(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

360/2000 FORU DEKRETUA, AZAROAREN 20KOA, IKERKUNTZA ETA GARAPENARI ETA BERRIKUNTZARI LAGUNTZAK EMATEKO ARAUBIDEA ONESTEN DUENA.

BON N.º 150 - 13/12/2000



Atariko

Nafarroako Foru Komunitatean ikerkuntza eta garapenaren arloko jarduerak sustatzeko politika, zehazki, Foru Diputazioak 1977ko ekainaren 10ean hartutako erabakiaren bidez hasi zen. Izan ere, erabaki horren bidez, aditzera ematen da Nafarroako enpresa eta industria-buruek sustatutako ikerkuntza aplikatuari diruz laguntzeko asmoa dagoela eta, bestalde, Ikerkuntzaren arloko Batzorde Aholku-emailea sortu zen. Politika hori aurrera eramateko erreferentziazko marko arau-emailea ikerkuntza eta garapen teknologikorako laguntzen Erregelamendua izan da, irailaren 16ko 2/1982 Foru Dekretuaren bidez onetsia. Harrezkero, helburu haietarako laguntzen araubidea horixe izan da.

Indarrean izan den urte luzeetan, laguntza araubide hori I+G jarduerak sustatzeko baliabide egokia izan da, haren babesean enpresa askok garatu baitituzte I+G proiektuak.

Nolanahi ere, azken urteotan izandako gertakari eta gorabehera batzuk kontuan harturik, beharrezkoa da araubide hori berraztertu eta egokitzea. Hona hemen gertatutako aldaketarik garrantzitsuenak:

-Europako Batzordeak horrelako jardueretarako laguntza publiko guztietarako marko orokorra onetsi du, "Ikerkuntza eta garapenaren arloan, Estatuek ematen dituzten laguntzen Europako Elkartearen Markoa" hain zuzen (E.B.ren Egunkari Ofiziala, 96-2-17koa).

-Nafarroako Gobernuak, 1999ko martxoaren 15eko erabakiaren bidez, 2000-2003 urteetarako Nafarroako Plan Teknologikoa onetsi zuen, Nafarroako garapen industrial eta profesionalarekin zerikusia duten agente guztien parte-hartzearekin prestatua, zertarako eta enpresen lehiakortasun-maila hobetzeko, enplegua sustatzeko eta industriaren oinarri zientifikoa eta teknologikoa sendotzeko Europak duen helburu nagusi hura lortzeko bidean lagundu nahian.

-Nafarroako Berrikuntza eta Teknologia Agentzia izeneko sozietatea sortu da, Foru Komunitatearen kapital publikoa duena. Sozietate hori, batetik, Nafarroako Gobernuak Plan Teknologikoa bera eta, bestetik, planaren helburuak lortze aldera ezartzen diren sustapen neurriak hobeki garatu eta betearazteko baliabidea da.

Foru Dekretu honen helburua, beraz, ikerkuntza eta garapenerako jarduerentzako laguntza araubide bat ezartzea da, Europako Elkarteak emandako jarraibideei goitik behera egokitua, enpresa eta ikerkuntza zentroen potentzialitatea Nafarroako Plan Teknologikoan ezarritako norabidean eta bertako helburuak lortzeko bidean jartzeko. Horretarako:

-Ondoko ekintza hauetarako laguntzak ezarri dira: funtsezko ikerkuntza eta industri ikerkuntzarako eta lehian sartu aurretiko garapenerako jardueretarako; industri ikerkuntzarako eta lehian sartu aurretiko garapenerako jarduerak burutu aurretik bideragarritasun teknikoa aztertzeko lanak egiteko eta, azkenik, enpresa txiki eta ertainen aldeko patenteak erregistratu eta mantentzeko jarduerak sustatzeko. Gainera, jarduera horien guztien definizioak ematen dira jakitera, diruz lagundu daitezkeen gastu eta inbertsioak eta laguntza motak eta horien intentsitatea.

-Onuradunak honako hauek izaten ahalko dira: Nafarroako enpresak eta talde, elkarte eta batasunak, hala nola ikerketa zentroak eta ikerlariak.

-Laguntza espedienteak izapidatzeko segitu beharreko prozedura ezartzen da -aurkezten diren proiektu edo jarduketak isilpean eduki beharra gehitu da- eta ordaintzeko bide ezberdinak zehazten dira.

-Azkenik, laguntzak baliogabetzeko kasuak eta arau-hausteetarako eta zehapenetarako araubidea zehazten dira.

Foru Dekretu honetan ezarritako laguntzen araubidea Europako Batzordeari jakinarazi zaio eta ez du inolako kexarik azaldu.

Foru Dekretu honen proiektua Nafarroako Kontseiluari igorri zitzaion, Nafarroako Gobernuak 2000ko uztailaren 31ko erabakiaren bidez, haren gaineko irizpena eman zezan.

Irizpena 2000ko urriaren 30ean eman zuen. Horren arabera, arau honen edukia antolamendu juridikoaren araberakoa da.

Horrenbestez, Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak bi milako azaroaren hogeian egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua . Helburua.

Foru Dekretu honen helburua da ondoko ekintzetarako laguntza araubidea ezartzea:

- Funtsezko ikerkuntza eta industri ikerkuntzarako eta lehian sartu aurretiko garapenerako jarduerak.

- Industri ikerkuntzarako edo lehian sartu aurretiko garapenerako jarduerak burutu aurretik bideragarritasun teknikoa aztertzeko lanak.

- Enpresa txiki eta ertailen aldeko patenteak erregistratu eta mantentzeko jarduerak sustatzeko lanak.

2. artikulua . Onuradunak.

Laguntza hauen onuradunak honako hauek izaten ahalko dira: Nafarroako enpresa, talde, enpresa elkarte edo batasunak, ikerkuntza zentroak eta nork bere kasa jarduten duten ikerlariak.

Patenteak erregistratu eta mantentzeko lanak sustatzeko ekintzetarako laguntzen kasuan, txikitzat eta ertaintzat hartzen diren enpresak baino ez dira izanen onuradunak. Horretarako, Europako Batzordeak emandako definizioa hartuko da aintzat.

Europako Batasunak berariaz araututako sektore bateko enpresen kasuan, laguntza araubide hau aplikatzen ahalko da, bakar-bakarrik, arau haiekin bateragarria den kasuetan.

3. artikulua . Definizioak:

Foru Dekretu honen ondorioetarako, honako definizio hauek hartu beharko dira kontuan:

Funtsezko ikerkuntza: ezaupide orokor zientifiko eta teknikoak handitzea, industri arloari edo merkataritzari begirako helbururik ez dutenak.

Industri ikerkuntza: Produktu, prozesu edo zerbitzu berriak sortu edo egun dauden produktu, prozesu edo zerbitzuak nabarmen hobetzeko lagungarri izan daitezkeen ezaupide berriak hartzeko helburua duen ikerkuntza planifikatua eta azterlan kritikoak.

Lehian sartu aurreko garapen jarduera: industri ikerkuntzaren emaitzak geroago saldu edo erabiltzeko aterako diren produktu, prozesu edo zerbitzu berri, aldatu edo hobetuetarako proiektu tekniko, eskema edo diseinu batean gauzatzea, merkaturatuko ez den lehenengo prototipoa prestatzea barne. Definizio honen barrenean sar daitezke, orobat, beste produktu, prozesu edo zerbitzu batzuen kontzeptuaren formulazioa eta diseinua, bai eta lehenbiziko erakustaldirako proiektuak eta proiektu pilotoak, betiere proiektu horiek ezin badira bihurtu edo erabili geroago industrian aplikatzeko edo merkatuan ustiatzeko.

4. artikulua . Gastuak eta diruz lagundu daitezkeen inbertsioak.

Laguntza hauen ondorioetarako, honako gastu hauetarako laguntza ematen ahalko da:

- Ikerkuntza jarduerari zuzenean egozten ahal zaizkion langileri gastuak (ikerlariak, teknikariak eta langile urgazleak).

- Ikerkuntza jardueretan baizik erabiltzen ez diren tresnak, materialak, lurrak eta egoitzak erosi edo erabiltzeko gastuak.

- Ikerkuntza jardueretarako baino erabiltzen ez diren aholkularitza zerbitzuen eta antzekoen kostuak, hala nola kanpoko iturrietatik jasotako ikerkuntza, laguntza teknikoa, patenteak eta abar.

- Ikerkuntza jardueratik zuzenean datozen gastu osagarriak.

- Ikerkuntza jardueratik zuzenean datozen bestelako funtzionamendu gastu batzuk, konparazio batera, materialaren, hornigaien eta antzekoen kostuak.

Gastuak beste jarduera batzuei ere egozterik baldin badago, bereziki I+Grako beste ekintza batzuei, ongi zehaztu beharko da zenbat dagokion diruz lagunduko den I+G jarduerari eta zenbat gainerakoei.

5. artikulua . Laguntza motak.

Nafarroako Gobernuak ikerkuntza eta garapenerako jardueretarako honako laguntza hauek ematen ahalko ditu:

1. Fondo galdurako dirulaguntzak, honako jarduera hauetarako:

- Funtsezko eta industri ikerkuntza eta lehian sartu aurretiko garapena.

- Industri ikerkuntzarako eta lehian sartu aurretiko garapenerako jarduerak burutu aurretik, bideragarritasun teknikoa aztertzeko lanak.

- Enpresa txiki eta ertainen aldeko patenteetako jarduketak.

2. Korriturik gabe itzuli beharreko aurrerakinak, funtsezko eta industri ikerkuntzarako eta lehian sartu aurretiko garapenerako jarduerak finantzatzeko.

Ikerketa arrakastatsua bada, gehienez ere 10 urteko epean itzuli beharko da. Bi urteko gabealdia izanen da.

3. Funtsezko eta industri ikerkuntzarako eta lehian sartu aurretiko garapenerako jarduerak finantzatzeko, eskatzaileek finantza entitateetatik, Nafarroako Gobernuaren abala izanik, jasotzen dituzten maileguetako korrituen adinako dirulaguntza. Mailegu horiek amortizatzeko gehieneko epea 10 urtekoa izanen da eta bi urteko gabealdia ezarriko da.

Laguntza hau eta 2. puntuan adierazitako aurrerakina hautabidezkoak izanen dira, bata ala bestea.

Ikerketa lanak porrot egiten badu, 2. puntuan adierazitako aurrerakina fondo galdurako dirulaguntza bihurtuko da eta 3. puntuko maileguaren itzulketa Nafarroako Gobernuaren bizkar geldituko da. Kasu horietan, bi alderdiek kontrakoa erabaki ezean, lortutako emaitzen jabetza, hots, proiektuaren inguruko krokisak, planoak, maketak, prototipoak, dokumentazioa, industri jabetzaren eskubideak eta abar, Nafarroako Gobernuaren esku geldituko da, eta nahi bezala eta esklusibitatez erabiltzen ahalko ditu.

6. artikulua . Laguntzen intentsitatea.

1. Ikerkuntza edo garapenerako proiektu edo jarduketa bakoitzari emanen zaion laguntzaren intentsitatea Foru Dekretu honetako 8. artikuluan biltzen diren ebaluazio irizpideen araberakoa izanen da, hala nola "Ikerkuntza eta garapen arloan, Estatuek ematen dituzten laguntzen Europako Batasunaren Markoan" ezarritakoaren araberakoa. Dena den, diruz lagundu daitezkeen gastuen gehieneko mugak, dirulaguntza gordin gisa, ondoko hauek izanen dira:

1.1. Industri ikerkuntzaren proiektuetarako, % 50.

1.2. Lehian sartu aurreko garapen jardueretarako, % 25.

1.3. Industri ikerkuntzarako edo lehian sartu aurreko garapenerako jarduerak burutu aurretik, bideragarritasun teknikoa aztertzeko lanetarako, % 75 eta % 50, hurrenez hurren.

1.4. Enpresa txiki eta ertainen aldeko patenteak gorde eta mantentzeko helburua duten jarduerak ere diruz lagunduko dira eta patente horiek sortzen dituzten ikerkuntza lanei dagozkien gehieneko diru-mugak ezarriko zaizkie.

2. Artikulu honetako 1.1. eta 1.4. puntuen bitarteko laguntzen intentsitatea honako kasuotan handitzen ahalko da:

2.1. Laguntza enpresa etxiki eta ertainentzat baldin bada, ehuneko 10era arte.

2.2. Proiektua Europako Batasunaren Hitzarmeneko 87.3.c) artikuluan ezarritakoaren arabera lagundu beharrekotzat hartutako eremu batean (E.B.ren Hitzarmeneko 92.3.c) artikulua) gauzatzen bada, ehuneko 5 puntura arte.

2.3. Ikerkuntza proiektua ikerkuntza eta garapena sustatzeko indarra duen Europako Elkartearen programa markoan sartutako proiektu edo programa berariazko baten helburuekin bat baldin badator, ehuneko 15 puntu bitarte.

Proiektuak mugaz gaindiko lankidetza baldin badakar, gehikuntza ehuneko 25 puntura artekoa izaten ahalko da. Horretarako, enpresa eta ikerkuntzarako erakunde publikoen arteko benetako lankidetza egin beharko da, Batasuneko kide diren bi estatutako bi bazkide independienteren artean, gutxienez. Gainera, proiektuaren zabalkunde handia egin beharko da eta emaitzak argitaratu beharko dira, betiere jabetza intelektualerako eta industrialerako eskubideak errespetatuz.

Proiektu horiek sektore batean baino gehiagotan aplika daitezkeen ikerkuntza lanei buruzkoak izanen dira. Disziplina anitzeko ikuspuntua eduki beharko dute eta Indarra duen Programa Markoan zehaztutako proiektu edo programa batean finkatutako helburu edo jarduketa berariazkoekin bat etorri beharko dute.

2.4. Aurkeztutako proiektua ikerkuntza eta garapena sustatzeko egun indarra duen Europako Elkartearen Programa Markoan zehaztutako proiektu edo programa baten finkatutako helburuekin bat etortzen ez bada, ehuneko 10 puntuko gehikuntza onartzen ahalko da, dirulaguntzaren xede den ikerkuntza jarduerak ondoko baldintzetariko bat betetzen baldin badu, gutxienez:

a) Proiektuak mugaz gaindiko lankidetza baldin badakar, hots, kide diren bi estatutako bi bazkideren artekoa, gutxienez, batez ere ikerkuntza eta garapenerako politika nazionalen koordinazioaren testuinguruan egiten baldin bada.

b) Proiektuak enpresen eta ikerkuntzarako erakunde publikoen arteko benetako lankidetza baldin badakar, batez ere ikerkuntza eta garapen teknologikorako politika nazionalen koordinazioaren testuinguruan egiten baldin bada.

c) Proiektuak ahalbidetzen badu emaitzen zabalkunde handia egitea eta haiek argitaratzea, patenteen gaineko lizentzia lortzea edo beste baliabide egoki bat erabiltzeko bide ematen badu, betiere Europako Komunitatean egiten diren ikerkuntza eta garapen teknologikorako ekintzen emaitzak hedatzeko aurreikusita dagoen modu bertsuan (EKren Hitzarmeneko 130.J artikulua).

3. Arestiko 2.1. puntutik 2.4. puntura bitarteko lerroaldeetan adierazitako gehikuntza aplikatu ondoren ateratzen den laguntza gordinak ezin izanen du % 75eko gehieneko intentsitatea gainditu industri ikerkuntzaren kasuan, eta % 50ekoa, lehian sartu aurreko garapen jardueren kasuan.

4. Proposatzen diren jarduketek industri ikerkuntza eta lehian sartu aurreko garapen jarduerak hartzen baldin badituzte, biak alegia, laguntzaren intentsitate onargarriak ezin izanen du gainditu ikerkuntza bi mota horietarako baimentzen diren intentsitateen batezbesteko ponderatua.

5. Laguntza bat baino gehiago hartzen baldin badira, honako arau orokor hauek aplikatuko dira:

- Ikerkuntzarako zentro publikoek eta enpresek batera egindako ikerkuntza eta garapenerako laguntza bat ematen denean, jasotzen diren laguntzek -hala Administrazioaren zuzeneko dirulaguntzak, nola ikerkuntzarako zentro publikoek egindako ekarpenak- ezin izanen dituzte gainditu, biak batera hartuta, arestian aipatutako diru-mugak.

- Proiektu edo jarduera bat egiteko, administrazio publiko batetik baino gehiagotatik (zentrala, eskualdekoa edo lokala) ailegatzen baldin bada dirulaguntza, biltzen den diru guztia batera hartuta, ezin izanen da gainditu aurretik aipatutako gehieneko muga.

- Europako Elkarteko eta Estatuko laguntzak batera hartuz gero, finantzazio publikoa, guztira, ezin izanen da ehuneko % 75ekoa baino handiagoa izan, industri ikerkuntzarako, eta % 50ekoa baino handiagoa, lehian sartu aurretiko garapen jardueretarako.

6. Artikulu honetan ezartzen denaren ondorioetarako, korriturik gabe itzuli beharreko aurrerakinen dirulaguntza gordina eta abalatutako maileguen korrituetako hobaria kalkulatzeko, haiek emateko momentuan Europako Batzordeak finkatutako erreferentziazko tasa indarduna hartuko da oinarri, behar bezala eguneratu ondoren.

7. Laguntzak batu behar baldin badira, nolanahi ere, honako arau orokor hauek aplikatuko dira:

- Laguntzen araubide hau laguntzak batera hartzeko arauen menpe egonen da, laguntzak helburu berbererako izan nahiz beste helburu batzuetarako izan, entitate berak onetsitako araubidearen babesean eman edo beste entitate batzuek emanak izan (administrazio zentrala, eskualdekoa edo lokala). Azkeneko kasu horretan, guztirako laguntza ezin izanen da izan aplikatzen diren araubide guztien gehieneko diru-muga baino handiagoa.

- Laguntza horien bidez diruz lagundu daitezkeen gastuak, oso- osorik edo zati batean, helburu ezberdina duten laguntza araubide batera baino gehiagotara biltzen ahal baldin badira, zati komunari araubide horietatik aldekoenak finkatzen duen diru-muga aplikatuko zaio.

8. Salbuespenezko kasuetan, % 100era bitarteko laguntzak ematen ahalko dira, enpresek zuzenean edo haien izenean egiten diren funtsezko ikerkuntza jardueretarako, betiere ikerkuntza jarduera horiek merkaturatze-fasetik baino askoz lehenago egiten badira, emaitzei zabalkunde handia ematen bazaie eta emaitzak modu ez-baztergarrian ustiatzen baldin badira, eta merkatuko baldintzetan.

7. artikulua . Berrikuntzarako laguntzak.

Foru Dekretu honetako 3. artikuluan mugatutako kategorietan sartuta egon gabe, berriztailetzat har daitezkeen jardueretarako laguntzak, intentsitateari dagokionez, inbertsiorako laguntzen araubidean ezarritakoaren babesean egonen dira. Europako Batzordeak honelako laguntzetarako ezarritako baldintzak bete beharko dira, nahiz eta, enpresa handien kasuan, aplikazio-aldia mugatua egonen den (2000-2006 aldirako bakarrik).

8. artikulua . Prozedura.

1. Eskaerak eta dokumentazioa.

Prozedura Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak ezarritako ereduaren eta edukiaren araberako eskaera aurkeztearekin batera hasiko da. Eskaera hori aipatu Departamentuko Erregistroan aurkeztu beharko da (Tomás Caballero parkea, 1, Iruña) edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako beste toki batean.

Aurkeztutako eskaera eta dokumentazioa aztertuta, Departamentuari iruditzen baldin bazaio zerbait falta dela edo datu edo agiri osagarriak behar dituela, eskatzaileari jakinaraziko dio, hilabeteko epean osa dezan. Horrela egiten ez badu, uko egiten diola ulertuko da eta espedientea artxibatuko da.

2. Instrukzioa.

Organo eskudunak espedientea aztertu eta ebaluatuko du. Proiektu edo jarduketaren zailtasuna edo beste arrazoi batzuk ikusita, aditu independienteen laguntza eskatzen ahalko du. Ondoren, ebazpen organoari txostena igorriko dio, non adieraziko baitu eskatzaileak laguntzak jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituela. Orobat, laguntzak emateko proposamena helaraziko dio.

Laguntzen zenbatekoa zehazteko, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

- Proposamenaren kalitatea eta bideragarritasuna.

- Baliabideak eta proposaturiko helburuak bat ote datozen.

- Kudeaketaren adierazleak eta proiektuaren aurrerapena, proposamenean adierazitakoaren arabera.

- Proposamena laguntzen helburuekin bat ote datorren, eta aurreikusitako jardueren kategoriaren batekin bat ote datorren.

- Laguntzen intentsitatea baloratzea ahalbidetzen duten beste irizpide batzuk.

3. Ebazpena.

Proposamena ikusirik, laguntza emateko ebazpena eginen da. Bertan ordaintzeko modua zehaztuko da, hala nola onuradunek haietaz baliatzeko bete beharreko baldintza eta betebeharrak.

Ebazpena emateko gehieneko epea lau hilabetekoa izanen da, eskaera eskumena duen organoaren erregistroan izapidatze bidean jartzeko sartzen denetik kontatzen hasita. Epe horretan ebazpen espresik ematen ez bada, ezetsi dela ondorioztatu beharko da.

Organo eskudunak argibideak eta agiri osagarriak eskatuz gero, epea eten eginen da, errekerimenduaren jakinarazpenetik hasi eta dagokionak eskatutakoa betetzen duen arte, edo, bestela, ematen den epea bukatu bitarte.

4. Laguntzak onartzeko bidea eta onuradunek bete beharreko baldintzak.

Ematen diren laguntzak irmoak bilakatzeko, onuradunek onartu beharko dituzte, espresuki. Horretarako, laguntza eman izanaren jakinarazpenarekin batera Departamentuan emanen zaion agiri bat sinatu eta, berriz ere, itzuli beharko du. Agiri horretan, alderdi bakoitzaren konpromiso eta betebeharrak zehaztuko dira. Agiria Departamentura igortzeko epea hilabete batekoa izanen da, laguntza eman dela jakinarazi eta biharamunetik hasita. Igorri ezean, onuradunak laguntzari uko egiten diola ondorioztatuko da, eta espedientea artxibatuko.

Laguntzaren onuradunak honako beharkizun hauek izanen ditu:

- Laguntza emateko Ebazpenean eta berak sinatzen duen agirian ezartzen diren zehaztapen oro betetzea.

- Laguntzaren xede den proiektua edo jarduketa egoki egin dela eta laguntza egoki erabili dela aztertzeko egiaztapenak egiteko bidea erraztea. Hori helburu, lanak nola doazen aztertzeko eskatzen zaizkion datu, agiri eta txostenak aurkeztu beharko ditu.

- Laguntzaren xede den proiektuaren edo jarduketaren garapen prozesua larriki kaltetu dezaketen gorabehera guztien berri ematea Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuari.

- Proiektu edo jarduketa horretarako jasotzen dituen bestelako laguntza publikoak jakinaraztea Departamentuari.

5. Isilpekotasuna.

Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak isilpean gordeko du aurkezten diren proiektu edo jarduketen gaineko informazioa. Hortaz, ezin izanen du horri buruzko datu edo informaziorik jakinarazi, salbu eta eskatzaileak berak propio emandako baimena baldin badu. Isilpean gorde beharreko informazio horrek, hala ere, ez du eraginik izanen emandako laguntzaren zenbatekoa jakinarazteari dagokionez.

9. artikulua . Laguntzak ordaintzeko bidea.

1. Funtzezko ikerkuntzaren proiektuak, industri ikerkuntzaren proiektuak eta lehian sartu aurreko garapen proiektuak:

a) Fondo galdurako dirulaguntza eta itzuli beharreko aurrerakina proiektuaren aurrekontuan zehazten den gastuen programa burutzen den heinean ordainduko dira. Eskatzaileak sinatu beharreko agirian zehaztuko dira inbertsioa justifikatzeko modua eta laguntzak ordaintzeko bidea. Berdin jokatuko da abalatutako kredituak erabiltzeko orduan.

Hori horrela, aurrekontuetan zehaztutako gastu errealak murriztuz gero, emandako laguntza ere proportzionalki murriztuko da, baina, gastu errealak handituz gero, ordea, ez da laguntza handituko.

b) Maileguko korrituei dagokien dirulaguntza mailegua eman duen finantza entitateari ordainduko zaio zuzenean, Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak harekin hitzartua duen moduan.

2. Bideragarritasuna aztertzeko lanak eta patenteak.

Helburu horietarako dirulaguntzak xede izan diren jarduketak burutu ondoren ordainduko dira, enpresa onuradunak gastuak justifikatu eta gero.

10. artikulua . Laguntzak aldez aurretik ordaintzea.

Horrelakorik egiteko arrazoi justifikatuak baldin badaude, laguntza -zati bat edo oso-osorik- jarduketa amaitu aurretik ematen ahalko da, aurreratutako diru-kopuruaren adinako banku-abala aurkezten bada.

11. artikulua . Laguntzak bertan behera uztea; arauhaustak eta zehapenak.

Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak egin beharreko proiektuaren segimendu-lanak ikusita, ondorioztatzen baldin bada onuradunak hartutako beharkizunak ez dituela bete, hura ez dela bideragarria edo lanak ardurarik gabe egin direla, laguntza eman zuen organoak ordura arte emandako laguntzak eta ordaintzeko daudenak bertan behera utziko ditu, proiektua edo jarduketa zeinahi fasetan egonda ere. Gainera, ordura arte hartutako laguntzak itzultzea eskatzen ahalko du, erabaki hori onuradunari leporatzen ahal zaizkien kausengatik hartu baldin bada.

Dirua itzuli beharko da, orobat, ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 21. artikuluan ezarritako kasuetan, eta bertan adierazitako ondorioak aplikatuko dira. Foru Lege haren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezarri zen.

Onuradunak Foru Lege horren 27. artikuluan ezarritako arau-hausteren bat egiten baldin badu, 28. artikuluan ezarritako zehapenak ezarriko dira, kasuan kasuko zehapen espedientea izapidatu ondoren.

Xedapen Iragankorra

Laguntza araubide hau 2000ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren jarduerei aplikatuko zaie.

Xedapen Indargabetzailea

Indarrik gabe utzi da irailaren 16ko 2/1982 Foru Dekretua, ikerkuntzarako eta garapen teknologikorako laguntzen Erregelamendua onetsi zuena, eta halaber, Foru Dekretu honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo baxuagoko xedapen guztiak.

Azken Xedapenak

Lehena

Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariari ahalmena ematen zaio Foru Dekretu hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Bigarrena

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web