(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

368/1998 FORU DEKRETUA, ABENDUAREN 28KOA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO OSASUN LANBIDEEN ETENGABEKO PRESTAKUNTZARAKO BATZORDEA SORTZEN DUENA

BON N.º 11 - 25/01/1999



  ERANSKINA. OSASUN LANBIDEEN ETENGABEKO PRESTAKUNTZARI BURUZKO OSASUN SISTEMA NAZIONALAREN LURRALEARTEKO KONTSEILUAREN KONFERENTZIA SEKTORIALEKO HITZARMENA


Atariko

Osasun Sistema Nazionalaren Lurraldearteko Kontseiluak, 1997ko abenduaren 15eko osoko bilkuran, osasun lanbideen Etengabeko Prestakuntzaren gaineko Konferentzia Sektorialeko Hitzarmena onetsi zuen. Haren testua otsailaren 13ko 38. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen.

Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak, bere adostasuna erakusteko, 1997ko abenduaren 15ean Hitzarmen harekiko atxikipen protokoloa sinatu zuen.

Horren ondorioz, Nafarroako Osasun kontseilariak, gainerako Autonomia Erkidegoetako Osasun kontseilariek, Osasun eta Kontsumoko ministroak eta Hezkuntza eta Kultura ministroak erabaki dute Osasun Sistema Nazional osorako balio duen Kreditazio Sistema bat ezartzea eta lankidetza eraginkorra finkatzea Administrazio Publiko guztien artean. Horren arabera, Autonomia Erkidegoen esku uzten da zerbitzu, zentro eta entitate hornitzaileen bai eta etengabeko prestakuntza jardueren kreditazio sistema antolatu, kudeatu eta ebaluatzea.

Foru Dekretu honen xedea da Nafarroako Foru Komunitatean etengabeko osasun prestakuntzaren kreditazioa gauzatzea ahalbidetzen dituzten beharrezko organoak garatzea.

Horrenbestez, Osasun kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko abenduaren hogeita zortziko bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua

Nafarroako Foru Komunitatean Etengabeko Prestakuntzarako Batzordea sortzea, Osasun Departamentuko Zuzendaritza Nagusiari atxikiriko organo gisa. Batzordearen eskumena izanen da Nafarroako Foru Komunitatean osasun lanbideen etengabeko prestakuntzaren kreditazioa ematea, osasun lanbideen etengabeko prestakuntzari buruzko Osasun Sistema Nazionalaren Konferentzia Sektorialeko Hitzarmenaren barnean. Foru Dekretu honen Eranskinean agertzen da Hitzarmen hori.

2. artikulua.

Nafarroako Foru Komunitateko Etengabeko Prestakuntzarako Batzordea honela osatuko da:

-Nafarroako Medikuen Elkargo Ofizialeko ordezkari bat, presidenteak hautatua.

-Nafarroako Odontologo eta Estomatologoen Elkargo Ofizialeko ordezkari bat, presidenteak hautatua.

-Nafarroako Albaitarien Elkargo Ofizialeko ordezkari bat, presidenteak hautatua.

-Nafarroako Botikarien Elkargo Ofizialeko ordezkari bat, presidenteak hautatua.

-Nafarroako Erizaintzako Elkargo Ofizialeko ordezkari bat, presidenteak hautatua.

-Nafarroako Medikuen Elkargo Ofizialaren esparruko Elkarte Zientifikoen ordezkari bat, presidenteak hautatua.

-Nafarroako Unibertsitateko Medikuntza Fakultateko ordezkari bat, dekanoak hautatua.

-Nafarroako Unibertsitate Publikoko ordezkari bat, Unibertsitate Proiekziorako errektoreordeak hautatua.

-Nafarroako Ospitaleko ordezkari bat, zuzendariak hautatua.

-Bideko Ama Birjina Ospitaleko ordezkari bat, zuzendariak hautatua.

-Oinarrizko Osasun Laguntza eta Adimen Osasuneko Zuzendaritzako ordezkari bat, zuzendariak hautatua.

-Nafarroako Klinika Unibertsitarioko ordezkari bat, zuzendariak hautatua.

-Miguel Servet Fundazioko ordezkari bat, haren Patronatuko presidenteak hautatua.

-Osasunaren Irakaskuntza, Ikerketa eta Garapen Zerbitzuko ordezkari bat, Osasun Departamentuko zuzendari nagusiak hautatua.

-Osasun Departamentuko Irakaskuntza Ataleko burua, Etengabeko Prestakuntzarako Batzordeko idazkari tekniko gisa jardungo duena.

Batzordeak bere kideen artean hautatuko du presidentea. Kargua hiru urterako izanen da.

3. artikulua

Nafarroako Foru Komunitateko Etengabeko Prestakuntzarako Batzordeak eginkizun hauek izanen ditu:

1. Irakaskuntza, osasun edo administrazio zentro edo unitateak kreditatzea, horien entitate titularraren eskariz, etengabeko osasun prestakuntzako jarduerak aurrera eramateko. Kreditazio horrek Osasun Sistema Nazional osorako balioko du, Etengabeko Prestakuntzarako Batzorde Nazionalak ezarritako irizpide orokor, komun eta minimoei jarraikiz.

2. Osasun Sistema Nazional osorako etengabeko osasun prestakuntzarako jarduera konkretuak kreditatzea, horiek antolatzen dituzten pertsonen edo entitateen eskariz, Etengabeko Prestakuntzarako Batzorde Nazionalak ezarritako irizpide orokor, komun eta minimoei jarraikiz.

3. Batzordekideek edo etengabeko irakaskuntzan eta prestakuntzan aritzen diren beste entitate batzuek proposaturik, kreditazioan adituak hautatzea, Etengabeko Prestakuntzarako Batzorde Nazionalak ezarritako oinarriei jarraikiz.

4. Aurrez ezarritako eginkizunak egokiro aurrera eramateko behar den beste edozein eginkizun.

Etengabeko Prestakuntzarako Batzordeak gehiengo soilez hartuko ditu erabakiak.

4. artikulua

Nafarroako Foru Komunitateko Etengabeko Prestakuntzarako Batzordearen Idazkaritza Teknikoak eginkizun hauek izanen ditu:

1. Kreditazio eskaerak jaso eta erregistratzea.

2. Eskaerak formaren aldetik baloratzea.

3. Kreditazio eskaerak ebaluatzeko adituak hautatzea.

4. Kreditazio proposamena tramitatzea, adituen txostenak kontuan hartuta.

5. Irakaskuntzako zentro edo unitateen eta etengabeko prestakuntzarako jardueren kreditazio agiriak luzatzea.

6. Kreditazio prozesuen kudeaketarako behar diren informazio eta erregistro sistemak mantentzea.

7. Gainerako Autonomia Erkidegoekin eta Batzorde Nazionalarekin behar diren harremanak izatea Kreditazio Sistemaren ondorioetarako.

5. artikulua

Etengabeko Prestakuntzarako Batzordeak Osoko Bilkuran eta Batzorde Iraunkorrean funtzionatuko du.

Batzorde Iraunkorra Etengabeko Prestakuntzarako Batzordeak hautaturiko hiru kidek eta idazkari teknikoak osatuko dute, eta, une bakoitzerako beharrezkoak diren adituen laguntzarekin, Kreditazio Batzordearen eginkizunak eta eskumenak izanen ditu.

6. artikulua

Nafarroako Foru Komunitateko Etengabeko Prestakuntzarako Batzordearen funtzionamenduaren araubidea Foru Dekretu honetan ezarritakoa izanen da edo prestatzen ahal duen Barne Araubidearen Erregelamenduan. Aurreikusi gabeko kasuetan, Organo Kolegiatuei buruz Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen II. Tituluko II. Kapituluan bildutako aginduak aplikatuko dira.

7. artikulua

Irakaskuntzako zentro edo unitateak eta, halaber, prestakuntzarako jarduera konkretuak prozedura- arau hauen bidez kreditatuko dira:

a) Kreditazio eskaerak Idazkaritza Teknikoan aurkeztuko dira, inprimaki arautuan.

b) Eskaera gutxienez hiru eta gehienez bost ebaluatzailek ebaluatuko dute, irakaskuntzan eta etengabeko prestakuntzan adituak, modu anonimo eta independentean eta Osasun Sistema Nazionaleko Etengabeko Prestakuntzarako Batzorde Nazionalak onetsitako oinarriekin bat etorriz. Ebaluatzaile bakoitzak bere balorazioa Idazkaritza Teknikoari igorriko dio, eta honek balorazio osagarriak eskatu ahalko dizkie beste aditu batzuei, baldin eta kontraesan nabariak gertatzen badira.

Era berean, adituek tokian tokiko ebaluazioak egin ahalko dituzte Batzordeak eskatuta.

c) Idazkaritza Teknikoak ateratzen den batezbesteko proposamena igorriko dio Batzordeari eta honek bere irizpena emanen du, Osasun Sistema Nazionaleko Etengabeko Prestakuntzarako Batzorde Nazionalak emandako zuzentarauei jarraikiz.

d) Batzordearen kreditazioen kontra berrazterketa bakarra eskatzen ahal zaio haren Idazkaritza Teknikoari. Nafarroako Etengabeko Prestakuntzarako Batzordea ebazteko organo eskuduna izanen da.

e) Kreditazioaren agiriaren kontra errekurtso arrunta paratu ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazpena egiten den egunetik aitzina, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114.etik 117.era arteko artikuluen arabera.

f) Etengabeko prestakuntzarako jardueren irakasle eta ikasleei dagozkien diploma eta ziurtagiriak luzatzea jardueren zentro edo unitate antolatzaileen ardura izanen da. Agiri horietan Batzordeak emandako kredituen kopurua agertarazi beharko da.

Xedapen Gehigarriak Lehena

Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 8.2 artikuluan aurreikusitakoa betez, osasun lanbideen Etengabeko Prestakuntzari buruzko Osasun Sistema Nazionalaren Lurraldearteko Kontseiluaren Konferentzia Sektorialeko Hitzarmena argitaratzea xedatzen da. Hitzarmena Foru Dekretu honen Eranskinean heldu da.

Xedapen Gehigarriak Bigarrena

Miguel Servet Fundazioa laguntza teknikoa eta zerbitzuak eman ahalko ditu, Nafarroan Kreditazio Sistema finantzatzeko gestioan.

Azken Xedapenak Lehena

Osasun kontseilariari ahalmena ematen zaio Foru Dekretu hau aurrera eramateko behar diren xedapen guztiak eman ahal ditzan.

Azken Xedapenak Bigarrena

Foru Dekretu hau argitaratzen denetik bi hilabeteko epearen barnean Nafarroako Foru Komunitatean osasun lanbideen Etengabeko Prestakuntzarako Batzordea eratu beharko da.

Azken Xedapenak Hirugarrena

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko abenduaren hogeita zortzian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Osasun kontseilaria, Santiago Cervera Soto.

ERANSKINA. OSASUN LANBIDEEN ETENGABEKO PRESTAKUNTZARI BURUZKO OSASUN SISTEMA NAZIONALAREN LURRALEARTEKO KONTSEILUAREN KONFERENTZIA SEKTORIALEKO HITZARMENA

ERANSKINA

Hitzarmen hau sinatzen duten Administrazio publikoek

ADIERAZTEN DUTE

Lehenbizi.

Osasun arloko zientzietan gertatzen ari den etengabeko aurrerapen zientifiko eta teknikoak funtsezko eragina dutela gero eta konplexuagoa eta eraginkorragoa den osasun laguntza medikoaren antolakuntza eta funtzionamenduan, eta osasun profesionalen prestakuntzan, batez ere medikuengan, prozesu diagnostiko eta terapeutikoetan haien eginkizuna garrantzi handienekoa delako.

Jakintza zientifikoek, prestakuntza programen gune nagusia diren arren, arrunt bizitza motza daukate eta aldiro-aldiro aldatu edo berritu behar dute. Ezein sistema pedagokikok, oso ona izanda ere, ezin die bere graduatuei betiko segurtatu maila handiko lanbide trebatasuna. Etengabeko prestakuntzaren beharra nabari da osasun laguntzarako sistemetan gertatzen ari diren aldaketengatik, zeinen bidez lortu nahi baita laguntza horretan parte hartzen duten giza baliabideen eta baliabide materialen eraginkortasun handiagoa.

Halaber, kontuan hartu behar dira herrialde batean agertzen diren prozesu patologiko berriak, aldaketak erikortasunean, zenbait eritasunen prebalentzia eta agerpenak, bai eta prozesu patologiko batzuen prozedura diagnostiko eta terapeutikoen gero eta sistematizazio behar handiagoa, izan ere sistematizaziorik gabe prozesu patologiko horiek munta handiko gastuak sortzen dituzte. Era berean, kontuan hartu behar da osasuna zaintzeko jarduerak bizkor gehitu direla, eta gizartearen osasun laguntzaren eskaera etengabe gehitzen ari dela, gero eta zorrotzagoa baita osasun zerbitzuen kalitateari dagokionez.

Gurea bezalako herrialde garatuetan, medikuntzako profesionalen prestakuntza ezin bada unibertsitateko ikasketa soiletara mugatu, eta prestakuntza hori osatu behar baldin bada trebetasuna eguneratzeko aldiro- aldiroko jarduerak medio, etengabeko prestakuntza medikoaren esparruan, antzeko hausnarketa egin daiteke gainerako osasun lanbideei dagokienez, horietan guztietan beharrezkoa baita etengabeko prestakuntza.

Bigarrena.

Etengabeko osasun prestakuntza ez da inolako birtitulazioa, beraz, ez daiteke ezinbestekotzat jo, borondatezkotzat baizik, horretarako erabakia batbederak hartu behar baitu, norbanakoaren askatasuna errespetatuz. Etengabeko osasun prestakuntzarako motibazio onena, dudarik gabe, profesional bakoitzaren baitan sortzen dena da, graduatu aitzineko prestakuntzako urteetan zehar erdietsitako jarrera intelektual iraunkor gisa. Alabaina, kanpoko beste motibazioak ere aintzat hartzekoak dira, hala prestakuntza mota horri dagozkion jarduerak egiteko erraztasunak, nola profesional baten karreran, behar den garaian garatu behar den laguntza sistema batean, etengabeko prestakuntzak izan behar dituen ondorio administratiboak zein sozialak.

Garrantzizkoa izanagatik ere, etengabeko prestakuntza ez da prestakuntza arautua, eta horregatik, edozein agentek, publiko zein pribatuk, aukera du prestakuntza sistemak ezarri ahal izateko eta jarduerak kreditatu eta aurrera eramateko. Administrazio publikoen erantzukizuna da, hala ere, osasun profesionalei eskaintzen zaizkien prestakuntzarako jarduera anitzen kalitatea segurtatzea. Helburu hori lortzeko biderik onena da kreditazio sistema borondatezkoak ezartzea, dagoeneko Autonomia Erkidego batzuek ezarri dituzten bezala, eta horien balioa eta eraginkortasuna indartuko eginen da horien taxukera eta esparrua orokorragoak diren heinean eta administrazio publiko guztien parte hartzeari irekirik dauden neurrian.

Hirugarrena.

Horren guztiorren garrantziaz jabeturik, Autonomia Erkidegoetako Osasun kontseilariak, Osasun eta Kontsumo ministroa eta Hezkuntza eta Kultura ministroa ados jarri dira Osasun Sistema Nazional osorako balioko duen kreditazio sistema bat ezartzeko, administrazio publiko guztien arteko koordinazio eta lankidetzan oinarritua.

Horrenbestez, eta Osasunari buruzko Lege Orokorraren 7, 18, 47 eta 104. artikuluetan, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legearen 5 eta 8. artikuluetan, eta haren Barne Araubidearen Erregelamenduaren 7. artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz, Osasun Sistema Nazionalaren Lurraldearteko Kontseiluak, 1997ko abenduaren 15ean Madrilen eginiko osoko bilkuran, erabaki zuen Konferentzia Sektorialeko Hitzarmen hau sinatzea, ondoko klausulei atxikiz:

KLAUSULAK

Lehena.

Osasun Sistema Nazionalaren Etengabeko Prestakuntzarako Batzordea eratu da Autonomia Erkidegoetako Osasun Kontseilaritzak, Osasun eta Kontsumoko Ministerioa eta Hezkuntza eta Kultura Ministerioa koordinatzeko osasun lanbideen etengabeko prestakuntzaren arloan.

Osasun Sistema Nazionalaren Etengabeko Prestakuntzarako Batzordea Lurraldearteko Kontseiluaren Batzorde Iraunkorra izanen da, horren Barne Araubidearen Erregelamenduaren 8. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

Batzordearen eginkizuna eta erabakiak Autonomia Erkidegoetako Osasun Kontseilaritzen administrazio organoen bidez aurrera eraman eta beteko dira. Batzordeak erabaki ondoren eta jardueraren lurralde esparrua kontuan hartuta komenigarritzat jotzen bada, eginkizun horiek Osasun eta Kontsumo Ministerioko administrazio organoek aurrera eraman ahalko dituzte.

Bigarrena.

Osasun Sistema Nazionalaren Etengabeko Prestakuntzarako Batzordea honela osatuko da: Autonomia Erkidegoetatik ordezkari bana eta Osasun eta Kontsumo Ministerioko eta Hezkuntza eta Kultura Ministerioko beste ordezkari bana.

Batzordearen funtzionamendua Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen II. Tituluko II. Kapituluan Organo Kolegiatuei buruz bildutako manuek arautuko dute.

Batzordeak bere Barne Araubidearen Erregelamendua egin ahalko du eta bere kideen artean presidentea eta presidenteordea izendatuko ditu. Idazkariaren eginkizunak, hizpidea izanen duena baina boto ematerik ez, Lurraldearteko Kontseiluaren Idazkaritzako funtzionario batek beteko ditu. Idazkariak funtzionamendurako behar den laguntza teknikoa eta administratiboa ere emanen du.

Batzordearen bileretan parte hartuko du, hizpidea bai baina botorik gabe, prestakuntza gaietan, eta kasuan kasuko talde profesionaleko ospe handiko pertsona batek. Batzordeak eginkizun orokorretan diharduenean edo bereziki Etengabeko Prestakuntza Medikoaren Programa aurrera daramanean, aipatu pertsona izanen da Medikuen Elkargoen Kontseilu Nagusiko presidentea edo haren ordezkoa. Batzordearen bileratara joanen dira, halaber, hizpidea izanik baina botorik gabe, Batzordeak berak deitzen dituen adituak eta, nolanahi ere, Espezialitate Medikoen Kontseilu Nazionaleko, Elkarte Zientifikoetako eta Unibertsitateetako ordezkariak.

Beste osasun lanbideen etengabeko prestakuntzarako programa espezifikoen kasuan, arestian adierazitako irizpideak aintzat hartuz, Batzordeak berak erabakiko du bileretan zein profesionalek hartuko duten parte.

Hirugarrena.

Osasun Sistema Nazionalaren Etengabeko Prestakuntzarako Batzordeak eginkizun hauek izanen ditu:

1. Irizpide orokor, komun eta minimoak ezartzea, irakaskuntzako zentro edo unitateek, osasun nahiz administrazio arloan, horien entitate titularraren eskariz, Osasun Sistema Nazional osorako balio duen kreditazioa jaso ahal dezaten etengabeko osasun prestakuntzarako jarduerak aurrera eraman ahal izateko.

2. Irizpide orokor, komun eta minimoak ezartzea, prestakuntzarako jarduera konkretuek, horiek antolatzen dituzten pertsonen edo entitateen eskariz, Osasun Sistema Nazional osorako balio duten jardueren kreditazioa eta kreditu-ordutako balorazioa jaso ahal ditzaten.

3. Osasun espezialitate eta lanbide bakoitzaren etengabeko prestakuntza garatzeko arloak eta eduki materialak eta lehentasunezko kreditazioa zehaztea, bai eta lanbide baten edo batzuen espezialitate desberdinak biltzen dituzten ardatz-gaienak ere. Orobat, osasun profesionalak, aldi bakoitzean, horietatik bildu behar dituenaren proportzioa.

4. Irizpide orokor, komun eta minimoak mugatzea, profesional eskatzaileek, ezarritako kreditu-orduak eta gainerako baldintzak betetzen badituzte, eguneratze profesionalaren ziurtagiri bat jaso ahal dezaten. Ziurtagiriak noiz arte balioko duen ere kasuz kasu zehaztuko da.

5. Autonomia Erkidegoen planak edo jarduketak koordinatzea, kreditaturiko jardueren eta zentroen auditoretza, ebaluazio eta kontrolerako.

6. Lurraldearteko Kontseiluaren osoko bilkurari igortzea Osasun Sistema Nazionalean etengabeko prestakuntza finantzearekin lotuta bidezko diren ikasketa, txosten eta proposamenak.

Laugarrena.

Osasun lanbideen etengabeko prestakuntzaren arloan, Autonomia Erkidegoek, kasuz kasu bidezkoak diren organoen bitartez, beren gain hartuko dituzte Hitzarmen honetan espreski Osasun Sistema Nazionalaren Etengabeko Prestakuntzarako Batzordearen esku uzten ez diren eginkizun guztiak, eta bereziki honako hauek:

1. Zentro, jarduera eta profesionalen kreditazioa antolatu eta kudeatzea, bai eta informazio eta erregistro sistemena ere.

2. Etengabeko osasun prestakuntzarako sistema ebaluatzea kreditaturiko zentro eta jardueren ikuskapena eta auditoretza egitea, bai eta azterlan estatistikoak burutzea ere. Horien emaitzak Osasun Sistema Nazionalaren Etengabeko Prestakuntzarako Batzordeari aldiro-aldiro aurkeztuko zaizkio.

3. Entitate, partikular eta profesional interesatuak jakinaren gainean egon daitezen, kreditazioa eskatzeko onetsi diren irizpideak eta zein modutan eta zein administrazio organori eskatu behar zaion erarik egokienean jakinaraztea.

Bosgarrena.

Hitzarmen honek indarra hartzen duenean Osasun Sistema Nazionalaren Etengabeko Prestakuntzarako Batzordeak berehala hasiera emanen die Etengabeko Prestakuntza Medikoaren Programaren lanei.

Programa hori aurrera eramateko Batzordeak aintzat hartuko ditu Autonomia Erkidegoetako organo eskudunek, Osasun Eskola Nazionalak eta Autonomia Erkidegoetako eta Osasun Zerbitzuetako erakunde baliokideek arlo horretan egiten edo aurrera eramaten dituzten jarduketa eta proposamenak.

Batzordeak kontuan hartuko ditu, halaber, Lanbide Elkargoek, Espezialitate Medikoen Kontseilu Nazionalak, espezialitate bakoitzeko batzorde nazionalek, elkarte zientifikoek eta unibertsitateek egiten dituzten proposamen eta txostenak. Txosten eta proposamen horiek Osasun Sistema Nazionalaren Etengabeko Prestakuntzarako Batzordean partaide diren kidego, erakunde eta elkarteetako ordezkarien bitartez aurkeztuko dira.

Batzordeak txostenak eta proposamenak eskatu ahalko dizkie Sindikatuei, Akademia Zientifikoei eta zuzenean edo zeharka etengabeko prestakuntza medikoaren arloan diharduten pertsona, entitate, erakunde edo instituzioei.

Seigarrena.

Beste osasun lanbide batzuetan etengabeko prestakuntzarako programak aurrera eramanen dira emeki- emeki, kontuan hartuz Autonomia Erkidegoek egiten dituzten proposamen, azterlan eta txostenak, edo lanbide bakoitzean etengabeko prestakuntzaren esparruan diharduten elkargo, sindikatu, elkarte zientifiko edo profesional eta gainerako entitate eta instituzioek aurkezten dituztenak.

Zazpigarrena.

Hitzarmen honen indarraldia sei urtekoa izanen da 1998ko urtarrilaren 1etik aitzina eta besterik gabe luzatuko da sei urteko epeetan, non ez duen hitzarmena salatzen alderdi sinatzaileetako batek, iraungitzeko egune baino sei hilabete lehenago.

Zortzigarrena.

30/1992 Legearen 8.2 artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, Hitzarmen hau, formalizatu eta gero, Senatuari jakinaraziko zaio eta Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Autonomia Erkidegoetako Egunkari Ofizialetan argitaratuko da.

Adostasunaren seinale, Osasun Sistema Nazionalaren Lurraldearteko Kontseiluan ordezkariak dituzten Osasun Administrazioak eta Hezkuntza eta Kultura ministroa Hitzarmen honi atxikitzen zaizkio dagokion protokoloa izenpetuz. Madrilen, 1997ko abenduaren 15ean.

Iragarkiaren kodea: A9900213

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web