(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

356/2000 FORU DEKRETUA, AZAROAREN 13KOA, ZENBAIT KIROL JARDUERAREN INTERES SOZIALA DEKLARATZEKO ARAUAK EMATEN DITUENA.

BON N.º 144 - 29/11/2000



Atariko

Abuztuaren 2ko 14/1989 Foru Legearen bidez, partez aldatu ziren Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren eta Sozietateen gaineko Zergaren xedapenen eta Ondarearen gaineko Zerga Bereziaren Arauen testu bateginak, izan ere, Sozietateen gaineko Zergari buruzko xedapenen Testu Bateginaren 22. artikuluko B) letrari 3. idatz-zatia erantsi zitzaion. Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 24/1996 Foru Legearen xedapen indargabetzailearen 2. idatz-zatian espreski adierazi zen 22. artikuluko B) letra horretan xedatutakoak indarra izaten segitzen zuela. Horiek horrela, goian aipatu 14/1989 Legeak ezartzen du, Zergaren kuota likidoa kalkulatzean, interes sozialekotzat deklaratzen diren kirol jarduerak babesteko kontratuetatik heldu diren publizitate gastuen % 15eko kenkaria eginen dela.

Agindu horri dagokionez, gaur egun balio duen idazketa zenbait tributu aldatu zituen abenduaren 30eko 23/1998 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian azaltzen dena da, non aipatu kenkaria egiteko eskubidea duten ekintzen artean, kultur ekitaldiak ere sartzen diren, interes sozialekoak deklaratzen baldin badira betiere.

Apirilaren 11ko 84/1994 Foru Dekretuak, azaroaren 30eko 267/1989 Foru Dekretua indarrik gabe utzi zuenak, zenbait kirol jardueraren interes soziala deklaratzeko arauak ematen ditu. Azken urteotan, haren aplikazioa ikusita hartutako esperientzia kontuan harturik, hala nola kirolak Nafarroan izan dituen bilakaera eta aldaketak, egoki da arlo hori arautzeko Foru Dekretu berri bat ematea. Hortaz, Foru Dekretu berri honen asmoa da eskatzaileek aurkeztu beharreko dokumentazioa gutxitzea, eskaerak aurkezteko epeak bateratzea eta kirol mundura hurbildu diren agente berri batzuei eskaerak aurkezteko aukera ematea.

Gauzak horrela, aurreko Foru Dekretuarekin alderatuta, hauek dira aldaketarik nabarmenenak: a) 1. artikulua aldatzen du, interes sozialekoak deklara daitezkeen jardueren esparrua sinplifikatzen baitu, izan ere, kirol federazio baten barruko egutegian agertu beharreko probak izan beharra kendu da; b) Interes soziala deklaratzeko eskaerak aurkezteko epea bestela finkatuko da, enpresa onuradunek zergen aitorpenak aurkezteko egunaren arabera, hain juxtu; c) Eskatzaileek aurkeztu beharreko dokumentazioa gutxitzen da, funtsean, kontratua eta jardueren memoria baino ez baita aurkeztu behar. Ordainketen egiaztagiriak aurkeztu beharra kendu da, zergen aitorpena Ekonomi eta Ogasun Departamentuan aurkezten denean eraman beharko dira eta; d) Aurrekoan zehaztutako entitate eta kirolariek antolatzen dituzten edo haien parte-hartzea duten kirol jarduerez gain (taldeak, kirol federazioak, udalak, kirolariek beren kasa antolatuak), aukerabidea ematen da beste edozein entitatek antolatzen dituen kirol ikuskizunak ere interes sozialekoak deklaratzeko, betiere ekitaldiaren interesa Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuan justifikatzen baldin bada.

Bestalde, aipatu beharra dago, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren estatutuak onetsi zituen uztailaren 28ko 204/1997 Foru Dekretuaren arabera, interes sozialeko deklarazioak egiteko ahalmena institutu horretako zuzendari kudeatzaileari dagokiola.

Aurreko guztiagatik, interes soziala deklaratzeko eskariak aurkezten dituztenen lana erraztearren, egoki ikusi da aurreko foru dekretua indargabetzea eta beste bat onestea, zenbait kirol jardueraren interes soziala deklaratzeko prozedura arautzeko.

Horrenbestez, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi milako azaroaren hamahiruan hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua

Foru Dekretu honen ondorioetarako, ondoko ataletan sartutako kirol jarduerak deklaratu ahalko dira interes sozialekoak:

a) Nazioarteko proba edo norgehiagokak.

b) Proba edo norgehiagoka nazionalak.

c) Nafarroako proba edo norgehiagokak.

d) Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak antolatutako jarduerak.

e) Nafarroan antolatzen diren beste kirol jarduera batzuk, kirol maila altukoak badira, tradizioko kirol bat errekuperatzeko asmoa badute, gizartean oihartzun handia baldin badute, herritarren parte-hartze handia badute edo interes sozial kualifikatua edukitzeko ezaugarriak baldin badituzte, hori guztia Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren iritziz.

2. artikulua

Sozietateen gaineko Zergaren xedapenak biltzen dituen Testu Bategineko 22. artikuluko B) letrako 3. idatz-zatian xedatutakoaren ondorioetarako, kirol jardueren interes soziala deklaratzeko eskaerak deklarazio horrexetan zuzeneko interesa dutela egiaztatzen duten pertsona, entitate edo erakundeek aurkeztu ahalko dituzte.

3. artikulua

1. Interes soziala deklaratzeko eskaerak Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuan aurkeztu beharko dira, edo, bestela, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean aipatzen diren erregistro ofizialetariko batean, interes sozialekoa deklaratu nahi den kirol jarduera noiz egiten den, hurrengo urteko ekainaren 30a baino lehen.

2. Eskaera guztiak Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebatziko ditu eta horren berri interesdunei emanen zaie, eskumena duen organoaren erregistroan eskaera izapidatze-bidean jartzeko sartzen denetik hiru hilabeteko epean.

4. artikulua

Eskaerarekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Kirol ikuskizuna babesteko, batetik, kirol jarduera antolatzen duen pertsonak edo entitateak eta, bestetik, Sozietateen gaineko Zergaren subjektu pasiboa den pertsona edo entitateak edo Errentaren gaineko Zergaren subjektu pasiboa den pertsona fisikoak sinatutako kontratuaren kopia egiaztatua. Subjektu pasiboak enpresa, lanbide edo arte jardueretan aritu beharko du eta haren helburua, interes sozialeko deklarazioa zein kirol jardueratarako eskatzen den, hura babestea izanen da.

b) Kirolari bati edo gehiagori banakako laguntza ematen zaien kasuetan, haien lizentzia indardunaren fotokopia erantsi beharko da, kasuan kasuko kirol federazioak emana eta zigilatua.

c) Egin beharreko kirol jarduera azaltzen duen memoria zehatza, non haren interes soziala justifikatuko den, Foru Dekretu honen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera.

5. artikulua

Kirol babesaren kontratua baliozkoa izateko, Foru Dekretu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, honako baldintza hauek bete beharko ditu:

1. Ondoko pertsona, entitate edo erakunderen batek sinatua egotea:

a) Nafarroako Kirol Elkarteen Erregistroan inskribaturik dauden kirol entitateak.

b) Nafarroan helbideraturik dauden fundazioak, haien helburuen artean Nafarroako kirola sustatu eta garatzea baldin badago.

c) Kirol Federazio batean afiliaturik dauden kirolari nafarrak.

d) Nafarroako toki entitateak.

e) Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutua.

f) Intereseko kirol ikuskizun bat antolatu dutela egiaztatzen duten bestelako entitateak, legez aitortuak baldin badaude. Interes hori Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren iritziaren arabera neurtuko da.

2. Ondoko alderdi hauek azaltzea:

a) Kontratuko alderdi guztien identifikazio-datuak, oso- osorik eta zuzen emanak:

- Izena, helbide soziala, Identifikazio Fiskaleko Kodea edo Identifikazio Fiskaleko Zenbakia eta enpresa babeslearen helbidea.

- Babesa hartuko duen enpresaren edo pertsonen izen-abizenak edo izena, Identifikazio Fiskaleko Zenbakia edo Identifikazio Fiskaleko Kodea.

b) Kontratuko sinatzaileen identifikazio-datuak, oso-osorik eta zuzen emanak, hala enpresa babeslearenak, nola entitate babestuarenak: izena eta bi abizen, IFK edo IFZ eta kontratua sinatzeko ahalmena ematen duen karguaren izena.

c) Kontratuaren xedea zein den. Bertan, argi eta garbi azaldu beharko da interes sozialeko deklarazioa eskatzen deneko kirol jarduera babestuko dela. Jarduera hori Foru Dekretu honetako 1. artikuluan adierazitako talderen batekoa izanen da.

d) Kontratuaren iraupena eta indarraldia.

e) Babestuak urtero, guztira, publizitatearen kontura jasoko duen diru-kopuru likidoa.

6. artikulua

Interes sozialaren deklarazioa ematea kontratuan eta Foru Dekretu honetan ezartzen diren betekizun guzti-guztiak betetzearen baldintzapean izanen da. Beharkizun horiek desagertu edo betetzen ez badira, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak, interesdunei entzunaldia eman ondoren, interes soziala deskalifikatuko du eta hortik datozkeen erantzukizunak eskatu ahalko ditu.

7. artikulua

Ekonomi eta Ogasun Departamentuaren eskumena deusetan galarazi gabe, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak egoki iruditzen zaizkion datu, agiri eta informazio osagarriak eskatu ahalko dizkie interesdunei eta beharrezko diren egiaztapenak egin ere, kirol babesaren kontratua egiazkoa dela eta enpresa babesleek laguntzak eman, ematen dituztela egiaztatzeko, hala nola eskatutako gainerako beharkizunak bete ote diren egiaztatzeko.

8. artikulua

Foru Dekretu honetan araututako kirol jardueren interes sozialeko deklarazioek, berez, ez dakarte inolako eskubide ekonomiko edo fiskalik. Hortaz, haien balioa deklaratiboa besterik ez da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren beste departamentuei emandako eskumenak ez baitira ezertan galarazten.

Xedapen Iragankorra

Xedapen indargabetzailean xedatutakoa deusetan galarazi gabe, Foru Dekretu honek indarra hartu aurretik hasita dauden prozedurei ez zaie dekretu hau aplikatuko. Beraz, aurreko arautegiari jarraikiz izapidatuko dira.

Xedapen Indargabetzailea

Indarrik gabe utzi da apirilaren 11ko 84/1994 Foru Dekretua, zenbait kirol jardueraren interes soziala deklaratzeko bidea arautzen zuena.

Azken Xedapenak

Lehena

Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariari ahalmena ematen zaio Foru Dekretu honetan xedatutakoa betetzeko behar diren xedapenak emateko.

Bigarrena

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web