(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

363/1998 FORU DEKRETUA, ABENDUAREN 21EKOA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO KIROLAREN GORESMEN SARIAK ERATZEN DITUENA

BON N.º 9 - 20/01/1999



Atariko

Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.14 artikuluak eskumen osoa ematen dio Nafarroako Foru Komunitateari kirola sustatzeko eta aisialdia egoki erabiltzeko jardueren gainean.

Espainiako Konstituzioaren 43.3 artikuluak botere publikoak aipatzen ditu kirol jarduerak sustatu eta ezartzeko lanaren bultzatzaile gisa.

Gorputz eta kirol ekintzak garatzeko bidean, hainbat pertsona eta entitatek emandako zerbitzuak eta dedikazioa (hala nola, lehiaketetan, kirol zuzendaritzan, irakaskuntza eta ikerkuntzan, guztiendako kirola sustatuz, laguntza ekonomiko eta finantzarioaren bidez, e.a.) gizartearen aurrean aitortzea jende guztiak kirola egiteko gogoa bultzatu eta sustatzeko modu bat da.

Hori horrela, maiatzaren 16ko 137/1986 Foru Dekretuaren bidez, Foru Komunitatearen Kirol Merituaren Domina eratu zen. Bestalde, Foru Komunitateko Administrazioak, urtero kirolaren goresmen sarien bidez, nabarmendu diren kirolariek, teknikariek, kirol klub eta federazioek eta bestelako entitateek kirol jardueran eta kirolaren sustapenaren esparruan egindako lana aitortu eta bultzatu ohi du. Sari horiek noiz eta nori eman proposatzeko orduan eta, orobat, sarituak hautatzeko prozesuan ere, kirolaren eta gorputz ekintzen garapenean eta praktikan inplikaturik dauden gizarte sektore guztiek parte hartzen dute.

Kirola sustatzeko jorratu dugun bidetik segitu nahian, kasu honetan kirola eta gorputz ekintzak garatzeko egindako ahalegin eta dedikazioa, gizarte osoaren onerako baita, aitortuz eta gizartearen esker ona azalduz, eta, halaber, esker on adierazpen horiek juridikoki antolatu nahian, kirol jardunaren agerpen ezberdinei moldatuz, bidezko da Nafarroako Foru Komunitateko kirolaren goresmen sariak eratzea eta horiek emateko oinarrizko araubidea finkatzea.

Horrenbestez, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko abenduaren hogeita batean egindako bilkuran harturiko erabakiari jarraikiz,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua . Xedea.

Foru Dekretu honen helburua da Nafarroako Foru Komunitateko kirolaren goresmen sariak eratzea eta horiek emateko oinarrizko araubidea finkatzea.

2. artikulua . Kirolaren goresmen sariak.

Kirolaren goresmen sariak honako hauek dira:

A) Nafarroako Kirol Merituaren Domina: Nafarroako Kirol Merituaren Domina ohiz kanpoko goresmen saria da, Nafarroako Foru Komunitatean kirola eta gorputz fisikoak, orohar, sustatzeko lanean aritu diren pertsona fisiko edo juridikoen jardunbide bikaina aitortzeko helburuz eratua.

Nafarroako Kirol Merituaren Dominak bi kategoria ditu: Nafarroako Kirol Merituaren Urrezko Domina eta Nafarroako Kirol Merituaren Zilarrezko Domina. Nafarroako Kirol Merituaren Urrezko Domina Nafarroako Foru Komunitateak eman dezakeen goresmen saririk gorena da, kirol eta gorputz ekintzen arloan dituen eskumenen esparruan.

B) Nafarroako Kirolaren Ohorezko Aipamena: Kirolaren Ohorezko Aipamenaren helburua Nafarroako Foru Komunitatean kirolaren edo ekintza fisikoen sustapenean edo praktikan nabarmendu diren pertsona fisiko edo juridikoen lana edo jardunbidea aitortzea da.

C) Nafarroako Kirol Saria: Kirol Saria urtero emanen da, Nafarroako pertsona fisiko edo juridikoek kirol txapelketetan izandako partehartze nabarmenak edo lorturiko emaitzak aitortzeko asmoz eratua.

Kirol Sariak Foru Komunitatearen urteroko ohiko goresmen saririk gorenak izanen dira, lehiaketa mailako kirolaren esparruan, aurreko A) letran xedatutakoa ezertan galarazi gabe.

3. artikulua . Ezaugarri teknikoak.

1. Kirol Merituaren Dominaren aurkian kirol ahalegina irudikatzen duen arte-irudi bat azalduko da eta ondoan "Kirol Meritua" dioen inskripzioa. Ifrentzuan Nafarroako Foru Komunitatearen armarri ofiziala agertuko da eta Nafarroako Gobernuaren inskripzioa. Domina urreztatua edo zilarreztatua izanen da, kategoriaren arabera.

2. Kirol Saria eskultura lan bat izanen da, kiroleko ahalegina eta arrakasta irudikatuko dituena.

3. Kirolaren Ohorezko Aipamenaren ezaugarri teknikoak Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak onetsiko ditu.

4. Kirol Merezimenduaren Dominaren eta Kirol Sariaren irudi izanen diren artelanak hautatzeko eta horiek hornitzeko bide iraunkor bat ezartzeko prozesuan gizarte sektore guztiek parte hartu ahal dezaten, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak lehiaketa publiko bat eginen du, kasuan kasuko zehaztapen teknikoak emanda.

4. artikulua . Emateko prozedura.

1. Kirol Merituaren Domina Nafarroako Gobernuaren Erabakiaren bidez emanen da, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariak proposamenari jarraikiz.

Horretarako behar den espedientea izapidatu beharko da. Domina emateko lehenengo proposamena Nafarroako Kirol eta Gazteriaren zuzendari kudeatzaileak eginen du.

Nafarroako Kirol eta Gazteriaren zuzendari kudeatzaileak batzorde aholku-emaile bat izendatu ahalko du Kirol Merituaren Domina jasotzeko litezkeen izangaien merezimenduak baloratzeko. Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak edo, kasua bada, batzorde aholku-emaileak egoki juzkatzen dituen argibide, zehaztapen eta agiri osagarriak eskatu ahalko ditu, alegaturiko merezimenduak baloratzeko.

Kirol Merituaren Dominaren kontzesioa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean iragarriko da.

2. Kirolaren Ohorezko Aipamenak Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen ditu.

Horretarako, behar den espedientea izapidatu beharko da. Nafarroako Kirol eta Gazteriaren zuzendari kudeatzaileak batzorde aholku-emaile bat izendatu ahalko du Kirolaren Ohorezko Aipamena jasotzeko litezkeen izangaien merezimenduak baloratzeko. Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak edo, kasua bada, batzorde aholku-emaileak egoki juzkatzen dituen argibide, zehaztapen eta agiri osagarriak eskatu ahalko ditu, alegaturiko merezimenduak baloratzeko.

Aipamen hori jasotzeko izangaien proposamena kirola eta gorputz ekintzak Nafarroan garatzeko lanean parte hartu eta inplikaturik dauden entitateek egin ahalko dute, besteak beste, honakoek: Nafarroako Kirol Federazioek, Nafarroako Kirol Elkarteen Zentsuan inskribaturik dauden Nafarroako Kirol Elkarteek, Nafarroako toki entitateek, Foru Komunitatean dauden unibertsitateek, Foru Komunitateko komunikabideek eta Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Zuzendariordetzak.

Kirolaren Ohorezko Aipamena egiteko deialdia irekia da. Horrenbestez, noiznahi aurkeztu ahalko dira izangai- proposamenak, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bidez onetsiko den inprimaki normalizatua erabiliz.

Proposamena aurkeztu eta hiru hilabeteko epean, horren gaineko Ebazpen propiorik ematen ez bada, aipamena jasotzeko izangaien proposamena ezetsitzat hartuko da.

3. Kirol Sariak Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bidez emanen dira.

Horretarako, behar den espedientea izapidatu beharko da. Saria jasotzeko izangai-proposamenak kirola eta gorputz ekintzak Nafarroan garatzeko lanean parte hartu eta inplikaturik dauden entitateek egin ahalko dute, besteak beste, honako hauek: Nafarroako Kirol Federazioek, Nafarroako Kirol Elkarteen Zentsuan inskribaturik dauden Nafarroako Kirol Elkarteek, Nafarroako toki entitateek, Foru Komunitatean dauden unibertsitateek, Foru Komunitateko komunikabideek eta Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Zuzendariordetzak.

Sari hau jasotzeko izangaien merezimenduak Batzorde bat baloratuko ditu, honakoek osatuko dutena: Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko ordezkariek, Nafarroako komunikabideen ordezkariek, kirolariek, teknikariek eta Nafarroan egiten den kirolaren eta gorputz ekintzen esparruan izen ona duten pertsona eta entitateen ordezkariek.

Batzordeko kideak Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak izendatuko ditu.

Batzordeak bere funtzionamendu arauak ezarriko ditu, kirol saria jasotzeko izangaien merezimenduak baloratuko ditu, bere iritziaren arabera, eta saria emateko proposamen loteslea luzatuko dio Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari. Batzordeak eman gabe utzi dezake Kirol Saria, ezartzen diren kategoria guztietan.

Batzordeak bere aholkularitza lana egiteko behar dituen argibide, zehaztapen eta agiri osagarriak eskatu ahalko ditu.

Kirol Sariak emateko deialdia urtero eginen da eta izangaiak aurkezteko finkatzen diren epeak, ondorio guztietarako, iraungitzekoak ere izanen dira.

Azken Xedapenak Lehena. Garapena.

Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariari ahalmena ematen zaio Forud Dekretu hau garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken Xedapenak Bigarrena. Indarra hartzea.

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Xedapen Indargabetzailea

Indarrik gabe utzi da maiatzaren 16ko 137/1986, Nafarroako Foru Komunitateko Kirol Merituaren Domina sortu zuena (1986ko maiatzaren 66. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa).

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko abenduaren hogeita batean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilaria, Calixto Ayesa Dianda.

Iragarkiaren kodea: A9900225

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web