(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

363/1997 FORU DEKRETUA, ABENDUAREN 9KOA, ETXEBIZITZAK ZAHARBERRITZEKO UDAL ETA ESKUALDEETAKO BULEGOEN EGINKIZUNAK ARAUTU ETA HAIEN FINANTZAZIORAKO LAGUNTZAK NOLA EMAN XEDATZEN DUENA

BON N.º 154 - 24/12/1997



Atariko

Etxebizitzak zaharberritzeko eskualdeko lehenbiziko bulegoak 1986-87 urteetan ireki ziren eta 1988. urtean haien finantzaziorako laguntzak ematea arautu zen, abenduaren 14ko 289. Foru Dekretuaren bidez.

1992. urtean, Lizarra eta Tafallako bulegoetako zerbitzuak hedatu ziren, hirigintza arloko aholkularitza emateko ardura ere hartu baitzuten, bi helburu betetzeko asmoz, batetik, eskualdeko toki entitateei laguntzea eta, bestetik, bertaratzen direnei arlo horri buruzko aholku eta argibideak ematea. Hori dela eta, apirilaren 13ko eta azaroaren 16ko 142 eta 381 Foru Dekretuak onetsi ziren, hurrenez hurren, zerbitzua abian jartzearen ondoriozko gastu arruntak eta langileriarenak, 1992 eta 1993. urteetakoak, Nafarroako Gobernuak finantzatzea xedatu zutenak.

1996. urtean, Lizarra eta Tafallako bulegoetako aholkularitza zerbitzuaren sendotzea ikusirik eta esperientzia hori Nafarroako beste eskualdeetara zabaldu nahirik, erabaki zen hainbat zona edo eskualdetan irekita zeuden eta ondoren irekiko ziren etxebizitzak zaharberritzeko bulegoen eginkizunak handitzeko aukera ematea, hirigintza arloko aholkularitza ere eman zezaten, Iruñeko bulegoak izan ezik, izan ere hiriburuko Udalak nahikoa gaitasun teknikoa du bere zerbitzuen bidez hirigintza arloko aholkularitza emateko. Hori guztia biltzeko irailaren 2ko 312 Foru Dekretua eman zen.

Onetsi berri den 1997-2000. urteetarako Etxebitza Planak etxebizitzak zaharberritzearen aldeko apostu garbia egin du eta horretarako hainbat jarduketa proposatu ditu, besteak beste, zaharberritzeko bulegoen eragin eremua Nafarroako lurralde guztira hedatzea, horien lana bultzatzea eta hirigintzako aholkularitza ere eskaintzea.

Ikusirik, denborarekin zaharberritze bulegoak sendotu eta finkatu direla, haien jarduera bultzatu nahi dela, hirigintzaren kudeaketa eta aholkularitzarekin batean, eta bulegoen egungo jarduera dirulaguntzei buruz indarra duen arauteriari egokitu behar zaiola (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra finkatzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legea), komenigarria da Foru Dekretu bat ematea, egun dauden edo etorkizunean sor daitezkeen zona edo eskualdeetako zaharberritze bulegoen eskumeneko eginkizunak eta, halaber, dagozkien jarduketak Nafarroako Gobernuak finantzatzeko baldintzak testu bakar batean biltzeko.

Horrenbestez, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hamazazpiko abenduaren bederatzian egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua . Xedea.

Foru Dekretu honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean dauden edo, udalen edo udal batasunen ekinbidez, sortzen diren udal edo eskualdeko etxebizitzak zaharberritzeko bulegoak finantzatzeko laguntzak ematea arautu eta haien eginkizunak zehaztea.

Nafarroako Gobernuak bulego horien finantzazioa bere gain hartu ahalko du, Foru Dekretu honetan xedatzen denaren arabera eta aurrekontu kontsignazioen barruan.

2. artikulua . Eginkizunak.

1. Udal edo eskualdeetako etxebizitzak zaharberritzeko bulegoek honako eginkizun hauek izanen dituzte:

a) Apirilaren 14ko 100/1997 Errege Dekretuaren babesean edo ezartzen diren udal laguntzen babesean aurkezten diren zaharberritze-espedienteak bildu, izapidatu eta horiei buruz txostenak egitea.

b) Bizigarritasun zedulak edo antzeko agiriak ikuskatu eta txostena egitea.

c) Udalak edo Nafarroako Gobernuak sustatu nahi dituen eraikinei buruzko balorazio eta txostenak egitea.

d) Ekipamendu eta azpiegiturak zaharberritzeko espedienteak kudeatzea.

e) Orohar, etxebizitza eta eraikinen zaharberritzearen kudeaketaren eta hirigintza aholkularitzaren inguruko espedienteak izapidatzea, horien inguruko informazioa ematea eta jendearen galderei erantzutea.

2. Bulego horiek, gainera, honako eginkizun hauek hartu ahalko dituzte:

a) Eskualdeko udal eta kontzejuei hirigintza arloko aholkularitza ematea.

b) Eskualdean sortzen diren hirigintza arazoei buruzko informazioa ematea jendeari.

c) Obretako udal lizentziei buruzko txostenak ematea.

3. artikulua . Eragin eremua eta bulego motak.

Biztanle kopurua, etxebizitza kopurua, eragin eremua eta komunikazio bideak ikusita, bederatzi jarduketa eremu egin dira, Nafarroako Lurraldearen Antolamenduaren Zuzentarauen Proiektuak mugatzen dituen area funtzionalekin bat egiten dutenak. Bakoitza osatzen duten udalen zerrenda Foru Dekretu honetako 1. eraskinean azaltzen da.

Eskualde horien osaera aholku gisa hartu behar da eta hortik abiatuta eskualdeko bulegoen sarea eratuko da. Horrek esan nahi du irekita dauden bulegoek hartzen dituzten eremuek bere horretan segituko dutela, bertako udalek bertan segitzea erabakitzen duten heinean. Dena den, sailkapen hau hemendik aurrera bulego berriak irekitzeko erreferentzia izanen da.

Halaber, parametro horiei jarraikiz, eskualdea nolakoa den, halako bulego mota jakin bat paratuko da eta, horren arabera, zehaztuko da bulegoan ariko den oinarrizko talde teknikoaren osaera.

Hona hemen eskualdeen araberako bulego motak:

-I. eskualdea: Kantauri aldeko ibarrak. C mota.

-II. eskualdea: Kantauri aitzin aldeko ibarrak. C mota.

-III. eskualdea: Pirinioetako eta Pirinio aitzin aldeko ibarrak. C mota.

-IV. eskualdea: Iruña. A mota.

-V. eskualdea: Iruñerria. B mota.

-VI. eskualdea: Lizarraldea: B mota.

-VII. eskualdea: Tafalla. B mota.

-VIII. eskualdea: Ebroko Erribera. C mota.

-IX. eskualdea: Tuterako Erribera. B mota.

Hona hemen bulego moten ezaugarriak:

A mota. Udal bulegoa.

-Goi mailako arkitekto bat, bateraezintasun araubidean.

-Bi arkitekto tekniko, bateraezintasun araubidean.

-Bi administrari laguntzaile.

B-1 mota. Eskualdeko bulegoa, zaharberritze aferetarako soilik:

-Goi mailako arkitekto bat, bateraezintasun araubidean.

-Arkitekto tekniko bat, bateraezintasun araubidean.

-Administrari laguntzaile bat.

B-2 mota. Eskualdeko bulegoa, etxebizitza eta hirigintza zerbitzua ere duena.

-A mailako bi tituludun, horietako bat, behinik behin, arkitektoa.

-Arkitekto tekniko bat, bateraezintasun araubidean.

-Bi administrari laguntzaile.

C-1 mota. Eskualdeko bulegoa, zaharberritze aferetarako soilik:

-Goi mailako arkitektoa edo arkitekto teknikoa, bateraezintasun araubidean.

-Administrari laguntzaile bat.

C-2 mota. Eskualdeko bulegoa, etxebizitza eta hirigintza zerbitzua ere duena.

-Goi mailako arkitektoa, bateraezintasun araubidean.

-Arkitekto teknikoa, bateraezintasun araubidean.

-Bi administrari laguntzaile.

4. artikulua . Laguntza motak.

Dirulaguntza gisa Nafarroako Gobernuak zaharberritze bulegoak finantzatzeko ematen dituen laguntzak haien kudeaketarako oinarrizko taldearen langileri kostuaren adinakoak izanen dira, Foru Dekretu honen 3. artikuluan aipatzen diren bulego moten arabera.

Laguntzen den kostuaren barruan gizarte aseguruen edo antzeko prestazioen kostua ere sartuko da, kontratazio motaren araberakoa, eta antzinatasun saria.

Bulegoko gainerako gastuak eta, zehazki, lokala ordaintzekoak, mantenimendu eta funtzionamendukoak eta joan-etorrietakoak, entitate sustatzailearen kontura izanen dira.

Nafarroako Gobernuak eman dezakeen gehieneko dirulaguntza bulegoko oinarrizko taldeko langileen kostuaren adinakoa izanen da, toki entitate titularrek ordainsari goragokoak finkatu edo langile gehiago izan gorabehera, Nafarroako Gobernuak ez baitu inolako dirulaguntzarik emanen goragoko beharkizun horietarako.

5. artikulua . Taldeen kontratazioa.

Bulegoetako langileen kontratazioa entitate publiko sustatzaileak eginen du, indarra duten legeek toki entitateendako onartzen dituzten kontratazio motetatik edozeinen bidez.

6. artikulua . Izapidea.

1. Entitate sustatzaileek urtero eskatu beharko diote Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari irekita duten edo ireki gogo duten zaharberritze bulegorako dirulaguntza, honelako dokumentazioa aurkeztuz:

-Jardueren memoria, urte horretarako lan programa biltzen duena.

-Aurreko ekitaldietako jarduketen laburpena, jadanik irekita dagoen bulegoa bada.

-Bulegoko taldearen osaera eta haren gastua, langileen kontratuen kopien bidez egiaztatua, eta gizarte aseguruen edo antzekoen kostuen kalkulua.

-Bulegoaren jarduketa eremu geografikoa, entitate sustatzaileak proposatua, nahitaez Foru Dekretu honetako 3. artikuluan aipatu zonetariko bat hartu beharko duena.

-Bulegoa sortu berria bada, bere eremu geografikoan kokaturiko udalen erabakia, bulegoan sartzeko konpromisua agertarazten duena.

-Bulegoaren kokagune fisikoa: helbidea, azalera eta baliabideak. Halaber, toki hori egokiena dela justifikatuko da, hartzen duen eremu geografikoari begira.

2. Hirigintza arloko aholkularitza lanak ere hartzen baditu, honako dokumentazio hau ere aurkeztu beharko dute:

-Zerbitzua hartzea eskatu duten udalerrien zerrenda, erabaki hori zein egunetan hartu duten eta, aurreko ekitaldietako datuekin alderatuz, zerrendan izan diren alta eta bajak adieraziz, horrelakorik bada.

-Artikulu honetako 3. zenbakian ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko agiria. Horretarako, udalerrietako biztanleri datuak eta, kasua bada, baita eskualdekoak ere aurkeztu beharko dira.

-Kontrataturiko edo kontratatu beharreko langileen zerrenda, sinatu diren kontratuen kopiekin batean.

-Langileri gastuetarako aurreikusi den dirua.

-Kasuan kasuko urtean aurrera eraman nahi diren jardueren memoria.

Horrezaz gain, honako baldintzaren bat ere bete beharko dute:

a) Zerbitzu hori eskatu duten eskualdeko udalerrien kopurua eskualdeko udalerri guztien kopuruaren erdia edo gehiago izatea.

b) Zerbitzu hori eskatu duten udalerrietako biztanleen kopurua eskualdeko biztanle kopuruaren erdia edo gehiago izatea.

c) Zerbitzu hori eskatu duten udalerrietako biztanle guztien kopurua, 5.000 biztanle edo gehiago dutenak kenduta, 15.000 edo handiagoa izatea.

3. Laguntzaren xede den hirigintza zerbitzua hartu nahi duten udalek hori eskatzeko erabakia hartu beharko dute.

4. Lurraldearen Antolamendu, Etxebitza eta Ingurugiro kontseilariak, aurkezten den eskaera kopurua, bulegoa jartzeko interesa eta aurrekontu-baliabideak ikusirik, zehaztuko du, foru agindu bidez, bidezko dirulaguntza, kasuan kasuko aurrekontu-ekitaldirako izanen dena, toki entitate sustatzaileek urtero berritu beharko baitute dirulaguntza eskaera.

7. artikulua . Dirulaguntzen ordainketa.

Dirulaguntzaren ordainketa hiru hilabetetik eginen da hiruhilekoa amaitutakoan, entitate sustatzaile publikoak kudeaketa memoria eta diruz lagundu daitezkeen gastuen egiaztagiriak aurkeztu ondoren. Urteko azken hiruhilekoan, eman den dirulaguntza osorik erregularizatuko da, izandako gastu errealen arabera.

8. artikulua . Koordinazio eta kontrola.

Bulegoen eta Nafarroako Gobernuaren arteko harremanak Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiaren bidez eginen dira.

Xedapen Iragankorra

Harik eta 3. artikuluan adierazten diren zonak eratu arte, abenduaren 14ko 289/1988 Foru Dekretuaren 2. eraskinean adierazitako sailkapenak indarra izanen du. Langileendako dirulaguntza zehaztearen ondorioetarako, horretako zona bakoitzari 3. artikuluan xedatutako bulego motetatik hauxe dagokio:

-I. zona: Iruña, A mota.

-II. zona: Iruñerria, B mota.

-III. zona: Tafalla, B mota.

-IV. zona: Tuterako Erribera, B mota.

-V. zona: Lizarraldea, B mota.

-VI. zona: Ipar-mendebaldea, C mota.

-VII. zona: Kantauri aldeko ibarrak, C mota.

-VIII. zona: Ipar-ekialdea, C mota.

1998. urtean zehar, bulego berriak ireki ahalko dira, behin-behineko zonifikazio horri jarraikiz.

Azken Xedapena

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hamazazpiko abenduaren bederatzian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, Yolanda Barcina Angulo.

Iragarkiaren kodea: A9711013

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web