduaren hogeitahamarrean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanza Sesma.-Ekonomi eta Ogasun kontseilaria, José María Aracama Yoldi.

Iragarkiaren kodea: A9811543

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web